Agur gordin bat
Heriotza izan da Txillardegiren kezka nagusietako bat, idazten hasi zenez geroztik Horretaz
azken liburua arte. Biziki hunkitu zuen, gaztetan, Marilyn Monroeren
suizidioak; baita, txikitan, asto baten heriotzak ere, Igeldoko Muitza
baserrikoa. Aitak kontatu zion eta sekula ez zitzaion ahaztuko.
Muitzatik itsasorantz labar labain more-beltz bat dago, harkaitzezko
txirrista bat. Baserrian bazuten asto bat; zahartu eta itsutu egin zen.
Ez zekiten nola akabatu. Azkenik, begiak zapi batez estali eta labar
hartatik behera amildu zuten.
Hainbat arlotan egiazta daiteke
Txillardegiren aitzindaritza. Narratibara mugatzearren: Eli
Laztangurenek jakinarazi digu gaur egungo genetistak liluraturik dituela
Txillardegik 1957an Orangutanen ugartea ipuinean iradoki zuen
aukera batek: milioika urtez, gizakiak eta ziminoak elkarrekin
nahasturik jo zuten larrua, eta nahasketa horren ondorio ginateke edo
txinpantzeak edo bestela gu gizakiok; euskal eleberri modernoa abiarazi
zuen (Leturia eta Peru arazoz betetako protagonista aldakor eta
gogoetalariak dira); emakumea zen Elsa Scheelen, eta gainera suizida; Haizeaz bestaldetik eko esperimentu sinboliko poetiko ausart haiek…
Txillardegik
baino lehen inork ez dio lotu Euskal Herriaren aldeko borroka
animalienganako maitasunari. Gizakiaren animaliatasun nabarmenak
durduzaz eta dardaraz jarri izan ditu sistema filosofiko klasikoak,
Jainkoaren antzirudiko ikusarazi nahi izan baitute kosta ahala kosta
humanoa, izpiritu aratz. Txillardegirentzat, mendebaldeko pentsamendu
nagusian animaliak betetzen duen baztertokia bat dator indarrean dauden
egitura politikoetan estaturik gabeko herri txikiek betetzen
dutenarekin: «arazo» dira, «konpondu beharrekoa», edo bestela zuzenean
desagerrarazi beharrekoa, ziminoaren ispilu kezkagarria bezalaxe.
Txillardegi, ostera, baztertokiko ispilua argitzen eta duintzen
ahalegindu da, bihotzak bultzatuta.
Aitzindari izan dugu,
halaber, heriotzari aurre egiteko erari dagokionez. Txillardegik bat
egin du Spinozarekin eta Einsteinekin Jainko pertsonal epaile
transzendentea ukatzeko orduan. Izatekotan, Jainkoa Natura bera
litzateke, dagoen guztia.
Guk etxeak eta tunelak helburu batekin
egiten ditugunez, suposatu izan dugu Unibertsoak ere baduela Egile bat
eta helbururen batekin egingo zuela Bere Obra. Txillardegiren ustez,
giza proiekzio hutsa duzu xedetasun hori, Unibertsoa ez baitoa inora.
Honelaxe formulatu du auzia Horretaz bere azken liburuko azken
galderan: «Hegalak dituztelako egiten dute hegan txoriek? Ala hegan
egiten dutelako dituzte hegalak?». Dudarik ez Txillardegirentzat:
hegalak dituztelako egiten dute hegan.
Unibertsoak ez du
berezko zentzurik, gure bizitzak eta heriotzak ez duten bezala.
Txillardegik garbi ukatu du Adimen Onberaren batek dagoena taxutu
duelako ustea, gizakia xede. «Antropokeria» hitza asmatu zuen jarrera
horri kontra egiteko. Antropokeria gai da Jainkoaren trebetasun zintzoa
goraipatzeko, gizakiok sudurdun sortu izanagatik, gainean betaurrekoak
kokatu ahal ditzagun. Txillardegiren esanetan, «txiripa hutsez heldu
gara geure honetara». Unibertsoa ez zen gizakiarentzat egin.
Horrela,
Txillardegi heriotzaren oinazea bere gordinean adierazten ahalegindu da
eleberrietan zein saiakeretan, gizakiok geure buruari asmatzen
dizkiogun kontsolagarriak erantzirik. Hauxe da, beraz, unerik
desegokiena Txillardegiri traizio eginik heriotzaren ikaragarria
baretzen ahalegintzeko.