Sokrates, maitasuna bezain bitartekari
Hainbat topiko dabil Platonek maitasunari buruz pentsatutakoaz. Ordea, “Sinposioa” irakurrita (Jesus Mari Arrojeriak euskaratu digu eta Jakinkizunak bilduman argitaratu da), Platonek maitasunari buruzko bere pentsamendua ongien adierazi zuen elkarrizketa, agerian geratzen da sakonagoa eta benetakoagoa dela topiko haiek adierazten dutena baino, edo antiplatonikoek hedatzen duten estereotipoa baino. “Maitasun platonikoa” esaten denean, ulertzen dugu maitaleek ez dutela elkar ukitzen, maitasun urrun edo ezinezkoa. Gainera, antiplatonikoak, besteak beste Michel Onfrayk, Platonen irudi idealista kontenplalaria zabaltzen ari dira. "Le souci des plaisirs"en Onfrayk "Sinposioa"n Aristofanesek dioena Platoni berari egozten dio. Platonen ideiak haatik Sokratesek adierazitakoak dira, ez Aristofanesek.
Bestalde, ezaguna da Diotimaren mintzaldiaren arabera maitasunak maitalea gorputz ederretatik arima ederretara igotzen duela, gero arima ederretatik ohitura, lege ea jakintza ederretara, eta azkenik maitasunak maitalearen arimari gure munduko gauza, sentimendu, ekintza eta gogoeta eder guztien jatorri den Edertasunaren ideiara jauzi eginaraziko diola. Antiplatonikoen esanetan, Platon hor geldituko litzateke, kontenplalari aratz, edertasunaren ideiaren ondoan, edertasuna argi eta garbi kontenplatuz.
Baina “Sinposioa”n Platonek sormena nabarmentzen du maitasunean, ernalketa, kumea. Gizakiak hilkorrak gara, eta hilkorrak iraun egin nahi du; iraungo badu, sortu egin beharko, ugaldu: eta hain zuzen maitasuna edertasunean sortzea da, bai gorputzaren eta bai arimaren bidez, alegia, umeak zein hitzaldiak ekoiztea. Egia da maitasunak gorabide batean gorputzetik arimara eta arimatik edertasunaren ideiara gidatuko gaituela, gero eta espiritualago; hala ere, Platonek ez dio gorputzen elkarketaren ondoriozko umegintzari uko egiten; hain gutxi ekoizpenari oro har, ekintza kreatzaileari.
Gaur egun, desira bi modutan ikusten dugu: edo eskasia gisa, falta gisa, Freudek, Lacanek eta Zizekek bezala; edo bestela poztasun gisa, lorategi zoragarri gisa, bere horretan oso eta betea: Spinozak, Nietzschek eta Deleuzek ikusten dute horrela. Lehenbiziko ikuspuntuaren hasiera Platonen “Sinposioa”n dago, Sokratesen eta Diotimaren hitzetan, maitasunaren laudoriozko seigarren hitzaldian, Platonen jarrerarekin bat datorrena. Maitasuna edertasunaren bila dabil hain zuzen ments duelako. Edertasuna falta bazaio, ez da eder; ezin baituzu desiratu ez duzuna baizik. Hori azpimarratu dute Freudek, Lacanek eta Zizekek; oroitu adibidez Lacanen ateraldi jeniala: maiteminduak ez duen zerbait eskaintzen dio maiteari, eta maiteak zinez ez du eskaintza hura nahi. Maitalea erreala ez den irudi bat antzezten ahalegintzen da maitearen onarpenaren bila, eta maitearen barne-muinek itxurakeria sumatzen dute. Suizidioaren antzekoa litzateke maitasuna. "Sinposioa", aitzitik, aurrerago doa, osoagoa da. Platonek maitasunaren ama Eskasia dela badio ere, ezin uka azpimarratzen duela Baliabide duela aita. Freudek eta Lacanek desiraren Eskasia ezaugarria nabarmendu zuten, Baliabideren kaltetan. Ez ziren aitaz fio, faltsukerian ei dabil beti aita. Platon orekatuagoa da. Itzuliko gara aurrerago.
“Sinposioa”k badu hari narratibo bat: Agaton poeta tragiko gazteak literatur sari bat irabazi duela ospatzeko afari, oturuntza edo sinposio bat antolatzen dute Agatonen beraren etxean. Giroak Euskal Herriko txoko ugari oroitaraziko dizu, emakumeek parte hartzerik ez dutelako eta ardoa edaten duten grinagatik (Sokrates izango da erruz edan arren afalosteko gaupasan mozkortu edo lokartuko ez den bakarra).
Agatonen gonbidatuek eta Agatonek berak ordu arte laudoriorik jaso gabeko jainkoa, Eros, amodioa, goraipatuko dute, txandaka. Sokrates baino lehen Fedro literatoa, Pausanias legelaria, Eriximako sendagilea, Aristofanes poeta komikoa eta Agaton poeta tragikoa mintzatuko dira, hurrenez hurren, bakoitzak bere jakintza edo sormen-arloaren arabera goralduz amodioa. Fedroren eta Agatonen kasuan, Platonek sofisten diskurtso aipamen literarioz zipriztinduak parodiatuko ditu. Platonek aldiro gutxietsiko du mintzaldi apain liluragarriak sortzeko ohitura. Ironiaz, hori bai, bera halakoak asmatzeko ezgai delakoan. Edo amorruz apika, idazle liluragarria izaki uko egin behar izan baitio joera horri konbentzimendu filosofiko baten erruz: idazki eta mintzaldi seduzitzailearen gainetik behar da aldeztu egiaren bila dabilen elkarrizketa soil biluzia. Platonentzat, egia zintzoro bilatzen duen hitzak zirrara sakonagoa eragiten du zirraragarri izan nahi lukeen hitzaldi literario edo politikoak baino, egiara gehiago hurbiltzeaz gain.
Eriximako medikuak "medikuntza, labur esanda, bete eta husteko gorputzaren joeren jakintza" dela dio; euskal usadio zaharrak ere gorputzeko korapiloak lotzen eta askatzen jakiteari lotu dio osasun ederra, erritmo egokiaren arabera txandakatzeari betetzeak eta husteak. Eritasuna, barrualdean korapiloren bat nozitzea da; behin korapiloa askatuta, ondo libratuko dugu berriro, eta osasuna berreskuratuko dugu.
Gure gorputzetan kontrakotasun ugari dago: beroa eta hotza, gozoa eta mikatza, hezea eta lehorra... eri garelarik, gatazka dabil kontrako horien artean, gorroto diote elkarri. Baina badugu kontrako horien arteko oreka sortzea: maiteminduta gaudenean, adibidez, harmonia eder bat jabetzen da gure organo guztiez eta gorputzak bere osotasunean distira egiten du. Bete, hustu, lotu, askatu: lauburu horrekin ondo konponduko bagina, gatazka gutxiago genuke, eta gogaikarri bakar bat ere ez.
Platonek “Sinposioa”n Eros goraipatzeko darabiltzan hitzaldien hurrenkerak mailakatze bat adierazten du; gero eta bikainagoak dira diskurtsook. Eta, Platonek “Politeia”n poetak hiri idealetik egotziko dituen ber, “Sinposioa”n hurrenkeraren bidez adieraziko du gehiago dela Filosofia Poesia baino, Sokrates filosofoaren hitzaldia Aristofanesenaren eta Agatonenaren ostean kokaturik.
Atalen kokatze estrategiko horrek, egitura horrek, badu zerikusirik “Sinposioa”k irakurlearengan eragiten duen hunkimendu estetiko itzelarekin, Mendebaldeko kultura bideratu baitu maitasuna maitatzera eta Sokrates maitatzera. Badu zerikusirik, halaber, hain bizi eta koloretsu pintatu izanak Sokratesen garaiko Atenaseko lagunarte hura, girotxo hura.
Hirugarren motibo hunkigarria: zein esker onez irakurriko zuten homosexualek “Sinposioa”, kristauak nagusi izan diren mende ilun luzeetan! Egia da Fedroren eta Pausaniasen laudorioen arabera maitaleak oroz lehen maitearen dohain espiritualen garapen betea bilatu behar duela, maitasunak nolabait pedagogikoa behar duela, baina hala ere kontsolamendu ederra eskainiko zien homosexualei egiaztatzeak ezen jendea inoiz gizonen arteko edo emakumeen arteko maitasun fisikoaz ere “Sinposioa”k darabilen mintzamolde patxadatsuaz aritu izan dela; ez zituztela homosexualak bizirik erretzen, bederen, kristau sasoi luzeetan bezala.
Laugarrena: Platonek ez du inoiz hitzez hitz adierazten, baina “Sinposioa” irakurrita maitasuna Sokrates dela jasoko duzu ia ohartzeke, eta Sokrates maitasuna.
Ez bakarrik hasieran bertan Sokratesek garbi uzten duelako bera ez dela aditua maitasun kontuetan baino. Gainera, Diotimak azpimarratuko du maitasuna ez dela ez Jainko ez hilkor, ez eder ez itsusi, baizik bitartekari bat. Ulergarria, zeren, gorago esan bezala, Baliabide eta Eskasia izan baitzituen guraso, biak. Inor ez dabil baduenaren bila: maitasunak ederra bilatzen du, ez baita eder. Baina aldi berean maitasunak Baliabiderengandik jasoriko trebezia du, eta eskuzabaltasuna, maitaleak bere buruaren gainetik jartzen baitu maitea, zilborkeria ahantzirik. Eta, Freuden eta Lacanen despit, emankortasun hori zintzoa izan liteke zenbaitetan, amodioa ez da soilik toleskeria eta suizidio, alde hori ere barnebiltzen duen arren, bitartekaria baita.
Era berean, Sokrates filosofoa ez da ezjakina, ustez jakin bai baina benetan ez dakiena baita ezjakina. Filosofoak badaki ez dakiela. Ordea, Sokrates jakintsu ere ez da, ez da “sofós”, ez baita egiaren jabe, baizik eta jakinduriaren maitale, egiaren zale eta bilatzaile. Sokratesek maitasunak bultzaturik bilatzen du jakinduria, eta irakurleok maitasunaren bitartekaritzaz abiatzen gara Sokratesengana, “Sinposioa”ren bitartez ohartu baikara jakinduria bilatzeko orduan bitartekaririk egokiena Sokrates dela, alegia, bere baitan besteak beste pedagogoa, saindua eta pailazoa biltzen dituen mago gogoetalaria. Dakien gauza bakarra ezer ez dakiela dioenak hutsa erakusten du, eta hobe da arbaso abiarazletzat hartzea hutsunera bideratuko zaituena, ezen ez doktrina positiboren baten profeta; tradizio filosofikoa beste zenbait tradizio baino indartsuagoa baldin bada, oinarri arrakalatu hari zor dio.