Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gesto por la Pazen atzoko manifestazioa

Gesto por la Pazen atzoko manifestazioa

Markos Zapiain 2011/01/30 11:00

 

Atzo manifestazio bat izan zen Bilbon, Gesto por la Pazek deitua, ETAri desager dadin eskatzeko. Ordezkaritza politiko zabala joan zen baina gainerakoan lau katu, ez ziren mila lagun izatera iritsi. Larunbatean bertan hori jakinarazi ziguten hedabideek, baina gaur igandean El Correon eta El Paisen “miles de manifestantes” bihurtu dira.

Aurreko manifestazioen oihartzunak bizi-bizi genituen oroimenean, eta ezin alderaketa saihestu: bake prozesuaren alde, presoen alde, hirurogei mila, Bilbo bete-beterik.

Auskalo zer ondorio atera behar den hortik. Egia da gehiengoa sarritan tronpatzen dela eta asko izateak ez dizula arrazoia ematen. Konforme.

Baina nondik nora hedabide konstituzionalisten albistegietako manipulazio traketsa?

El Correok, esan bezala, bezperako ehunka manifestariak Jesukristok arrainak bezala ugaldu eta milaka bilakarazi ditu gaur. Baina mirariari eusteko ezin manifestazio osoa erakutsiko zuen argazkirik atera. Halatan, amarru berri bat asmatu du: sakatzen duzu Fotos de la manifestación de Gesto por la Paz en Bilbao, eta saskibaloi-partida bateko argazkietara eramaten zaitu, “Baskonia-Unikaja”, erraldoi izerdituengana, besazpiak gure gaztaroko jokalariek baino gehiago depilatzen dituztenak. Hamabost argazki, guztien lerroburu “Manifestación de Gesto por la Paz en Bilbao” eta denen edukia saskibaloia.

ETBko albistegietan, atzo, kamerak behean kokatzen zituzten, manifestariak gizandiak balira bezala irudikatuz. Eta ikaragarrizko ahaleginak egin zituzten plano orokorrik ez erakusteko, txit erraza izan arren: Udaletxe aurrean, edonon kabitzen baitziren. Baldarra izan zen manipulazioa, ni bezalako inozoak ere ohartzeko modukoa.

Galdera da: nor nahi dute engainatu zehazki? Basagoitik, Patxi Lopezek, Alberto Suriok, alegia, erregimenak, badakite lau katu egon zirela. Besteok ez genekien arren, kameren mugimendu ezohiko eta bitxiek jarri gintuzten arrastoan.

Baten bati erakutsi nahi diote gauza direla irudiak manipulatzeko? Baina hori ezin da teknikari dagokionez txukunago egin?

Polita litzateke EITBko agintarien elkarrizketak ezagutzea, aginduak, nor nori nork: “Oye, ni un plano general; hemos ido pocos, pero que no se note, que no pueda compararse con la última manifa de Sabin Intxaurraga y con la de los presos”. “A sus órdenes, mi director”. El Correokoak interesgarriagoak izango ziren: "Manipular quince fotos, vaya curro; nada tío, en lugar de manifestantes pon unos baloncestistas, que no se nota, a fin de cuentas todos son grandes tipos".

Gaur egun ETBko albistegiek ikusleak uxatzen dituzte ez dituztelako heldu gisa tratatzen. Ulergarria da gainerako telebistak bezala hiritarrak manipulatzen ahalegintzea, baina egin dezala hobeki, modu sotilagoan.

Bestela, litekeena da horixe izatea mezua: guk dugu boterea eta bost axola diguzuenez, hauteskundeetan guk erabakiko dugunez zein den hiritar eta zein ez, eta beraz zeinek irabaziko dituen, orduan sotilki manipulatzeko lana ere ez dugu gure gain hartuko, ez baitugu behar, ez dugu indarra eta denbora alferrik galduko zuek behar bezala engainatzen.

aritz
aritz dio:
2011/01/31 23:31

"Gladiator"en ordenagailuz egindako efektu espezialekin zirku erromatarrak bete zituzten hauek kutreago dira "kontrapikado" batekin erakutsi nahi dute beraien haunditasuna (handitasun moral eta etikoa)baina horrekin ez dute demostratu ahal jende uholde bat izan zenik.

Joseba Garaialde
Joseba Garaialde dio:
2011/01/30 21:22

Manipulazioarena ez da gaurkoa, arazo handiena da ikusi nolako manipulazioa egiten duten eta hurrengo egunean joan eta berri-paper bera erosi edo telebista kate bera ikusi. Ez al da izango zaila delako manipulatzen ez duen berri-papera aurkitzea edo telebista katea ikustea?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.