Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hizkuntzen inposaketa

mzap 2007/11/15 17:55

(Ederra, Pello Zabalak ekarri duen Bitoriano Gandiagaren poema)

Isildu ezean elebakarrak ezin du bere hizkuntza ez inposatu, ez du ezarri beste erremediorik. Eta ia euskaldun guztiak gara elebidunak. Dena den, baditugu euskaldun elebakar batzuk. Eta ez dago esan beharrik “euskal” izena ematen zaion herrian zein den arrotzago, zein dagoen baztertuago, euskaldun elebakarra ala erdaldun elebakarra. Hizkuntzari dagokionez, Euskal Herrian gaur egun euskaldun elebakarra da benetako paria bakarra.

Edozein gisaz, erdaraz dakigunok ere arazoak izaten ditugu. Gernikan arbitroak txartel horia atera zion futbolari bati, soilik euskaraz zuzendu zitzaiolako. Neuri ere, orain dela urte batzuk, atzerritik bueltan, aireportuan, kontrola igaro baino lehen paper bat betearazi zidaten, nondik nentorren, zertan nintzen ibilia, eta abar. Nik Markos izenpetu nuen, k-z, betiko legez, inongo asmo matxino abertzalerik gabe, beti erakutsi didatelako horrela. Orduan Poliziak begietara gogorki begiratu eta sakon, oso sakon mintzatu zitzaidan, Polizia ez ezik Txikitero ere izanen baitzen: “te has equivocado, Markos se escribe con c de cabrón”.

Erasoaren bultzatzaile posible bi

mzap 2007/11/15 14:05

Erasotzaileek badakite euskararen aurkako zartakoen aurrean zelan erantzuten dugun, eta hala ere oldarrari eusten diote. Zergatik?

Alde batetik, eztabaida horrek barrutik higatzen gaituelako. Erasoen aurrean, Euskaldunon Egunkaria ohiko lotsagabekeria harroputzaz itxi zigutenean kasu, gure erantzuna hau izaten da: hasieran sumindura, egundoko manifa; gero, lauzpabost egunez Berria erosi; azkenik betiko El Correora eta Diario Vascora itzultzeko.

Erasogileek badakite amorruak euskararen aldeko jarrera pizten duela. Baina badakite halaber jarrera hori oso axalekoa dela, berehala desegiten den aparra, eta baliteke beren helburuetako bat izatea erasoz eraso euskara eta amorrua bat egin ditzagun. Euskara eta sentimendu uher eta desatseginak uztartu nahi bide dituzte, batik bat euskaldundu ez euskaldundu dabilen populazio esparru zabal horren baitan.

Badago hala ere bigarren arrazoi bat. Zeren euskara hain ezgauza baldin bada, zergatik ez dute bere kabuz hiltzen uzten?

Erasotzaileak ez baitira borondate oneko kazetariak, manipulatu dituztelako hanka sartu dutenak, baizik animalia zaurituarekin olgetan dabiltzan ehiztariak. Sinetsita daude euskal piztia hiltzen ari dela, eta animalia larriki zaurituaren kontura barre apur bat egin nahi dute, edo behintzat denbora eman. Horrela, euskara irainduz gero, piztia altxatuko da, ehiztariari haserre oldartuko zaio, atzaparra baldarki luzatuko dio, berpiztu dela emango du; baina ez da itxura hutsa baizik, xirikatzeari utzi orduko berez etzango baita berriro, herioren itxoitera.

Wall Street Journal-en erasoa bultzatu dutenak bat datoz Joan Mari Torrealdaik “El libro negro del euskara”n jasoriko ideia honekin: “Euskal Herrian ez dugu benetako bakerik izango harik eta guztiok erdaraz mintzatuko garen arte.”

Euskalgintza, florero eta enbarazu

mzap 2007/11/15 11:14

Hizkuntz politikarako sailburuorde baten ikuspegitik, ez ote da Johnsoni erantzutea baino premiazkoagoa euskalgintzan benetan dauden arazoak konpontzen ahalegintzea?

Esaterako, Udal Euskaltegietako euskara irakasleen bizimodu petrala ezagutzeko "Kalamuataik Txargainera" Leire Narbaizaren blogeko azkenaurreko idazkia irakurtzea komeni da. Leire Narbaizak hamazortzi urte daramatza Udal Euskaltegietan irakasle. Eta sentitzen du bere lanak ez duela prestigiorik, probisionala dela, Jaurlaritzarentzat bere funtzioa ez dela adabaki hutsa baino. Hona ekarriko ditut bere salaketa batzuk. Dena den, Narbaizaren testua bera da irakurri beharrekoa, antologikoa baita: freskoa, sendoa, egiatia eta umore goibel batek zipriztindua, Narbaizaren beste asko bezala.

Kontua da Udal Euskaltegietako irakasleek, formazio espezifikorik ez izateaz gain, zoratzeko moduko ordutegiak pairatzen dituztela, kabaretera ordutegiak: adibidez, EAEko beste puntan ordu bi goizean goiz eta beste bi ilunabarrean.

Hizkuntza Eskolarekin alderatuz gero, aldea ikaragarria da, lan baldintzei dagokienez, prezioei, funtzionamenduari...

Euskara ikastea garestia da. Aldiz, gaztelania ikastea, adibidez Eibarren, doan da.

Eta Udal Euskaltegietako irakasleak soldataz ez dira kexu, AEKkoek beren erdia inguru kobratzen dutelako, lan gehiago eginda.

Leire Narbaiza: "Uste dut euskararen normalizazioa dela eta, erakunde publikoek hipokrisia handiz jokatzen dutela. Euskara, azken batean, floreroa baino ez da. Polit egiten du programan eta paperean. Baina eguneroko jardunean enbarazuan dago".

Euskaltzale autistaren alde

mzap 2007/11/15 08:28

Etsaiak tentuz aukeratu behar dira, etsai indartsu libreak hobetsi, etsai beldurgarriak. Keith Johnson lako txotxongilo salduek ez dute euskaltzalearen etsai izateko ohorea merezi.

Johnsonena bezalako irainei ihardesteak merezi ote duen, hara zalantza. Ziur aski ona izango da erantzutea, alderdi politikoek psikologoak dituzte eta beti dabiltza elkarri erantzuten, are arerioak zer arraio esan ote duen ulertu baino lehen. Hala ere, demagun euskararen aurka espainolez botzen diren irain guzti-guztiei ihardesten diegula. Orduan, ia ez litzaiguke beste deus egiteko astirik geldituko. Halatan, egoki litzateke eta zuzen, Patxi Baztarrikak zuzentzen duen bulegora beste bi lagun ekarri eta lan-egun osoa euskararen aurkako irainei erantzuten jartzea, herritar arruntok horrelako xextra desatseginez libratzeko.

Dirudienez, eta zoritxarrez, euskarak gaur egun oraindik militanteak behar ditu. Baina tentelkeriei etengabe ihardetsi beharrak, tentel bilakatzen zaitu. Militanterik eragingarriena hortaz ez litzateke beharbada euskararen aurkako laidoak direla-eta beti defentsiban eutsi eta eutsi amorraturik bizi dena, baizik autista apal bat, irainak eta giro arrotza gorabehera euskaraz dabilena, eta ahal duen heinean euskararen bidez ondo pasatzen eta pasarazten duena, besteak beste horrelako irainak oroz lehen bertso on baterako abiapuntu eta akuilutzat hartzen dituen bertsolaria.

Bertsolariak ez ezik, iraina bizipoz bilakarazten du Katixa Agirreren ihardukia Keith Johnsoni ingelesez zein txukun dagoen irakurtzeak. Agirrek bere literatura ingelesez idatz dezakeela garbi erakutsi du. Dena den, bere liburuak argitaratzeko orduan gurago izan du gure hizkuntza, eta euskal irakurle batzuk horrenbestez zorioneko sentiarazi gaitu.

Karenaz Kalakan

mzap 2007/11/09 17:17

Asteazkeneko Kalakan etxean erditzea eskubide edo luxu ote den galdetu ziguten. Eskubidearen aldeko arrazoi bat adierazi nuen: ospitalean erditzeak karena edo ume-zorroa ebats diezazuten arriskua dakar. Gaur egun karena oso estimatua da kremak eta makillajeak egiteko; hori dela eta, ospitaletan sistematikoki lapurtu izan dute.

Ordea, Josebe Etxeberria emaginak jakinarazi zigun bere ospitalean, beste askotan legez, karena bota egiten dutela, eta egundo eta inon eta inork ez duela ostu.

Aurreko beste Kalaka batean ere, Downing Streeteko Akordioari buruzko zerbait esan orduko Joseba Arregik gogor gezurtatu zidan. Horrelakoetan, trebetasun dialektikorik ez dugunok isildu egiten gara. Are gehiago, Arregi bezalako pertsona heldu batek bere argumentuak su berezi horrekin botatzen badizkizu, pentsatzen duzu irakurritakoa ez zenuela zuzen ulertuko, eta aitzina.

Gerora, Imanol Muruak zehazki azaldu digu Akordio hartan Arregik zer interpretatu zuen gaizki; eta, ondorioz, Kalakan aldeztu zuenak ez duela oinarri zientifikorik.

Ospitaleetako karena-lapurreten kasuan, aitzitik, nire ikuspuntua indartzeko informazio bila ibili naiz baina deus ez. Beharbada ez nuen Egunkarian irakurriko, baizik eleberriren batean. Dena den, garbi oroitzen naiz kliniketan infiltraturiko gaizkile bandek ohean eseri eta karenez inguraturik antolatzen zituztela beren ekintza zitalak.

Hori bai, ezin fidagarriagoak dira karena berriki Alemanian errauskailuetan baliatu izan dutela dioten iturriak. Errekuntza azkartzeko erabili dute, hilik jaioriko umekiekin batera. Ez dakit gaur egun ohitura horri eusten ote zaion.

Kalakan proposatu nahi baina ezin izan nuena: umea etxean erdituta errazago izango zaigu karena gordetzea, eta zibilizazio tekniko industrial honek harrapa gintzan baino lehen karenarekin egiten zena berreskura genezake: batetik, amarentzat oso osasungarria ei da umeari bularra ematen dion bitartean karena frexkoa jatea; bestetik, karenaren patua eta umearena uztarturik omen daudenez, bagenuke ohitura polit hau errekuperatzea (Afrikako zenbait herritan bizirik dago): karenari kotoizko alkandora eta txapela jantzi, eta, soka batez lotuta, etxe ondoko zuhaitz batean, tentuz aukeratua, eskegi, ondoren ahal bezain luzaro eta gozoro zaintzeko, horrela ume errealari, karenaren bikotekide ohiari, benetan lagunduko baitiogu.

Ali Baba, Errealaren itxaropen bakarra

mzap 2007/11/08 11:27

Hedabideek jaramon zipitzik egiten ez badiote ere, hiriburutik urruti dabilelako ziur aski, bistan da Eibar K.E. dela Gipuzkoako futbol talderik onena, azken urteotako ibilbideak frogatzen duenez. Txinatarrak ohartu dira. Eta, diru kontuak eta inbertsioak oraindik aipatzen ez diren arren, eibarkoa dugu euskal futbol taldeen artean Txinan peña bat ireki dioten lehenbizikoa. Shangain aurkeztu zuten joan den larunbatean.

Bestalde, Errealaren gainbehera tamalgarria dela-eta hain daude zaleak goibel, uste baitute, jendaurrean aitortzen ez duten arren, apur bat altxatzeko ohiko baliabideak eta legezkoak ez direla aski, ezinbestekoak direla lapurreta eta magia.

Halatan, Alibaba.com webgunean eman dute balizko txinatar inbertitzaileek, Lighthouse Consulting Limited konpainiakoek, bere enpresaren berri.

Gomazko ahateei buruz ikaragarri dakien eibartar batek, Luistxo Fernandezek, jakinarazi digu, hain zuzen, bi milioi ahate gomazko behar izanez gero Alibaba.com-en aurki ditzakegula. Webgune eta maila berean baitaude gomazko bi milioi ahate eta Errealaren biziberritzea.

Horri guztiari buruzko informazio eta iritzi jakingarriak, Iturrirenean.

Kirol munduko bidegabekeriarik nabarmenenetakoa da futbol profesionalari horrenbeste diru publiko ematea. Eta ez dirudi Ekialdetiko mugimendu horren antzekoek ohitura hori konponduko dutenik.

Ontsa desaktibatzeko Amets Arzallusen bidea

mzap 2007/10/05 15:35

Irentze kimikoa oraingoz ez da batere fidagarria.

Aurrerantzean ere arazoak ekarriko ditu noski. Alde batetik, betikoak: jainko laztana, berriro nahastu gara, zikiratu berri duzun hori ez da etorri belarriko mina sendatzera baizik.

Edota morroi bat desbarrabildu eta hamar urteren buruan erruduna ez zela bera, benetako errudunaren hazia antzekoa izaki nahasi egin zirela. Barkatu, lagun, gero arte.

Dena den, zenbait kasutan halako tragediak saihets litezke.

Esaterako, joan den astean Amets Arzalluzek zakila handitzea erabaki zuen. Kontsultara joan, eta Igor Elortza adituak metodo batzuk eskaini dizkio: Abadiñoko sokatiralariek tiraka; antzaren ordezkoak behar dituzte Lekeitio aldean…

Baina Elortza, gero, Arzalluzi hedatu beharrekoa ikusteko galtzak jaitsarazi eta seko harrituta gelditu da: Arzalluzek izugarria dauka, luze-luzea! Horrelako fenomenoekin irentze kimikoa beharrean errazagoa eta garbiagoa litzateke zakila korapiloz lotzea.

freebatasuna

mzap 2007/10/05 15:11

Zikira nazazu, mesedez

mzap 2007/10/04 22:06

Pederasta mota baten eta gizartearen arteko harremanak ez du konponbiderik, tragikoa da. Espetxeak gizartea bolada baterako lasai dezake. Dena den, gizarteari galdetuz gero, beharbada pederasta espetxeratzea ez, hiltzea hobetsiko luke, merkeago baitzaio.

Bestalde, espetxeak gizartearen kezka apur bat arindu arren, pederasta bera ez du inolaz ere hobetzen. Barruan okertu egiten da presoa, pederasta bezala beste edozein. Gainera, berriro espetxera dezaten beldurrak ez du kikilduko, behin espetxetik irtenda umea berriro biolatzeko orduan.

Berriki, kimikoki zikiratu duten bat, espetxetik irten orduko zakilaz ezin eta makila batez bortxatu du neskatxa.

Sokratesen garaiko Atenasen, pedofiloek ez zuten bere burua hiltzen. Platonen “Sinposioa”n, Fedroren eta Pausaniasen hitzaldiak pederastiaren apologia garbia dira.

Gizartearen jarrerak eragin handia du nork bere sexualitatearekin nola jokatu erabakitzeko orduan. Hobeki esanda, ia ez dago erabakitzeko aukerarik. Sexualitatea gozatu egiten da edo bestela pairatu eta disimulatu.

Gaur egun, pederasta asko bere buruaz lotsatuta eta izututa dago. Arestian Salamancan gizon batek zakila ebaki eta komuneko zulotik bota du. Esan du bekaturako bultzada saihesteko egin duela.

Pederasta horiek Jainkoa madarikatzen dute, edo bere patuaren aurka matxinatzen dira, eta kimikoki irentzea eskatzen dute.

Beren benetako nahia, bere nortasun osoa egituratzen duen joera, ezin baitute legearekin eta argiarekin adostu. Nik benetan nahi dudana zigortuta dago. Gainera, nik benetan nahi dudana nazkagarria da, sexu-kideak ezin bainau era gutxi gorabehera librean onartu. Iren nazatela, bai.

Bere buruaz atseden hartu nahi duen pederasta

mzap 2007/10/03 08:49

Badira pederasta eta bortxatzaile nolabait esateko feudalak, ziur baitira agintea eta dirua ukanik menpeko sendiaren ume txiroa bortxatzeko eskubidea dutela. Ezinezko zaie inongo enpatiarik sentitzea ez biktimarekin ez inorekin. Horietakoa bide zen Sadeko Markesa, haurraren eta emakumearen gorrotatzaileen artean txapeldun. Espainiako noble bat ere izan da berriki, pederasta porrokatu, familia pobreen umeen erabiltzaile. Jaiotza zaie bereziki higuingarri, umegintzarekin zerikusia duen edozer. Hori dela eta, gurago izaten dute uzkia alua baino, utikan eme zein ama. Neskarengan ere, nahiago mutila oroitarazten duen zuloa.

Estatusak salbatu izan ditu. Estatus babesle horixe bilatzea izan liteke Elizan horrenbeste pederasta sartzeko arrazoietako bat.

Baina bada halaber bere burua pairagaitz zaion pederasta. Udan Suitzan bost urteko neskatxa bat, Ylenia, bortxatu eta hil zuten. Errudunak berehala egin zuen bere buruaz beste.

Pederasta mota horrek pentsatzen du munstro okaztagarri bat dela, baina ezin du eragotzi. Horrela dago egina. Bere nahirik sakonena umea bortxatzea da.

Hasiera batean, errua besteri leporatuko dio, Jainkoa madarikatuko du, Patua, Geneak, Gizartea, Haurtzaroa. Zergatik egin ninduzuen ume-sexuaren zale itsu?

Baina errua azkenik bere buruaren aurka bideratuko du. Jaio ez banintz hobe. Gizarteak onartu egiten ditu giza nortasunak erabakitzen dituzten hainbat irrika: trepalaritza politikoa, ospetsu izatea, diru pilatzea, sexu heterosexuala, artelanik bikainena burutzea. Ordea, gizarteak zigortu egiten du pederastaren nortasunaren funtsa, bere oinarrizko desira. Are gehiago, beste edozein gaizkilek baino bortizkiago pizten du pederastak giza talde ororen funtsezko grina, hots, lintxatzeko joera. Jon Mirandek “Haur besoetakoa”n dioenez: “Bere irrikari amore emanaz, bazekien bere hondamendira lihoakeela, bere erruz… hala ziotson gizarteko eginbideak bederen”. Halaber, Madeleine desagertu berria zela, Robert Murat salatu zuten, pederasta omen zelako, inongo frogarik ez zegoen arren. Gizabanako pederasta da inguruotako gizarte pederastarentzat lintxagai gogokoenetakoa.

Ez baita harritzekoa pederastak, nazkaturik, bere buruaz atseden hartu nahi izatea. Hain zuzen, goi-mailako estatus babesle bat bilatzearekin batera, baliteke hori izatea kastitatea exijitzen duten sektek eta erakundeek horrenbeste pederasta erakartzeko beste zergatiko bat. Pederasta horrek bere buruaz libratuko duen inguru edo erakunde bat behar du, edozein sexu harremani uko garbia larderiaz ezarriko diona, esaterako Eliza Katolikoa edota Euskal Idazleen Elkartea.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.