Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Enpresaburua eta azken langile izugarria

Enpresaburua eta azken langile izugarria

Markos Zapiain 2011/01/13 15:53

 

Zehaztu beharra dago: Lawrencek, Apokalipsiak eragiten dion laztura guztia gorabehera, laztura horren bitartez hain zuzen, begikotasun ilun bat sentituko du, miresmen antzeko bat, liburu horrekiko: sedimentatua eta geruzatua izateak eragiten dio. Nietzscheri ere lilura berezi bat sentiarazten ohi zion lazgarri eta nazkagarri zitzaionak: zeinen interesgarria, zioen. Zalantzarik gabe, Lawrencek begikotasuna dio Patmoseko Joani, interesgarri aurkitzen du, gizakirik interesgarriena apika: erakargarriak zaizkio haren gehiegikeria eta harrokeria.

Izan ere, “ahul” horiek, herrazko gizaki horiek, mendekuaren zain daudenak, gogortasun bat dute beren loriaren alde baliatu dutena. Nondik datorkie, haatik, gogortasun hori? Beren ezjakintasun sakonak –oi liburu baten bakartasuna, LIBURUA, Biblia noski, baina bereziki Apokalipsia–, gai egiten ditu oso antzinako geruza baten bultzadaren aurrean zabal daitezen, besteek jadanik ezagutu nahi ez duten sedimentu sekretu baten aurrean.

Adibidez, San Paulo aristokrata bat da oraindik: inolaz ere ez Jesus bezalakoa, baizik bestelako aristokrata, ikasiegia bere programa traiziona lezaketen sedimentuak ez ezagutzeko, eta hortaz ezabatu edo zapaltzeko. Zelako zentsura ezartzen dion San Paulok hondo paganoari, zelako selektibitatea hondo juduari. Hondo judu berrikusi eta zuzendu baten beharra dauka, konbertitua, baina hondo paganoa ezkutuan gorde dadin behar du. Eta badu aski kultura hori egiteko;

Patmoseko Joan, berriz, herriko gizona da, Galesko meatzari ezjakin antzeko bat. Lawrencek Apokalipsiaren bere iruzkina hain ongi ezagutzen zituen eta liluratu zuten meatzari ingeles horien potretaz hasten du: gogorrak, hagitz gogorrak, aginte basatiaren zentzu berezi batez hornituak, erlijio gizakiak –mendekua, buruloriatzea–, Apokalipsia astinduz, asteartetako beila ilunak antolatuz antzinako kapera metodistetan. Beren buruzagi naturala ez da Joan apostolua ez San Paulo, baizik Patmoseko Joan. Kristautasunaren arima taldekoi eta popularra dira; San Paulo, berriz (baita Lenin ere, Lawrenceri zor diogu gerora Alain Badiouk eta Slavoj Zizekek etekin komunista aterako dioten San Pauloren eta Leninen arteko parekatzea), herrirantz doan aristokrata bat da. Meatzariak adituak dira geruza kontuetan. Irakurtzea ez dute beharrezko; aski zaie beren baitan orro dagien hondo paganoa. Hain zuzen, zabaldu egiten zaizkio geruza pagano bati, iratzarri egiten dute, berengana etor dadin behartzen; ondoren “ikatza da, Kristo da” esatera mugatzen dira. Geruza desbideratzerik ikaragarriena egiten dute, mekaniko-tekniko bilakatuz kristau munduan baliagarri izan dadin. Apokalipsia makina erraldoi bat da, antolakuntza jadanik industriala, Metropolisa. Bizitako bere esperientziaren kariaz, Lawrencek Patmoseko Joan meatzari ingelestzat hartzen du, Apokalipsia meatzariaren etxeko hormetan eskegiriko grabatu- serietzat, aurpegi popular, gogor, errukigabe eta errukitsu baten ispilu.

San Pauloren kausa berdina da, berdina helburua, baina ez dira inondik inora gizaki mota bera, ez dute prozedura edo funtzio bera erabiltzen: San Paulo zuzendari goren eta Patmoseko Joan langile, azken orduko langile izugarria. Enpresaburuak debekatu, zentsuratu, hautatu behar du; langileak, aldiz, mailukatu, luzatu, hertsatu, materiaren bat berreskuratu ere egin dezake...

Horren kariaz, Nietzsche-Lawrence elkarketan, jomuga desberdintasuna, lehenbizikoarentzat San Paulo, bigarrenarentzat Patmoseko Joan, ez da anekdotikoa edo bigarren mailakoa. Jomuga-diferentziak liburu bien arteko errotiko aldea erabakitzen du. Lawrencek ongi berreskuratzen du Nietzscheren gezia, baina bere aldetik guztiz bestelako era batez jaurtikitzen du. Hori bai, bi-biak infernu berean elkar aurkitzen amaitzen dute, eromena eta hemotisia, San Paulok eta Patmoseko Joanek zeru osoa betetzen baitute.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.