Unibertsoa inoiz ez da zu izan gabekoa izango (Gandiagarekin 2)
Bi eratan pentsatu izan da hilezkortasuna: batean nia patuari egokitzen zaio, nire desio pertsonalak amatatuta unibertsoarekin bat eginik, nire berezitasunak kosmosean urtuta, oraina eternitatean ezkutatuta.
Bestean, berriz, ni nagusitzen naiz, nire desirek erabakitzen dute patua, ni neu naiz nire berezitasunez hornituta betirako iraungo dudana. Bigarren hauxe da mitoak darabilen hilezkortasuna: "Orainaren azkengabetzea, gure existentzia honetakoxe argiaren eta eguzkiaren betirautea, inoiz ez lo hartzea, betiko itzarritasuna munduaren aurrean". Gure zerua heriotzaren beldurra gainditzeko bide bat da; “gero, infernuak bezala, zeruaren mitoak ere, nahitaez bizitza honetatik pentsatua, bizitza honetako esperientziei erantzuten die, eta bizitza honetan du eragina”.
Azken egunak Gandiagarekin obran betikotasunari buruz Azurmendik egin duen gogoetaren muinean orrialde liluragarri hau dago:
Mariarena “biografia arrunt bat da. Baina unibertso hau honezkero sekula ez da izango Maria hori han egon izan gabekoa. Maria haurrak edozein txikikeria txiki-txikirengatik egindako karraska eta marraska kontsolaezinak, unibertso honek betiren betiko bere negarrak izango ditu. Maria gaztearen hunkidurak, irribarreak, ametsak, jada beti bereak izanen ditu unibertsoak. Mariaren lanak, penak, dena geldituko da unibertsoaren zerizanean betiko jasota. Eta denak denean eragina duen unibertsoan, gauzatxorik urrunenak ere behin Maria hori egon izanaren ukitutxoa ukanen du, eta den-dena nolabait markatua egonen da Maria behin han egon izanak. Zureganako haren samurtasuna, biok elkarrekin izandako solasak edo elkar ulerpen osoko isilaldiak, bizi izan dituzuen gozoak eta saminak, esperantzak: dena hain labur, eta betiereko. Mariaren gorputza –existentzia espazio eta denbora jakin batzuetan– hil eta gero ere, Mariaren esentzia edo arima, bera den bezainbatean zerizan dena, unibertso guztian eta sekula guztian bakarra den bere-bere berekitasun hori, eta berak egin duena, oihartzun baten moduan unibertsoan geldituko da –unibertsoaren memorian– betiere guztian, unibertsoa den guztiaren harmonia konposatzen. Oraingo eta lehengo bere notatxo eta isilunetxo guzti-guztiek batera osatzen baitute sinfonia unibertsala. Eta pentsatzea oraingo bere existentzian bera den zertxoa, unibertso zabal-handi hori hobetzen, ederragotzen, argiagotzen kolaboratzen ari dela, indargarri zaio Mariaren kontzientziari, arimari, oraintxe.
Baina, ongi pentsaturik, unibertsoa hasiera-hasieratik eta betidanik, egunen batean Maria hori hantxe egon zedin prestaketak –probidentziak– egiten jardun da, eta hein horretan Mariaren arima, ez hilezkorra bakarrik, betidanikoa dela esan genezake, mito platonikoan bezala, unibertsoaren izaera eta bilakaeran betidanik ukan baitu bere lekutxo bere-berea…”.
Azurmendiren iritziz, baldin Euskal Herrian noizbait heriotza librearen aukera onartuko balitz, biziaren eta heriotzaren batasunak justifikatuko luke, bat izate horrek baino ez baitu bizitza benetan libre egiten. Tamal handia, erabakigune eragingarrietan Azurmendiren erlijioa beharrean Munilla eta Roucorena izatea gailen.
Azken egunak Gandiagarekin
Azken egunak Gandiagarekin liburuan Joxe Azurmendik gogoeta berezi pertsonal bat ekarri digu Jainkoaz, arimaz, hil ostekoaz, biziaren zentzuaz, denboraz eta betikotasunaz. Egia bada ere guztiok abiatzen garela tradizioren batetik edozeri buruz pentsatzeko orduan, Azurmendiren hausnarketa gainerako euskal saiakeragileona baino propioagoa da, kanpoko eraginetatik libreagoa, beharbada beste inork baino iturri ugariago darabilelako, baina inon bertan goxo egiteke, ezein pentsalari Jainko ahalguztidun orojakiletzat hartzeke. Gurean Marxen jarraitzaileak dauzkagu, Nietzsche, Habermas, Frankfurteko Eskola eta Zizekenak, besteak beste; Joxe, berriz, bere kasago dabil, ingurukoena baino indartsuagoa da bere garunetako txorrotari darion turrusta.
Ikaragarri oparoa eta aberatsa da liburua. Heriotza da erabiltzen duen gaietako bat, eta soilik heriotzari buruz Azurmendik filosofiaren eta erlijioaren historiak egiten dizkigu, munduan nagusitu izan diren jarreren aurrean ikuspuntu garbi bat adierazten du, euskaldunon bilakaera heriotzari dagozkionetan ere ematen digu, halaber Azurmendirena berarena zehazki, eta heriotzari loturiko ingurukoen gorabeheren berri, heriotzari nola egiten dioten aurre…
Gandiaga adiskide mina hiltzen ari zaio. Azurmendiren amak 97 urte ditu, burua argi, ingurukoek maitatua bizi da, baina hala ere ia egunero botatzen du honelakoren bat, batere mingostasunik gabe: “sikira ailegatua balego nire ordue”, edota “goiko hori nerekin ahaztua dola ematen du”. Bere heriotzaren zain bizi da. Nolakoa uste duzu izango dela azkeneko ordua? galdetu dio alaba batek: “Izaten den, ba, haize gozo lasai bat? Ba holakoxe haize bat aurpegitik pasatzen”. Heriotzaren hurbiltasunak bultzatu du Azurmendi hiltzearen eta hilostekoaren gaineko gogoetara.
Askok galdua dugu Azurmendiren amaren patxada heriotzaren aurrean. Ez bakarrik modernook honezkero naturaren pizte eta itzailtzeetara biltzen jakin ez eta erauzia dugulako eguneroko bizitzatik, klinikara baztertuta, jaiotza bera bezala, hasiera eta amaiera; gainera, ez dugu ezagutzen orain dela gutxi arte konfiantza apur bat ematen zuen fedea.
Azurmendirentzat ez dago berezko Jainkorik, sinestunengandik at. Era berean, ez dago hilezkortasunaren froga razionalik. "Hilezkortasunak, zentzurik izatekotan, 'fedezkoa' du (kristaua edo ez)". Gizakiak ipintzen du beti erlijio-mitoa, bizitzari zentzua eman nahi liokeen ipuina. Edonola ere, teismo katolikoa bezain zozoa iruditzen zaio gurean nagusi den ateismoa, inertzia bat, pentsamendurik gabeko ukazio itsua.
Azurmendiri txikitako fedea deseraiki egin zitzaion. Aldi ateo bat bizi izan zuen. Orain begi zolia gelditu zaio ikusteko nola jende askok Jainkoaren ordez Zientzia gurtzen duen, Eliza barik Alderdia, etab.; antzeraegi dabiltza haatik. Estatuburuak Aita Santu izan nahi luke. Chiracek Frantziako selekzioaren futbol-partidan bere ereserkiari txistu egiten diotela entzun eta suminduta alde egiten du: erlijiozko amorrua zaio Azurmendiren usnari. Eta gurean gogor kritikatzen da Eliza, arrazoi osoz, baina Azurmendik faltan du ganora hori Zientziaren eta Estatuaren aurkako kritikan, zeren Hiroshima adibidez Zientziak ekarri baitzigun, ez Elizak. Wittgensteinek dioenez, ezein sinestek ez du matematikak adina bekaturik egin, adierazpen metafisikoen erabilera txarra dela eta. Azkenik, erlijioaz eta hilostekoaz futitzen omen den ateorik lehorrenak ere ez dizu maitearen gorpua galsoroan abandonatu nahi izaten zakurrek jan dezaten.
Hil aurretik ahal bezainbeste gozatuz bizitzera ez gaitu heriotza ahazteak bultzatzen, baizik heriotza total presente edukitzeak. Azurmendik, nolanahi ere, gure kontsumo-gizarteetako hedonista tipikoa baino maiteago du “gaixo eta pobreekin errukitu den fededun kristaua, edo justizia eta askatasunaren alde behin bere gaztetasuna eskaini zion idealak berari besterik ekarri ez diona, espetxea ez bada eta klandestinitatea urte luzetan barnerrian zein atzerrian”.
Askatasun berri bat eman dio bere buruari Jainkoaz, arima hilezkorraz, zeru/infernuez eta betikotasunaz mintzatzeko; are Ama Birjinaz. Euskal irakurle askok nahiago luke aitak masturbatzen harrapatzea, lagunek Ama Birjinaz hausnartu duela jakitea baino, lotsagarriagotzat baitute hainbat foro progresistatan. Tabu hori hautsi eta gizakiak bizitzari zentzua nola ematen dion pentsatzeari ekin dio Azurmendik, gure gizarteko erlijio-ibilbidea eta bere bilakaera pertsonala aintzat harturik. Askotarikoak, historikoak eta aldakorrak baitira heriotzaren interpretazioak, haraindiaren irudiak eta Jainkoak. Bakana da, esaterako, McTaggarten ideia: Jainkoa benetan ahalguztiduna izatera kontraesan-hastapenaren gainetik behar luke, eta hortaz aldi berean existitu eta ez existitu ahal izan. Orobat Gandiagarena: Jainkoa beti naturan sentitzen duen arren, ezustean historian ere txiroen indarkeria iraultzailean iragartzen baitu indar jainkozko bat; Jainkoa historian ez du nabaritzen justiziaren aldeko borrokan baizik. Edozein gisaz, erlijioari dagokionez ere "artxipelago ibiltari bateko parte" gara, Jose Luis Otamendiren hitzak erabiltzearren. "Eta puskailak" emendatuko luke agian Azurmendik berak.
Zegamarra, erlijio-krisiak jota mitologia tradizionaletik urruti ibili ondoren, itzuli egin da. Ordea, behin itzulita ez du betiko Itaka zentzu eder berriz berrasmatu, Gandiagak bezala, zeina "abila zen panderoa jotzen, baina ez da makala izan lan isilagoetan". Aitzitik, Azurmendi hizkerarik gabe gelditu da, “inoiz habitatu zuen hizkeraren edo mitoaren puskail artean… Alternatibarik ez dauka eta ez du uste dagoenik”.
Intzestua: halabeharra ala zoria?
Irakurri ditudan azkeneko hiru narrazioetan nebarreben arteko intzestua da kontakizunaren bihotza.
Paul Austerren Ikusezin, Xabier Mendigurenen Vikingoen sorterrira-ko ipuinetako bat, Galeperrak, eta Jim Thompsonen Amorruaren ume.
Ikusezinen, Adam Walkerrek kontatzen ditu arreba Gwynekikoak. Betidanik izan dute erakarmen handia elkarrengana. Anaia txikia erreka batean itota hil zitzaien, tragedia biziki traumatikoa familia osoarentzat. Adamek 14 eta Gwynek 15 urte dituztenean elkartzen dira lehenbiziko aldiz, eta edozer egiten dute, sarketa izan ezik. Hamar bat urteren buruan berriz anaia txikiaren heriotzaren urteurrenean berriro ekiten diote baina oraingoan sarketa eta guzti. Eta gauero egingo dute hurrengo bi hilabeteetan. Zinez maite dute elkar. Adamek behintzat ez du beste inor maiteko arreba adina. Intzestu harreman honetan sentimenduak garrantzi berezia du, sentimenduen adierazpen finak, beste bietan ez bezala. Sekretua gordeko dute baina ez dira errudun sentituko. Hori bai, harremanaren berri nebaren bitartez dakigu, baina gero arrebak ukatu egingo du, nebaren amets lizunak direlakoan.
Galeperrak-en ere bada aldez aurreko erakarmena, Kepak arreba Nerea zelatatzen du gauez arropa eranzten duenean, eta Nereak nahita uzten du logelako atea erdi irekita arazo barik zelatatua izateko, baina arrebarenganako grina zoroa galeperrek pizten diote Kepari. Kontakizunaren hasieran Nerea galeper hiltegian lanean ezagutzen dugu, Kepari erakutsi egiten dio eta hau, hiltegitik nazkatuta bezain beldurtuta bezain berotuta irten, etxera erabat jota heldu, komunean goitika egin eta zoroki masturbatuko da. Gero, Nerearen lanpostu finkoa ospatzeko galeperrak dauzkate lehenbiziko aldiz etxean bazkaltzeko. Aldi berean, aitak zigarroa erretzeko baimena ematen dio alabari. Kepa berehala mahaitik altxatu eta komunera goitika egitera. Ondoren, logelara doala sumatzen du Nereak. Kepak jateko astirik izan ez duen postreko yogurra eramaten dio, aldi berean beste eskuaz zigarreta erretzen doala. Iristen denean, neba ohean aurkitzen du, urduri, errudun. Izara kolpez altxatu eta aldizkari porno bat ikusten du, ohartzen da nebaren eskulana eten duela. Barre egin, eta yogurra bertan utzi eta jateko aginduta alde egingo du gelatik. Hurrengo batean ordea yogurra eraman eta “neronek bukatuko diat” diotso eta esku batekin zigarreta hustuko du, eta bestearekin Keparen purua.
Amorruaren ume-n, azkenik, nebarreba beltzek medikua dute aita, eta giro harroxkoa etxean, soilik behar bezalako jendearekin harremantzen dira, ahal izanez gero zuri aberatsak; hala ere, narratzaile beltzak kontatzen duenez, beltzek ezin izaten dituzte beren irrika basatienak baretu eta bideratu. Hasieran, jendeak zerbait arraroa sumatzen du nebarreben artean. Ez baita ulergarria neba hain menpean edukitzea arrebak. Gero, protagonistak berariaz mozkortu eta bultzatzen ditu larrua jotzera. Jim Thompsonen eszena gordin horietako bat dugu, nebarrebak zeharo mozkortuta, arreba lau hankatan eta neba popatik ematen, protagonistak argazkiak ateratzen dizkien bitartean gero aita trepalari handiputza izorratzeko.
Ba ote du zentzuren bat gertaera mota jakin bat behin eta berriro agertzeak zure bizitzan, esaterako hiru liburu irakurri segidan eta hiruretan intzestua izatea gai nagusi? Interpretatu behar al da? Bilatu behar al da pilatze horretan Jainkoak, patuak edo inkontzienteak bidalitako zeinurik? Zerbait adierazi nahian ote dabil indar ezkutu eta ezezagunen bat? Nire arrebaren baten erasoa pairatu beharko dut epe laburrean?
Ez hadi ikaratu, Markox, ez jaramonik egin, txiripa eta halabehar hutsari leporatu behar zaiok hori guztia; segi ezak aurrera ezer gertatu ez balitz bezala.
Euskal Herri kulturaleko ibaiak
Irakasleok nahastuta gabiltza, EAE, Euskal Herria eta hainbeste izen eta kontzeptu eta eguraldi maparekin. Batzuk borondaterik onena ipintzen dugu Hezkuntza Saileko gure agintari berrien arauak betetzeko orduan, baina urte abertzale gehiegi dira zientifikotasunetik eta normaltasunetik urruti, eta eguneratzeak lan luzea eskatzen du.
Joan den asteazkenean ikasgela batean sartu nintzen Etika irakastera. Aurretik Gizarte eduki zuten, Geografia. Harri eta belarri gelditu nintzen arbelean irakurri nuenagatik. Ziur aski, harridura horrek nire akats sakon bat edukiko du oinarri, inertzian itsu bizitzeko eta kontzeptu zientifiko berrietara egokitzeko zailtasuna.
Hauxe irakurri nuen arbelean:
“Euskal Herri kulturaleko ibaiak: Errobi, Bidasoa, Urola, Ibaizabal…” Betiko ibaiak ziren, baina orain ez Euskal Herrian, baizik Euskal Herri kulturalean kokatuta.
Zaharra erabat hil ez baina berrria oraindik ez denean osotoro jaio kolapsoa gertatzen da. Objektibotasuna konplexua izaten da eta Euskal Herria berriz sinpleegia, jadanik Anaxagorasek adierazi zuen guztia dagoela guztiarekin nahasirik, eta gaur egun Guggenheim bezain kulturala dugu errekako ur frexkoa; ikasiko dugu pixkanaka.
Eta zalantzarik bazenu galdetu Patxi Lopezi, kultura-kontuetan bezain jakintsua baita naturari eta fauniflorari dagozkionetan, letretan bezala zientzietan. Aditu handia da, esate baterako, Kirmen Uriberen obran; baina baita ere astalikardu, txori-kardu eta oro har kardu mota guztietan.
Obama Antikristo
Halako apetatsua izaten da Patua, Historiaren ziaboga erabaki duten bi gertaera aste berean pilatu zizkigun, bakoitza bere aldetik merezi bezala irensteko astirik eman gabe. Ostegunez Real Union loriatsua bigarren mailara igo zen, asteartez Obamaren garaipena, Obama presidente.
Albiste mordoa dabil Barak Obama Antikristoa dela frogatzen duena. Bat-banaka hartuz gero zalantzak izan genitzake, baina guztiek aldi berean ezin dute osatu ebidentzia nabarmena baizik.
Egia bada ere Apokalipsiko testu batzuek, eta Nostradamusek, Obamaren etorrera igarri zutela, orain bertan ageri zaizkigu zeinurik ukaezinenak.
AEBetan ikaragarri zabaldu den iritzi batek dioenez, “Jesukristok inolaz ere ez zukeen Obama aldeztuko”, Obama ez baita aski antiabortista.
Begira nola lotzen diren hari mutur urrunak, ikusi nahi duenari Obamaren benetako izaera erakusteko: Bob Dylan Duluth herrixkan jaio zen, Minnesotan. Barak Obamaren abesti kutuna Dylanen “Maggie’s farm” da.
Hara kasualitatea: hain zuzen Duluthekoa da 1999an Obamarekin kokaina esnifatu eta sexu harremanak ukan zituela dioen gizona, Larry Sinclair, behin baino gehiagotan gainera. Youtuben duzue bere aitorpen zirraragarria. Halatan, Obama, AEBko lehenbiziko presidente beltza izateaz gain, lehenbiziko presidente drogazale eta homosexuala dugu, lehenbiziko Antikristoa.
Obamaren kanpaina Hugo Chavezek, Ben Ladenek eta Ku Klux Klanek finantzatu zuten. Itxurazko kontraesanez mukuru beterik baitaude Antikristoaren nortasuna eta bizitza. Ku Klux Klaneko buruzagi gorenak Hillary Clintonen aurka jendaurrean garrasi egin zuen: “Edozer, puta zikin hori baino lehenago”. Chavez eta Ku Klux Klanekin batera, esan bezala, Osama ben Ladenek eta islamaren aldeko beste terrorista batzuek ere lagundu diote.
Izan ere, Obama Antikristoa dela frogatzeko orduan islamdartasunak garrantzi berezia hartu baitu. Gurasoek “Barry” bataiatu omen zuten. Baina Obamak aldatu eta “Barak” hartu zuen. Zergatik? “Buraq” baitzen Muhameden zaldiaren izena.
Zaldia? Ez zehazki. Gehiago dirudi Antikristoaren piztia. Hara zer dioen profetak berak: “Buraq-ek eraman ninduen, animalia zuri eta luzea, astoa baino handiagoa baina mandoa baino txikiagoa, bere apatxa ikusmen-eremuaren amaieran koka dezakeena. Ederra da, luzeak ditu belarriak.” Ulertzen duzue? Belarridunak bentzu.
Bestalde, Jesu Kristok berak esan zigun Obama Satanas dela. Lukasen ebanjelioan Jesusek dio Satanas Zerutik eroritako tximista dela. Zelan esaten da hebraieraz Satanas tximista dela? Hain zuzen, “Satan Barak”.
Edonola ere, alerta definitiboa McCainen aurkako bigarren eztabaidak piztu zuen telebistan. Obamari garbi ikusten baitzitzaion buruko atzealdean, kokotean, pentagrama bat alderantziz. Giltza edo klabea idazteko puntuak atzekoz aurrera dituen pentagrama Gaizkiaren sinboloa da, indar makur eta siniestroen erakarle, hankaz gora jartzen baitu gauzen berezko orden txukuna eta materiaren garaipena adierazten espirituaren aurka. Akerbeltz lizuna da, bere turuta bekatarien bidez zeruari eraso eginez, Antikristoaren zaleek ederki ezagutzen duten ikurra.
Behar bezala babesten al gaitu Jainkoak Barak Obamaren turutetatik?
Uste faltsu batzuk
1-Bihotzerrea baretzeko oso onuragarria da bazkalostean etzanda jartzea.
2-Abortuaz:
Batetik, umea galdu berri duen emakumea arrisku larrian dago, antzu bihurtzeko arriskuan. Arrisku hori saihesteko komenigarria da abortua sufritu eta berehala amodioa oso maiz eta gogotsu egitea, berriro haurdun gelditu arte.
Bestetik, abortua modu egokian eta txukun eragiteko, oso ona da:
-errizino-olioa hartzea
-oinak ur ahal bezain berotan luzaro edukitzea
-zure burua eskaileratik behera botatzea atzez
-sokasaltoan aritzea, arin-arin eta oinak oso elkartuta
-alutik perrexila sartzea
Ondokoa ez da uste faltsua baizik egiazko tragedia: frankismo garaian, Zaragozan, nerabe batek perrexil gehiegi sartu zuen alutik abortatzeko asmoz, eta abortatu zuen, bai, baina bera ere hil egin zen, eta gorpuak kolore berdea hartu zuen, berde hil zen.
Bestalde, guk Institutuan saharar, errumaniar, txinatar eta ekuadortarrak dauzkagu, eta argentinar bat, eta biziki istorio gustagarriak kontatzen dizkigute beren sorterriez, gustagarriak besteak beste exotikotasunagatik.
Orain dela hiru ikasturte bagenuen saharar bat, Gali, eta jakinarazi zigun Saharan hemen baino lehenago hasten direla larrutan. Ziurtatu zigun bere lagun batek bederatzi urte zeuzkalarik oilo batekin egin zuela arratsalde batean. Eta biharamun goizean oiloa hilik eta berde aurkitu zutela.
(Buelta atzera uste faltsuetara: traidoreak ditu begi berdeak. Gezurtiak berriz urdinak. Egiazale eta fidelak, azkenik, beltzak, edo ilunak.
Begi bat hanpatzen bazaizu, horrek adierazten du ez duzula emakume haurdun baten gutizia asetu.
Eta begiaren inguruko hanpadura baretzen da gainean okela-xerra gordin bat jarriz, idikia izanez gero hobeki.)
Beste saharar batek, Naha-k, kontatu zigun Saharan sarritan seme-alabentzat aita biologikoa baino garrantzitsuagoa izaten dela amaren neba, osaba.
Behin batean, Naharen osaba marokoarren aurkako gerrara joan zen, haurdunaldian oso aurreratua zegoen Naharen ama Aaiungo kanpamenduan utzirik.
Harkaitz handi batzuen artean galdu zen, fusila eskuan. Bakarrik zegoen, ikaratuta, etsaia edonondik ager baitzitekeen. Ustekabean ordea soldaduak beharrean ahuntz handi bat agertu zitzaion, bertan, metro erdira, goitik behera begiratzen ziola. Harri eta belarri gelditu zen hasieran. Tiro egiteko tentaldia izan zuen, baina zaratak etsaiari bere kokalekuaren berri eman ziezaiokeelakoan atzera egin eta ezkutatu zen.
Zenbait egunen buruan, Aaiunera bueltan iritsi bezain laster arreba erditu berria bisitatzera joan eta txundituta ikusi zuen umeak bizkarrean ahuntz-itxurako egundoko orbana zuela, jaiotze-marka gogoangarria.
Uste faltsu baten arabera, haurdunaren gutizia edo antojua ez betetzeagatik agertzen zaizkio jaio berriari orban horiek. Hemen Bermeon jaiotze-markari berari “antojue” deitzen zaio.
Gaur goizean, gai hauen inguruan ikasleekin kalakan, goxoa eta inuzentea den bakan horietako batek jakinarazi digu saihetsean banana-itxurako jaiotze-marka duela, eta ikaskideek berehala: “Hala, zeure ama, zelako tortola-berue...”
Elefantearen kakapean
Paderborn Alemaniako hiri bat da. Bertako zooko zaindari bat, Frierick Riesfeldt, 46 urte, ohartu zen Rose elefanteak, 8.000 bat euro balio zuenak, ez zuela kaka ondo egiten, lehen bezain oparo ez behintzat.
Friedrich Riesfeldt kezkatu egin zen, bai baitzekien idorreriak elefantea hil dezakeela. Hori adierazi zuen zaindariaren laguntzaile batek, Kurt Herman-ek. “Ostegun hartan jakinarazi zidan berandu arte geldituko zela zooan, elefanteari laxante edo libragarriak eman eta aiuta edo labatiba bat sartzeko. Laguntza eskaini nion, baina etxera joateko esan zidan, kontrolpean zuela guztia. Oso gizon zintzoa zen. Inoiz ez zuen deus txarrik esaten lagun hurkoari buruz”.
Friedrich Riesfeldtek elefanteentzako berezia den libragarri bat eman zion Roseri, 22 dosi (asko da). Gainera, baiak, pikuak eta aranak janarazi zizkion. Eta errematerako oliba-oliozko aiuta jarri zion. Ondorioz, elefanteak tanpez 200 libra kaka hustu zituen Friedrich Riesfeldt zaindariaren gainean.
Elefantearen kaka egite izugarriak ezustean harrapatu zuen zaindaria. Gorotzen indarrak bultzaturik, atzez erori eta harri baten kontra kolpe latza jo zuen kokotaz. Hala ere, Erik Dern Poliziaren detektibeak dioenez, zaindaria konortea galdurik zetzan bitartean ere, pakidermoak kaka bota eta bota jarraitu zuen gizajoaren gainean.
Ordu bete inguru egon zen ore ezin toxikoagoaren pean, harik eta lagun bat gertatzen ari zenaz ohartu eta alerta deitu zuen arte.
Beranduegi ordea. Estalirik zegoen zaindaria gorotz-masa ikaragarriaren azpian, zangoak eta oinak baino ikusten ez zitzaizkiola, ordurako hila, kakak itota.
“Inoiz ez nuen antzekorik gerta zitekeenik pentsatu, baina orain badakit elefante bati aiuta popatik sartzea ekintza zinez arriskutsua suerta daitekeela” –ohartarazi zien kazetariei hilikoaren laguntzaile Kurt Hermanek.
Albiste hau Alemaniako egunkari sentsazionalista batean agertu zen; ondoren AEBetako “Weekly World News” ez oso fidagarriak jaso zuen.
Snopes.com-ekoek ikertu egiten dute hiri-kondaira egiazkoa ote den, eta, behin ikerketa buruturik, emaitza webgunean erakusten dute.
Zurrumurru edo hiri-kondairaren bat asmatu eta egia bailitzan hedatu nahi bazenu, hortaz, kontuan hartu Snopes arerio gogorra duzula. Edozein aztarna ezabatu beharra dago.
Elefantearen albisteak, esaterako, hainbat akats nabarmen dauzka. Har itzazu kontuan, putzu berean ez sartzeko ukondoa:
Batetik, Paderborn hirian ez dago zoorik.
Bestetik, ez Paderborn-en ez inguruetako herrietan ez da Riesfeldt izeneko zoo-zaindaririk bizi izan, ezta Erik Dern polizia detektiberik ere. Telefono liburuetan ez dira ageri.
Gainera, berri-agentzia fidagarriek ez dute inoiz halako kakazko heriotzarik aipatu.
Azkenik, animalia basatiei ezin diezu besterik gabe aiuta bat sartu. Ez dizute uzten. Are gutxiago lagun bakar batek elefante bati.
Bukatzeko: zurrumurruek eta hiri-kondairek solaskidearen arreta erakarri eta harritu nahi dutenez, ez da harritzekoa kontakizunotan kaka indar eta distira bereziz ager dadin, hiri-kondairen senide hurbila den txistean bezalaxe.
Madame Bovary berritua sarean
Gure alaba nagusiak Literatura Unibertsala izeneko ikasgai bat aukeratu du eta Madame Bovary irakurtzeko agindu diote. Paperezko liburuko itzulpenak, ordea, hogei urte inguru dauzka eta oso txukuna izan arren “bait nekien”, “makur erazi”, “duhin” eta horrelakoak dakartza. Ikasle gazteak nahastu egiten dira: “Escribes en el examen como trae el libro y está mal, vaya mierda de idioma.”
Kontua da Susa literatura webguneko Armiarma atalak baduela azpiatal bat, Euskarari ekarriak, eta bertan pixkanaka literatura unibertsaleko obra pilo bat sareratzen ari direla, baina orrialde guztiak bat-banaka gaur egun indarrean dauden lege eta aholkuen arabera orraztuak eta zuzenduak. Lan ikaragarria, eta anonimoa, bihotzez eskertzekoa.
Dena den, Euskarari ekarriak webgunetik ezin dira liburuak irakurgailu elektronikora jaitsi.
Bada beste webgune bat, Liburuen esporak, lan estimagarri hori bere gain hartu duena. Esaterako, Madame Bovary bertatik jaitsi dezakezu, pdf zein ePub formatuetan.
Irakurgailu horietako bat erosi behar izan dugu, Cybook opus bat. Salneurri bitxia: 249’95 euro. Normalean, erosleak bost zentimo horiek ez ditu hartzen, horrela aberasten dira apurka-apurka enpresariak, oso abilak dira erosleen aurkako gerra psikologikoan.
Orain alaba Madame Bovary irakurtzen ari da eta primeran, biziki ari da disfrutatzen Emma Bovaryk bere senar gizajoari behin eta berriro jartzen dizkion adarrekin.
Gunther Burpus atetilan trabatuta
Gunther Burpus, 41 urteko gizon bat, Bremen-goa, etxetik irten bezain laster ohartu zen giltzak barruan ahaztu zituela. Orduan katuaren atetilatik sartzen ahalegindu zen. Baina buxaturik gelditu zen, ez atzera ez aurrera, burua eta besoak etxe barruan eta gainerakoa berriz karrika gorrian.
Garrasika hasi zen laguntza eske, eta garrasiok ikasle adar-joleen koadrila bat erakarri zuten. Ikasleek galtzak jaitsi zizkioten. Ondoren, ipurdia urdin distiratsuz margotu eta ipur-masailen arteko erretenean nartziso edo lilipa bat kokatu zioten. Alboan kartel handi bat ipini zuten, hura guztia ikuskizun artistiko bat zela aldarrikatzen zuena. Honela zioen kartelak: “Alemania berpizten ari da. Kaleko arte-obra bizi bat duzu hau. Utzi diru apur bat, sustatu askatasun sortzailea”.
Gizonak egun bi pasa zituen katu-atetilan ataskaturik. Bien bitartean, oinezkoek, espaloitik zebilen jendeak, ezentzunarena egiten zieten Burpusen oihuei eta laguntza-erreguei. Bestela, jaramon egiten zion jendeak “oso ausarta, oso ederra” esan eta txanponak botatzen zizkion, Burpus koitaduaren aldarriak performancearen osagaitzat hartzen baitzituen.
Azkenik, amona xahar batek poliziari diotu zion, ohartu zelarik zakur batek denbora franko zeramala Burpus jaunaren atzealdean usnaka.
Komisaldegira atxilo eraman zuten Burpus, eskandalu publikoagatik.
Dena den, katuaren atetilan mugitu ezinik egon behar izan zuen bi egunetan 3000 bat marko pilatu zituen galtzontziloetan.
Hiri-kondairetan aditu diren Snopes wegbunekoek diotenez, kontakizun honek adieraziko luke jendea beldur dela, benetako arazo bat nozitzean, laguntza garrasika eskatu arren, lagun hurkoek ez ote duten ezentzunarena eginez bazterrean utziko, jende askok sentitzen baitu gure gizartea hotz; elkarri laguntzea ez da oso ohitura popularra.
Burpus jaunaren antzeko sentitzen bide gara sarritan, laguntza eskaera desesperatuak egin arren inork ez baititu behar bezala interpretatzen, ezta hurbilekoek ere. Har bedi kontuan Burpus jaunaren bizilagunak izango zirela albotik igaro arren bere oihu etsiak aintzat hartu ez zituztenen artean asko eta asko.
Bigarren interpretazio bat: Burpus jauna barregarri ageri da kontakizunean, baiki; baina ez ote dira oraindik xelebreago txanponak botatzen dizkioten paseatzaileak? Gaur egun inor ez da ausartzen arte obra modernoren bat jendaurrean txartzat jotzen, ez dago ondo ikusia. Txanponak botatzen dituztenak zentzun handirik gabeko arte-galeristak lirateke, edo gobernuak, goi mailako kultur ekoizpen bat delakoan herria apaindu eta aberasteko asmoz sarritan dirutza alferrik erabiltzen baitute mokordo goibel bat erosteko.
Joera honen abiapuntua gurean Eusko Jaurlaritzak Picassoren “Gernika” mespretxatu izanak eraginiko damua eta lotsa izan liteke. Picassok behin eta berriz eskaini zien jeltzaleei, baina hauen kultur gizonek nahiago zuten errealismo konstunbrista, erromeriak, poxpolinak…. Bere garaian euskaldunok onartu izan bagenu, Gernikan genuke gaur egun Gernika.
Kontua da gertu gaudela edozer onartzeko arte obratzat. Kontatuko dudan honako hau ez da hiri-kondaira, baizik benetan gertatua: artista batek bere mokordoak saldu zituen, eskaiolazko ontzien barruan. Erosle bati eskaiola hautsi eta ez zuen kaka izpirik ere aurkitu. Orduan artistaren aurkako salaketa jarri zuen. Bere mokordoa nahi zuen, artistaren kakagatik ordaindu baitzuen. Azkenik epaiketa etorri zen. Konplikatua izaten da epailearen lana.
Snopes-ekoak Bremengo poliziarekin harremanetan jarri dira, eta ez dute gertaeraren berririk. Hiri-kondaira zabaldu zutenek ziurtatu zuten “Der Spiegel” aldizkari ospetsuan argitaratu zela, baina “Der Spiegel”ekoek ere ez dakite deus.
Sei belaunaldi aldi berean
Kolonbian, Karibeko Santa Martan, orain jaio den neska bati esker, Marianari esker, sendi bereko sei belaunaldi bizi dira aldi berean. Marianaren amak 16 urte ditu, amonak 38, birramonak 60, herenamonak 77 eta laurdenamonak azkenik 95.
Sei belaunaldi. Demagun gurean hogeita hamar urte dela aurreneko umea izateko batez besteko adina. Aldi bereko sei belaunaldi bagenitu, laurdenamona lehenbiziko karlistada baino lehen zatekeen jaioa. Gure gazteei esan txikia zinenean ez zenutela ontzi garbigailurik etxean eta harrigarria zaie, edo ez dute ulertzen.
Hemeretzigarren mendeko hogeita hamargarren urtean Euskal Herriko etxeetan ez zen ispilurik. Hil berria zen Hegel eta hamalau urte falta zitzaizkon Nietzscheri jaiotzeko. Gaur aspaldi galdutako eremu zabaletan bizi-bizi zebilen euskara, artean ez zizkiguten foruak kendu. Ez autoa baizik astoa zebilen nagusi gure karriketan.
Orain dela sei belaunaldi baserriak eta arrantzak itzelezko garrantzia zuten, gure herrietan ia ez zebilen beltzik edo hegoamerikarrik, hain gutxi txinatarrik. Gaur egungoaren erdia zen bizi esperantza, baina ez zegoen fibromialgiarik ez Alzheimerrik; ezta Eurovision ere. Sarkozyk eta Rosa Diezek oraindik ez zuten eskuratua Bakearen Nobel Saria. Orduan hasi zen aspirina lehen urratsak ematen munduan, Mariana oraintxe bezala.