Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Gizakia, urradura librea (Azurmendi 5)

Gizakia, urradura librea (Azurmendi 5)

Markos Zapiain 2011/07/28 10:24

 

Naturatik bereizirik egoteak bultzatzen du gizakia zentzua bilatzera. Arrozte horren ondorioz dohakabea da, funtsean ez baita arroztasun hori baino. Gauza eta animalia direna dira; gizakia, aldiz, bada ez dena eta ez da badena, gehiago da ez dena badena baino, alegia, iraganean eta etorkizunean bizi da orainaldian baino gehiago, gehiago oroitzapenean eta proiektuan naturarekin bat eginik baino unez une. Hainbat mitok asmatu dute iragan zoriontsu bat, naturarekiko etenik gabe, lanik gabe, paradisuan. Mito horietan, gizakiak, halako batean, erru edo bekaturen baten kulpagatik, oraina eta natura galduko ditu. Galera hura berpizten du gizakiak zentzugabezian, eritasunean, heriotzan, tragedian. Aldiz, estasiak, pozak eta zentzuak jatorrizko batasuna naturarekin ospatzen dute, horixe da Gabonetako zoriona Gandiagarentzat aita-amen ondoan, Gabonetako suaren argiaren zentzua. Edonola ere, zentzua bilatzera eta onartzera desirak bultzatzen gaitu; orobat zentzua ukatzera.

 

Azurmendi: “ez dugu aski pentsatzen, askatasuna duen aberea izateak (natura gisa “bukatugabea” izateak: beraz berak burutu beharrak bere burua, beraz erantzukizunak, beraz kontzientziak, beraz berak erabaki/eraiki beharrak bere existentziaren zentzua) zelako posibilitateak eta problemak sortzen dizkion gizaberearen bizitzari.”

 

Sartrek ondo azaldu zuen: gizakiaren askatasuna naturarekiko urradura horrek erabakitzen du. Ez dagoenez behin betiko egina, geneek, haurtzaroak, soziologiak edo neuronek eragin diezaioketen arren, hala ere libre da funtsean, gizakiak berak erabaki baitezake edozein gertakarik zein zentzu duen berarentzat, eta ematen dien zentzu horren arabera itxuraldatuko ditu egoerak eta mundua: gizaki libreak sortzen du munduaren zentzua. Zernahiren zentzua norberak erabakitzeko gaitasun horixe da askatasuna. Tamalez, jende gehiena beldur da arriskatzeko, eta gurago izaten du zentzu prefabrikaturen baten menpean artaldetu, bere bizitzaren zentzua berak sortzera ausartu baino.

 

Dena den, Azurmendik, ikuspuntu existentzialista horren mamia onartzen badu ere, ñabardura garrantzitsuak erantsiko dizkio: Azurmendirentzat ez baitago zentzugintza erabat indibidualista heroikorik; hasiera batean zentzua komunitateak eskaintzen digu.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.