Laura Mintegiri erantzuna
Laura Mintegiren hitzak, Jakin aldizkariko 187. alean, 2011ko azaro-abenduari dagokiona, 65-66 orrialdeetan: “Goizegi da jakiteko nola eragingo duen aro politiko berriak kulturgintzan, bai industrian nola produktuan, baina pentsatzekoa da eragina izan izango duela. Sintomatikoa da, esaterako, aurten Markos Zapiainek atera duen Etakideen ametsak liburua, erakundeak jarduera armatuaren amaiera iragarri baino hiru aste lehenago argitaratua. Zapiainek aurkezpenean esan zuen “ETAren ekarpenik garrantzitsuena Euskal Herriari, ETAri buruzko euskal literatura izan da”, eta boutade kutsua badauka ere, garai berri baten zantzua delakoan nago. Fribolizatzeko beta irekirik balego bezala.”
Laura Mintegiren hitzei sumatzen zaie, batetik, ministroen tankerako gogoeta inportante eta pisutsuak idazten dituenak arinkeriaz dihardugunok zorrotz epaitzeko ohitura ulergarria. Bestetik, eta ez da hain ulergarria, unibertsitateko irakasle batzuek institutukooi begiratzeko hartu ohi duten goitik beherako jarrera; adibidez, Etakideen ametsak irakurri gabe, bertan mamituriko urteetako lana gezur labur baten bidez suntsitzeko eraso klasista.
Eta, azkenik, euskal literaturaren aurkako mespretxu sakona, euskal literaturari garrantzia aitortzea fribolotzat jotzen baitu.
Aski zabaldua dagoen jarrera da lan kulturala bigarren mailakotzat hartze hori, luxua, fribolitatea, denborapasa... Eta flipanteena da kultura vs. borroka politikoa dikotomiak zenbateraino jarraitzen duen indarrean, Stuart Hall apalean hautsa hartzen daukagun bitartean, oihukatzen kapital modernoak ezin duela gaur egun kulturaren dimentsiotik kanpora operatu.
Ez dira gauzak gehiegi aldatu, zoritxarrez, Pott-en garaietatik ("Kultura delako hori besterik ez dagoenerako gelditzen da, edota, euskaldunaren aspergo eta nekeak edozein aktibitate moeta harriskuan jartzen duenerako --hijiene funtzioa, hots, kultura dutxa zentzuan--", in 'Kritiko literarioen aideplano konplexuaz eta beste zenbait arazo xelebrez...': http://andima.armiarma.com/pott/pott0403.htm).