Mintzo profetikoaren ordez ikuskizun apokaliptikoa
Deleuzek Itun zaharreko mintzo profetikoa eta kristauen talde-arimaren ikuskizun apokaliptikoa kontrajartzen ditu, proiektu profetikoa eta programa apokaliptikoa. Zeren profetak itxaron, badu itxaroten, herraz mukuru beterik gainera, baina ez dio horregatik denboran eta bizitzan jarraitzeari uzten, eta etorrera baten zain dago. Eta etorrera ezustekoa eta berria bailitzan itxaroten du, bere presentzia edo ernatzea Jainkoaren proiektuan soilik ezagutzen baitu; kristautasunak, aldiz, ez dezake itzulera baizik itxaron, azken xehetasuneraino programaturiko itzulera. Izan ere, baldin Kristo hil bada, grabitate-zentroa lekualdatu egin da, honezkero ez dago bizitzan, baizik bizitzaren atzealdera igaro da, bizi-oste batera. Kristautasunak patu geroratuaren zentzua aldatu egiten du, ez baita soilik geroratua, baizik ostekotua ere, heriotzaren ostean kokatua: Kristoren heriotzaren ostean edo norberaren heriotzaren ostean. Nietzsche: “San Paulo mugatu zen bizitza ororen grabitatea bizitza horren ostera aldatzera, berpizturiko Kristorengana. Sakonean, berreroslearen bizitza ez zitzaion inolaz ere erabilgarri, heriotza behar zuen gurutzean eta beste gauzatxoren bat...” Orduan, epe ikaragarri, ezin luzeagoa bete beharrean aurkitzen gara, Heriotzaren eta Amaiaren artean, Heriotzaren eta Betieraren artean. Ezin da bete ikuskizunez baino: “begiratu nuen, eta hara...”, “orduan ikusi nuen...” Ikuskizun apokaliptikoak mintzo profetikoa ordezten du, programazioak proiektua eta ekintza, fantasia-antzerki batek ordezten ditu nola profeten akzioa hala Kristoren pasioa. Ameskeriak eta mamuak, mendeku-senaren adierazpen dira, ahulen mendekuaren iskilu. Apokalipsiak profetismoa eten egiten du, egia da, baina batik bat Kristoren immanentzia dotorea hausten du: Kristok betiera lehenbizi bizitzan sentitzen baitzuen, bizitzan senti baitaiteke soilik, honaindiko gorputzean baino ezin baitzara zeruan sentitu.