Zakarrontziak miatzea debeku
Nogent herri aberatseko biztanle txiroek ezingo dituzte aurrerantzean zakarrontziak miatu, lege berri batek isunaz mehatxatu baititu, edo bestela espetxeaz. Nord departamentuko La Madeleine herrian ere debekatu egin zuten, abuztuan, zakarrontzietan janari bila ibiltzea.
Irailaren 16ko ordenantza baten arabera, zigor berdinei egin beharko diete aurre zakarrontzietan jakia bilatzen duenak eta karrikan ttu egiten duenak, edo pixa.
Nogenteko alkateak (J. P. Martin, UMPkoa, Sarkozy bezala), osasun publikoa babesteko neurriak direla aldarrikatu du: “edozer topa dezakezu espaloietan, dramatikoa da”, adierazi dio Le Parisien egunkariari. "Osasun arazoak sortzen dira, eta arazo estetikoak. Gure herria turistikoa da, eta hondatzen ari dira. Hortaz, zigorra ezarri behar".
Ezkertiar askok txarto hartu du araua, erran gabe doa, pobreen kontra jotzen baitu zuzenean; eta krisi garaiotan jende franko dugu jan ahal izateko zakarrontzietan bilatzera beharturik. Gainera, ez da gauza bera karrika publikoa pixa eginez edo txistua boteaz lohitzea, edota, goseak behartuta, arrain zati erdi ustel bat zakarrontzian bilatzea. Aski zuen ordenantzak karrikaren zikintzea zigortzea; gosetien aurkako amorru hori ez da parte onekoa.
Auzapezak ihardetsi du ordenantza horrek inor ez duela estigmatizatzen, gizatasuna duela helburu, hiritarrak ongi portatzera bultzatzea, ordena ezarri eta zakarrontziak komertziorako erabiltzen dituen jendea zigortzea.
Emauseko lehendakariak Nogenteko alkatearen adierazpenak Maria Antonietaren ateraldi ospetsuarekin alderatu ditu. Paristar herri goseak ogia galdegin ziolarik, opilak eta pastelak jateko iradoki zion. Emauseko buruak esan du Nogenteko auzapeza “à côté de la plaque” dagoela zeharo, tronpaturik eta galdurik.
Estetika kontua baino gehiago, arazoa da zergatik ote dagoen jendea hazkurria zakarrontzietan bilatzera derrigortua, eta saiatzen ote diren Nogenteko udaletxean pobreziak eraginiko dramak konpontzen, lorategiak apain atxikitzeaz gain.