Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Ana Garcia Obregon

Markos Zapiain 2010/01/28 10:43

Espainiako bi zurrumurrurik ospetsuenak dirateke, batetik armairuan gorderiko Ricky Martini buruzkoa Sorpresa sorpresa programan, eta bestetik Ana Garcia Obregoni hegazkinean zihoala presioagatik titiak zartatu eta aulkiak, bidaiariak, azafatak silikonaz zipriztindu zituenekoa.

Hegoaldean oso ezaguna bada ere, iparraldeko haurrideei Garcia Obregon aurkeztu beharko dizuet: artista osoa da, abeslaria, dantzaria, arrakasta handiko aktoresa. Gainera berak dio Biologia ikasi zuela AEBetan, inork sinesten ez dion arren. Madrilgo aberaskumeen hizkera amorragarria darabil, baina badu zerbait Espainia liluratzen duena, telebistako audientziek erakusten dutenez.

Ana y los siete enanitos izan zen telebistarako egin zuen azkenetariko seriea, Ana eta zazpi ipotxak, eta, egia esan, etikari dagokionez Espainia oso txikia da Anaren aldean.

Titi-eztandaren zurrumurrua, bistan da, mendeku gogorra da.

Zer leporatzen dio zehazki Espainiak Garcia Obregoni? Funtsean, bere sexu bizimodu librea. Hedabide hori eta arroxen gaitzespenak gorabehera, bikotekide ugari izan du, zein baino zein ederragoa gorputzez, zein baino zein indartsuagoa. Ia ez dakite hizketan, baina Anari ez zaio axola: futbolistak, kondeak, modeloak… badator futbolista bat Real Madridera, Anari gustatu, futbolista Madrilen dabilen bitartean ondo pasatu eta gero Liverpoolera joan behar badu, agur eta etorriko da besteren bat, edo harrapatuko dut.

Anaren aurkako herra fideltasuna eta pudorea bezalako balioak gorde ez izanak eragin du, eta ez aktore txarra izateak: askoz ere txarragoa da Antonio Resines, eta herriak ez ditu bere aurkako zurrumurruak asmatzen. Fideltasuna eta pudorea berez ez dira txarrak, baina Espainian ezinbestean hartzen dute kutsu kristau-frankista okaztagarri bat, eta zentzu horretan Ana Garcia Obregon Etikako andereño eta gidari zuzen eta egokia dugu.

Bestalde, titi-zurrumurru hau teknofoboa ere bada, Jainkoak edo naturak eman digun gorputza bere horretan ez uztea eta nork bere modura asmatzeko nahia ere zigortzen duen heinean: kontuz teknologia berriekin, onartu sorkuraz jaso duzuna, baztertu Prometeo.

Zurrumurru horrek naturaren mendekua adierazten du, natura aldatzen gehiegi ausartu den gizakiaren aurka; zurrumurruaren mezu morala, daukazuna bere horretan onartzearen aldekoa litzateke. Utzi bakean eman zaizkizun titiak, bai, baina gainera hobe oinez ibiliko bazina eta ez hegazkin harro horietan. Zurrumurru honetan Thoreau, Orixe, Heidegger eta Pablo Sastre genituzke barnebildurik Ana gaixoari errieta eginez. 

Jaurlaritzen biltze askatasuna

Markos Zapiain 2010/01/27 08:48

Maldivetako gobernuak urpean egin du berriki ministro-kontseilua. Lehenbiziko aldia da historian. Ministroek hilabete bi zeramatzaten entrenatzen. Helburua, beroketa klimatikoaren ondorio penagarrien gainean arreta deitzea, bereziki kaltegarriak baitira Indiako Itsasoko artxipelago horretan.

Presidentea izan zen uretan murgiltzen aurrenekoa; ondoren ministroak, lohihartzeko egokiak eta eskafandrak jantzita eta aire-botilekin.

Hamar bat ministro murgildu ziren sei metro inguru, eta ferra formako mahai baten inguruan kokatu ziren. Gero, mundu osoan eragingarria izango den ekintza bat abiaraztea erabaki zuten, karbono-isuriak murriztea xede.

Gizatasun sakon baten adierazpena da ministro-bilera urpean egite hori. Izan ere, gainerako animaliek naturak predeterminatu dizkien eremuetan baino ezin dituzte beren bilerak egin: itsasoan legatzek, miruek zeruan. Gizakia den piztiari, berriz, lur azala dagokio berez. Ordea, artifizioen bidez, urpean ere mugitzen eta bizitzen badaki, urpekarietan; airean ere bai, hegazkin eta sateliteetan. Polita litzateke gure Jaurlaritzak askatasun hori baliatzea Pluton aukeratzeko hurrengo batzarleku.

San Bitoren agerraldi artistikoa

Markos Zapiain 2010/01/26 09:52

Erresuma Batuan bada Arts Council izeneko agentzia bat, artea bultzatzeaz arduratzen dena. Hamabost mila eta bostehun euro ordaindu dizkio Rita Marcalo emakume dantzari epileptikoari, sendagaiak aldi baterako hartzeari utzi eta agertokian atake batek jo diezaion. Epileptikoei laguntzen dabiltzan erakundeek gogor kritikatu dute eskaintza.

Rita Marcaloren aktuazioa dantzaren, mugimenduaren eta epilepsiaren arteko mugen eta loturen gaineko ikerketa gisa aurkeztu eta saldu dute. Hogeita lau orduz luzatuko da. Marcalok ez du lorik egingo. Arts Council horrek Marcaloren ikuskizun polemikoa diruz laguntzeko erabakia zuritu du adieraziz artista garrantzitsu bat dela, eta bere lanak merezi duela.

Epileptikoei laguntzen dieten gobernuz kanpoko erakundeek, berriz, gogor kritikatu dute Arts Councilen ekimena. Eritasuna ikuskizun munstrotsu bilakarazteko nahikeria apetatsua salatu dute, eta ohartarazi medikazioaren etetea biziki arriskutsu gerta litekeela. Soziedade Nazionaleko neuropsikologo Sallie Baxendaleren ustez, Marcaloren ikuskizunak ez dio grotesko hutsa izateari utziko, onartzen duen arren jendeak aurrerantzean eritasuna maizago ekarriko duela hizpidera, eta hori onuragarria dela.

Rita Marcalo dantzaria bera da “Dissidence” dantza-konpainiako zuzendari artistikoa. Dissidence Ingalaterrako Leeds-en dabil lanean. Marcalo hamazazpi urte zituenez geroztik da epileptiko. Bradfordeko antzokian erakutsiko duen ekitaldiaren bitartez Marcalok minusbaliatu gisa omen duen bestelako nortasunaren ikerketan sakondu nahi duela dio, berak “bere beste nortasun” deritzon hori arretaz aztertu.

Ikuskizunean argi estroboskopikoak erabiliko dira, hala nola bereziki diseinaturiko programa informatikoak musika eta zarata urdurigarria sortzeko, eta protagonistak barauari eutsi beharko dio, ez du lorik egingo, artifizialki igoko du gorputzeko beroa sukarra eragiteraino, eta garuneko jarduera bizkortzeko pizgarriak hartuko ditu, besteak beste alkohola eta tabakoa. Epilepsia-atakea berehala etorriko ez denez, beste dantzari batzuk ere arituko dira publikoa alegeratzen.

Antzerki konpainiak dioenez, “une jakin batean Marcalo epilepsia-atake batek joko du ziur aski. Hori gertatzean alarma-hotsa entzungo da, bizi eta bortitzagoa izango da argitasuna, musika entzuteari utziko diogu eta kamerek atakea grabatuko dute.” Konpainiak publikoa animatu ere egin du, telefono mugikorren bidez harrapa ditzan epilepsia-dardarak.

Onfray versus Freud

Markos Zapiain 2010/01/25 10:30

Hamar tesi hauek laburbiltzen dute Freudek eta psikoanalisiak nola ikusten duten Freud eta psikoanalisia:

1-Freudek berak bakarrik aurkitu zuen inkontzientea, autoanalisi biziki ausart eta heroiko bati esker.

2-Lapsusak, huts egindako ekintzak, txisteak, indiskrezioak, izen berezien, zenbakien edo proiektuen ahazteak, egonezinak, eta abar, psikopatologia bat eratzen dute, eta beren bidez inkontzientera hel gaitezke.

3-Ametsa interpretagarria da: zapaldutako desira baten adierazpen mozorrotua den heinean, inkontzientera iristeko bide nagusia da.

4-Psikoanalisia behaketa klinikoan dago oinarritua eta zientziari dagokio.

5-Freudek teknika bat aurkitu du, etzalekuaren eta solasaren bitartez psikopatologiak sendatzea ahalbidetzen duena.

6-Saio analitikoan, inkontzientean zetzan desira zapaldu bat kontzientziara agertzeak eta hitzetan jartzeak sintomaren desagertzea dakar.

7-Edipo konplexuaren arabera, umeak sexu-desiraz maite du berearen kontrako sexuko gurasoa, eta bere sexu berekoa, berriz, sinbolikoki hil beharreko etsaitzat du. Unibertsala da Edipo konplexua.

8-Psikoanalisiaren aurkako erresistentziak adierazten du uzkurrak bere burua ezagutzeari ikara diola; psikoanalisiaren ideiak ez onartzeak ukatzailearen neurosia erakusten du.

9-Jakintza mota askatzaile bat da psikoanalisia.

10-Freudek Ilustrazioko filosofiaren razionaltasun kritikoaren iraupena bermatzen du.

 

Caengo Unibertsitate Popularrean Michel Onfray Freuden obra ari da aztertzen aurten. Goiko hamar tesiak honela kritikatu ditu:

1-Freudek inkontzientearen hipotesia hemeretzigarren mendeari dagokion testuinguru historikoan adierazi du, hainbat irakurketaren ondoren, batik bat filosofikoak (oroz lehen Schopenhauer eta Nietzsche), baina zientifikoak ere bai.

2-Egia da eguneroko bizitzako psikopatologiaren istripuek zentzua dutela, baina ez derrigorrez errepresio libidinalari lotua, are gutxiago Ediporen errepresio hutsari.

3-Ametsak badu zentzua, baina, aurreko kritikaren ildotik, ez nahitaez libido hutsari edo Edipo hutsari lotua.

4-Psikologia literarioari dagokio psikoanalisia, Freuden autobiografia du sorburu, eta zoragarri funtzionatzen du Freud ulertzeko orduan, baina Freud ulertzeko orduan baino ez.

5-Terapia analitikoa pentsamendu magikoaren adar bat da: ez du sendatzen plazebo-efektuaren muga zorrotzen barruan baizik.

6-Erreprimitutakoaren kontzientziaratzeak egundo ez du mekanikoki ekarri sintomen desagertzea, are gutxiago sendatze osoa.

7-Unibertsala izatetik urruti, Edipo konplexuak Sigmund Freuden ez besteren ume-desira adierazten du.

8-Freudek pentsamendu magikoa ukatzen du; hala ere, psikoanalisia onartzea pentsamendu magikoaren patua berriro aztiaren esku uztea litzateke.

9-Askapen-itxurapean, kateak beste lege batzuetara aldatu ditu psikoanalisiak. Lege hauekin eratu da psikologismoa, erlijioaren osteko erlijio sekularra.

10-Freudek XVIII. mendeko Ilustrazioaren etsaietako bat mamitzen du, Antifilosofia izendatu zutena, filosofia razionalistaren ukoaren formula filosofikoetako bat.

Ene bolen distira (eta 4)

Markos Zapiain 2010/01/24 18:59

Indoeuropar orok onartu du beste barik Morroiaren hipotesia, Wikipedia barne: maleta hutsik egon da beti.

Hainbat zalantza-zirrikitu ari da zabaltzen ordea.

Izan ere, jende guztia dabilen arren maletaren atzetik barruan milioi dolarra daukalakoan, maleta desagertu egingo da. Morroiaren autoa lapurtu eta maleta eraman egingo dute. Autoa aurkitzen dutenerako maleta ez dago, betirako galduko da maletaren arrastoa, Bunnyrenaren kontrara, porno-izarra berriro agertuko baita Lebowskiren jauregian, deus agitu ez balitz bezala.

Morroiak Lebowski iruzurtiari kontatzen dionean bere hipotesia, maleta hutsik eman ziola leporatuz, elbarriak ez du ukatzen, baina ezta onartzen ere. Alegia, ezinezkoa da goitik beherako ziurtasunez maleta hutsik zegoen ala ez erabakitzea. Morroiaren hipotesia da maleta hutsik zegoelakoa. Baina filmean pilo bat bider egiten dute kale Morroiaren hipotesiek.

Gurutzatuek Jerusalemen ez bezala, Morroiak egiaztatu ere ezingo du egin hilobia hutsik dela. Ezingo du maletaren hustasunetik jakinduriazko perlaren bat ondorioztatu. Filmeko kontakizuna amaitutakoan errusiar zuriak edaten eta bolajorran jarraituko du Morroiak, bere bolei brilloa ateratzen. Horratx egiteko inbidiagarria, irudika litekeen proiektu existentzialik sakon eta ederrenetarikoa hurrengo urteotarako: nork bere bolak distiraraztea.

Maleta hutsik (The Big Lebowski 3)

Markos Zapiain 2010/01/24 13:36

Ezustean buru argitasun kolpe batek ezkutuko amarrua ikusarazi dio Morroiari: hasieratik beretik hutsik zegoen maletatxoa. Elbarriak bahiketaren aitzakiaz umezurtzak laguntzeko fundaziotik milioi dolarra atera eta beretzat gorde zuen. Maleta hutsa eman zion Morroiari, hau ohartuko ez zelakoan, ergeltzat baitu: berari egotziko zion nihilistekiko tratuan dirua galdu izana. Nihilistek, behin konturatutakoan maletak ez zeukala dirua, hil egingo zuten beharbada Bunny, baina Lebowskiri berdin zitzaion nihilistek Bunnyrekin egin zezaketen edozer, sakela bete milioi bat dolar eta ibili munduan.

Morroiaren intuizioaren arabera, bahiketa bezain inexistentea da horrenbestez maletako sosa. Bunnyren desagertzea, Jackie Treehornen atzaparretatik ihesi edo auskalo, nihilistek erabili nahi izan zuten aurrena, Lebowskiri bahiketa bat zela sinetsarazi eta milioi dolarra eskatzeko emaztearen truke. Eta gero Lebowskik berak nihilisten bahiketa aizuna aprobetxatu nahi izan zuen milioia umezurtzen funtsetatik bahiketaren aitzakiaz desbideratu eta bereganatzeko.

Morroiaren hipotesiari jarraiki, itxura hutsa izan zen Lebowskiren haserrea ohartu zenean Morroiaren bitartekaritza lanek huts egin zutela: ez zen izan Morroia erantzule sentiarazteko antzerkia baizik.

Eta hezur-haragi zinezkoa baldin bazen ere ebakitako behatza, beren burua bahitzailetzat saldu nahi zuten nihilistek elbarri ustez aberatsari milioiaren ordainketa azkartzeko presio gisa bidali ziotena, ez zen haatik Bunnyrena, nihilistek ziurtatu eta elbarriak sinetsi legez, baizik alemaniarretako baten neskalagunarena.

Film osoan Morroia eta bere lagunak maleta baten atzetik dabiltza, milioi bat dolar gordetzen ei duena, baina, Morroiaren ustez bederen, hutsik dago. Sekulako buruhausteak, ikerketak,arriskuak, zafraldiak, are Donny lagun-minaren heriotza, maletagatik; eta maleta hutsik.

Jesukristoren hilobi hutsak bezala kristauei, erakutsiko ote dio zerbait Morroiari, tokaio elbarriak eman dion maletako hustasunak?

Bunnyk alde egin du (The Big Lebowski 2)

Markos Zapiain 2010/01/24 11:27

Jeffrey Lebowskiri The Dude deitzen dio jende guztiak, Morroia, guk ere bai aurrerantzean. Hippy alferrontzi bat da, ardura nagusi duena Walter eta Donny adiskideekin bola-jokoan aritzea eta “errusiar zuria” izeneko koktela edatea: erdia vodka, laurden bat kafe-likore eta beste laurdena esnegain; izotza erantsi behar zaio. Egun batean, etxera heldu eta ezezagun batzuek jipoitu egiten dute eta alfonbran pixa. Baina Morroiaren ustez kohesioa ematen zion alfonbrak gelari.

Morroiak jakin du badela beste Jeffrey Lebowski bat, milionarioa, elbarria, eta beregana joko du beste alfonbra bat exijitzera. Azken batean, Lebowski aberatsarekin nahastu dutelako pairatu du astinaldia eta pixa egin diote alfonbran; milionarioak zor moral antzeko bat izango luke Morroiaren uste apalean, bere alfonbra bat eman beharko lioke pixatu diotenaren ordainez. Lebowski jakina ez dator bat eta txoritara bidaltzen du bortizki Morroia.

Edonola ere, Jeffrey Lebowski ez da berez aberatsa, bere lehenbiziko emazteak zuen diru pilo ikaragarria, eta hil zenean bien alabari utzi zion. Lebowskik umezurtzei laguntzeko fundazio bat kudeatzen laguntzen du eta alabak soldata koxkor bat ordaintzen dio. Handikeriak eta banitateak galtzen dute ordea.

Halatan, Lebowski elbarria Bunny porno-izar gaztearekin ezkondu da, trofeo polita, alabari jasangaitz zaiona. Bunny zorretan da Los Angeles erdiarekin eta bereziki Jackie Treehorn film pornoen ekoizlearekin.

Treehornek Lebowski presionatzeko agindu die bere lekaioei, eta hauek dira hain zuzen bi Lebowskitarrak nahasturik film hasieran elbarri aberatsa beharrean Morroia jipoitu eta tapizean txiza egin diotenak.

Treehornen gorilak eta ziurrenik beste asko atzetik dituela jakinda, Bunnyk hanka egingo du bolada baterako. Edo agian besterik gabe. Inork ezin du loreontzi ninfomanoa kontrolpean atxiki.

Bunnyk laguna du alemaniar jatorriko Uli, film pornoak egin dituzte biek Jackie Treehornentzat, besteak beste "Desbuxatzailea" eta “Zulogilea”. Ulik tekno-pop talde bat zuen Alemanian, Autobahn, Kraftwerk-en gisakoa; baina orain, Los Angelesen, alemaniar musikari ohiak nihilista bilakatu dira, ez dute ezertan sinesten.

Jakiten dutelarik Bunnyk alde egin duela, honen senar Lebowskiri Bunny bahitu dutela sinetsarazi nahiko diote. Milioi bat dolar eskatzen diote emazte gaztearen ordainez.

Orduan Lebowski elbarria Morroia ustez tentelaz oroitzen da; bere jauregira deitu eta maletatxo bat ematen dio, filmaren bilakaera erabakiko duen maleta, barruan milioi dolarra omen daukana, eta Morroiari agintzen dio bahitzaileei dirua eman eta emaztea berreskuratzeko. Morroiarentzako saria, bitartekaritza lana arrakastaz burutuz gero, hogei mila dolarrekoa.

Morroiak porrot egingo du noski. Ez hori bakarrik: bere autoa lapurtzen diote, barruan maleta daukana; berriro aurkituko du autoa, baina maletarik gabe. Ordutik aurrera ez dugu maletaren arrastorik izango, Morroiak bere bila dabilela jasoko dituen arren astindurik ikusgarrienak.

Berragertutako autoan Institutu bateko ikasle baten apunteak daude, eta aztarna interesgarritzat hartzen ditu Morroiak, baina ikaslearen aukerak ere ez du aurrera egingo, erabat hermetikoa eta tentela baita, ergelkeria sorraren hezurmamitzea.

Eta gainera berdin dio. Zergatik? 

Ergel ugari (The Big Lebowski 1)

Markos Zapiain 2010/01/24 10:18

Hegelek kontatu du gurutzatuak Jesukristoren hilobiaren bila joan zirela Jerusalemeraino, odola eta sua lagun eta etsai, baina hilarria altxatu eta hutsik aurkitu zutela. Eta gurutzatuei eta kristauei hustasun hark erakutsi ziela Jesus ez dela gorpu fisiko bat, ez dela kanpoko begiez bilatu behar, baizik norberaren baitan eraiki eta barruko begiez ikusi behar dela Jesus, zentzumenen banitatea gaindituta.

Coen anaien ikergai nagusia ergelkeria da. Beren protagonistek Dostoievskiren Tentela dute aurrekari, baina zentzu lausoan: Mixkin Printzea erdi santua da, mimetismoaren txapelduna, aurrean egokitzen zaion edonoren osagarri intimo. Aldiz, Dostoievskiren gainerako ergelen ezaugarri nagusia, Deleuzek dioenez, ezinegon handi bat da, etengabe mugitu beharra, kontu garrantzitsuak edukita esku artean itxuraz, baina zinez inongo norabide eta helbururik gabe, eta honek egiten ditu Coen anaien ergelen iturri.

Dostoievskiren protagonistak lantokian jakin du maitearen etxea suak hartu duela, eskailerak arrapaladan jaitsi ditu urduri eta negarrez, badoa maitea salbatzen ahalegintzera, baina bidean koinatua topatu du, anitz jenderekin zorretan dena aspaldidanik, badoaz tea hartu bitartean arazoaz mintzatzera, eta, lau orduko kalakaren ostean koinatua agurtu eta protagonista berriro jartzen da urduri eta hasten da negarrez, oroitu baita sutan dela maitearen etxea, halaxe jarraituko du ziur aski, badoa berriro maitea salbatzen ahalegintzera, eta abar.

Giza tentelkeriaren esparru zabal eta aberatsa kasu zehatz batera mugatu dute Coen anaiek: gaizkileen ergelkeria. Gaizkile ugari, hori bai, denak desberdinak: psikopata, mafiosoa, aberatsa, irakaslea, txiroa, ikaslea, nihilista, legez kanpoko proiektu batean harrapatutako amerikako estatu batuar arrunt eta koldarra, pederasta, ezjakina, jantzia, Vietnamen borrokatutakoa, eta abar. Denak ergelak eta denak gaizkileak. “Irakurri ostean erre” egitera zihoazela, Brad Pitti esan zioten: “Brad, badiagu pertsonaia bat ezin hobeto jokatuko duana, hiretzat berariaz idatzia, zeharo ergela baita”. 

Aingeruak Kalakan

Markos Zapiain 2010/01/22 09:10

ETBko Kalaka programaren hasieran oso maiz deitzen ninduten, sarritan hainbat astez jarraian, edozein eztabaidagairako. Gai jakin batzuetara mugatu ninduten gero: batetik, apaizen eta kristauen arerio gisa jokoa eman nezakeelakoan, eta bestetik, nerabeen aita eta irakasle naizen heinean: irakaslearen autoritate galdua, gazteak eta droga, horrelako gaiez solastatzeko. Azkenik, mahai ingurutik harmailetara baztertu ninduten: ordu bi bizkarrik gabeko aulki ezin deserosoagoan. Hurrengo urratsa noski harmailetako bazterretik putzura bultza nazaten izango da, hilobira. Aspaldi honetan ez didate deitzen, ezta betiko bi kontu horien inguruan mintzatzeko ere. Aspertua dut Euskal Herria. Bizitzaren metafora da Kalaka, etengabeko gainbehera errukigabea.

Etxean, horrenbestez, Munillari buruzko Kalakari begira, deigarri gertatzen zen kontraste hau: gotzainaren kritiko Pako Aristik eta Joxe Arregik aingeru itxura nabarmena dute, Arregik aingeru perbertso xamarrarena, hori bai; aldiz, Munillak berak Luziferren eitea du; eta Inazio Azkoagak, are larriago, Santa Kruz Apaizarena. Biek dirudite infernutik jalgi berriak, telebista ikusleak ere sumatzen du sufrea. Askoz ere errazkiago jar lekizkieke Rafaelen margolaneko bi aingerutxo ospetsuei, besoak aurrean bermaturik gora begira daudenei, Aristi eta Arregiren aurpegiak, Azkoaga eta Munillarenak baino.

Urola bailarako kerubinei so, Mateoren ebanjelioa etorri zitzaidan gogora: Berpizkundean, gorputzen Piztueran, zeruko aingeruak bezalakoxeak izango gara gizonak eta andreak. Eta aingeruak, Jainkoaren hurbiltasunari esker, izaki nagusiak dira, goitiarrak. Historian aurrera goazela sinestera, halatan, gizaki arrunton etorkizuna irudikatuko lukete Arestik eta Arregik.

Purua emakumearen ahoan

Markos Zapiain 2010/01/21 10:45

Herenegun, etxepeko tabernan kafesnea eta kruasana gosaltzen ari nintzela, bakardade baketsuan, aurrez aurre emakume bat egokitu zitzaidan, martinia zurrupada laburrez edateaz batera zigarro purua erretzen ari zena. Iruditu zitzaidan purua berotasun lizun batez erretzen zuela, ahoratu eta ezpainez maitekiro laztantzen zuela, sexualki. Gainera, aldi berean begiratu egiten zidan. Monica Lewinskyren antza hartu nion.

Hurrengo orduan Etika nuen eta idazlan bat eginarazi nien ikasle koitaduei: Zer iradokitzen dizu emakume bakarti batek tabernan purua erretzeak? Zergatik zaigu desberdin emakumearen ahoan purua eta zigarreta? Nondik nora onartzen ditugu beste barik puruak gizonezkoen ahoetan, frontoian kasu, eta, aldiz, kezkagarri zaigu, urdurigarri eta pizgarri, emakume baten aho pintatuaren barruan? Horixe galdetu nien gure ikasleei, alegia, herriari. Herriarentzat, dudarik ez: motxinbero bat da, erdi puta eta zerria.

Gizarte kontrolak gogor egiten die eraso emakume purudunei, gizarteak arriskutsutzat duen askatasun bat adierazten dutelako beharbada: emakumearen ekimen autonomoa, bere kabuz desiratzeko ahala eta eskubidea.

Horregatik ikusiko da agian maizago purua emakume helduen ahoetan (gizonezkoen artean berdin, puruzaleago heldua gaztea baino).

Freudentzat, zakila da purua, erremediorik gabe, eta puru erretzea, berriz, lagun talde maskulinoetako homosexualtasun zapalduaren adierazpen eta arnasbide. Alta, Freudek berak 20 bat puru erretzen zituen egunean, eta maiz ageri da argazkian puruari dotore eutsiz. Diotsozu Freudi: "Purua zakila da eta zuk egunean hogei puru. Beraz…". Freuden erantzun tipikoa: “Purua ia beti da faloa, baina kasu bakan zenbaitetan ez. Adibidez, nik erretzen dudanean, purua ez da purua baino”.

Apustua masturbazioaren ordezkoa delako, eta purua zakilarena, horregatik irizten dio agian gizarte kontrolak zigarro puruari erdi naturala emakumearen aho barruan soilik baldin aldi berean makina txanpon-jalean olgetan badabil.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.