Irudimen politikoa (Saizarbitoria 6)
Irudimenaren gaitasunetako bat errealitateak eraginiko mina arintzea da, aldi labur batez bada ere; edota edozein eratako gizarte-presiori ihes egitea, eragin lasaigarria izan litekeena, kontsolatzailea; edo, Rousseauren kasuan bezala, sexukideak ase ezin diezazkizukeen beharrak gogoan mamitzea.
Saizarbitoriak ederki bereizten ditu irudimen pertsonalaren eta irudimen politikoaren arazoak. Irudimen politikoa egitasmo gauzagarri baten mesedetan erabili behar da, eta ez asmo zuri utopista absurdoetan, daukagunaren aurka etengabe irainka aritzeko aitzakia baizik ez direnak. “Egunero hasten delako”-ko berritsuarena legez, Saizarbitoriaren arrazoimen praktikoa pluralista eta erlatibista da, eta ezin du eraman dogma idealen baten izenean jende errealak sufritzea, oroz lehen dogma ezartzearen ondorioz etorri behar omen ziren onurak ez direlarik inondik inora ageri.
Kojèvek zioen utopiak jendetzaren hilketa ekarri izan duela, etorkizunerako asmoa iraganaren bitartekaritzarik gabe ezarri nahi izan delako orainaldian. Aldiz, Saizarbitoriak iradokitzen duenez, irudimen politikoki zentzudunak etorkizunerako proiektua iragana kontuan hartuta asmatzen du, eta ez ezereza kontuan hartuta, edo norberak gizakia izan dadin nahi lukeena, eta ez benetan dena, pasioek katramilaturiko zimino bat. Saizarbitoriak behin eta berriro aldarrikatu du etorkizuna ganoraz asmatzekotan gure historia osoa batere apaingarririk gabe ezagutu beharra, eta damua erakutsi du ez zituelako garaiz sinetsi Alexander Solzhenitsyn-ek idatzitako egiak, irudimen utopikoak eraginiko izugarrikeriak salatuz.