Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Sarraskiz sarraski, ahuntza lagun

Markos Zapiain 2009/01/19 13:22
Donald Kenrick-en "Gypsies: from the Ganges to the Thames"-i buruz

Izan dira eta badira buhame euskaldunak, ijitoak eta euskaldunak dira etniarik eskuzabalenak Espainiako espetxeak hornitzeko orduan, hor ditugu orobat “Rumba Norte” zein “Mal de ojo”, baina euskaldunak oro har ez gara ijitoenganako gurasokeria, ezaxola edo baztertzetik askatu, Alizia Stürtzeren ahalegina gorabehera. Hain zuzen, Donald Kenrick-ek Durangoko azken azokan Stürtzeren “Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian” bilatu du, alferrik, agortu baita. Kenrick, 75 urteko poliglota bizkorra, gogotsu dabil euskara hobetzen.

Inguruotako “ijito”, “gitan”, “gypsy”, Egiptotik zetozelakoan ipini zitzaien, txarto: Indiatik datoz. “Romani”a (buhameen hizkuntza) eta hindiera zein punjabiera berdinak dira funtsean. Bestalde, ekialderantzago erabiltzen diren “zigeuner”, “cygan”, “tsigane” eta antzekoak grezierazko “atsingani”tik datoz, hitzez hitz “jentilak”. Baina sekta heretiko baten izena ere bazen.

Gure arteko ijitoen arbasoek aspaldi bezain urruti ekin zioten lekutzeari. Hirugarren mendean Indiako ipar-mendebaldeko hainbat tribuk Pertsiara (Iran) migratu zuen. Zergatik? Aurrena, huno, arabiar eta turkiarrek etengabe inbaditzen zituzten. Hurrena, Pertsiak haien lurra konkistatu eta menperatuek metropolira jo zuten abantaila bila (ohiko mugimendua, beterik daude gaur egun Ingalaterra pakistandarrez eta Paris aljeriarrez zein zuberotarrez).

 Behin Pertsian beren artean elkartu ziren, etnia berri bat sortuz, “rome” izendatu zutena (“rom” “gizaki” da). Hots, Kenricken hipotesiaren arabera, ez Indian baizik Pertsian agertu ziren lehenbizikoz ijitoak, Indiatik zetozen tribu diferenteak nahastearen ondorioz.

Gero batzuek mendebaldera jo zuten geldika-geldika. Europan ekialdetik sartu eta mendebalderantz egin zutela ijitoen lehen aipamenen norabideak erakusten du: Konstantinopla (gaur egungo Istanbul) 1050, Zagreb 1378, Zaragoza 1425, Londres 1513…

Hasieran ez zen arazorik. Urrezko aro gisako bat ere izan genuen, XV mendea, ez baitzen hurrengoak bezain zitala gertatu: jai zoragarria izaten zen herriz herri ibiltzen ziren ijitoen etorrera umeentzat, herri xehearentzat: musika, dantza, zirkoa, magia, ahuntza,  pitonisa, akrobatak... 

Pozaldi laburra. Demagogiarik gabe baiezta daiteke agintariak izan zirela sarraskiak bultzatu zituztenak: alde batetik, nomadak eta desorduko bestak beti izan zaizkie nahasgarri agintari zibilei; bestetik, etorkizunaren igarle haiek egiazko jainko orojakile bakarraren eta bere ordezkari ofizialen larderia kordokatzen zuten. Uste txarrak eragin zituzten, halaber, ijitoen azal ilunak eta jatorri ezezagunak: Atlantidatik ei zetozen, Tubalengandik, turkiarren espioiak omen ziren...

1498an Germaniar Inperio Sainduaren parlamentuak buhameen kanporatzea agindu zuen; baten bat geldituz gero legez kanpo zen, eta hura hiltzea libre. Legedia horixe izan zen lehen genozidioaren oinarria, 1550 inguruan burutua. Europako mendebalde osoan ezarriko dira 1500tik aurrera ijitoen kontrako legeak. Orduz geroztik ikaragarria izan da harremanen gainbehera, nazien ijito-holokaustoa arte, ankerrena juduaren ostean. Kenrickek “Gypsies under the Swastica” liburuan aztertu du. Europan luzaro ijitoa hiltzea ez da hilketa izan. Masakratzen ez zituztenean belarriak ebakitzen zizkieten, beste barik, “buhame izateagatik”, Johnny Faa koitaduari bezala Ingalaterran. Ez da harritzekoa ijito gehienek beren ijitotasuna ezkutatzea, zure arbasoek barne ziurrenik.

Bob Dylani bere amatxik aholkatu zion adeitsua izateko beti jendearekin, denok galdu baitugu gordean guduren bat. Ijitoak gainera urrutitik datoz eta oso bidaia latza izan dute honaino.



Arma-saltzaileek indarkeria gaitzetsi

Markos Zapiain 2009/01/10 17:06

Marwan Barghoutik oroitarazi duenez, Hegoafrikaren aurkako blokeoak ondorio zuzenak ekarri zituen. Baina ez dirudi errusiarrek, asiarrek, europarrek, afrikarrek, hainbat herri arabiar barne, antzeko zerbait errepikatzeko asmoa dutenik.

Espainia ofiziala haserre omen dago, sarraski sionista kondenatu du. Hitzezko gaitzespenak zein merke diren ikusteko, gogora dezagun 2007an Espainiak Israelgo armadari saldu zion teknologia militarra. Greenpeacek eta Nazioarteko Amnistiak salatu dutenez, Espainiak Israelgo armadari bonbak, koheteak, torpedoak, misilak, pistolak eta fusilak saldu zizkion, 1.515.934 euroren truke. Fabricaciones Extremeñas (FAEX), Explosivos Alaveses, Unión Española de Explosivos… negozio biribila egiten ari dira, Espainiako Gobernuak ofizialki baimenduta, baimen berezi batez onartu behar baititu salmenta horiek. Baina beharbada Zapateroren Gobernuak usteko zuen iskilu horiek ez direla erabiliak izateko egiten eta saltzen.

Bien bitartean, Moratinosek, Tzipi Livnirekin telefonoz mintzatu ostean, Hamasi eskatu dio Israelen aurkako misil gehiagorik ez botatzeko, bere kontrolpeko eremuetako triskantza eta odolustea gerarazteko. “Biolentziak biolentzia gehiago dakar”, adierazi du Moratinosek. Europar Batasunak eta zehazki Espainiak sionisten indarkeria kondenatu egiten dute (Frantziak hori ere ez) eta aldi berean, egitez, palestinarren genozidioari laguntzen diote. Izugarri erraza baita biolentzia mintzoz gaitzestea.

Kontraste handia dago jendaki arruntaren protesta suminduaren eta Gobernuen herabekeria eta isiltasun kriminalaren artean. Garbi ikusten da ze jendaila mota izaten den agintaritza eskuratzeko lanak hartzen dituena. Zapatero Siriara joatekoa zen, aspaldi zuen hitzartua; baina  Siria Hamasen aliatu denez, bertan behera utzi du bisitaldia. Ordea, zibilak suntsitzen ari direnak ez dira ez Hamas ez Siria, baizik Israel. Eta Espainiak Israeli arma piloa saldu berri dio, milioi eta erdi pasa euro irabazirik. Agintari horiexek dira gero giza eskubideak errespetatu beharraz lezioak ematen dizkigutenak, eta biolentzia ez gaitzesteagatik alderdi politikoak zokoratu eta sufragio unibertsala txikitzen duten demokratak. “Lotsa, lotsa!”, garrasi egin zuen Yasser Arafatek Sabran eta Xatilan. Umeak guk saldutako armekin akabatzen dituzten bitartean ezikusia egiten duten agintariei guk ere, jende arruntok, “lotsa, lotsa!” oihukatzen diegu. Buruzagi gorenek hala ere golfean jolasten jarraitzen dute. 



Sarraskitzaileen aldeko boto-asmoak gora

Markos Zapiain 2009/01/09 19:21

Nazientzat juduak ez ziren humano osoak. Holokaustotik sortu zen Israel. Israelgo armadak Gaza sarraskitu baino lehen ere, blokeo basatiaren erruz, palestinarrek ez zuten janaririk, ez urik, ez argindarrik, ez botikarik edo erregairik. Erasoak astea aspaldi pasa duen honetan, Tzipi Livnik jarraitzen du ez dagoela krisi humanitariorik aldarrikatzen. Bistan da: Livnirentzat, hainbat agintari israeldarrentzat bezala, palestinarrak ez dira humanoak. .

Libanoko derrotak min handia egin zion harrokeria sionistari. Oraingo etsaia askoz ere ahulagoa da. Hezbolak Libanoren eta Siriaren arteko muga lainotsua zeukan armez hornitzeko. Aldiz, Hamasek etsaiak ditu mugaz bestaldean: Israel bera, eta Egipto. Egiptoren Gobernuak sarraski hau onartu egin baitu, Saudi Arabia eta Jordania orobat arabiarrek bezalaxe.

Sarraskia gorabehera, Hamasek koheteak botatzen jarraitzen du, orain 40 bat kilimetroraino iristen dira Israelen lurraldean. Israeldar militarrik errealistenek diote oldarraldi honen benetako helburua kohete-jaurtiketa hori murriztea dela. Ezta erabat desagertzea ere! Hori Avi Benayahuk aitortu du, israeldar armadaren bozeramaleak. Hamasen kohete-jaurtiketak apur bat gutxitzeko, ehunka zibil aieneka, odoletan, zafraturik, hilik, muinoi bihurturiko neskatxa horiek...

Are larriago, israeldar armada bera eta defentsa-ministroa ez zeuden erasoarekin ados. Hauteskunde-kanpainaren osagaietako bat izaten ari da triskantza. Kadima Likud baino ahulagotzat dute Israelen. Gainera, Kadimakoek Tzipi Livni emakumea aurkeztu dute presidentegai. Emakumea: ahulezia ahuleziaren gainean. Gobernuari eusten dion Kadima alderdiak behartu du sarraskia, Israeli erakustearren badakitela Likudekoak bezain krudelak izaten. Baita arrakasta handiz erakutsi ere, erasoari ekin ziotenez geroztik izugarri egin baitute goiti boto-asmoari buruzko inkestetan. Espainian ere, zenbat ankerrago presoekin eta senideekin, hainbat oparoagoak hauteskunde-emaitzak.



Olibondoetatik Apartheid hesira

Markos Zapiain 2009/01/09 16:00

Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren sustrai erlijioso, historiko, kultural eta soziopolitikoen inguruan bada aholkatzeko moduko liburu bikain bat, mapez eta ederki hornitua, “Olibondoetatik Apartheid hesira”, Berriako kazetari Juanma Sarasolak idatzia.

Oraingo erasoaldiaz gain, legez kanpoko asentamenduek, kolono fundamentalista zoro horiek, palestinarren lurraren etengabeko lapurreta… horrek noski ez du batere laguntzen. Gaur egun israeldar gobernua da antisemitarik gogorrena, palestinarrak ere semitak baitira.

Ezaguna da sionistek naziekin kolaboratu zutela. Historian halakoak ere gertatzen dira, errotik etsaiak direnek bat egiten dute ezustean. 1937ko irailaren 26an Adolf Eichmann nazia tren batera igo zen Berlinen Palestinan Feivel Polkes-ekin biltzeko. Azkenik El Kairon elkartu ziren. Polkes hau Hagana erakunde sekretu sionistako buruzagia zen. Bileraren helburua, erakunde sionisten eta nazien koordinazioa zehaztea, Alemaniako juduen Palestinarako  emigrazioa errazteko. Naziek ez zituzten Mendebaldean nahi eta sionistek Palestinan nahi zituzten, palestinarrak baino gehiago izateko lehenbailehen. Gertaera arraro honek naziek eta sionista erradikalek helburu komun bat izan zutela erakusten du, biak ahalegindu baitziren bortizki aldatzen beren lurraldeetako talde etnikoen populazioaren proportzioa, biek bilatu zuten garbiketa etnikoa. Halaxe jarraitzen dute sionista modernoek.

Horregatik, Zizekek ederki dioen bezala, juduentzat, Holokaustoaren memoriari fideltasuna gordetzeko modu bakarra palestinarren aurka egiten ari direna bidegabekeria hutsa dela onartzea da eta konponbidea benetan bilatzea. Israelen oraingo politika genozida Holokaustoaren izenean egitea da traizio etikorik okerrena, Holokaustoa izan baitzen Historia osoko genozidiorik zitalena.

Palestinarrek ez zuten inongo erantzukizunik izan Holokaustoan. Gertatu zenik ere ez zekiten. Europa izan zen errudun nagusi. Zentzu horretan, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadekek egia dio: Europako bihotzean sortu behar zuketen Israel, ez Palestinan. Horrela ez lukete ume palestinarrek pairatuko Israelen krimenen aurreko Europaren isiltasun nagia, europarren erru sentimenduaren ondorio besteak beste.  

Argazkiak.org

Markos Zapiain 2009/01/08 20:40
Aukeratu behar izanez gero, nerabe batzuek nahiago dute zapatu gauetik Argazkiak.org-en edo Tuentin eskegitzeko moduko 10 argazki ederrekin etxeratu, bikotekidearekin igarotako goxoaldi polit baten oroitzapenarekin baino.

Asmakuntza berriak medikuntzan, antisorgailuak, biharamuneko pilulak, nerabeen sexu bizitza bizkortu dute. Baita teknologia berri batzuek ere. Luistxo Fernandezen ekarpenen kasuan, hala ere, ez dago batere garbi.

Nerabeentzat sexuak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, zalantzarik gabe. Baina ez ote zaizkio bestelako arrantza mota batzuk nagusitzen ari? Nerabeari, ondo pasatzeaz gain, zapatu gauetako parrandetatik etxera zerbaitekin itzultzea gustatu izan zaio beti: ordu atseginak lagunekin, txortaldi duin bat, oroitzapen politak… Gaur egun nahiago dute zerbait enpirikoagoa eta iraunkorragoa, biharamunean ere jai-giroari eustea ahalbidetuko diena: alegia, argazkiak. Gutxi dira Argazkiak.org-en edo Tuentin edo Face-book-en ez dabiltzanak. Parrandaren helburu nagusietako bat biharamunean argazkietan agertzea da, argazkietan "ondo" agertzea. Aukeratu behar izanez gero, nerabe batzuek nahiago dute zapatu gauetik Argazkiak.org-en edo Tuentin eskegitzeko moduko 10 argazki ederrekin etxeratu, bikotekidearekin igarotako goxoaldi polit baten oroitzapenarekin baino.

Zaila da ordea “ondo” hori zehaztea. Zenbaitentzat ahalik eta mozkor itxura narratsenarekin agertzea da, lurrean botata adurra dariola, lagunarte askotan sinpatiko eta barregarritzat jotzen baita. Beste zenbaitek eder agertzea dute xede, eta edertasun horren inguruan ahalik eta iruzkin gehien pilatzea. Ohikoa da neska bat pose betean agertzea, hipermakillatua, ezin pinpirinago, txit eder. Bere lagun on batek igo du Tuentira argazki hori. Hipermakillatu ederrak, orduan, idatziko du: “Baina nola egin diezadakezue hori, mesedez, supertxarto nago”. Eta lagun batek berehala erantzun: “Ezta pentsatu ere, neska, superguapa zaude, zoragarri!”

Oinarrizko grinek tinko diraute mundu birtualean ere, esaterako lurraldetasunak. Mutil baten argazkia igo dute. Neska batek iruzkina idatzi du, mutila laudatuz, mutilarengana hurbilduz. Orduan berehala mutilaren atzetik dabilen beste neska batek hamaika iruzkin idatziko ditu jarraian, neska sarkinari gaztigatuz bezala: “Alde hemendik, utikan, hau nirea da, bilatu beste norbait”.

Nerabeen mundua, horrela, bitan banatzen da: batetik, beren itxura gogoko dutenak, Argazkiak-en edo Tuentin dabiltzanak; bestetik, beren argazkiak erakutsi beharrak batere graziarik egiten ez dienak. Hauek ez dira derrigorrez itsusiagoak, baizik ez hain nartzisistak.

Argazkiak.org-en adikzioaren ondorioak ez ditugu ezagutzen, baina berriki hamazazpi urteko neska batek aitortu dit nahiago lukeela amak Internet zeharo debekatuko balio. Oraingoz mugak ezarri dizkio, astegun jakin batzuetan ibiltzeko baimena du bizpahiru orduz. Baina ikaslea urduri egoten da ama dutxatzen noiz hasiko, Argazkiak-en sartu eta dutxak iraun bitartean saltseatzeko.

Debekatuaren xarma eta lilura arriskutsua: nerabeak, beste adin batzuetan baino maizago beharbada, barne gatazka gogorrak ari da pairatzen, eta bere buruagandik salba dezatela eskatzen du, agerian edo ezkutuan, gurasoei eta irakasleei: ez dut nahi dudana nahi, ez zenidan eskatu nizuna eman behar. Ez du jakiten benetan zer nahi duen, helduok bezala bestalde, baina gutxiago disimulatzen du. Nerabe mota horrek irakasle arrunt autoritarioak hobetsi ohi ditu.



Errege Magoak

Markos Zapiain 2008/12/30 11:57

Askoz ere jatorragoa da Olentzero Errege Magoak baino. Oporretako bi asteak dauzkagu gainera Olentzeroren opariekin jostatzeko. Bikotekide gisa Simone de Beauvoirren dizipulu Mari Domingi komeni ote zaion, adituek erabaki dezatela. Edozein gisaz, errege guztiak dira zitalak, egia da, baina gaiztoenak Errege Magoak, batez ere Baltasar, behinola ene kuttuna. Txikitan Kolon Pasealekuan Erregeen kabalgata espaloitik ikusten ari nintzela, halako batean Baltasarrek Gasparri garrasi egin zion: “¡Manoloooo, que se me han acabado los caramelos, pásame unas bolsas!” Orduantxe galdu nuen umetasuna, orduz geroztik pairatu dudan gainbeherak ez du etenik izan.

Harrigarriak dira, bestalde, gaur egungo haurrak, ez bederen gu bezain inozoak. Arestian zazpi urteko batek aitortu dit aspalditik zekiela Olentzeroren eta Errege Magoen sekretua, baina itxurak egiten jarraitu duela gurasoen ilusioa ez zapuztearren, hain liluratuta ikusten baitzituen koitaduak bere ametsa atxikitzeko lanetan, opariak ezkutuan prestatzen, gaueko urratsen hotsa disimulatzen... Ohikoaren alderantziz, haurrari ematen zion pena gurasoen liluramendua hondatu beharrak. Hori ziurtatu zidan mutikoak. Hala ere, batek daki: dirudienez, hainbat senditan umea sekretuaz jabetzeaz batera amaitzen dira Olentzeroren eta Errege Magoen opariak, eta beharbada gure mutikoak gurasoen lilura baino gehiago opariak nahiko zituen luzatu.

Kardinalak eta ziminoak

Markos Zapiain 2008/12/29 17:53

Euskal literaturak ez du oso maiz erabili Henri de Régnier-en “La Double maîtresse”eleberriko gai nagusia. Lamparelli kardinala du protagonista. Etsita dabil, ez baitute Aita Saindu aukeratu. Zimino talde baten aurka mendeku hartuko du. Aurretik kardinalez mozorroarazi eta konklabean kokatu ditu, bere jauregiko terrazan.

 

Lamparelli kardinalaren ziminoak, askotarikoak izanagatik ere, tamainaz zein nortasunaz den bezainbatean, guztiak daude berdin jantzirik, soineko eskarlataz. Ipurdi aldeko irekidura batek begi-bistan jartzen ditu kulero dotoreak.

 

Lantzean behin, mehatxu egiten die Lamparellik, garrasika exijitzen die damu daitezen, bere aldeko botoa ez emateagatik.

 

Baina berehala Lamparelli ito egiten da irriz zimino/kardenalei begira, bereziki Aita Saindu izango denari, ile urdinak seinalatua eta sagaratua. Aita Saindu farfailtsuaz gain,  ziminoen arteko liskar zalapartariek piztuko dituzte Lamparelliren barre-algarak.

 

Clément Rosset-en iritziz, ziminoen liskarrok badute giza kardinalen ika-miken nolabaiteko antza.

 

Honelaxe deskribatzen du Régnierrek zimino kardinalen borroka: “Kaka-nahastea itzela zen. Zapuzturik eta amorraturik, atzaparka eta haginka erasotzen zioten elkarri, jauzika, putinka eta zalapartaka. Gauzak txarto zihoazen. Arrakalatuta zeuzkaten soineko gorriminak, eta piltzarrek, beso haserretuen gainetik, airea astintzen zuten. Jantzi zulatuetatik azal iletsuak ageri ziren.”  

 



Eskizofreniaren heredagarritasunaz. Aseguru-etxeek genoma helburu

Markos Zapiain 2008/12/23 10:44

Jainkoa hil zenez geroztik jende asko urduritu eta ordezkoak bilatu nahi izan dizkiote lehenbailehen: Arrazoia, Historia, Zientzia eta Espainiako Konstituzioaren ostean, Genea ere jainkotu nahi izan dute, genomari egokitu jainkotiar atributu nagusiak. Halako gehiegikeriei ihardesteko, Albert Jacquard eta Axel Kahn-ek “L’avenir n’est pas écrit” argitaratu dute, eta Bertrand Jordan-ek “Les Imposteurs de la génetique”. Ildo berean, Sciences Humaines aldizkariak “Comportement: la part des gènes” txostena atera zuen 2007ko abenduan.

Izan ere, Sarkozyk 2007ko martxoan suizidioa eta pedofilia aurretiko joera edo predisposizio genetikoei lotu baitzien, ziur aski suizidak, pedofiloak eta beren sendiak hobeki babesteko asmoz…

Egiazko bikien artean (obozito berekoak, vrais jumeaux, gemelos) soilik % 13tan gauzatu dituzte biek suizidio-ekintzak. Eta egia bada ere biki faltsuen artean (obozito desberdinekoak, faux jumeaux, mellizos) % 0’7tan besterik ez direla saiatzen biki biak suizidatzen, eta, horrenbestez, onartu beharra dagoen arren genoma berdina edukitzeak baduela eragina suizidiorako joeran, bistan da edonola ere eragin hori oso ahula dela. Franck Bellivier-ek Créteil-go Henri-Mondor ospitalean Psikiatria irakasten du, eta berezilaria da suizidioaren genetikan. Bellivierren iritziz, egiazko bikien artean % 87ak suizidiorako joera berdina ez edukitzeak, erakusten du suizidioan geneek baino garrantzi handiagoa dutela faktore ez genetikoek: alkoholak, psikotropikoak, bikote-arazoak, traumak, patologia larriak…

Era berean, eskizofreniaren heredagarritasuna ere ez da batere ziurra. Biki faltsuen artean, % 17k garatuko dute. Egiazko bikien artean, berriz, % 48k.

Biki faltsuek, neba-arrebek bezala, % 50a dute genoman berdina. Aldiz, egiazko bikiek genoma osoa dute berdin-berdina. Heredagarritasun genetikoaren azterketak, horrela, genomaz kanpoko faktoreen garrantzia nabarmendu du eskizofreniari dagokionez. Ez balego Genea baino, egiazko bikien artean % 100ek lukete aldi berean eskizofrenia, berdin-berdinak baitira daramatzaten geneak. 

Bestalde, banketxeen jarrera batzuk mixerableak diren bezala (komisio horiek, mehatxuzko gutun horiek zenbaki gorriak agertu orduko), era berean aseguru-etxeen zenbait jokabidek putreak ekartzen dituzte gogora, eritasunari dagokionez izaten duten batere begirunerik gabeko jarrera dela-eta: geneak irakurtzeko aukeraren berri izan bezain laster, hienak bezalaxe jo izan dute gure artean nor egon daitekeen epe labur edo luzeagoan gaixo ezagutzeko asmoz, eta zein gaitzak jorik, ahalik eta etekinik mardulena eskuratzeko moduan erabakitzearren aseguruak nori eta zer salneurritan eskaini, eta gene kaxkarrak bazenitu, jakina, asegururik ez. Eskerrak agintariek ukatu egin dietela informazio hori, oraingoz. Babestu beharra dago gisako informazio pribatua hiena aseguratzaileen atzaparretatik.

Meliton Manzanasen adimen ederra. De mayor quiero ser cipaya

Markos Zapiain 2008/12/21 17:22

Txikitan Meliton Manzanasen etxe aurrean hartzen genuen auzoko umeok Ikastolara joateko autobusa. Manzanasek, txeratsu, eskuaz ferekatzen zigun burua. "¡Qué maravilla de niños!" esaten zien gure amei, baina gaur egun biziko balitz "¡Qué maravilla de niños y niñas!" esango lieke.

Sendian eta auzoan gizon atsegina omen zen, Hitler bezala. Ordea, ETAk, Manzanas hiltzea erabaki zuelarik, ez zituen bere ezaugarri pertsonal psikologikoak kontuan hartu, senideekin eta auzokideekin izan zitzakeen harreman goxoak adibidez, baizik bere jokabide publiko objektiboa. Besteak beste, euskaldunak zorrozkiago torturatzeko ideia berri zoragarriak praktikan jarri izana, hala nola txotxak azkazaletatik sartzea.

“Adimen guztiak direlako ederrak”, zioen buruko gaitzen ikerketari laguntzeko EITBk antolatutako maratoiaren leloak. Zalantzarik gabe, Hitlerren zein Manzanasen adimenek franko edukiko zuten ederretik.

Hala ere, onartu beharra dago adimen guzti-guztiak ez direla ederrak, batzuek ez dakitela sufritzen eta sufriarazten baino. Buruko gaitz jakin batzuek jotakoak oso dira bortitzak eta erasokorrak. Egia beti aurretik; mundua ez da Neverland. Arazo gogor bati aurre egin behar zaionean hobe da bere gordinean aipatzea, aingerukeriak baztertzea. Eroek berek nahiago dute beren gaitzaz eufemismorik gabe mintza dakien.

Oroitzen naiz gure izeba Felik buruko arazoak zituzten gazte batzuk zaintzen zituela. Donostiatik Irunera trenez bueltatzen ziren. Izeba Oreretan jaisten ziren hiru gaixorekin batera joaten zen eserita. Behin batean, trenean topatu nituen, hitz eta pitz. Gaixoak bidaia bat planeatzen ari ziren Marokora. Eta izebak: “Baina nola joango zarete Marokora, zu elbarri-aulkian ia ezin mugiturik, zu berriz zeharo pitzaturiko morroi arriskutsua eta zu beti isilik eta bost minuturo atake arraro batek jotzen dizu. Hori eztei-bidaia!” Eta gaixoek sekulako barre-algarak egiten zituzten, pozarren. Gustuko zuten beren arazoa txorakeriarik gabe aipatzea eta arazo latz hori kontuan hartuta antolatu beharko zutela bizitza. Batzuetan, beste baten ahotan zure egiaren berri entzuteak, egiaren larria gorabehera, gozamena dakar, zama astuna gainetik kentzean bezala. Bada baten bat animoa etengabe emateari utzi eta zinez mintzo zaizuna, eta zure mugak ondo ezagutu arren nolabait maite zaituena.

Oker ez banago, gaur egun Euskal Herrian psikoanalisian lacanianoak dabiltza ororen gailen. Ezagutzen ditudan lauzpabosten artean, bikainena Gillermo Lazkano, sortzez ordiziarra eta gaur egun Iruñean bizi dena. Institutuan ikasle arazotsuak izaten ditugu. Duela hiru aste Gillerri arreta deitu didan desira baten berri eman nion. Kontua da ikasleei galdetuta “zer asmo duzue helduarorako, pentsatu duzue zein lan egingo duzuen-edo?”, aspaldion behin baino gehiagotan neskek erantzun izan dutela “pues yo de mayor quiero ser cipaya”. (“Zipaio” hitzak gure Institutuan galdua du zeharo konnotazio txarra, “ertzaina”ren sinonimo da erabat.)

Beno ba, Gillerrek intuizio batzuk jakinarazi zizkidan zipaia izateko nahi horren azpian egon litekeenaren inguruan, eta, ikasle horietako batzuei adierazi dizkiedalarik, harritu egin dira zinez eta poztu, nork bere burua ezagutzea arriskutsua bada ere, batzuetan ezusteko desatseginak gordetzen baitizkigu, beste batzuetan, berriz, zure baitan ezkuta litekeenari buruz beste norbaiti garbiro mintzatzen entzuteak alaitasun bitxi bat eragiten du, lehenbiziko urrats gisa sentituko balitz bezala gogo-bihotzetako oinazea baretzeko bidean.





Eroa eta normala. Zaldi-ferra eta artalea

Markos Zapiain 2008/12/21 11:41

Gizarte arruntak erokeria eta eldarnio piloa onartzen du, ez soilik erlijiozkoak. Normaltasun psikologikoa beldurgarria izaten da. Batzuetan xelebrea besterik ez, zorionez. “Normal” eta are “miresgarri” deituriko jende askok sinesten du etxeko atean eskegiriko zaldi-ferrak buruko gaitzak eta izpiritu gaiztoak uxatzen dituela. Dena den, sinesten ez dutenek ere zintzilikatu egiten dute. Gure gizarteak biziki estimatzen duen Niels Böhr Nobel Sariak, mekanika kuantikoan adituak, zaldi-ferra bat zeukan etxeko atarian. Lagun bisitari batek ferraz galdetu zion, nolatan bera bezalako gizon jakintsu batek fedea izan zezakeen bitxikeria irrazional horietan. Eta Böhrrek ihardetsi: “Ez, lagun, ez dut inolaz ere sinesten halako txorakeriatan, baina ziurtatu didate ferrak funtzionatu egiten duela nahiz eta ez sinetsi”.

Alegia, erabakigarria sarritan ez da izaten sentimendua, fedea, barrutik ikusten duzuna, bihotzeko gorabeherak, baizik jokabide objektiboa.

Halatan, ero-etxean itxi ez zaitzaten diskrezioa oso garrantzitsua da. Gizarteak ospitale psikiatrikoan sartu ala ez erabakitzeko orduan kanpotik ikusten zaizuna baino ez du kontuan hartuko. Zure eguneroko bizitzari eusten dion oinarri psikikoa zeharo pitzatuta egon liteke: Unibertsoa abiarazi zuen txinparta zara, zure tribu juduak Egiptotik Lur Sakraturaino gidatzeko erantzukizun larria daukazu… Baina zure zangoek eta mugimenduek Institutura edo okindegira ohi bezala eramaten bazaituzte eta ez bazara nabarmentzen, bakean utziko zaituzte.

Zoritxarrez, alderantzizkoa ere gertatzen da. Burutik gaizki ibili dena senda litekeen arren, estigma iraunkorra izaten da. Normalei zail egiten zaie ero-etxetik sendaturik irten dena benetan sendatu dela onartzea. Zuk barrutik erabat osaturik senti dezakezu zure burua, lasai eta orekatsu. Hala ere, etxera itzuli ostean nekez garbituko duzu pitzatu-ospea.

Zentzu honetan, ez zaio arrazoirik falta pasadizo ospetsu haren protagonistari: ikara, nazka eta fobia zien oiloei. Erotu egin zen, uste baitzuen ale bat zela, gari-alea edo artalea, oiloen elikaduran oinarrizko. Azkenik psikiatrikora  joan eta terapia luze baten ondoren uste zuzena berreskuratu du, gizon dela, ezen ez artale. Psikiatrikoa uzteko baimena eman diote. Ordea, atera orduko barrura itzuli egin da, estu eta larri. Oilo bat ikusi baitu ate ondoan eta beldur da ez ote duen jango. Psikologoak harrituta galdetu dio: “Zergatik zara oiloen beldur? Ondo dakizu gizon bat zarela, eta ez artalea”. “Bai, halaxe da, NIK badakit. Baina ez naiz osotoro ziur, OILO HORREK ere ba ote dakien. Baliteke oraindik ez izatea aldaketaren berri”.

Hots, nire arima sendatuta dagoen arren gizarteak luzaro ez nau normaltzat onartuko. Zentzuduna da oiloaren fobiari eustea.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.