Zuzenbide berria: bildotsak 144.000 lagun markatuko ditu
Paganoei, munduaz mintzo zirelarik, beti hasierak eta ziklo batetik besterako jauziak interesatzen zitzaizkien; baina orain ez da amaiera bat baizik gelditzen, lerro lau luze baten bukaeran, eta, nekrofiloak baikara, amai hori baizik ez zaigu interesatzen, behin betikoa baldin bada bederen. Paganoak, presokratikoak, suntsitzeaz mintzo zirelarik, beti hartzen zuten injustiziatzat, osagai batek beste bati pairaraziriko bidegabekeriaren ondoriotzat, eta injustua oroz lehen suntsitzailea zen. Baina orain suntsitzeari deritzo zuzen, eta suntsitze-nahiari Justizia eta Saindutasun.
Apokalipsiaren ekarria da: erromatarrei ez zaie jadanik leporatzen suntsitzaile izatea, ez dituzte arrazoi horrengatik gorroto, arrazoi egokia bada ere; Erroma-Babiloniari errebelde izatea leporatzen zaio, matxino, matxinoak biltzea, jende umila nahiz garrantzitsua, txiroak bezala aberatsak. Suntsitzea, etsai anonimo bat suntsitzea, etsai trukagarria, edozein, horixe duzu orain zuzenbide berriaren funtsezko ekintza. Etsai trukagarri hori, edozein datekeen etsai hori, Jainkoaren ordenarekin bat ez datorren hura bezala da definitua.
Deigarria da Apokalipsian jende orok behar duela markatua izan, bekokian nahiz eskuan, Piztiaren marka zein Kristorena; eta Bildotsak 144.000 lagun markatuko ditu, eta Piztia... Hiri distiratsu bat programatu den orotan, arras ongi dakigu mundua birrintzearren izan dela, ezin bizitzeko modukoa bilakaraztearren, edozein datekeen etsaiaren ehizaldia zabaltzearren.
Zinez da apokaliptikoa zenbait pentsatzailek gure garaiaz egiten duen potreta, hiru ezaugarri hauengatik: mundu-estatu absolutu baten haziak; mundu bizigarriaren suntsitzea, inguru antzu eta hilgarri bat hedatuz; edozein datekeen etsaiaren ehiza.