Vattimoren agurra gainditzeari
Behin pentsaera gogorrak eta metakontakizunak utzi ondoren, Vattimoren pentsaera ahula duzu indartsuenetakoa gure panoraman. Muturreko jarrera erlatibista erakusten du: egiaren nozioarenak egin du, oinarria ez dabil, ez baitago oinarrian sinesteko inongo oinarririk, ezta, hortaz, pentsamenduak zerbait oinarritu behar duela sinesteko ere.
Vattimok, gainera, pozarren onartu du oinarririk gabe pentsatu ahal izatea, ez da Jainko hilarenganako atxikimendu nostalgikoan erori. Oinarri gabeziaren onarpenari nihilismo deitu dio. Baina Vattimoren nihilismoa ez da erresistentzia-mugimendu tragiko bat, ez da amaiera bat. Habermas ez bezala, Vattimo ez da nihilismoaren mamitzearen eta burutzearen aurka engaiatuko, ez baitu erreaktibo izan nahi: baikorra zaio nihilismoaren aukera, onartu egiten du patu nihilista.
Oinarriaren desegiteak, Jainkoaren heriotzak, ez dakar ondorioz Jainkoarengan alienaturik legokeen giza esentziaren berreskuratzea. Alienazioa ezkorki ikusi zuten Hegelek zein Marxek, ez ziren gai izan zatikatze garaikideak dakartzan aukera positiboak onartzeko. Aitzitik, Vattimok integraziozko ideal harmoniko gisa interpretatzen du. Egiazko mundua fabula bilakatu da, zioen Nietzschek; zorionez, erantsi du Vattimok.
Italiarrak, distantzia kritikoz aztertu badu ere oinarriaren pentsaera modernoa, kritika hori ez du gauzatu egiazkoagoa edo zintzoagoa litzatekeen beste oinarriren baten izenean. Gainditze kritikoari esandako agur berezi bat da Vattimorena, oinarririk gabeko gogoeta berri baterantz bideratua. Ez du inongo berreskuratzerik bilatuko, ezta berpizterik ere, edo itzulerarik jatorrira. Denboraren eta razionaltasunaren esperientzia berezi horri deritzo Vattimok postmoderno.
Berezia da esperientzia hori, ez duelako bere burua egoera aurreratuago bat balitz bezala aurkezten, kualitatiboki desberdina: postmodernitatea, horrela, ez digu saltzen modernoa baino berriagoa litzatekeen zerbait balitz bezala, modernoa baino modernoagoa, baizik eta berritasun kategoriaren desegite gisa, historiaren amaieraren eta posthistorikotasunaren kategorien desegitea. Postmodernitatean aurrerapena homogeneizatze indiferente bilakatzen da, betikoaren errepikatze, etorkizunik eza. Eta Vattimori, gaur egun, historiaren filosofiaren amaieraren ondoren (alegia, aurrerapenaren eta iraultzaren mitoaren amaieraren ondoren), onargarri zaion historiaren filosofia bakarra da historiaren filosofiaren amaiera bere egiten duena. Filosofiak ezin digu erakutsi nora goazen, eta ahal balu ere ez luke halakorik egin behar; aski baitu inora ez doanaren egoeran bizitzen erakustea. Horregatik ez du Vattimok postmodernitatearen eta modernitatearen arteko harremana gainditze dialektiko gisa ikusten (gainditze dialektikoan iragana atzean utzi eta isilarazten baita), baizik eta era deigarri batez: eriondoa zaio postmodernitatea modernitateari, oinazearen osteko harridura, nihilismoaren egunsentia.
Oinarriari eta gainditzeari agur esan izanak askatasun bitxi bat ahalbidetu dio Vattimori, alaikiro egin baitio muzin defentsazko koherentziaren uztarriari eta politikoki politari: besteak beste, ezkerraren aldeko politikan busti da, adierazi du hirugarren munduan ez lukeela bere pentsaera ahula aldarrikatuko, gay ekintzaile da eta kristau. Ezingo bailuke pairatu berekin bizi den katutxoa, hainbeste maite duena, behin betiko desagertzea: beraz, beharrezkoa da zerua eta eternitatea. Bestalde, eurodiputatu izateak Estrasburgon erakutsi dio gure demokrazia hauek ez dutela funtzionatzen, jendea ergeltzeko mekanismoak direla gobernarien aldeko kontsentsuen sortzea errazteko. Inkestek eta publizitatea erosteko ahalmenak erabakitzen dituzte politikak. Telebistan, Liga Nordeko xenofobo bati “potrozorri ergel eta gaizto” garrasi egin dio, eta jakinarazi digu Berlusconi putaner porrokatua dela. Azkenik, eurozentrismo kolonialistaren kritiko zorrotza izan arren, kultura desberdinetara begirunez hurbiltzearen aldezle, Islamera zehazki, hala ere Iran bonbardatzea proposatu du film pornografikoz eta kondoiz, mendebaldea ere gisako tresneriari esker sekularizatu baita.