Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Benedikto rides again

Benedikto rides again

Markos Zapiain 2011/10/31 12:09

 

Buru osasunari begira hobe da izan dena eta badena kontuan hartzea eta ez izan zitekeena, baina ez al zenuten sumatu Aieteko Konferentzian, Kofi Annanen aldamenean, Benediktoren eta Dalai Lamaren falta? Benedikto han izan balitz, PPko sektore uzkurrenek begirune handiagoz hartuko zuketen Aieteko Adierazpena.

 

Faltak falta, salbazioari eta egiari hurbiltzeko moduak bereizten ditu, besteak beste, Aita Saindua eta Dalai Lama. Behin batean, Dalai Lamak Europako hiriburu batean konferentzia bat eman zuen. Ondoren, frantses bat inguratu eta jakinarazi zion budista bilakatu nahi zuela, Dalai Lamaren erlijioa bere egin. Eta budisten gidariak erantzun: “Zertarako? Frantzian baduzu kristautasuna, eta ongi da”. Erantzun hori pentsaezina da katolikoen buruzagiaren ahotan. Txillardegik eta Lévi-Straussek horregatik izango dute beharbada zibilizatuagotzat budismoa kristautasuna baino.

2008ko Gabonetan, Aita Sainduak homilia egin zuen erromatar kuriarentzat, ohi bezala, eta “gender studies” edo genero ikasketen aurka jo zuen. “Desira desordenatuak” da genero ikasketek gurean eman duten libururik interesgarriena. Genero ikasketetan, oro har, zalantzan ipintzen da giza sexuaren naturaltasuna; aldiz, sorkari sozialtzat hartzen da maiz. Benediktorentzat genero ikasketei darien ikuspuntu hori Jainkoaren aurkako harrokeria da, nork bere burua Jainkoaren gainetik jarri nahi izatea, Bibliak gizakia berez gizon edo emakume dela baitio. Bekatu litzateke berezkotasun natural hori erlatibizatzea eta konplikatzea, nork bere sexua artistikoki asmatzea. Benediktoren arrazoibidea, hitzez hitz: “Elizak dio giza natura gizon edo emakume gisa ageri dela, eta exijitzen du ordena natural hori begirunez har dadin… Sarritan 'gender' terminoaren bidez adierazia eta ulertua dena da gizakiaren autoemantzipazioa, kreazioaren eta Kreatzailearen aurrez aurre. Gizakiak berak bakarrik nahi du bere burua eraiki, eta berari dagokion edozeri buruz berak bakarrik erabaki. Ordea, modu horretan, egiaren aurka bizi da, Espiritu kreatzailearen aurka.”

Euskal Telebistak daukan dirutza erabili beharko luke ika-mika horren tankerakoak argitzeko ahaleginetan, buruz buruko eztabaida bat emitituz adibidez Benediktoren eta Josebe Iturriotzen artean.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.