Kosmosaren derrota
Baina Lawrencek berehala berreskuratzen du Patmoseko Joanen aurkako bere mespretxu guztia, bere izua. Zeren mundu paganoaren berrabiarazte hori, hunkigarria eta handia apika Apokalipsiaren lehenbiziko zatian, zertarako balio du, zertarako da erabilia bigarren zatian? Joanek ez baitu paganismoa gorroto: bere kultura hebraikoa bezain natural onartzen du, eta arrotza zaion kristau-izpiritu berria baino askoz ere naturalago. Ez ditu paganoak etsai, erromatar Inperioa baizik. Joanen paganoak ez dira inondik inora erromatarrak, etruskoak baino; ezta grekoak ere, baizik Egeoko gizakiak, Egeoko zibilizazioa.
Edonola ere, erromatar Inperioaren erorialdia ziurtatzearren, Kosmos osoa bildu beharra dago, deitu, berpiztu... eta suntsitu, erromatar Inperioa herrestan eroan eta bere hondakinen azpian lurperatzearren. Halakoa da desbideratze arraro hori, itzulinguru estrainio hori: ez dio etsaiari zuzenean eraso: Apokalipsiak munduaren suntsitzea behar du, bere azken agintea eta zeruko hiria ezartzearren, eta soilik paganismoak emango dio mundu bat, kosmos bat. Horrenbestez, kosmos paganoa berreskuratu egingo du, bai, baina haluzinaziozko bere suntsitzea gauzatzearren.
Lawrencek oso era xumean definitzen du kosmosa: bizi-sinboloen eta lotura bizien egoitza da, pertsonala baino gehiagokoa den bizitzarena. Kosmoseko loturak, juduek ordeztuko dituzte Jainkoaren eta aukeraturiko herriaren arteko itunaz; bizi gainpertsonala, edo azpipertsonala, kristauek ordeztuko dute arimak Kristorekin duen lotura txikiaz. Sinbolo judu eta kristauak, alegoriak ordeztuko ditu. Eta mundu pagano horri, guztiarekin ere bizirik dirauena, geure hondoan kementsu dirauena, Apokalipsiak balaku egiten dio, deitu, azalera igoarazi, baina zorrak kitatzearren, benetan akabatzearren, ez gorroto zuzenak bultzaturik, baizik bitarteko gisa erabili beharra duelako. Kosmosak derrota ugari zuen pairatua, baina Apokalipsiak amaituko du hiltzen, emango dio azkena.