Ideia bi Saizarbitoriaren kasuaz
Gatazkari dagokionez, Saizarbitoria da ziurrenik barne kontraesanak modurik nabarmenenean agerian uzten dituen euskal idazlea, lotsa gaindituz eta koherentziaren obligazio moralaren gainetik hegan eginez, esanez bezala “ni ez naiz buruzagi bat, ezin dut inor eraman nire atzetik, zeren ez baitakit zer egin nire buruarekin, eta kakanahaste hau naiz, ecce homo: alde batetik, ateoa eta antikristaua, batez ere apaiz frankistak sakonki pairatzearen ondorioz, baina aldi berean errukia dut teklarik sakonenetako bat, kristau askorentzat ere eragingarriena den bertutea”. Halatan, ETAren kontrakoa izan arren, 1995ko “Hamaika pauson”n gupida barnekoi bat sentitzen du Daniel Zabalegi etakidearengana.
Bestetik, Saizarbitoriak gorroto dio moralismoari literaturan, literatura engaiatuari, baina aldi berean bere liburu guztiak dira modu ohargarrian aldarri etiko bat, gaizkiaren alderen baten aurkako gurutzada. Zeharka, jakina, sotilki, korapilatsuki, baina Saizarbitoriak, eguneroko bizitzan eta politikan engaiatzeaz gain, literatura ere gatazkaren aurrean konpromiso ageriko bat hartzeko erabili du.
BI MUTURREN ARTEAN
“Exkixu”ren eta “Bizia lo”ren artean koka genitzake “Ehun metro” eta “Hamaika pauso”. Biolentziak odolustu eta hil egingo du Euskal Herria, gaztigatu zigun hirurogeita hamarreko hamarraldirako Saizarbitoriak. Frankismoaren zapalkuntzari erantzutea zilegi da, baina indarkeriak epe luzera hondamendia dakar. Errepresioaren aurrean okerrena ezaxola da, beste alde batera begiratzea. Engaiatu beharra dago; baina ez edonola. Eta Saizarbitoriak1974erako garbi zuen ikusia Euskal Herrian bizitzaren aldeko engaiatzeak zaizkigula premiazko, eta, ostera, hilketak hilketari deitzen diola, heriotzak heriotzari, hauxe izaki etsai nagusia.
IDAZLEAREN NAHIA ETA IRAKURLEAREN INTERPRETAZIOA
Gorago esan bezala, euskal idazleek inpaktu emozional bat eragin nahi dute irakurlearengan; eta bilatzen dute emozio hori jarrera etiko-politiko bilaka dadin. Aldez aurretik badituzte gatazkak eragindako sentipenak, ideiak, asmoak, gorrotoak; eta pertsonaien eta kontakizunaren bidez gorroto, sentipen, ideia eta asmo horiek irudikatzen dituzte, ondoren irakurleak antzera senti eta ikus dezan ahaleginduz, edo jakin dezan zein den idazlearen ikuspuntua, bederen.
Gerta daiteke, hala ere, irakurleen interpretazio nagusia bat ez etortzea idazlearen asmoekin: hori gertatu zen Saizarbitoriaren “Ehun metro”rekin. Idazleak tortura, zapalketa linguistikoa eta orotarikoa nabarmendu zituen, eta ez zuen aski garbi adierazi ETAren ihardukia gaizki iruditzen zitzaionik.
Egia den arren Joxe Zuazalagoitia etakidearen heriotzaren alferrikakoa ere azpimarratu zuela, giza hilketen zoritxarra eta etenezina, eta hilketa horien aurreko gizartearen ezaxola, hala ere irakurleek ez zieten jaramonik egin ñabardura horiei. Irakurle arruntak ETAren laudorio garbitzat hartu zuen “Ehun metro”, poliziak krudelki akabaturiko militante zintzoaren gorespen hunkigarritzat, eta era berean irakurtzen dute gaur egungo gazteek irakasleak aurretik testuinguru eta historia osoa azaldu ezean.
INTELEKTUALA
Hori bai, nola “Exkixu”n hala “Bizia lo”n, eta baita Saizarbitoriarenean ere, eta oro har gatazkaren inguruko euskal literatura guztian, pertsonaiarik gorrotatuena, torturatzailea bera baino gehiago, intelektuala da, alegia, borroka armatuaren aldeko idatzi eta mintzaldi xaxatzaileen bidez gazteak zizpoleta hartzera bultzatzen dituena, eta espetxera, eta hiltzera, haiek bizimodu erosoan dabiltzan bitartean, benetan busti eta engaiatu gabe: “Zeru horiek”en ere nabarmena da mutil-lagun ohiaren aurkako Ireneren herra. Jokin Muñozen hitzetan: “Intelektualak okerrenak dituk. Asko eta asko beraiek konbentzituta sartu ziren mobidan, eta kartzelan geratu ere bai urte askotarako. Beraiek hor daude, ordea, zinegotzi, irakasle, tertuliano...” (“Bizia lo”, 108)