Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Mehatxuaren garrantzia irakaskuntzan

Markos Zapiain 2009/01/23 08:38

Ikasturtea ondo joan dadin oso eragingarria izaten da hasieran sentiaraztea (ez hitzez azaltzea, baizik gorputzean sentiaraztea) zeu, irakaslea, ero biolento arriskutsu beldurgarri bat zarela, erabat arbitrarioa, kontuz ibiltzeko modukoa. Horrek aurrerantzean ikasturtean zehar bare atxikitzen ditu ikasleak.

Aldiz, emakumea bazara, txikia eta argala, jai duzu. Hau da, beldur fisiko bat eragiteko gai ez bazara, beharrezkoa duzu erakundearen zeharkako mehatxua.

Masailekoa berez ez da oso eragingarria, horrexegatik debekatuko zuten ziur aski: irakaslea edo gurasoak barregarri uzten ditu, beren desoreka nabaritzen baitu, urduritasuna eta gontzetarik jalgi izana. Heldua bere burua bridatzen ez dakien gizajo biolento gisa erakusten du ikasleen edo seme-alaben aurrean, bere makaltasuna. Era berean, Rousseauren eta Nietzscheren ustez, Estatu batek tortura erabiltzea bere ahulezia, ezinegona eta ergelkeria nabaritzen ditu.

Belarrondokoa eragingarriagoa da beharbada ematen duenarentzat jasotzen duenarentzat baino. Zartakoaren bidez hezten omen dela, gerora asmatu zaion zentzu edo helburu bat da. Aurrena masailekoa dator, erraietakoa, itsua, naturala. Eta a posterriori asmatzen zaizkio norberaren kontzientzia onak eta gizarteak onartzeko moduko xedeak: hezi, bide onetik eraman.

Ikasi beharrak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan benetan eragingarri izu lauso bat da, mehatxu-giro latente orokorra, irakaslea gainditu eta erakundeak berak zabaldua. Hori biziki onuragarria da bihurrikeriak egiteko tentaldia eragotzi eta ikasketak eskatzen duen diziplina ezartzeko orduan.

Eskolak oinarri ugari dauzkake, baina bat duda barik beldurra da: etorkizunari beldurra (titulurik gabe ez ei dago lanpostu kaxkarra baino), jendartean ez integratzeko beldurra, adinkideen aurrean estralurtar emateko beldurra…

Masailekoa gorabehera, irakaskuntzaren oinarrian mehatxu eta txantaia sistema sendo bat dago. Nerabe osasuntsu batek nola pairatuko ditu bestela udaberriko egun alai bateko sei-zazpi ordu jarraian eserita?



Ehiztarien eta ehizakien boladak. Oiloak betaurrekoekin

Markos Zapiain 2009/01/22 19:50

Filosofoen artean ere badira batetik ehiztariak eta bestetik hartzaileak, jasotzaileak. Lehenbizikoen artean, Platon, Akinoko Tomas, Diderot: ideia bururatzea hodeia ehizatzea da. Bigarrenenean San Agustin, Heidegger: Jainko laztana, bete nazazu zure Jakinduriaz, Izatea zainduko dut, Izatearen artzaina nauzue.

Bestalde, “ehiza” esaten da, oro har, baina oso aldakorra da eta ezagutzen hasiz gero baditu alde liluragarriak, esaterako ehiztarien modei eta berrikuntzei dagozkienak. Dena den, ziurrenik liluragarriagoak dira oraindik ehizakien moda aldaketak.

Esaterako, basurdeek Urdaibai inguruan orain dela bizpahiru urte ohitura berri bat hartu zuten, baserritar batzuek “soro-borroka” deitu zutena: asteburuetan basurde-saldoak elkartu eta edozein baratz eta porruri eraso egiten zioten.

Basurdeen soro-borrokarekin batera, ehiztarien artean moda bat jarri da abian Artea inguruan, gaur egun indarrean dagoena: zuhaitzera igo, adarren gaineko plataforman zutitu eta bertatik arkuz eta geziz hiltzea basurdea. Batzuek txantxetan txano lumadun bat janzten dute, Robin Hooden gisara.

Egia esan, abereak industrialki erabiltzen dituztenen artean ere bada abeltzain finik, ehiztarien artean bezalaxe.

Nire bizialdiko bisione edo ikuskizunik txundigarrienetakoa Artaxonan izan nuen, Jimeno Jurioren herrian. Mayora oilozaleak negutegi itxurako oilategi erraldoi batean ehunka oilo zeuzkan, eta den-denak betaurrekoekin. Betaurrekoak gorriak ziren, opakuak. Mayora benetan arduratzen zen oiloez. Oiloen gaineko mundu osoko hainbat aldizkariren harpidedun, beti saiatzen zen oiloen oinazea arintzen.

Garai hartan haize gaizto bat zebilen, oiloa erasokor jartzen zuena. Lauzpabost oilo zituen Mayorak kaiola bakoitzean. Haize horrek eraginik, elkarri mokoka hasten ziren. Eta oiloak behin odola ikusita itsutu eta amorruz jarraitzen du mokoka alboko oiloa hil arte. Baina betaurrekoekin ezin odola ikusi eta horrenbestez aireari egiten zioten mokoka eta berehala aspertzen ziren.

Seme-alabekin sexuaz mintzo

Markos Zapiain 2009/01/21 15:38

Bigarren D-ko Olatz Canterak kontatu digu Bilboko eskola erlijioso batean hamar urteko haurrei sexologoak hitzaldi bat eman diela, gurasoak seme-alabekin batera entzule, eta gurasoak ikaratuta irten direla (umeak ez horrenbeste), sexologoak muxu beltzaren eta antzeko praktiken berri zehatza eman baitie.

Pairatzen ari garen informazio-gainezkaldiak nostalgia handiz oroitarazten dizkit gure nerabezaroan erakusten zizkiguten filmina haiek bizitzaren misterioaz eta umegintzaz, ia beti apaizak proiektatuak: aurrena bikote bat petrilean eserita, elkarri maitasunez begira, atzean eguzki erraldoia ezkutatzen, zeru laranja. Hurrengo filmina: ama erditzen. Oraingo txapapotearen aldean zoragarria zen lotsa hura, imajinatu behar hura.

Nerabeen uzkurtasuna sexuari buruz gurasoekin mintzatzeko orduan, eta alderantziz, ez ote da erdi biologikoa? Edozertaz eta guztiaz mintzatzea ona dela psikologo batzuek zabaldu dute, baina ez modu desinteresatuan, mintzatu behar aizun horri esker bizi baitira. Ordea, ez al da dotoreago, garbiago, osasuntsuago, euskal usadio zaharra: isiltasuna, are sekretua? Gure alabek 14 eta 16 urte dauzkate eta sexuari buruzko informazioa, eskolan, institutuan eta edonon, aski eta sobera izan dute, dute eta izango. Hasiko banitzaie, “begira alaba maiteak, banana hau zakila genuke eta kondoia ipintzen erakutsiko dizuet”, salaketa jarriko lidakete, arrazoi osoz, neronek baino hobeki dakitena esplikatzeagatik, eraso psikosexualagatik eta desorduko txortaldira bultzatzeagatik.

Egokiagoa da lehengo eredua: esperimentatu dezatela zuhurtzia erabilita eta zorte on. Gurasotasunak ez dakar seme-alaben sexu-aholkulari izan beharra. Ez ditut alaben sexu-abenturak ezagutu nahi, Jainkoarren, zorabiatuko nintzateke.

Isiltasuna difamatzen dabilen kanpainari dagokionez, Juan Rulfo idazle mexikar bikainaren bizimodua, berak kontatua: “Oso itxita bizi naiz. Etxetik bulegora noa, eta listo. Gure etxean ez dugu hitz egiten. Gure amonak ez zuen inorekin hitz egiten, hitz egiteko ohitura hori Hiriburukoa da, ez landakoa. Gure etxean ez dugu hitz egiten, inor ez da mintzatzen, ez Klara nirekin, ez ni Klararekin, ezta seme-alabak ere, inork ez du hitz egiten, hori ez dugu erabiltzen, gainera ez dut komunikatzeko ezer. Gertatzen dena ulertu, horixe da nahi dudana. Nire buruarekin bai, hitz egiten dut, baina ez zait gustatzen beste inorekin hitz egitea”.



Oraingo nerabe ardurabakoak

Markos Zapiain 2009/01/20 18:39

Diotenez, oraingo gazteek sexua ez dute arduraz erabiltzen. Ordea, ez ote dira sexu harreman guztiak hein batean arduragabeak? Sexu harremana eta ardura beti eta nonahi uztartu beharrak berehala dakar frigidotasuna. Rotterdamgo Erasmoren ustez, bizi ahal izateko arduragabetu beharra dago, erotu. Ezkondu, seme-alabak ekarri… pitzatuta ez bageunde, ez genuke halakoetan amiltzeko ausardiarik.

Ardura muturrera eramanez gero, politikoki zuzena sexu harreman fisikoan bertan txertatzea dugu. Amerikako Estatu Batuetako Ipar Mendebaldea omen da politikoki polita ezarri nahian amorratuen dabilen eskualdea. Bertako College batean sedukzio-prozesua bera ere arautu dute. Bikotekide bakoitzak, ezer egin baino lehen, hitzez baimena eskatu behar dio besteari, eta soilik mintzozko onarpena jaso ondoren egin ahalko ditu egin beharrekoak. “Sar diezazuket atzamarra belarri-zuloan?” “Bai, sartu”. Orduan bai, sar diezaiokezu, bestela bortxakeria genuke. “Jar diezazuket eskua ezkerreko titian?” “Aurrera, tigre”, eta abar. Dirudienez, ondo funtzionatzen du, ikasleek erabiltzen dute. Noski, serio hartzen ez dutelako dabil ondo. Galderak eta erantzunak berak erotizatzen dituzte eta jolas bihurtzen, ironia lizun batez apaintzen dituzte. Ez dakit gustatuko litzaidakeen horrela seduzi nazaten. Aukeran nahiago ohiko ekimen isila, betiko berotasun itsu eta mutua, eta ardura auzoan.

 

Bestalde, mintzamolde etsi hori, belaunaldi berriak ardura galtzen ari direla errepikatzen duena… Gaur egun ezagutzen ditugun izkribu politikorik zaharrenek honelakoak adierazten dituzte: “Gazteak begirunea galtzen ari dira, betiko balioez trufatzen dira, ohitura txukunak galbidean daude, ez dago helduenganako errespeturik, gero eta arduragabeagoak dira...” Antzinako Egipton etengabe salatzen zuten morala usteltzen ari zela, orobat mintzatzeko modu jatorra eta oro har hizkuntza. Era berean, hasierako taoismoaren hainbat testuk degradazioaren historia unibertsala dute hizpide. Juduen testu profetiko zahar askok ere gero eta okerrago gabiltzala gaztigatzen dute, eta endekatze honek ez duela irtenbiderik. Platon berdintsu. Dirudienez, aldatzen ez dena sentsazio horixe da, gazteak lotsagabeagoak direla eta pikutara garamatzatela, baina beti izan da horrela eta hementxe gaude ta poztutzen naiz.

Gure gazteen sexu desberdina

Markos Zapiain 2009/01/20 09:45

Dirudienez, oraingo gazteek desberdin egiten diote aurre sexu harremanari. Egia bada ere gazte bakoitza bat-banaka desberdin eta aldakor ageri dela, eta “gazteak” kontzeptua nahasiegia dela  (harrigarria da esaterako DBHko hirugarren mailatik laugarrenera dagoen jauzi psikologiko eta morala), hala eta guztiz ere, egungo gazteen hainbat jokabide ezinezko zen gure garaian edo lehenago, eta horrek oinarrian balio- aldaketa bat gertatu dela edo abian dela erakusten du. Berriki hamasei urteko mutiko zentzudun batek kontatu dit bere ohean etzanda masturbatzen ari zelarik ezustean aita gelan sartu zitzaiola. Aitak “barka” xuxurlatu eta alde egin zuen. Nire ikasle honek bere lana patxadaz eta gozoro burutu ondoren sukaldean aurkitu zuen aita, urduri bezain lotsatuta. Ikasleak berak kontsolatu behar izan zuen aita: “Lasai, aita, ikusi duzun hori normala da, naturala. Zuk ere egingo zenuen nire adina zenuenean, ezta?” Nekez irudika genezake antzeko egoerarik eta elkarrizketarik gure nerabezaroan, are gutxiago gure gurasoen eta beren gurasoen artean.

Beste kasu bat, gure garaian edo lehenago pentsaezina, eta nerabeek sexualitatea modu lasaiagoan bizi dutela seinale: behin batean, Psikologian, neska batek masturbatzeko orduan erabiltzen duen fantasia gogokoenaren berri eman zigun: Txinako jauregi bateko printzesa izaki, biharamunean ezkondu behar du eta sexuaz ez daki tutik ere. Orduan, Jauregiko neskame eta morroiek ohe batean etzanarazi eta sexu harremanei buruzko sekretuak erakusten dizkiote. Hamar ipini nion, bere ausardia ospatzeko. Mutilen fantasiak arruntagoak izaten dira, heterosexualenak behintzat bai: titi pare erraldoia goiti eta beheiti eta kito.

Gazteak sarritan soilik gazte den bitartean egiten ditu bere, gurasoenak ez bezalako  balioak; heldu bilakatu ahala, gurasoenak barneratu eta errepikatzeko joera hazten zaio. Dena den gaur egun belaunaldien arteko jauzia sexuari ekiteko orduan ez ezik balio-aldaketa orokorrago batean ere nabari da. Internetek, sakelakoek, nanobotek eta pilula berriek garunen mutazioa ekartzen ari dira, eta ondoriozko balio-aldaketak. Are gehiago, balioekiko harreman berriak. Izan ere, orain arte borondatez ahalegindu behar zenuen balio jakin bat betetzeko: demagun ausart, eskuzabal, errukitsu aritzeko. Aurrerantzean ordea dirudienez pilula soil batek ahalko zaitu ausart, eskuzabal edo errukitsu bihurtu. Borondateak, orain arte balioetara heltzeko abiapuntu eta gasolina izan denak, garrantzia galduko du.  

Ohiko balio etikoen artean, oraingo gazteek adiskitetasunari ematen diote garrantzi handia. Aldiz, duintasuna dateke baliogabetuena. Telebistako serietan edota youtube-ko bideoetan bereziki erakargarri zaie edozein duintasun galtze, edo, behinik behin, kontrolpean bide duzun gizartearen aurreko itxura ustekabean arrakalatzea.



Sarraskiz sarraski, ahuntza lagun

Markos Zapiain 2009/01/19 13:22
Donald Kenrick-en "Gypsies: from the Ganges to the Thames"-i buruz

Izan dira eta badira buhame euskaldunak, ijitoak eta euskaldunak dira etniarik eskuzabalenak Espainiako espetxeak hornitzeko orduan, hor ditugu orobat “Rumba Norte” zein “Mal de ojo”, baina euskaldunak oro har ez gara ijitoenganako gurasokeria, ezaxola edo baztertzetik askatu, Alizia Stürtzeren ahalegina gorabehera. Hain zuzen, Donald Kenrick-ek Durangoko azken azokan Stürtzeren “Agotak, juduak eta ijitoak Euskal Herrian” bilatu du, alferrik, agortu baita. Kenrick, 75 urteko poliglota bizkorra, gogotsu dabil euskara hobetzen.

Inguruotako “ijito”, “gitan”, “gypsy”, Egiptotik zetozelakoan ipini zitzaien, txarto: Indiatik datoz. “Romani”a (buhameen hizkuntza) eta hindiera zein punjabiera berdinak dira funtsean. Bestalde, ekialderantzago erabiltzen diren “zigeuner”, “cygan”, “tsigane” eta antzekoak grezierazko “atsingani”tik datoz, hitzez hitz “jentilak”. Baina sekta heretiko baten izena ere bazen.

Gure arteko ijitoen arbasoek aspaldi bezain urruti ekin zioten lekutzeari. Hirugarren mendean Indiako ipar-mendebaldeko hainbat tribuk Pertsiara (Iran) migratu zuen. Zergatik? Aurrena, huno, arabiar eta turkiarrek etengabe inbaditzen zituzten. Hurrena, Pertsiak haien lurra konkistatu eta menperatuek metropolira jo zuten abantaila bila (ohiko mugimendua, beterik daude gaur egun Ingalaterra pakistandarrez eta Paris aljeriarrez zein zuberotarrez).

 Behin Pertsian beren artean elkartu ziren, etnia berri bat sortuz, “rome” izendatu zutena (“rom” “gizaki” da). Hots, Kenricken hipotesiaren arabera, ez Indian baizik Pertsian agertu ziren lehenbizikoz ijitoak, Indiatik zetozen tribu diferenteak nahastearen ondorioz.

Gero batzuek mendebaldera jo zuten geldika-geldika. Europan ekialdetik sartu eta mendebalderantz egin zutela ijitoen lehen aipamenen norabideak erakusten du: Konstantinopla (gaur egungo Istanbul) 1050, Zagreb 1378, Zaragoza 1425, Londres 1513…

Hasieran ez zen arazorik. Urrezko aro gisako bat ere izan genuen, XV mendea, ez baitzen hurrengoak bezain zitala gertatu: jai zoragarria izaten zen herriz herri ibiltzen ziren ijitoen etorrera umeentzat, herri xehearentzat: musika, dantza, zirkoa, magia, ahuntza,  pitonisa, akrobatak... 

Pozaldi laburra. Demagogiarik gabe baiezta daiteke agintariak izan zirela sarraskiak bultzatu zituztenak: alde batetik, nomadak eta desorduko bestak beti izan zaizkie nahasgarri agintari zibilei; bestetik, etorkizunaren igarle haiek egiazko jainko orojakile bakarraren eta bere ordezkari ofizialen larderia kordokatzen zuten. Uste txarrak eragin zituzten, halaber, ijitoen azal ilunak eta jatorri ezezagunak: Atlantidatik ei zetozen, Tubalengandik, turkiarren espioiak omen ziren...

1498an Germaniar Inperio Sainduaren parlamentuak buhameen kanporatzea agindu zuen; baten bat geldituz gero legez kanpo zen, eta hura hiltzea libre. Legedia horixe izan zen lehen genozidioaren oinarria, 1550 inguruan burutua. Europako mendebalde osoan ezarriko dira 1500tik aurrera ijitoen kontrako legeak. Orduz geroztik ikaragarria izan da harremanen gainbehera, nazien ijito-holokaustoa arte, ankerrena juduaren ostean. Kenrickek “Gypsies under the Swastica” liburuan aztertu du. Europan luzaro ijitoa hiltzea ez da hilketa izan. Masakratzen ez zituztenean belarriak ebakitzen zizkieten, beste barik, “buhame izateagatik”, Johnny Faa koitaduari bezala Ingalaterran. Ez da harritzekoa ijito gehienek beren ijitotasuna ezkutatzea, zure arbasoek barne ziurrenik.

Bob Dylani bere amatxik aholkatu zion adeitsua izateko beti jendearekin, denok galdu baitugu gordean guduren bat. Ijitoak gainera urrutitik datoz eta oso bidaia latza izan dute honaino.



Arma-saltzaileek indarkeria gaitzetsi

Markos Zapiain 2009/01/10 17:06

Marwan Barghoutik oroitarazi duenez, Hegoafrikaren aurkako blokeoak ondorio zuzenak ekarri zituen. Baina ez dirudi errusiarrek, asiarrek, europarrek, afrikarrek, hainbat herri arabiar barne, antzeko zerbait errepikatzeko asmoa dutenik.

Espainia ofiziala haserre omen dago, sarraski sionista kondenatu du. Hitzezko gaitzespenak zein merke diren ikusteko, gogora dezagun 2007an Espainiak Israelgo armadari saldu zion teknologia militarra. Greenpeacek eta Nazioarteko Amnistiak salatu dutenez, Espainiak Israelgo armadari bonbak, koheteak, torpedoak, misilak, pistolak eta fusilak saldu zizkion, 1.515.934 euroren truke. Fabricaciones Extremeñas (FAEX), Explosivos Alaveses, Unión Española de Explosivos… negozio biribila egiten ari dira, Espainiako Gobernuak ofizialki baimenduta, baimen berezi batez onartu behar baititu salmenta horiek. Baina beharbada Zapateroren Gobernuak usteko zuen iskilu horiek ez direla erabiliak izateko egiten eta saltzen.

Bien bitartean, Moratinosek, Tzipi Livnirekin telefonoz mintzatu ostean, Hamasi eskatu dio Israelen aurkako misil gehiagorik ez botatzeko, bere kontrolpeko eremuetako triskantza eta odolustea gerarazteko. “Biolentziak biolentzia gehiago dakar”, adierazi du Moratinosek. Europar Batasunak eta zehazki Espainiak sionisten indarkeria kondenatu egiten dute (Frantziak hori ere ez) eta aldi berean, egitez, palestinarren genozidioari laguntzen diote. Izugarri erraza baita biolentzia mintzoz gaitzestea.

Kontraste handia dago jendaki arruntaren protesta suminduaren eta Gobernuen herabekeria eta isiltasun kriminalaren artean. Garbi ikusten da ze jendaila mota izaten den agintaritza eskuratzeko lanak hartzen dituena. Zapatero Siriara joatekoa zen, aspaldi zuen hitzartua; baina  Siria Hamasen aliatu denez, bertan behera utzi du bisitaldia. Ordea, zibilak suntsitzen ari direnak ez dira ez Hamas ez Siria, baizik Israel. Eta Espainiak Israeli arma piloa saldu berri dio, milioi eta erdi pasa euro irabazirik. Agintari horiexek dira gero giza eskubideak errespetatu beharraz lezioak ematen dizkigutenak, eta biolentzia ez gaitzesteagatik alderdi politikoak zokoratu eta sufragio unibertsala txikitzen duten demokratak. “Lotsa, lotsa!”, garrasi egin zuen Yasser Arafatek Sabran eta Xatilan. Umeak guk saldutako armekin akabatzen dituzten bitartean ezikusia egiten duten agintariei guk ere, jende arruntok, “lotsa, lotsa!” oihukatzen diegu. Buruzagi gorenek hala ere golfean jolasten jarraitzen dute. 



Sarraskitzaileen aldeko boto-asmoak gora

Markos Zapiain 2009/01/09 19:21

Nazientzat juduak ez ziren humano osoak. Holokaustotik sortu zen Israel. Israelgo armadak Gaza sarraskitu baino lehen ere, blokeo basatiaren erruz, palestinarrek ez zuten janaririk, ez urik, ez argindarrik, ez botikarik edo erregairik. Erasoak astea aspaldi pasa duen honetan, Tzipi Livnik jarraitzen du ez dagoela krisi humanitariorik aldarrikatzen. Bistan da: Livnirentzat, hainbat agintari israeldarrentzat bezala, palestinarrak ez dira humanoak. .

Libanoko derrotak min handia egin zion harrokeria sionistari. Oraingo etsaia askoz ere ahulagoa da. Hezbolak Libanoren eta Siriaren arteko muga lainotsua zeukan armez hornitzeko. Aldiz, Hamasek etsaiak ditu mugaz bestaldean: Israel bera, eta Egipto. Egiptoren Gobernuak sarraski hau onartu egin baitu, Saudi Arabia eta Jordania orobat arabiarrek bezalaxe.

Sarraskia gorabehera, Hamasek koheteak botatzen jarraitzen du, orain 40 bat kilimetroraino iristen dira Israelen lurraldean. Israeldar militarrik errealistenek diote oldarraldi honen benetako helburua kohete-jaurtiketa hori murriztea dela. Ezta erabat desagertzea ere! Hori Avi Benayahuk aitortu du, israeldar armadaren bozeramaleak. Hamasen kohete-jaurtiketak apur bat gutxitzeko, ehunka zibil aieneka, odoletan, zafraturik, hilik, muinoi bihurturiko neskatxa horiek...

Are larriago, israeldar armada bera eta defentsa-ministroa ez zeuden erasoarekin ados. Hauteskunde-kanpainaren osagaietako bat izaten ari da triskantza. Kadima Likud baino ahulagotzat dute Israelen. Gainera, Kadimakoek Tzipi Livni emakumea aurkeztu dute presidentegai. Emakumea: ahulezia ahuleziaren gainean. Gobernuari eusten dion Kadima alderdiak behartu du sarraskia, Israeli erakustearren badakitela Likudekoak bezain krudelak izaten. Baita arrakasta handiz erakutsi ere, erasoari ekin ziotenez geroztik izugarri egin baitute goiti boto-asmoari buruzko inkestetan. Espainian ere, zenbat ankerrago presoekin eta senideekin, hainbat oparoagoak hauteskunde-emaitzak.



Olibondoetatik Apartheid hesira

Markos Zapiain 2009/01/09 16:00

Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaren sustrai erlijioso, historiko, kultural eta soziopolitikoen inguruan bada aholkatzeko moduko liburu bikain bat, mapez eta ederki hornitua, “Olibondoetatik Apartheid hesira”, Berriako kazetari Juanma Sarasolak idatzia.

Oraingo erasoaldiaz gain, legez kanpoko asentamenduek, kolono fundamentalista zoro horiek, palestinarren lurraren etengabeko lapurreta… horrek noski ez du batere laguntzen. Gaur egun israeldar gobernua da antisemitarik gogorrena, palestinarrak ere semitak baitira.

Ezaguna da sionistek naziekin kolaboratu zutela. Historian halakoak ere gertatzen dira, errotik etsaiak direnek bat egiten dute ezustean. 1937ko irailaren 26an Adolf Eichmann nazia tren batera igo zen Berlinen Palestinan Feivel Polkes-ekin biltzeko. Azkenik El Kairon elkartu ziren. Polkes hau Hagana erakunde sekretu sionistako buruzagia zen. Bileraren helburua, erakunde sionisten eta nazien koordinazioa zehaztea, Alemaniako juduen Palestinarako  emigrazioa errazteko. Naziek ez zituzten Mendebaldean nahi eta sionistek Palestinan nahi zituzten, palestinarrak baino gehiago izateko lehenbailehen. Gertaera arraro honek naziek eta sionista erradikalek helburu komun bat izan zutela erakusten du, biak ahalegindu baitziren bortizki aldatzen beren lurraldeetako talde etnikoen populazioaren proportzioa, biek bilatu zuten garbiketa etnikoa. Halaxe jarraitzen dute sionista modernoek.

Horregatik, Zizekek ederki dioen bezala, juduentzat, Holokaustoaren memoriari fideltasuna gordetzeko modu bakarra palestinarren aurka egiten ari direna bidegabekeria hutsa dela onartzea da eta konponbidea benetan bilatzea. Israelen oraingo politika genozida Holokaustoaren izenean egitea da traizio etikorik okerrena, Holokaustoa izan baitzen Historia osoko genozidiorik zitalena.

Palestinarrek ez zuten inongo erantzukizunik izan Holokaustoan. Gertatu zenik ere ez zekiten. Europa izan zen errudun nagusi. Zentzu horretan, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadekek egia dio: Europako bihotzean sortu behar zuketen Israel, ez Palestinan. Horrela ez lukete ume palestinarrek pairatuko Israelen krimenen aurreko Europaren isiltasun nagia, europarren erru sentimenduaren ondorio besteak beste.  

Argazkiak.org

Markos Zapiain 2009/01/08 20:40
Aukeratu behar izanez gero, nerabe batzuek nahiago dute zapatu gauetik Argazkiak.org-en edo Tuentin eskegitzeko moduko 10 argazki ederrekin etxeratu, bikotekidearekin igarotako goxoaldi polit baten oroitzapenarekin baino.

Asmakuntza berriak medikuntzan, antisorgailuak, biharamuneko pilulak, nerabeen sexu bizitza bizkortu dute. Baita teknologia berri batzuek ere. Luistxo Fernandezen ekarpenen kasuan, hala ere, ez dago batere garbi.

Nerabeentzat sexuak oso garrantzitsua izaten jarraitzen du, zalantzarik gabe. Baina ez ote zaizkio bestelako arrantza mota batzuk nagusitzen ari? Nerabeari, ondo pasatzeaz gain, zapatu gauetako parrandetatik etxera zerbaitekin itzultzea gustatu izan zaio beti: ordu atseginak lagunekin, txortaldi duin bat, oroitzapen politak… Gaur egun nahiago dute zerbait enpirikoagoa eta iraunkorragoa, biharamunean ere jai-giroari eustea ahalbidetuko diena: alegia, argazkiak. Gutxi dira Argazkiak.org-en edo Tuentin edo Face-book-en ez dabiltzanak. Parrandaren helburu nagusietako bat biharamunean argazkietan agertzea da, argazkietan "ondo" agertzea. Aukeratu behar izanez gero, nerabe batzuek nahiago dute zapatu gauetik Argazkiak.org-en edo Tuentin eskegitzeko moduko 10 argazki ederrekin etxeratu, bikotekidearekin igarotako goxoaldi polit baten oroitzapenarekin baino.

Zaila da ordea “ondo” hori zehaztea. Zenbaitentzat ahalik eta mozkor itxura narratsenarekin agertzea da, lurrean botata adurra dariola, lagunarte askotan sinpatiko eta barregarritzat jotzen baita. Beste zenbaitek eder agertzea dute xede, eta edertasun horren inguruan ahalik eta iruzkin gehien pilatzea. Ohikoa da neska bat pose betean agertzea, hipermakillatua, ezin pinpirinago, txit eder. Bere lagun on batek igo du Tuentira argazki hori. Hipermakillatu ederrak, orduan, idatziko du: “Baina nola egin diezadakezue hori, mesedez, supertxarto nago”. Eta lagun batek berehala erantzun: “Ezta pentsatu ere, neska, superguapa zaude, zoragarri!”

Oinarrizko grinek tinko diraute mundu birtualean ere, esaterako lurraldetasunak. Mutil baten argazkia igo dute. Neska batek iruzkina idatzi du, mutila laudatuz, mutilarengana hurbilduz. Orduan berehala mutilaren atzetik dabilen beste neska batek hamaika iruzkin idatziko ditu jarraian, neska sarkinari gaztigatuz bezala: “Alde hemendik, utikan, hau nirea da, bilatu beste norbait”.

Nerabeen mundua, horrela, bitan banatzen da: batetik, beren itxura gogoko dutenak, Argazkiak-en edo Tuentin dabiltzanak; bestetik, beren argazkiak erakutsi beharrak batere graziarik egiten ez dienak. Hauek ez dira derrigorrez itsusiagoak, baizik ez hain nartzisistak.

Argazkiak.org-en adikzioaren ondorioak ez ditugu ezagutzen, baina berriki hamazazpi urteko neska batek aitortu dit nahiago lukeela amak Internet zeharo debekatuko balio. Oraingoz mugak ezarri dizkio, astegun jakin batzuetan ibiltzeko baimena du bizpahiru orduz. Baina ikaslea urduri egoten da ama dutxatzen noiz hasiko, Argazkiak-en sartu eta dutxak iraun bitartean saltseatzeko.

Debekatuaren xarma eta lilura arriskutsua: nerabeak, beste adin batzuetan baino maizago beharbada, barne gatazka gogorrak ari da pairatzen, eta bere buruagandik salba dezatela eskatzen du, agerian edo ezkutuan, gurasoei eta irakasleei: ez dut nahi dudana nahi, ez zenidan eskatu nizuna eman behar. Ez du jakiten benetan zer nahi duen, helduok bezala bestalde, baina gutxiago disimulatzen du. Nerabe mota horrek irakasle arrunt autoritarioak hobetsi ohi ditu.



Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.