Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Otsoen gizona

mzap 2006/12/28 16:42

Otsoa joan den mendeko ametsik esanguratsuenetako baten funtsa da.

Sergei Pankejeff amesgileari “otsoen gizona” deitzen zaio. Berak ere telefonoa hartzen zuelarik, “otsoen gizona naiz, bai, esan” agurtzen zuen. Eta bere autobiografiari “Otsoen gizonaren oroitzapenak” izenburua jarri zion.

Ametsa: "nire ohean nengoen, gauez. Parez pare nuen leihoa, errealitatean bezala. Supituki leihoa ireki egin zen, itxuraz berez, eta zeharo izutu nintzen: lorategiko intxaurrondo handiko abarretan sei-zazpi otso zuri zeuden eserita. Zuriak ziren eta otsoarena baino antz handiagoa zuten azeriarena edo artzain zakurrarena, azeriaren buztan handia baitzuten eta belarri tenteak. Erabat larriturik, beldurturik otsoek jango nindutelakoan, oihukatu eta esnatu nintzen."

Ametsaren interpretazioaren arabera, Sergei hamazortzi hilabeteko umea zelarik sehaskan zetzan uda arratsalde bero batean, siesta orduan. Esnatu eta gurasoak larrutan ikusi zituen, aita belauniko eta ama lau hankatan.

Otsoen zuritasuna gurasoen jantzien oihalari dagokio, belarri tenteak eta otsoen buztan larderiatsua erran gabe doa.

Otsoen ametsak Freud ideia baten arrastoan jarri zuen, gerora eztabaidaezintzat joko zuena: txikitan guztiok ikusi ditugu gurasoak txortan, edo paretan zehar entzun bederen eta irudikatu…

Otsoen gizonaren gisara, inork ez dugu unean bertan jakin zer gertatzen ari zen. Freudek uste du gurasoen gorputzen jarrerak eta egiten dituzten hotsak kontuan hartuta umeak ia beti aitak ama hil nahi duela ondorioztatzen duela. Ezin hori ordea bere horretan onartu, gogorregi zaio, pairagaitz, arima arrakalatuko ote dion, eta bere burua babestearren gurasoen irudi hori inkontzientera bidaliko du.

Inkontzientea antzeko irudi, sentimendu eta gertaera jasangaitzez beterik omen dugu, atezuan beti, kontzientera jauzi egin ahal izateko edozein aukeraren zain.

Eta ametsa da Freuden ustez gurasoak otso bilakatzen zaizkigun eremua.

Oporretan bereizi

mzap 2006/12/27 21:32

Maite Artolaren uda bezperako kezkaz oroitzen naiz Mezularian: “bikote horiek jatetxeetan, ene bada, elkarri esateko ezer ez dutela, isil-isilik.”

Bistan da bikotekideei ez zaiela elkarrekin egotea komeni. Beharrezko baldintza dute, irautekotan, ahal bezain luzaro berex ibiltzea. Harremana soilik txatera eta mugikorrera mugatuz gero, bakoitza bere etxean, kontaktu barik, "amodioaren zipriztinek margolariago frexkatzen dituzte maitaleen fereka birtualak", poetak esan bezala.

Tradizio zaizkigu honezkero udako oporren aurretik eta ostean psikologo pilo baten aholkuak eta soluzioak hedabideetan, zergatik ote horrenbeste bereizte opor sasoian edo geroxeago.

Arrazoietako bat omen da lanak dakarren tentsioa jaistean errazkiago irteten zaigula alde iluna, itzala, deabrua, eta hurbilen dugunaren aurka jaurtitzen dugula.

Bikote askok dena den iskanbila eta borroka beharrezkoago dute etxea eta hazkurria baino. Onuragarri zaie kalapita. Bikote liskarra ez baita berez txarra, baizik zeruko ekaitza bezain ezinbesteko. Hori bai, liskarraren ibilbide osoari eusten jakin behar. Izan ere, Lizardirena eguneratuz, “liskar ondoko eguzki, asperraren barre, olerkariak..." eta abar.

Gogoratzekoa da hala ere liskarraren ibilbidea baketze pozak beharrean hilketak burutzen duela gero eta maizago.

Iñaki de Juana

mzap 2006/12/22 13:23

Espainiar Estatuaren aiurria ondo erakusten du Iñaki de Juanarekin darabilen jokabideak; alde batetik, bizirik hil nahi du. Notable sozialista gogorrenek, Bonok, Rodriguez Ibarrak, PPkoek zer esanik ez, bizitza osorako espetxeratu nahi dute, legearen gainetik mendekua ezarri, begia begi truk. Hil egin nahi dute.

(Bide batez esateko, jendaurrean egin dute hilketaren apologia. Iritzi horiek bortitzagoak eta legez kanpokoagoak dira inolaz ere de Juanaren bi artikuluetakoak baino; hala ere, inork ez die diligentziarik ireki edo konturik eskatu.)

Baina bestetik Estatuak de Juana bizirik behar du. Hiritar gisa hilik, gizaki gisa hilik, espetxean ustelduz... baina biologikoki bizirik dagoela esan ahal izateko moduan.

Dena den, de Juanaren bizi haria atxiki nahi badute ez da legearenganako begirunez edo pertsonarenganako errukiz, erruki inpertsonala bederen. Ezta Gobernuak halako bidegabekeria hiltzailea bultzatu izana etikoki edo politikoki itsusi zaielako.

De Juanaren bizi hari hauskorra atxiki nahi badute, batez ere hedabideek egiarekin bat letorkeen albiste hau eman ahal izan ez dezaten da:

"Espainian mendekua legearen gainetik dago. Hedabideek joera eta iritzi nagusien arabera dihardute. Horrenbestez, hedabideek mendekua legearen gainetik jarri dute. Hedabide indartsu askok mendekua xaxatzen dute. Era berean, agintarientzat hedabideen presioa legearen gainetik dago. Ondorioz, Gobernuak, kondena beterik zuen euskal preso baten aurkako ‘froga’ zenbait ‘asmatu’ eta ‘eraiki’ ditu, Lopez Aguilar Justizia Ministroak harro aldarrikatu duenez, eta azkenik hamabi urteko kartzelaldia ezarri dio iritzi artikulu bi zigortzeko. Preso euskaldunak, behin eta berriro egiaztatu ondoren Espainian Zuzenbide Estatua ez dabilela, gose greba bati ekitea beste irtenbiderik ez du aurkitu eta ondorioz hil egin da."

Baina zergatik ez ote dute nahi espainiar politikaririk delikatuenek horrelako albiste bat? Edozein gizakiri zor omen zaion begirune inpertsonalarengatik? Lotsatzen ote ditu iritzi batek heriotza ekar lezakeen herri bateko buruzagi izateak?

Ez. Ez dute nahi albiste hori ez datorkielako ondo oraingo une politiko-mediatiko honetan. Espainiar politikaririk finenak unean uneko interes politikoaren arabera erabiltzen ari baitira de Juanaren bizia eta heriotza.

Espainian legearen gainetik dago mendekua eta biziaren eta heriotzaren gainetik komenigarritasun politikoa, hau da, albistea. Eta norabide bateko edo besteko albisteen azken helburua aginteaz jabetzea da. Hots, legea albistearen arabera erabiltzen da eta albistea hauteskundeen eta beraz boterea eskuratzeko aukeren arabera.

Azken baieztapen horiek ez dira espantigarri. Demokrazia batean alderdiek batik bat agintea eskuratzea dute helburu, alderdien zeregina ordezkatzen dituzten hiritarren asmo politikoak gauzatzen ahalegintzea baita, eta hau errazkiago lor daiteke agintari izanik oposiziotik edo karrika gorritik baino.

Baina bada espantigarri garbi sumatzea de Juanaren biziari eusteko interes politiko-mediatikoa amaitu orduko espainiar agintariak prest leudekeela gizaki bat ezaxola zurrun ezagun batez akabatzeko botere zati goibelen baten amoreagatik.

PP eta prozesua

mzap 2006/12/21 13:01

On litzateke PPk prozesuarekin bat egitea. Nekez egingo du ordea, bake prozesu ez ezik demokratizatze prozesu ere bai baita.

Edonola ere, PPren aurkakotasuna ez da zinezko oztopo. PPren ezaugarri nabarmenetako bat da indarrean dagoena zabaltzeko edozein ahaleginen aurka bortizki jardun eta oihukatzea. Baina gero, behin berrikuntza lege bihurtu eta finkaturikoan, beste inork baino sutsuago aldeztuko du.

Mudantza historikoen eraginez gehiengoak erabakitzen badu behiala PPren aurka onarturikoa aldatu edo behintzat moldatu behar dela, orduan PP berriro altxatuko da lehen inolaz ere nahi ez zuena bere horretan uztearen alde: Espainiako Konstituzioa, Estatutua, Ikurrina, Dibortzioa, Abortua, Homosexualen arteko ezkontza... PSOEk hori badaki.

Baina PPren eta PSOEren arteko lankidetza aspaldion hauxe da: PPk PSOEri diotso, neuk gura dudana egin behar dugu, bestela ezer ez.

Askatuko ahal da biharko bileran Zapatero PPren poxelu astunetik.

Udalbiltzaren birtualtasuna

mzap 2006/12/14 10:42

Hala ere, ispiluen labirintotik irteten ahalegindu beharko. Kojèven bideari jarraituz, Fisikak dioena kontuan hartuko dugu. Baina Kojève hil zenez geroztik Fisikak aurrera egin du ispiluaren funtsa ulertzeko orduan.

Batetik, Kojèveren iradokizuna, ispiluan ikusten dena espazioaren laugarren dimentsioari ote dagokion, egungo Fisikak ez du onartzen.

Fran Etxarte irakasleak dioenez, ispiluko irudia ez baita enpirikoa, irudi zinematografikoa ez bezala. Argazkiaren irudia, zinemaren irudia, “errealak” lirateke Fisikaren berbetan, “enpirikoak” mintzamolde filosofikoan.

Alta, hain dute bestelako ispiluko irudia, berau ez bezalakoak diren heinean Fisikak multzo berean sarrarazten baititu argazkia, zinema eta ohiko hautematea.

Argazkiarena, zinemarena eta ohiko hautematearena irudi “errealak” dira; ispilukoa, berriz, “birtuala”.

Alegia, ez dago ikuslearen garunetan baizik.

Ikusleak proiektaturikoa baita ispiluko isla.

Zentzu honetan, giza begiak kamera baten antz handiagoa du ispilu batena baino, Kojèvek begia ispiluarekin identifikatzen zuen arren.

Hara filosofia berri baten oinarri posiblea: begia ez da ispilua, kamera baino. Eta ispiluko isla birtuala da, ez erreala.

Gaur egun, politika birtuala herri txikien biziratuea bilatzen duena da, Estatuak zeharkatuz: Udalbiltzaren politika. Estatuak elkartuz Inperioak sortzen dituen Kojèveren politika ispiluak hautsi du; aldiz, behetik abiaturik ugaritasun aldakor bati eutsi nahi dion erakundegintza transbertsala da Europan birtualtasunik handiena duena.

Estatua ukatzen zaien herrientzako irtenbide bat, zeinek bere Udalbiltza garatu, ondoren Europako Udalbiltza bat antolatu eta azkenik mundu mailako Udalbiltza demokratiko ganorazko bat mamitzea litzateke. Txanda pasa, orain arteko Estatuak eta Inperioak. Kojèvek eskatu berdintasun ekonomikoaren alde gehiago egin dezake Udalbiltzak edozein Inperiok baino. Hauek ez dute gauza handirako balio izan, ez dute funtsezko arazorik konpondu, aztertu bestela datuak. Udalbiltza izan liteke itxaropen bide bat. Ispilu nartzisoa gainditurik, ongi etorri kamera birtualari eta ekarriko dituen egia berriei, Kojèveren handitasuna eta Alessandriren loreak uztartuko dituztenak.

Ispiluaren atzealdea

mzap 2006/12/13 09:18

Ispiluen enigmak larriak dira filosofian, zeren, azken batean, Kojèvek azpimarratzen duenez, “teoria” ikuspen bat baino ez da, etimologiaren arabera, eta begia azken batean ispilu bat baino ez, ikusten duena berragerrarazten baitu.

Halaber, Kojève larritu egiten du ezker eskuin eta eskuin ezker aldaketaren iluntasunak.

Gainera, islaturiko irudia ispiluaren atzealdean ikusten dugu, berton ezer ez egon arren, edo, zehazkiago esanda, ispiluari begira ikusten dugun irudia ez den zerbait. Fisikak hiru dimentsio onartzen baditu espazioan eta denbora bada laugarren dimentsioa, orduan, Kojèveren itauna, zer ote da ispiluaren atzealdean ikusten den hori? Espazioaren laugarren dimentsioa izan liteke? Edo espazio-denboraren bosgarrena apika?

Isla argitsua erreala da, ezbairik gabe, eta objektiboa. Baina ba ote irudi islaturik, baldin eta ikus dezakeen begirik ez balitz, edo inolako begirik ez balitz? Alabaina, Kojèverentzat ikusten duen begia ere, nolabait, ispilu bat da...

Beraz, ispilu artean galdurik dabil oraingoz gauza guztien funtsari buruzko egia osoaren aukera, Kojèveren pentsaeraren gure ulertzea bezala.

Ezkerra eskuin, eskuina ezker

mzap 2006/12/12 10:13

Izan dadin ispilua laua zein ez, isla dezan zati bat xurgatuz zein osotasuna itzuliz, berarentzat ezer gorde barik, isla ezinbestean izango da berregiten duen gauza ez bezalakoa, gauzaren eskuina irudiaren ezkerra izango baita, eta islaren eskuinak gauzaren ezkerra berragerraraziko baitu. Gainera, Platonen mitoetan ezkerra okerra edo gaizkia da, eta eskuina zuzena eta ongia. Hortaz, esan genezake islek gauza okertu eta alderantzikatu egiten dutela, ona txar bilakaraziz eta gaizkia ongi gisa irudikatuz.

Hau Platonek berak dio (alderantziz, noski, geure gauza Platonen ideia baita, eta geure isla Platonen gauza; desberdintasun horrek ez du hala ere arrazoibidearen egitura ukitzen), eta gustura errepikatzen du, berton aurkitu uste baitu gauzaren eta ideiaren arteko diferentzia esentziala, are gauza ideiari erabat egokituko litzaiokeen kasuetan ere.

Ordea, baldin eta aurreneko isla bigarren ispiluan islatzen bada, berriro alderantzikatuko da, halako eran non gauzaren bigarren erreprodukzioan ezkerra eta eskuina jatorrizko gauzan bertan zirena izango baitira -eta zuzena berriro oker bihurtuko da hirugarren islan, eta era berean etengabe.

Ez ote da harrigarria? Erreprodukzioen inbertsio txandakatzeek gauzari bere bakuntasuna kentzen diote. Zeren, esan bezala, islaren okerra ez da soilik gauzaren zuzena; halaber, isla okerra bera, ispiluan aurrenekoz bigarren irudi gisa islatzen delarik, berriro ageri da zuzen eta perfektu.

Bestalde, ispilu biren zati bi erabat paraleloak balira, eta gauza ispiluak bezain handia, edo handiagoa, eta bigarren ispilua lehenbizikoa baino geroago jarriko bagenu, orduan lehenbiziko ispiluko gauzaren isla ez litzateke berregingo bigarren ispiluan, zeren isla gauzan proiektatuko bailitzateke, gauza zeharkatu barik, noski, eta bigarren ispiluko gauzaren isla ere ez litzateke lehenbiziko ispiluan berregingo. Kasu berezi eta aparteko honetan, ez leudeke gauza berregingo luketen isla bi baino, bi ispilu izan arren, eta islak gauza ez bezalakoak lirateke esentzialki, ezkerra eta eskuina bertan okerturik eta alderantzikaturik leudekeela, txandakatzerik gabe.

Halatan, esan beharko litzateke islak edo iritziak ez duela gauza, gertakizuna edo gogoeta galbideratzen ez bada hauen erreprodukzio erabat perfektua den heinean. Eta horrelako bitxikeriarik ez diezu entzungo ez egungo hedabideen etsaiei ezta Platoni ere; izan ere, ezin onartuko luke honek zenbat perfektuagoa izan edertasunaren isla munduan, hainbat lasterrago eramango gintuzkeela dandarrez putzura. Platonen dotrinaren heresia zenuke hori.

Nolanahi ere, baliteke Platonek ideien eta gauzen arteko harremanez dioena adieraztekotan, edo gauza eta gertakizuna zuzenean esperimentatu eta gogoeta beraiek egin nahi dutenen ikuspuntua adieraztekotan, alegia, bileretako iritzien eta hedabideetako solasen aurkakoen ikuspuntua, baliteke, gorago aipatu ohiko ispilu bikote lauaren adibidea baino egokiagoa izatea makurtu eta ximurturiko ispilu birena, gauza bakar eta bera mugagabe ugalduz eta desitxuratuz.

Gogoeta eta iritzia

mzap 2006/12/11 12:33

Bileretan eta eztabaidetan adierazten diren iritzien eta hedabideetan erakusten diren irudi distiratsuen berri ematearren, ispilu paralelo bi irudikatuko ditugu berriro, baina apur bat amorfoak. Bakarra izango da erreproduzituriko gauza edo gogoeta; aldiz, gauza berragerraraziko duten iritziak zein irudiak, gure munduko oiloak legetxe, kopuru zehaztugabekoak izango dira, baina ez azkengabeak. Gauzaren edo gogoetaren bikoizketaren eta erdibitzearen bitartez lorturiko iritzion zein irudion biderketa egitez inoiz ez da azkengabea izatera iritsiko, ezta argiak edo adimenak gauza erreproduzitzeko denborarik beharko ez balu ere.

Edonola ere, gauzatik, gertakizunetik nahiz gogoetatik urrutiratu ahala, iritziek eta irudiek gero eta antz eta hurbiltasun handiagoa dute beren artean, gero eta ilun eta lanbrotsuagoak bilakatzen dira, harik eta azkenik goitik beherainoko anabasan nahasten diren arte, gauzak eta gertakizunak zuzenean bizi eta pentsatu beharrean bileretan haietaz esaten dena eta hedabideetan erakusten dena askiesten dugunon garunak bezala. Asko sufritzen dugu egunkarien, albistegien eta tertulien bulimikook.

Ezereza ikusi. Big Crunch

mzap 2006/12/10 10:40

Har ditzagun orain ispilu bi, eta bereiz ditzagun, baina ez paraleloki. Koka dezagun ondoren bien artean, argiz beteriko tartean, bakarra eta trinkoa den zerbait. Hiru gauza ikusiko ditugu: gauza bakarra eta isla bi, zerbait hura bikoizten dutenak bere horretan erreproduzituz, hots, gauza eta isla bana ispilu bakoitzean. Ez dio axola, bestalde, hiru gauzak ikustean, egitez gauza bera hiru bider ikusteak. Zeren ikusten dena bederen diferentea baita: bereiz baititzakegu bakarra eta bata den gauzaren eta bere berragerpenen artean, bakoitza bere aldetik bakarra, baina elkarrekin bi egiten dutenak. Isla den heinean ez bata ez bestea ezin bereiz badaiteke ere bestetik, biak (bi diren neurrian), eta hortaz bakoitza (bietako bat den heinean), islatzen duen gauzatik beretik bereizten dela baiezta dezakegu (bi izateke bat den zerbait baita gauza). Horrenbestez, hiru gauzak mintzoz bereiz ditzakegu, bat baino ez den bata “gauza” izendatuz, eta bi den besteari, alegia, beste bietako bakoitzari, “isla” deituz.

Baina baldin ispilu bakarra nolabait bi bada (bikoiztuz baitabil), ispilua funtsean baldin bada bata eta bakarra den argia ez bezalakoa, orain, bataren eta biaren arteko edota argiaren eta ispiluaren arteko lankidetzaz gogoeta egitearren para ditzagun aurrez aurre paraleloki ispilu bi, eta heda dezagun argi monokromatiko barreiatu bat bien artean, besterik sartu gabe. Eta zuzenean eta berehala ikusiko dugu (ez dakigu oso ondo nola eta nondik) bitasun azkengabea, geuri aurkeztuko baitzaigu (argiari esker) deusez infinitu gisa; infinitu eta amaigabea, bai, baina gainera, eta oroz gain, hutsa. Zalantza barik, baldin eta ispilu biak lauak eta perfektuak badira, eta perfektuki paraleloak, ez dugu deus ere ikusiko ez batean ez bestean. Baina ezerez hori bera ikusi ahalko dugu, bere buruaz bestelakoa den heinean, argi homogeneo hedatu eta iraunkor gisa.

Soilik ispilu biak hurbilduz, behin elkar ukiarazirikoan, ez dugu dagoeneko ezer ikusiko, ezta argia bera ere, ez bailegoke tokirik argiarentzat. Baina apika gabezia molde hau, ezer ez ikustea bera, mistikoen Jainko Oso Bakar Adierazezinaren “irudirik” egokiena genuke.

Demagun orain gauza bat txoil itsaskorra dugula, eta erabat xeheak, malguak eta likatsuak liratekeen ispilu bi hurbildu egiten zaizkiola, gauzaren azalarekin bat egin arte: orduan ez genuke gauza hori erreproduzituko ligukeen islarik, baizik (ongi egingo bagenu) gauza horixe bera baino ez. Ezbairik gabe, guztia argiturik balego ere, ikuskizun zail samarra genuke halakoa. Nolanahi ere, ezingo luke zuzena edo bitartekobakoa baizik izan, eta ez islatua. Eta agian isla posiblerik gabeko gauzaki hori genuke pentsalari batzuek bilatu izan duten itzulera jatorrira, edota “Big Crunch” delakoaren ondorioa.

Gauza, isla eta argia

mzap 2006/12/09 11:48

Gauza bat ispilu bakar baten aurrean jartzean, gela argi batean, ez dugu irudi bakar bat baino lortzen, gauza islatzen duena: isla horixe bera har liteke hain zuzen gauzari loturiko izenaren adieratzat. Halatan, ez genituzke gauza bi baino lortuko, edo, zehazkiago, bikoizturiko gauza bat: aurrena, gauza bera; eta, hurrena, haren irudia ispiluan eratua (edo ispiluaren atzealdean).

Isla, bestalde, bakarra eta bera da, islatzen duena bezainbat, eta osotasunak, ondorioz, bi egingo du. Argia kontuan hartu barik, noski, argia bakarra eta bera baita halaber. Zeren bestela osotasuna hiru bailitzateke, edo, hobeki esanda, bat (argia) gehi bi. Edota, zehazkiago, bat (argia), gehi bat (gauza) eta beste bat (gauzaren isla). Argia bat denez, esan liteke argiari esker bikoizten dena ere bat eta bakarra dela, zentzu honetan bederen: bi bilakatzen bada, bitako bakoitzak bat izaten jarraituko du ezinbestean.

Ondorioz, esan dezakegu argi bakarraren bitartez eta bere baitan, elkartu egiten direla gauza eta bere irudia, bai, baina aldi berean batak zein besteak bat eta bakar gisa dirautela: islak gauza irudikatzen duenez, isla eta gauza bat eta bera dira, egia da, baina bikoizturik ere badaude, islaren bidez gauza berregin egiten den heinean.

Ordea, baldin eta, argi barik, ez balego ezer ikusgarririk, eta, hortaz, inondik inora ez birik, orduan ispiluan ez legoke deus ere. Horrenbestez, ispiluak gauza bikoizten badu ere, argi barik ez litzateke deus ere ikusiko, argiari esker ikusten baitira bi-biak, hots, lehenbiziko bat hura eta islaturiko beste bata.

Platonentzat, “Ongia” litzateke argia, “Ideia” gure gauza eta “Gauza” gure isla.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.