Lyotarden agurra metakontakizunei
Lyotardek aitortu du “postmodernitate” izena faltsua dela, ezizen bat. Italiar arkitektoengandik eta Ipar Amerikako literatura- kritikako korronte batetik hartu zuen. Izen aizuna da postmodernitatea, ezin baitu adierazi “modernitatearen ostean datorrena”: “moderno” hitzak “oraingoa” esan nahi du, eta oraingoaren ostean ere oraingoa etorriko da ezinbestez. Lyotardentzat, postmodernitatea beti egon da modernitatearen baitan txertatua, “modernitatearen melankolia balitz bezala, galdutako oinarriagatiko melankolia” hain zuzen. Edozein gisaz, aspaldi zeuden ilustrazioaren argiak kili-kolo mendebaldean, eta, Frédéric Nef-ek seinalatu duenez, Lyotarden jenialtasuna izan da zalantza kritiko hori ganoraz eta arrakastaz bataiatzea: “postmoderno” kontzeptuak osatzen baitu, “deslilura” eta “deseraikitze”rekin batera, altermetafisika deitu izan denaren konstelazioa.
Lyotarden obra oso ugaria den arren (estetikaz dihardu gehien bat), “Izaera postmodernoa” liburua da guri hemen dagokiguna. Berez, “Izaera postmodernoa” jakintzari buruzko txosten bat da, Quebeceko gobernuaren eskariz idatzia. Gizarte kapitalista aurreratuetako jakintza, zientzia eta teknologia aztertzen ditu.
Hasteko, Lyotardek uste du “gizarte” kontzeptua, batasun gisa ulertua (nazio-identitatea balitz bezala), sinesgarritasuna galtzen ari dela: honezkero ezin da ezein gizarte bakar-osotzat hartu, ez multzo organiko gisa (Durkheim-en antzera), ez sistema funtzional gisa (Parsons-en ildotik); ezta ere oinarrian zatitua legokeen batasun gisa, aurkako klaseek osatua (Marx).
Bestalde, Lyotarden definizioaren arabera, zientzia bat modernotzat jo daiteke baldin bere arau propioak oinarritzen eta zilegitzen ahalegintzen bada metakontakizun bati erreferentzia eginez, hau da, bere esparrutik kanpoko kontakizun baten bidez.
Honatx eragin zabala daukaten zenbait metakontakizun: gizakiok berez jotzen dugu jakintzara, jakitea berez gertatzen da (alemaniar idealismoan tipikoa); jakintza agertu zen emantzipazioaren bila zebilen herri menperatu baten mesederako; gizartea bere kideen onerako existitzen da; osotasunak zatiak elkartzen ditu.
Lyotardek dioenez, metakontakizun horiek guztiek teleologia bat eskaintzen dute, gizarte-lotura zilegitzen duena, halaber zientziaren eta jakintzaren zeregina gizartearen baitan. Metakontakizunak asmo “sinesgarri” bat eskaintzen dio ekintzari, zientziari edo gizarteari oro har.
Kontua da gero eta sakonagoa dela oinarritzat erabili nahi liratekeen tankera horretako metakontakizunenganako sinesgaiztasuna. Keyserling-ek zioen ideia orokor guztiak faltsuak direla. Egia, ona, zuzena eta ederra bezalako balio handiak, aurreko belaunaldien entusiasmoa pizten zutenak, hausten ari dira, eta hauskortasun berri horren oinarrian kontakizun handien ahitzea dago. Modernitateak bera baino lehenagoko kontakizun handiak hautsi zituen, oroz lehen kristautasuna; baina ondoren bera ere hautsirik gertatu da, kontakizun handi den heinean. Habermasek modernitatea burutu ez izanari leporatu dio postmodernitatearen auziaren piztea. Lyotardek, aldiz, inozotzat ditu modernoen eta postmodernoen arteko adiskidetze-ahaleginak.
Postmodernitatearen arabera, inongo frogarik ezingo luke jakintzei buruzko eztabaida behin betiko erabaki. Ordenagailuen aroan, bistan delarik konplexutasuna areagotzen ari dela, ahuldu egin da jakintza edo zientzia modu bakar batez oinarritzeko aukera.
Modernitatean eta lehenago, kontakizun jakin batean fedeak konpontzen zituen zailtasunak, erlijio-doktrinaren batean maizenik. Ordea, bigarren mundu-gerraz geroztik, teknikak eta teknologiak jardueraren helburuetatik bitartekoetara aldarazi dute arduraren norabidea. Gaur egun, legitimitate-irizpide nagusia teknologikoa da jakintzen esparruan, eta ez du balio egia eta zuzena zer ote den erabakitzeko.
Beraz, ezin da honezkero zientzia espekulatiboen edo teoria emantzipatzaileen zilegitzea kontakizun handiren batean oinarritu. Heroi handiarenak egin du, orobat arrisku handiarenak eta helburu handiarenak. Aitzitik, gaur egun jakintzetara hurbiltzeko egokiagoa da Wittgensteinen hizkuntza-jokoen filosofia, ez baita hizkuntzaren eta errealitatearen arteko isomorfismoan oinarritzen, ez du hizkera jakin bat beste guztien gainetik jartzen; hizkuntza-joko desberdin ugari dago, arrunt heterogeneoak.
Edozelan ere, Lyotardek salatzen duenez, klase politikoaren gogoeta emantzipazioaren erretorikak bultzatzen du oraindik. Baina gogoeta horrek ez du lortzen ideal modernoari azken bi mende hauetan eraginiko zauriak orbaintzerik. Mundu-gerrak, totalitarismoak, iparraldeko aberastasunaren eta hegoaldeko txirotasunaren arteko tarte gero eta handiagoa, langabezia eta “pobretasun berria” deiturikoa, kultura gabetze orokorra, eskolaren eta jakintzaren transmisioaren krisia, abangoardia artistikoen isolamendua (eta gaur egungo arbuioa): hori dena ez du aurrerapen faltak ekarri, baizik eta garapen teknozientifiko, artistiko, ekonomiko eta politikoak.