Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Euskal literaturagileak eta gatazka

Euskal literaturagileak eta gatazka

Markos Zapiain 2011/12/19 12:14

Fernando Aranbururen adierazpenei oso espainola den errespetugabekeria darie, inolaz ere ezagutu ez daitekeenaren aurkako mespretxuzko epaia. Esan du euskal idazleek ia ez dutela ETAren indarkeriari buruz idatzi. Zergatik? Ez direlako aske. Aranburuk dioenez, euskal idazleek "Euskal Herrian bakarrik banatzen dituzte liburuak, ehunka irakurle bakarrik dituzte eta diru laguntzei esker argitaratzen dira. Bere iritzia emanez gero, amaitu da idazle horren literatura". Ez da egia: gure literaturan bada etakide zintzo eredugarria, baina baita ere etakide zeharo gaiztoa, etakide ergela, ETAren ankerkeriarekin kolaboratzen duen hiritar arrunta, Euskal Herriaren genozidioan kolaboratzen duen pertsona normala, konstituzionalista on eta gaiztoa, estatutuaren aldeko koldar kolaboratzailea, estatutuaren aldeko zintzo jakintsua…aberatsa duzu panoplia.

GATAZKAZ IDATZI DENAZ IDAZTEKO ZAILTASUNAK

Erakutsi ote du euskal literaturak gatazka fideltasunez? Fideltasuna deitu izan zaio dagoenaren deskribapen ahal bezain objektiboari, baina gatazkaren koordenadak aldatze-nahi politiko batean oinarritutako literatura ere fidela izan liteke. “Literatura eta gatazka”z galdetzen dizutenean, ematen du idazlea hiritar den heinean epaitzea ere eskatzen zaizula. Eta hemen, irakurketa zuzen bat egiteko orduan, badugu arrisku bat: idazle horietako asko busti egin da bere literaturaz aparte, eta beraz garbi esan digu literaturaren bitartekaritzarik gabe zer nahi zuen. Batzuetan, dena den, idazlearen ageriko jarrera etiko-politikoen azpiko sentimendu nahasiak adierazteko ere erabili izan da literatura.

Literatura eta gatazkari buruz mintzatzeko eskatzen dizutenean, etika da kontua: zer jarrera erakusten duen idazleak testuen bidez, ETAren alde edo kontra dagoen, eredugarri izateko sortu ote dituen etakideak, edo nazkagarri, edota ahal bezain errealista, atentatuak zuritzen ote dituen nolabait, ETAren krudelkeriarekin batera zapalkuntzaren eta zehazki torturaren ankerkeria ere erakusten duen, gatazkaren testuinguru osoa aintzat harturik...

Alegia, galdera ez da literaturaren kalitateaz, baizik eta idazlearen bustiduraz eta engaiamenduaz. Ordea, idazleak eskuak aski zikin ote dituen epaitzen duena ez da estralurtar garbi bat izaten, neutroa eta objektiboa; aitzitik, ikuspuntu etiko-politiko jakin batetik mintzo da. Idazleak ez ezik idazleen epaileak ere ezin dira gatazkatik kanpo ibili, ezikusia egitea esku hartzeko moduetako bat baita, Euskal Herrian bizi zarelarik bederen.

Arazoetako bat da oso dela zaila gogoeta orokor zuzenak eraikitzea. Etengabe bilakatu da ETA, etengabe bilakatu da euskal gizartea, etengabe bilakatu da literatura eta etengabe bilakatu da idazle bakoitza. Are gehiago, liburu berean ere, protagonista bakar baten baitan kontrako jarrerak ager daitezke esna zein ametsetan, Antton Ihartzegarairen kasuan bezala Txillardegiren “Labartzari agur” nobelan. Halatan, zentzuzkoagoa da aztertzea idazle bakar batek obra bakar baten bidez gatazkaz adierazi duen jarrera, eta aski lan hala ere.

EMOTIBISMO MORALAREN FROGA: GATAZKAREN LITERATURA

Gatazkaren aurrean euskal idazleen duten jarrerak emotibismo morala deritzonaren ikuspuntuak baieztatzen ditu: erreakzio sentimentalaren ondoren datoz zuribide razionalak. Hori da gure idazle gehienen jarrera gatazkari dagokionez: ez dago aurrena analisi razional hotz bat, neutrotasunaren eta objektibotasunaren aldeko ahalegina, eta gero argibide horrek eskatutakoaren araberako narrazioa, analisi horrek ondorioz lekarkeen proiektua bultzatzeko. Aitzitik, bultzatzaile nagusia bihotza da, bihotzak irudimena pizten du, eta arrazoia ez da bihotzaren eta irudimenaren tresna xumea baino. Helburu nagusia zirrara baita, eta irakurlearen sentimenduan eragitea. Funtsean dena da bihotza: aurrena sentimenduak du onartzen edo gaitzesten, eta gero narrazioak irakurlearen sentimenduei dei egiten die, irakurleen sentimenduei eragin nahi die. Literaturagileak sumatzen baitu berak bezala funtzionatuko duela irakurleak, inpaktu emozionalaren ondorioz etorriko direla burubide-aldaketak, ez alderantziz. Bestela, saiakera idatziko luke eta ez kontakizuna.

Hori bai, bihotza ez da ezinbestez inertzia: Saizarbitoria, adibidez, ETA nolabait onartzetik ETA gaitzestera igaro zen, eta donostiarraren kasuan, behintzat, bistan da arrazoia ez zela kalkulua izan (“nire merkatua zabaldu behar dut, espainolen gogoko bilakatu”), edo iritzi nagusiari amore ematea, baizik eta bilakaera sentimentala, bihotzaren erantzuna. Egia da eztabaidagarria dela zein neurritan izan daitekeen autonomoa sentimendu bat, baina ulertzen da, espero.

LAUROGEITA HAMARREKO ZIABOGA

Esan liteke euskal literaturak, oro har, gerra zibilari eta errepresio frankistari lotu diola ETAren agertzea eta lehenbiziko urteak, eta erantzun hura onetsi duela (Saizarbitoria, Izagirre, Sarrionandia, Atxaga). Orotariko zapalkuntza zital haren pean, zintzoagotzat eta ausartagotzat hartu izan du ihardukia deus gertatuko ez balitz bezala jarraitzea baino bertan goxo. Ez “Ehun metro”k (1976) ez “Exkixu”k (1988), ez dirudite ETAren aurkakoak. Saizarbitoriak ez du etakidea kritikatzen, baizik eta euskal gizartearen ezaxola etakidearen borrokaren eta heriotzaren aurrean. Eta Txillardegik ETA militarraren jarduera ulertzen du, borrokalari adoretsu gisa aurkezten digu Exkixu, honen alde satanikoak gorabehera.

90eko hamarraldian euskal gizartea nekaturik dago, ezin ditu burutik kendu, besteak beste, Yoyes eta Hipercor, eta Aljerreko porrota; eta eleberria ere ETAren jardunaren aurrean kritika, akidura eta nazka erakusten hasten da: “Etorriko haiz nirekin” (1991), “Gizona bere bakardadean” (1993), “Hamaika pauso” (1995), eta abar.

 AITZINDARITZA

Idazleen egoa ez da makala izaten, eta ETAren aurkako salaketa gogorra nagusitu denez geroztik aitzindaritzaren gatazka piztu da literato batzuen artean: “Atxagak baino zazpi urte lehenago terrorismoaren aurkako ipuin gogorra izkiriatu nuen, baina biktima posibleen beldurrarekin goitik behera bat egitea erabaki nuen, haien sentimendua nire baitan barneratu, eta azkenik ikararen erruz ez nuen argitaratu. Dena den, neu izan naiz aurrendari dudarik gabe, eta baditut frogak: ipuina bera”. Eta azken belaunaldiko IPAD 2 batean idatziriko ipuin ausarta erakutsiko dizu.

Beste batek: “Bidegabeki ebatsi didate aitzindaritzaren ohorea. Atxagak baino zazpi urte lehenago neronek kondenatu nuen ETA; hori bai, modu sinbolikoan egin nuen eta inork ez zuen ulertu. Ipuineko itsaso urdinkarak sinbolizatzen zuen ETA, eta noraezean zebiltzan arrantzaleak biktimak ziren. Dena esplikatu behar. Herri puta honek ez du kultura maite, ez da batere sentibera sinbolismo kontuetan. Eta jakina, gero ez da ohartzen nor den zinez aitzindari”.

 MUTUR BI: EXKIXU ETA BIZIA LO

Gatazkaren aurreko euskal idazlearen jarrera bi muturren artean koka liteke beharbada: Txillardegi genuke batean, Jokin Muñoz bestean. Zehaztasunez hitz egin nahi izatera ñabardura batzuk erantsi beharko lirateke, zeren, adibidez, “Bizia lo”ko ikuspuntua ez da “Antzararen bidea”koa, eta “Exkixu”ko Txillardegi ez da “Labartzari agur”ekoa, ezta “Ehun metro”ko Saizarbitoria “Hamaika pauso”koa ere. Zentzu honetan, “Bizia lo” eta “Exkixu” dira, agian, eta ez Txillardegi eta Jokin Muñoz, mutur biak, euskal narrazioak gatazkaren aurrean erakutsi dituen jarrerei dagokienez.

Zintzoa da Exkixu etakidea, eredugarria bere hautua, ulergarriak bere ekintzak.

Aldiz, “Bizia lo”n Jokin Muñozek ETAk eraginiko oinazea eta heriotza erakusten du, ETArena baino ez, tortura-eta hondo gisa ere aipatu gabe, aipamen horrek oinaze hura testuinguru batean kokatuz apaldu edo zurituko lukeelakoan. Ordaina: ondorio mota bakar batera mugatzen duzula gatazka. Dena den, ikuspuntu partzial hori beharrezkoa da literaturan, literaturan pertsonaia baita garrantzitsua, gatazkari buruzko nobela ez da tratatu soziologiko edo politiko bat.

“Bizia lo”n etakideak espezializatuta daude hilketa bereziki krudelak umeen aurrean egiten; gainera, etakideak ez ezik, ezker abertzaleko guztiak dira zitalak, mendekatiak, egolatrak eta tentelak, eta ezker abertzalekoak baino ez. Saritua eta goraipatua izan da: Euskadi Saria eta zortzi kritika laudoriozko Literatura Zubitegian. Arrazoi osoz, gainera, manikeismoa eta fobia goi mailako literaturaren akuilu izan baitaitezke.

“Bizia lo”n ezker abertzalekoak ez direnen ezaugarri nagusia da hunkigarriro errukitsuak direla eri dauden umeekin, bereziki ume atzeratuekin. Igual ezker abertzalekoa ez den bat ateratzen da apur bat alproja eta porreroa, baina anaia txiki atzeratuaz arduratzen da, arroka batera eramaten du itsasoaren aurrean elkarrekin amets egitera, aitak, ezker abertzalekoa, paso egiten baitu zeharo seme tontoaz, eta azkenean Irungo bi etakidek, horiek baitira okerrenak, ankerki akabatuko dute porruzale sentibera.

Beste ipuin batean ezker abertzaleko gaizto batek bultzatuta inuzente bat ETAn sartu eta oso gauza graziosoa gertatzen da: galtzontzilotan dagoela atxilotzen dute, irrigarri. Muñozek erakutsi zitzakeen zartako batzuk, poltsaren bat, horixe baita ia beti gertatzen dena, testuinguru osoaren berri fidelkiago ematearren, baina gaiztakeria guztia ezker abertzalean kontzentratzea erabaki du, eta zilegi da, jakina.

Estrabagantetzat joko genuke gaur egun alderantzizko ikuspuntua,  nekez irabaziko luke inongo saririk. 80ko hamarraldian posible zen etakide zintzoaren eta espainol inbasore higuingarrien eskema. Aldiz, ezinezkoa zatekeen, euskaraz, etakide eta ezker abertzaleko guztiak ergelak bezain ankerrak izatea, eta beste guztiak berriz txintxoak, gaur egun saritua eta goraipatua den ikuspuntua. Bagoaz pixkanaka Patxi Lopezen errelato bakar nagusiaren sustrai bibliografikoa osatzen. Martxa honetan, narratibako hurrengo Euskadi Sarian Basagoiti printze urdinak muxu goxo batez esnatuko du Rosa Diez loti ederra, eta Ajuria Enean biziko dira sekula betikoz.

PERSPEKTIBISMOA

Nobela bat idatzi dezakezu ETAk ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati eta bere familiari buruz; errealista izango da gainera, egiazkoa, eta zintzoa izan liteke. Baina aukeratu dezakezu, orobat, Espainiak ikaragarri sufriarazi duen errugabe bati buruzko nobela idaztea, eta hori ere errealista izango da, egiazkoa eta zintzoa. Eragin etiko-politikoak kontrakoak izan arren, duinak izan litezke biak, eta estetikoki goi-mailakoak, noski. Bi kontakizun horiek eskaintzen baitizkigu errealitateak, eta baita muturreko bi horien artean egon litekeen multzo aberats zehaztugabea ere, ñabardurarik oraingoz imajinaezinenekin.

Hori dela eta, gatazkari buruzko kontakizun bakar bat eratzen tematu beharrean, banako ugariren kontakizunak behar dira. Kontua ez litzateke esperientzia desberdinak integratu nahiko lituzkeen kontakizun bakarra eraikitzea, baizik eta esperientzia desberdinak adieraziko dituzten kontakizun autonomoak asmatzea, ezin integratuzkoak ezein osotasunetan, ez baitago sortzerik esperientzia desberdinak barnebilduko lituzkeen kontakizun bakar oro hartzailea.  

GATAZKAREN LITERATURARI FALTA ZAIONA

Aukera piloa dago oraindik jorratu gabe: besteak beste, torturatzaile zintzoa, gure herria desagerrarazteko lanetan kolaboratzen duen pertsona jatorra, zuzentzat jotzen dituen xedeak lortzeko tortura erabiltzea beste erremediorik ikusten ez duen hiritar onbera.

Nobela interesgarria dauka, orobat, ertzaintzako aditu genetistei esker Pagazaurtunduaren hilketa leporatu eta ordainarazten ari zaizkion Gurutz Agirresarobe errugabearen tragediak.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.