Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Rex erectus est

Markos Zapiain 2008/03/11 12:36

 

Hedabideek zabaldu dutenez, mutil gazteak gero eta arinago doaz putetxera. Ematen du sexu harremana lehenbailehen gauzatuz sedukzioaren bide luzea aurreztu gura dutela. Nahiago dute ezetzaren arriskua uxatu eta sentimenduen zailtasunei ihes egin. Kantek zioen ezkontza funtsean bikotekidearen sexu organoak esklusibotasunez erabiltzea bermatzen duen kontratua dela. Gaurko gazteek eta Kantek antzeko jarrera antisentimentala erakusten dute.

Genitalitatearen eta ernalkinen garaipen osoa dugu hemen, eta ez da txiripaz Espainia bezalako Monarkia batean gertatu. Izan ere, gorputza ez da anabasa; politikoki dago antolatua. Haurtzaroan sexu indarra gorputz osoan gaindi dabil atzera eta aurrera, erdigune finkorik gabe, harik eta zenbait guduren ostean behin betiko antolakuntza erabakiko den arte, ernalkinen nagusitasuna. Erregea gorputz politikoaren ordezkari den legetxe, zakilak ere larrua jotzean herri osoaren ordezkaritza bereganatzen du, berez gorputz osoan joan-etorrian dabilen sexu indarra zakilan biltzen eta bermatzen baita. Zakila aztiaren makiltxo magikoa da, gorputz osoko erotismoa xurgatu eta bereganatzen duena (Sandor Ferenczi, Thalassa, 12 or.). Organo bakar baten tirania dugu hor gorputz osoaren gainean, atal batek osotasuna ordezkatu eta menperatu baitu.

Hain zuzen, gorputzaren antolaketa tiraniko hori, Norman O. Brown-en ustez, Monarkia Konstituzionalari dagokio (Love’s body, 126-129 orr.). Erregea herriaren tentetze politikoa da. Gorputz politikoan tentetzen den zakila da erregea. “Rex erectus est” esaten zuten erromatarrek: erregea eraiki egiten da, altxatu; orobat zakila. Erregeak koroa janztea eta zakilan kondoia jartzea bat datoz. Xalbadorrena poxi bat aldatuz, “herria da gorputza, monarka zakila”. 

Kontuz ordea: orgasmoa frantziar iraultza baita, ahitu egiten du erregetza, aluko gillotinak burua ebaki dio monarkari. Ondorioz, zeharo genitalizaturiko gorputzaren jabeak ezin du eraman orgasmoaren osteko harremana, ez du sexukidearen kalaka jasateko aski kemen. Nekrofilo batek adierazi zuen nahiago zituela hildakoak biziak baino, hildakoek txorta ostean ez dizutelako kaka esplikatzen, “nire gurasoak rollo bat dira” eta hori guztia.

Zer ote zaio espainiar gazteari gogorrago, txorta aurreko sedukzio lana ala txorta osteko elkarrizketa? Beharbada biak berdintsu. Ez da ahaztekoa edozelan ere Norman O. Brown-en itxaropena: baliteke zakilaren erregetzan oinarrituriko giza gorputzaren egituratze politiko hori historikoa izatea, aldakorra. Menturaz etorkizunak antolaketa politiko-sexual guztiz berri bat ekarriko digu. 

Errausketa-labea eta gorpuaren imitazionea

Markos Zapiain 2008/03/06 18:43

 

Errausketa-labeak bizilagunen osasuna kalte badezake, ulergarria da noski bilbotarren protesta. Baina ematen du hor heriotza gure bizitzatik egozteko joera modernoa ere badabilela bultzaka. Ordea, arazoa filosofia kontenplalariaren talaiatik aztertuz gero, zorte handia da, sakonki bizi nahi izatera bederen, hil behar dugula egunero gogoratzea. Betirako bagina bezala bizitzeko joera baitugu, joera tentela, eta etxe ondoan errausketa-labe bat edukitzeak tentelkeria hori ziplo senda diezaguke. Bizitzeaz hiltzen gara, zioen Axularrek, eta hiltzeaz bizitzen.

Labean errausten ari diren lagun horiek bezalaxe hilko naiz ni ere, ezinbestez. Mugatua dut bizialdia. Hori kontuan hartuta, nola antolatu nire bizitza? Zer egin eta nola bizi, hiltzeko orduan “kaka zaharra” deitoratu behar ez izateko?

Gure gizarteek herio usaineko edozer ezkutatu eta kanporatzen dute. Berriki arte, zaharrak etxean zeuden, eta itzaltzen zihoazen bitartean bizitza biloben bitartez berritzen ikusten zuten. Ontsa hiltzeko bide bat zen. Aldiz, orain, zahar-etxeetan, bertakoak elkartzen dituen bakarra da berehala hil behar dutela. Horregatik dute zahar-etxe askok beilatoki eta are errausketa-labe kutsu nabarmena. Jakina, bizimodu modernoak ez du besterik ahalbidetzen. Baina batak ez du bestea kentzen. 

Azken batean, hilak bizitzen uzten dizu. Biziak gara arriskutsuak, bizitzen uzten ez dugun heinean. Lasaiago biziko zara errausketa-labearen gainean modako tabernaren gainean baino. Hilak ez dira inperialistak. Aitzitik, alderdi politikoak eta ehiztariak biolatzaile akustikoak dira, beren propaganda eta tiro kirrinkariak sufritzera behartzen zaituzte. Biziok, etikoki hobetzekotan, hildakoak imitatu beharko genituzke.

Arnasa guduak

Markos Zapiain 2008/03/04 16:42

 

Honezkero ez gara atmosferaz fio: besteak beste, horrek bereizten gaitu orain dela gutxi arteko gizakiarengandik. Aberatsek aire garbia erosten dute, tabernetan oxigenoa eros eta arnas dezakezu, Michael Jacksonek maskaren bidez babesten du bere burua kutsaduratik. Von Weiszacker fisikariak bunker bat egin zuen lorategian, balizko erradiazioetatik babesteko.

Dirudienez, eguraldi aldaketan, zergatiko ezezagunez gainera, militar esperimentu batzuek ere izan dute eragina.

Hurrengo datuak ez ditu Hugo Chavezen lehengusu batek jakinarazi, baizik Peter Sloterdijk filosofoak, liberalek ondo hartzen dutena, Finkielkrautekin primeran konpontzen dena… Ez da susmagarria, Garzonek ez luke espetxeratuko.  

“Temblores de aire” liburuan Sloterdijkek dio Pentagonoaren inguruko zazpi ofizialek 1996an txosten bat aurkeztu zutela, 2025rako metereologiaz jabetzea helburu. Ekaitzak nahita aldatu eta gogortzeko aukera aipatzen zuten, etsaien lurraldeetatik euria desagerrarazi eta sikateak artifizialki eragitekoa.

Halaber, 1993az geroztik uhin elektromagnetikoen bidez ere eguratsarekin olgetan dabiltza AEBk. Alaskan antena piloa jarri dute, ionosferara izpi elektromagnetikoak etengabe jaurtitzen ari. Egia da klima-hondamendiak eta lurrikarak bideratzen lagun dezaketela, agintarien propagandak azpimarratu duenez. Baina iskilu tele-energetiko gisa ere erabil litezke.

Zenbait berezilarik Alaskako esperimentu horiek eta Arizonan gertatu diren elur eta laino ekaitz estrainio batzuk lotu dituzte, eta argitu gabeko beste hainbat fenomeno metereologiko.  

Yankien inperialismo militarista dabil gaur egun gailen, baina sobietarrak ere ibili ziren airearekin lardaxkan. 1982 eta 83an “turalemia” izeneko bakterioarekin esperimentuak egin zituzten.

Aral itsasoko uharte mortu batera ehunka zimino ekarri zituzten Afrikatik. Zutoinetara lotu eta turalemiazko airea arnastera behartu zituzten.

Sobietar zientifikoak poz-pozik gelditu ziren emaitzarekin: ziminoei aurretik txerto babesle bat jarri zieten arren, turalemia arnastu ondoren ia denak hil ziren.

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo

Markos Zapiain 2008/03/03 11:20

 

Euskal Herrian eguraldia iragartzen dutenek etorri handia eta hitzaren grazia izaten dute: Onintze Salazar, Pitika, Pello Zabala, Urko eta Andoni…

Iñaki Segurolak Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakeran dio bizitza erdia euskarazko izkribuei begira eman duela, eta bere ustez aspaldiko esaldirik ederrena Joxe Landak 1998ko San Juan Bezperan Egin egunkarian argitaraturikoa dela: “Kosta laino txepel batzuk agertuko dira, nora mugitu asmatu ezinik”.

Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo horretan bada halaber Segurolak berak idatziriko hainbat eta hainbat esaldi eder. Amaiera aldera, hauxe: “Eguraldiari begira bizi gara, denboraren tximistatik ihesi”.

Alegia, hiltzeko eguraldirik inoiz egiten ez duelako mintzo gara horrenbeste eguraldiaz: gizakion denbora tximista da, zuzenean lurperatuko gaituen lerro zuzena. Aldiz, biribila duzu eguraldiarena, badoa eta badator, eta gu desagertzean ere hortxe geldituko da jira-biraka. Igogailuan eguraldiaz solasean, azpitik adierazten duguna da gu ezinbestean joango garen arren ezagutzen dugun zerbaitek bederen jarraituko duela, den-dena ez dela bukatuko, nolabait guri ere dagokigun urtaroen joan-etorriak iraungo duela.

Patxi Iraeta obalatuari

Markos Zapiain 2008/02/29 16:12
G puntua: aurkikuntza ala agerpena?


Misterio ugari dugu G puntuaren inguruan.

Alua oso zaharra da. Zerk eragotzi du hain luzaro G puntuaren topatzea, jendea agertu zenetik 1944ra arte? G puntuaren adierazpenak biziki deigarriak dira. Bigarren C-ko Gotzon Bilbaori susmagarri zaio Kamasutra idatzi zuten adituei G puntuak ihes egin izana.

Nolatan onartzen dugu beste barik hain antzinakoa eta garrantzitsua den zerbait halako batean eta hain berriki AURKITU egin dugula?

Ez dirudi zeharo burugabea pentsatzeak Graftenbergek G puntua 1944an aurkitu zuela hain zuzen G puntua Unibertsoan lehenbizikoz sasoi hartantxe agertu zelako. Espezieen gorputzak ez dira betikoak, bilakaerak ez du etenik, organoak aldatzen, sortzen eta desagertzen doaz, buztana galdu genuen.

Ustekabekoak baitira bizitza eta giza gorputza; oroz lehen, alua. Txokolatezko Kinder arrautzaren ezpalekoa dugu alua, beti ezustekoren bat opari. Baliteke G puntua zona erogeno berri bat izatea. Ziurrenik ezkutuki ugari egongo da oraindik aluko labirintoan behar bezala miatu gabe. Orain bertan eraberritzen ariko da agian. Espezieen bilakaera berrikuntza txundigarriz beterik baitago.

Besterik da eta zailagoa, G puntuaren aurkikuntzak Bigarren Mundu Gerraren amaierarekin zerikusirik izan ote zuen erabakitzea.

Amaierarekin zehazki, auskalo. Baina baliteke giza gorputzak Bigarren Mundu Gerrak eraginiko sufrimendu ikaragarri hura mutazio baten bidez atsegina handituz konpentsatu izana. Kanpoaldetik zetorkion Historiaren oinazea baretzeko asmatuko zuen beharbada giza gorputzak barrualdeko plazer berri hori.

Arimaren ordez, G puntua

Markos Zapiain 2008/02/29 15:20

 

Hauteskundeen zaparradatik babesteko gordelekurik goxoenetakoa dirudi G puntuak, emakumeek uretraren eta aluaren artean omen duten eremu berezi hori.

Hainbat eta hainbat emakumeri galdetu diot G puntuaz: etxean, lankideei, edonon. Bakar batek ere ez du. Asko jota esango dizute “benetan sinesten dut batzuek badutela”; baina egundo ez “bai, nik badut, eta pozik nago”.

Ezin da zehazki kokatu: Graftenberg-ek 1944an aurkitu zuenetik, hatza sartu eta hiru zentimetrora egon da, edo askoz ere barrurago, edo anitz aldetan egon da aldi berean, gizonok ere izan dugu. Aspaldion, emakumeek dutela diote, baina ez guztiek, eta bakoitzak bakarra.

Kokapen zehatza balu, ez litzaiguke interesgarri, edo gibelaren eta belarriaren interes mota baino ez liguke piztuko, eta ez etengabe berritzen doan lilura grinatsu hori. Edozelako putzu-zulo bustitan sartzeko beti prest dagoen Oier Gorosabel masajistaren berbak: "susmua dakat entelekia bat dala, edo bestela "beti-billa-aritzeko" atxeki bat (zentzu honetan ona, beraz)".

Horrela, G puntuaz aritzeko jakintza arlorik egokiena ez da sexologia, baizik psikologia eta batik bat teologia.

Arimaren hilezkortasunean sustraituriko erlijioak indarra galtzen ari diren honetan, eta jendartea gero eta sexualizatuago dagoenez, nolabaiteko federen baten beharrak G puntu harrapagaitza asmatzera eta sakralizatzera bultzatu gaitu. Erlijio klasikoetan arimak betetzen zuen eginkizuna G puntuari dagokio orain: inork ez daki zehazki zer den, non dagoen… Halatan, badauzkagu G puntuaren ateoak, agnostikoak, fideistak, deistak eta teistak. Hori bai, oraingoz eta zorionez ez dugu G puntuaren martiririk.

Hobeto esanda bai, antzeko zerbait badugu: lehengoan Gernika inguruko enpresa-gizon batek G puntua gizonok dugula irakurri eta sinetsi zuen. Jakin-minak bultzatuta uzkia Pilot bolaluma batez arakatzeari ekin eta fisuraz eta zauritxoz josi zuen. Ez da oso larria izan, baina Pilot beharrean hobe da Bic erabiltzea.

Erakundea eta fedea

Markos Zapiain 2008/02/25 08:14

 

Elizaren sorrerari buruz badira besteak beste ikuspuntu desberdin bi: batetik, San Pauloren etsaiena, Nietzsche eta Onfray.

Nietzscherentzat Jesus saindu anarkista antzeko bat da, sentibera, ahula, munduak min ematen baitio, eta mundutik ihesi Aitaren Erresuman, hots, bere baitan, bildu eta babestu egiten da. Jesusek ez du ezein antolakuntzarekin inongo zerikusirik, Eliza guztiz arrotza zaio. San Paulok sortu zuen Eliza, Jesusen mezua traizionatu eta bizitzaren aurkako bere fanatismoak bultzatuta. Elizak oinarri-oinarrian ukatzen du Jesusen doktrina. Wittgenstein bat dator ikuspuntu horrekin.

Onfrayrentzat, berriz, Jesus asmaturiko pertsonaia literario bat da, ez du existentzia historikorik. San Paulok bazekien arrakasta lortzekotan kristautasuna Estatu erlijio ofizial bilakatu beharko zuela. Halatan, Konstantino kriminal eroaren esku jarri zuen, ukitu batzuk emanez: adibidez, erromatarrek irrika handiagoz jazarri zuten Jesus juduek baino eta erantzukizun handiagoa izan zuten Haren gurutziltzatzean. Baina Ebanjelioetan erru nagusia juduei leporatuko zaie. Hori izan zen kristautasuna Inperioaren erlijio ofizial bilakatu ahal izateko gezurretako bat, antisemitismoa abiarazi eta Shoah delakoak burutuko zuen gezurra.

Baina San Paulok miresleak ere baditu, hala nola Kojève eta Zizek marxistak. Hauentzat askoz ere interesgarriagoa da San Paulo Jesus baino, garrantzitsua batez ere Erakundea baita, ez norbanakoaren arimaren gorabeherak. San Pauloren jenio handiak Elizaren Unibertsaltasuna asmatu zuen, etorri beharko lukeen Estatu politikan Unibertsal eta ekonomian Homogeneoaren aitzindari.

Bestalde, norbanakoaren arimaren gorabeherak eta fedea baino garrantzitsuagoa da, Kojèverentzat zein Zizekentzat, erritua.

“Agertu zara Igandean mezara? Bete dituzu aginduak?” Horiek dira funtsezko galderak. Eta ez, “zer moduz zure harreman intimoa Jainkoarekin?” Hori batere interesik gabeko txutxu-mutxu pribatua da.

Erlijio askotan nabari da barrualdeari muzin egin eta Erakundea eta erritua lehenesteko joera hori. Badira errabinoak zure zalantza teologiko-sentimentalen berri ematen diezunean berehala pikutara bidaltzen zaituztenak: “utzi bakean, gogaikarri ez bestea! Gorde Sabath eguna eta kito!”

Jokabide objektiboak balio du, ez zer darabilzun barruan: esaterako, Niels Böhr Fisikako Nobel Sari judu ospetsuak zaldi ferra bat zuen etxeko atean. Bisitari batek galdetu zion “nolatan ferra hori, uste bainuen ez zenuela esoterikeria horietan sinesten”. “Ez, egia da, ez dut sinesten, baina esan didate horrek zorte ona dakarkizula nahiz eta ez sinetsi”.

Era berean, badira Nepalen otoitz egiteko gurpiltxo batzuk. Zuk bat martxan jarri eta biraka dabilen denbora osoan objektiboki errezatzen ari zara, eta horrela bien bitartean imajinaziorik lizunenak erabil ditzakezu bekaturik batere egiteke.

Garbitokia eta Kristino

Markos Zapiain 2008/02/22 12:27

 

Ez dago maila berean jartzerik zientziaren, filosofiaren, literaturaren eta erlijioaren hizkerak eta hizkera horien nahiak eta helburuak eta egiarekin duten harremana. Zientzia dagoena azaltzen ahalegintzen da, ahal bezain xehero, eta bere hutsak zuzentzeko gertu dago beti. Filosofiak berriz kontzeptuak sortzen ditu eta sistema bakoitzak ondo datorkion egiaren ideia asmatzen du. Literaturak aldez aurretik onartzen du irudimenak sortua dela.

Aldiz, kristautasunak dogmatikoki oparitzen dio bere buruari beste edozein jarrerarena baino ahalmen bikainagoa berezko errealitaterik sakonenarekin bat egiteko. Kristautasunak ei du egia bakarra ezagutzeko gaitasunik behinena. Uste du besteen gainetik dagoela. Harrokeria horrek ez dio ikusten uzten kristautasuna giza irudimenak asmatu duela. Gizakiak sortu du Jainkoa, ez alderantziz. Kristautasunaren funts filosofikoa hain da ahula eta arbitrarioa, luzaro hil behar izan baitu zalantzan jartzen zuen edonor, eta, bere agintea indartu eta zabaltzekotan, bat egin du agintaririk ankerrenekin, hasieran Konstantino eta berriki Franco kolpista kriminalarekin. San Pauloz geroztik onartu baitu agintari oro Jainkoak aldeztua dela, eta horrenbestez men egin beharrekoa. Espainiako Elizak orain dio ez zaiola botorik eman behar terroristekin negoziatzen duenari, baina Pio XII Aita Sainduak zuzenean negoziatu zuen poitikoki naziekin, naziak indartsu zetozelarik. Elizaren oportunismoak ez du mugarik, baina biziko bada beste erremediorik ez du, hain baita eskasa haren oinarri ideologikoa.

Esaterako, Aita Saindua hutsezina ei da. Orain arte, bataiatu baino lehen hiltzen ziren haurrak linbo izeneko egoitza batera zihoazen. Zintzoen arimen egoitza da, berrerospenaren aurretik. Benediktok orain linboa ezabatu du. Non gelditzen da orduan aurreko Aita Sainduen hutsezintasuna?

Bestalde, fedea oinarritzeko kristauek erabiltzen dituzten frogak harrigarriak dira. Esaterako, Richard Dawkinsek “El espejismo de Dios” liburuan gogoratzen duenez (milesker Luistxo), ba omen da garbitoki edo purgatorio izeneko eremu bat. Bertara doaz hil ostean infernuratzen ez diren arimak, zerura baino lehen. Garbitokia egoitza mingarria da, bekatuen erruz pilaturiko zor guztia ordaindu arte egon behar duzu bertan.

Arras da gogaikarria hortaz garbitokialdiaren luzatzea, eta behiala Elizari dirua emanez gero garbitokialdia labur zenezakeen. Diru gehiago Elizari, arinagoa garbitokialdia. Elizak ziurtagiri bat ematen zizun, indulgentzia, erositako egun kopurua zehaztuz. 1903an jadanik ezin zen indulgentziarik diruz erosi, baina Aita Sainduak, Pio X.enak, hierarkiako maila bakoitzak dakarren garbitokialdiaren laburtzea zehaztu zuen: kardinalak, 200 egun; artzapezpikuak, 100; azpezpikuak, 50 baino ez. Eta otoitzak ere labur lezake.

Zein da disparate honen guztiaren froga? Entziklopedia Katolikoaren arabera, hauxe: baldin hildakoa zuzenean joango balitz zerura edo infernura, orduan haren alde otoitz egiteak ez luke zentzurik. Garbitokiak existitu behar du, bestela gure otoitzak alferrikakoak lirateke (Richard Dawkins, “El espejismo de Dios”, Espasa, 381-384 orr.); gisakoa duzu garbitokiaren inguruko Benediktoren eldarnioa ("Dios y el mundo",  Mondadori, 121-123 orr.).

Bistan da frogatu beharrekoa frogatutzat jotzen dela frogabidea bera hasi aurretik. Hori dela-eta, fideismoak dirudi fede-jarrerarik zentzuzkoena: onartzen dut azterketa kritiko baten aurrean kristautasuna guztiz hauskorra eta makala dela, baina hala ere sinesten dut. Horra fedearen arriskuetako bat: arrazoimena makurtzeko ohitura dakar, eta kritika belaunikaraztekoa. Garbitokia, Hirutasun Saindua edota gorputzen berpiztea sinesten hasi eta aise hel zintezke edozein burugabekeria onartzera, are Espainiakoa Zuzenbide Estatu bat dela.

Horregatik emango du ziurrenik Aita Sainduak hain maiz burutik seko jota dagoelako inpresioa. Ez bakarrik Ratisbonan mundo osoko musulmanak beste barik iraintzeagatik; halaber giza irudimenak sorturiko infernuaz, garbitokiaz, aingeru jagoleaz eta Jainkoaz inongo zalantzarik gabeko existentzia enpirikoa balute bezala mintzo baita, txundigarria egiten den etxekotasunaz gainera (“Dios y el mundo”, passim.). 

Zentzu horretan, Benedikto Bermeoko eroetxean itxita duten Kristinoren kide arteza da, imajinaziozko lagunekin txikiteoan ibili eta eztabaidatzen baitu. Agian ez da eskatu behar Benedikto lehenbailehen Bermeoko eroetxera ekar dezaten, baina bai ordea Kristinori Aita Saindu izateko aukera eskain diezaioten. Ez luke onartuko, nahiago du Tala Vaticanoa baino, saindu gehiago dabil hemen. Vaticanoko kupulen sinesmenak sinpatikoak lirateke beren botere itzela errugabeak umildu eta lotsarazteko erabiliko ez balute.

Erlijioa behar bezala irakasteko

Markos Zapiain 2008/02/21 19:01

 

Elizak ez du Filosofia maite. Nahiago du Hitler. Honen “Mein Kampf” ez bezala, indexean jarri zituen Voltaire, Unamuno, Bergson, Sartre. Ildo berean, Benediktok Filosofiaren aurkako eraso basatiak egin izan ditu. Esaterako, “Fedea eta etorkizuna” liburuan txalotu egiten du hainbat adituren iritziz XX. mendeko Filosofia libururik garrantzitsuena izan den Wittgensteinen “Tractatus logico-philosophicus” (Txelisek euskaratu zigun) ez argitaratzeko erabakia. Ideiei bizia ukatze horrek Von Ficker editorearen “sen fina” frogatuko luke (“Fe y futuro", Desclée, 75 or.). Elizaren ohitura zaharra duzu Tractatusa bezalako idazki sakonak jaio baino lehen lurperatzea edo lurperatu ahal ez izana deitoratzea. 

Ordea, zentzu triste batean Darth Vader Benediktok bat egiten du Tractatusaren espirituarekin: biak dira fededun monoteistak, munduaz mintzatzeko orduan hizkera bakar bat onartzen dute biek, Benediktok kristaua eta Tractatusak natur zientzia. Benediktok gainerako hizkerei goitik behera begiratzen die, eta Tractatusak isilarazi nahi lituzke.

Baina Wittgensteinek bigarren liburu erabakigarri bat idatzi zuen, “Ikerketa filosofikoak”. Bertan hizkuntza-jolasez mintzo da eta ez du ezein hizkuntza ipintzen ororen gailen. Horrek behar luke hain zuzen Erlijioaren irakaskuntzaren oinarri filosofikoa.

Hizkuntza-jolasak dauden moduan badira hainbat erlijio-jolas, zein bere ariketa, bide eta xedeekin; soilik ergelkeria gaizto eta fanatikoak ipin lezake, Ratzingerrek bezala, erlijio-jolas jakin bat besteen gainetik.

Bai erlijioak eta bai Heziketa, eta zehazki Erlijioaren hezkuntza, Aita Sainduaren, Apezpikuen Batzarraren eta teologoen atzaparretatik babestu behar dira, ez baitituzte aski serio hartzen.

Horrela, DBHn eta Batxilergoan ez litzateke katekesi mozorrotu bat eskainiko, baizik ikasleak taldeka hartu eta ikasturtean lauzpabost aldiz Barriara, meskitaren edo aterpetxe egokiren batera edo Arantzazura eraman eta bertan aste oso bat egonarazi.

Aste bakoitzean erlijio-jolas horietako bakoitzaren praktika ezagutu eta bizi egingo lukete: adibidez, lehenbiziko astean, sufismoa: oinarri teoriko eta historikoa sarrera gisa eta gero guztiak dantzara. Baina serio: ardoa edan eta jira eta bira dantzan zazpi orduz segidan, Allah Guztiz Maitearekin bat egin arte, Allah Ekber.

Hurrengo astean Zen eta meditazioa; aste osoa isili-isilik, baita otorduetan ere. Eta, loto jarreraz eserita, edo pasieran, edo ohean, arnasa hartzean zure buruari hauxe galdetu: “zer soinu ateratzen du eskuek elkar topatzen ez duten txaloak?”; eta arnasa botatzean adimen eta gogo osoz ahaleginduz erantzuna bilatu. Arrazoimenaren berezko logikaren zirkuitulaburrak argituko du ikaslea.

Edo kristau tradizioa: aste osoa otoitzean, belauniko, besoak goiti, ezkerreko begia ahal bezain ezkerrera eta gora, eta eskuinekoa halaber ahal bezain eskuinera eta gora eramanez, margolan klasikoetan Jesukristok, Mariak eta Sainduek erakusten duten jarrera. Bide batez esanda, nork bere burua kontzienteki nola definitzen duen sarritan ez da oso garrantzitsua, tradizio kulturalak eragin handia du, eta Joseba Arregi katolikoak bezala Fernando Savater ateoak ere gora begiratu eta arnasa sakonki hartuz eskatzen diote Goi-Argiari laguntza eta etorria.

Beste aste batez, Carlos Castanedaren liburuetan oinarriturik mundua geldiarazten ikasiko lukete, belearen ezusteko hegaldia interpretatzen, landareen laguntzaz benetan ikusten, haluzinazioetan beldur barik murgiltzen eta barre-algara zein izu mistikoa bizitzen. Eta amets egiteko artea.

Azkenik, batxilergoko bigarren mailan, tantrismoa ezagutuko lukete, jainkotiar maitasun fisikoa, txortaldi sakratua, orgasmo ezin luzeagoak gizonak hazia isuri gabe eta andrearen jarioak zakiltxulotik xurgatuz.

Tantra-jakinduriaren hurrengo tanta dena den bitxiagoa egingo litzaieke beharbada, galdetu behar: soilik andreak hilekoa duenean egin behar omen da larrutan, eta gero odola eta hazia nahastu eta norberaren azalean eta aurpegian jarri eta igurtzi. Horixe omen da Jainkoarengana igotzeko biderik zuzenena eta aldi berean kutisa kutsaduratik eta aldaketa klimatikotik babesteko jarduerarik eragingarriena.

Mutila erromantiko, neska irudiari lotuagoa

Markos Zapiain 2008/02/08 13:27

Gaur egungo gazteen maitasun gorabeherak betiko gazteenak dira: ezkutatu beharreko maitemintze itzela eta etsipen itzelagoa, jelosia basatia eta pozaldi ikaragarriak, lehenbiziko aldiaren aurreko kezka… Oro har, oso erromantikoak dira.

Dena den, nire ikasleen artean behintzat askoz ere sentimentalagoak dira mutilak neskak baino, jendaurrean aitortzea zail egiten zaien arren. Hamazazpi urteko mutila oheratu eta han hasiko zaizu burkoari besarkatuta “oi maripili, maripili laztana, asko gutzut”. Aldiz, gero eta neska gehiagorentzat mutilaguna bere irudiaren osagai eta osagarrietako bat da, beste askoren artean. Gerrikoa eta prakak Roxy, alkandora Billabon, diadema arrosa eta ondo konbinaturik a juego Pilotari serieko protagonistaren antzeko mutilaguna. Anitz neska dira gero eta nartzisistago eta beren balizko kanpoedertasunaren beste apaingarri gisa darabilte mutilaguna. Sentimenduei dagokienez, garrantzitsuagoa zaie lagun taldea bikotekidea baino.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.