Schwarzenborgi bisita
Goizeko 8:30etarako behar nuen Portugaleten, Nautikan, selektibitaterako. Arratek hurbildu behar ninduen baina bezperan autoa matxuratu eta garaiz iritsi ahal izateko hotel batean lo egin behar izan nuen Portugaleten bertan.
Egun hartako selektibitateko lanak amaitu ostean, arratsaldeko zortzietako autobusa hartu nuen Bilbotik Iruñera. Hurrengo goizean genuen Zizekekin hitzordua, Baluarten, 10etan; Gorka Bereziartuak eta biok elkarrizketa bat egin behar genion Argia aldizkarirako. (Arraroa egin zitzaigun, arratsaldeko 18:30etan hitzaldia eta goizaz geroztik elkarrizketak ematen ibiltze hori, hitzaldia prestatu beharrean.) Elkarrizketara egokitzearren, autobusean Zizeken hitzaldi bat entzun nuen mp3an, The Ambiguity of Obscenity, youtuben daukazu.
10etan Zizek ez zen agertu. Arkitektura-jardunaldi batean zegoen bere hitzaldia kokatua eta prentsa-arduradunak, arrosaz jantziriko makillaje-zakuak, ez zekien nor zen Zizek. Dei batzuk egin ostean esan zigun hoteleko gela itxita zuela eta ez molestatzeko txartela zuela atean zintzilik, lanean ari omen zen. (Gero jakin genuen goizeko 6etan iritsia zela Los Angelesetik eta lo zegoela.)
Gorka Bereziartua eta biok alderrai ibili ginen Iruñean, pentsatuz ziurrenik ez genuela elkarrizketarik lortuko. Zizekena Berriarako betetzen ari zen Iñigo Astizekin joan zen Gorka bazkaltzera eta ni, berriz, hotelera, selektibitateko azterketak zuzentzera.
Guk selektibitatean genuen mailarekin alderatuta, bistan da oraingo gazte euskaldunek jauzi kualitatibo handi bat egin dutela aurrera eta gora. Hobetuz doa euskal arraza, alegia, euskaraz idazteko trebetasuna. Hori bai, gaur egungo ikasleek Veleiako ostrakek bezain nekez bereizten dituzte ergatiboa eta nominatiboa. Zuzenketa entretenigarri egiten duten bitxiak ere aurkitzen dituzu: “Ortega eta Gasset”, “Cognito ergo sum”…
Bien bitartean, Gorka Bereziartuak kontatu duenez, bazihoazen bazkal ondoren bera eta Iñigo “Baluarterantz Sarasate pasealekutik, eguna alferrik galdu izanaren sentsazioarekin, eta nor ikusiko oinez izozki bat jaten? Bai, Zizek.
Iñigo hurbildu zaio aurrena. Ni atzetik. Eta berarekin joan gara kongresu jauregiraino hizketan, elkarrizketa lotu nahian: Iruñea Espainia ote den galdetu digu; eta erantzuna aditu duelarik, bihar goizerako jarri dugu hitzordua. ’Terrorist meeting’ esan du berak, umorez. Horrela esanda bitxia da. Are bitxiagoa han, Baluarte kanpoan dagoen kafetegian, gorbata inportante askori (Vicente Verdurena, kasu) bizkarra emanda: “I want to talk to basque terrorists’. Bitan, hirutan errepikatu du.
‘Barka
izozkia izorratu badizugu’ esan dio Iñigok agurtzeko.
’Barkatu zuek niri, elkarrizketa atzeratu izanagatik; jo nazazue, egidazue ttu,
nahi baduzue’.”
Zizeken hitzaldia arratsaldeko 18:30etan zen. Aurreko hitzaldia 18:00ak aldera amaitua zen. Aretoa hustu egin zen. 18:15etan sartu nintzen, bigarren ilaran eseri eta hiru metrora eduki nuen Zizeken bizkarra, agertokiaren eta lehen ilararen arteko korridorean, hitzaldiari azken ukituak ematen.
Iñigo Astizek bikain jaso zuen hitzaldiaren mamia Berrian.
Iruinseme ospetsu batek aurkeztu zuen Zizek (bide batez bere burua ere luze eta zabal aurkeztu zuen: “Slavoj presentó su tesis en 1981, y, lo que son las casualidades de la vida, también un servidor presentó su tesis aquel mismo año…”); Zizeken hitzaldiaren osteko eztabaidan moderatzaile aritu behar zuen, baina kexuzko imintzioak egiten hasi zen segituan, Zizekek berak hartu baitzituen bere gain moderatzaile lanak, iruinseme ospetsua zereginik eta berbarik gabe utzirik.
Zizekek hitzaldia eman bitartean lehenbiziko ilaran arkitekto espainol goitiar batzuk zeuden ezin ozenkiago berriketan eta barre algaraz, ez Zizek ez hitzaldiari adi geundenok existituko ez bagina bezala. Hizlariari begiratu ere ez zioten egiten.
Geroxeago, Jose Maria Fidalgok, CCOOko buruzagia izanak (gizon garai bizardun hura, Confidencial batzuek ziotenez PPren satorra), hitzaldi erdian zutitu eta gure aurrekoei (lehenbiziko ilarakoei) goraki jakinarazi zien: “Oyes, que nos vamos pa fuera a echar un cigarrillo”; hiru urrats egin eta berdin, parean egokitzen zitzaizkionei: “Oyes, que nos vamos pa fuera a echar un cigarrillo”. Lau bider berdin-berdin; baina laugarrenekoek entzuna zuten aurreneko jakinarazpena, eta bigarrena, eta hirugarrena! Baita Zizekek ere!
Nola ez dugu ba independentzia nahiko!
Behin amaituta, Gorkarekin berriz ere alde zaharrera, Iñigo Astiz eta beste ultzamar batzuk topatu eta gaueko kontuak. Gorka eta Iñigo erretiratu ondoren Angel Errok eta Ibon Egañak erruz edanarazi zidaten eta bide txarretik eraman Iruña la nuiten barrena.
Biharamun goizeko 10etan genuen elkarrizketa. Artean itsatsirik neukan txamarran eta bihotzean Egañaren eta Erroren xarma. Zizek zeharo puntual agertu zen. Enparantzatik kafetegira gindoazela, ziurtatu zidan psikologoek jakinarazi diotela bere heldutasun maila hamabi urte inguruko nerabearenari dagokiola, eta denborak aurrera egin ahala atzez doala, heldutasuna murriztuz. Erantzun nion adin psikologikoa gorabehera ez nuela imajinatzen hain begi argiak zituenik, hain urdin eta ederrak, Deleuzeren begien kolorearen antzekoagoak Lacanenenarenak baino.
Orduan ohartarazi zidan nire arropa eta begirada kontuan hartuta bistan dela elkarbizitza-ereduren bat aukeratu behar izanez gero Epikuroren lorategia hobetsiko nukeela, bakea eta maitasuna, askatasun indibiduala begirunez harturik; jarrera hori oso arriskutsua iruditzen zaio ordea, eta berak agintea eskuratu bezain laster berreziketa-esparru batean itxiko omen ninduke, ea Gulagean zerbait ikasi eta zuzentzen naizen, zeren zinezko komunitatea, giza talde etikan zintzoa, zorrozki egituratu eta diziplinaturiko komandoa baita, bizia emateko gertu kausa zuzen baten alde.
Kojèveren liburu bat neraman besapean eta jakinarazi zidan adituek orain uste dutela Kojève ez zela KGBren espioia izan; sobietarrei informazio apur bat pasatzen zien, bai, baina mendebaldeko haren buruzagiak jakinaren gainean omen zeuzkan.
Liburua Kojèveren “Esquisse d’une phénoménologie du droit” zen. Azaldu nion euskal konstituzioa idaztean liburu hori aintzat hartuta mamituko ditugula zuzenbideari loturiko atalak. Galdetu nion ea bere ustez edozein konstituziok behar ote duen jarrera filosofikoren bat azken inspirazio gisa, ea idatz daitekeen konstituzio bat freudo-marxista edota hegelo-lacaniarra, ea zein hastapen litzatekeen ezinbesteko konstituzio hegelo-lacaniar batean.
Orduantxe etorri zen Gorka Bereziartua, Zizekentzako Coca-Cola light bat zekarrela, berarentzat kafe hutsa eta niretzat Coca-Cola arrunta.
Zizeki egin diezaiokezu galderarik xumeena eta etenik bat ere gabe erantzun ahalko lizuke orduak joan orduak etorri. Hegelen esanetan, edonondik has daiteke egia osoa dioen sistema filosofikoaren adieraztea, biribila baita: edonondik hasita ere behin itzulia buruturik beti helduko zara abiapuntura. Zizekek ere infinituki luza lezake egiaren adierazpena, baina, eteten diogunez, ezin jakin abiapuntura helduko litzatekeen edo beste norabait. Dena den, Zizekek Hegelengandik adina edaten du Lacanengandik, eta Lacanentzat, Hegelentzat ez bezala, egia ezin da osoa izan.
Edozein gisaz, bere mintzo joria galdera edo iruzkin batez etenarazten diozunean, galdera edo iruzkinik ergelena izan arren, begirunez isildu eta goi mailako arretaz entzuten dizu. Ia baldintzarik gabe dago solaskidearen alde; basque terroristekin bederen eskuzabala eta oparigilea da.
Elkarrizketa hartan ulertu nuen norbaitek karisma duela esaten denean adierazi nahi den ezaugarrietako bat. Elkarrizketak aurrera egin ahala ohartu nintzen galderak egitean ni ere modu konpultsiboz hasten nintzela sudurra ukitzen eta elastikoa azaletik desitsasten eta abar, hots, Zizeki lotsagarrien zaizkion keinuak derrigortuta bezala imitatzen.
Gure elkarrizketa amaiturik Hodei Etxarte eta Iñigo Astizen txanda. Gorka Bereziartua eta biok La Hormiga Atómicara hartu genuen, ezin pozago. Liburu-dendan agurtu nuen Gorka, idazle zoli bezain lagun zoragarri.
Gero, Iruñetik Bilborako autobusean, esertoki ia guztiak libre zeuden arren, 15 eta 16garrena betetzen genituenak elkarren ondoan joan ginen. Emakume heldu eder bat zen, arkitektura-jardunaldietako prentsa-arduradun kutsu opusianokoaren kontrafigura; Zizeken arreba izan zitekeen. Liburu bat zeraman baina ez zuen irakurtzen.
Arbizu inguruan Arratek deitu zidan eta, besteak beste, esan nion Berriak Zizeken hitzaldiaren muina zekarrela, Iñigo Astizek idatzia, eta igandekoak Iñigo Astizek eta Hedoi Etxartek Zizeki eginiko elkarrizketa ekarriko zuela.
Eskegi eta alboko andreak, euskaraz: “Iñigo Astiz horixe da gure semearen lagunik onena. Escudero, Mikel Escudero. Semearekin bazkaldu behar dut orain Bilbon.”
“Hara kasualitatea. Bart arratsean Iñigorekin ibili nintzen Curia karrikan, Ultzamaz eta bertako bentako mamiaz, Lizasoz eta Arco Iriseko hippiez solasean.”
Emakumeak Eleni du izena. Atenastarra sorkuraz, Iruñean sustraiturik bizi da, euskaldun sentitzen du bere burua goitik behera, euskaraz primeran daki eta solaskide argi bezain sakona da; gozamen betea bilakatu zidan Bilborainoko bidea.
Selektibitateko berrogei bat azterketa neuzkan artean zuzentzeko eta oso nota altuak ipini dizkiet.
Lagun batek duela urte asko kontatu zidan Bordelen behin paretak graffitiz beterik agertu zirela Kafkaren aurpegiarekin, eta, azpian, mezua: "Lissez Kafka".
"Lissez Zizek" imajinatzen dut orain.
Elastikoak egin beharko lituzke norbaitek morroi honen aurpegiarekin eta aipuren batekin.
Proposatu aipua, Markos, eta saiatuko naiz diseinua egiten.
Zorionak elkarrizketarengatik, barre pilo egin dut.