Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Zentzuaren zentzuak (Azurmendi 2)

Zentzuaren zentzuak (Azurmendi 2)

Markos Zapiain 2011/07/27 08:47

“Zentzu” baldin bada, paradoxaz, Lévi-Straussek idatzi bezala, bere zentzua aurkitzeko hitzik zailena hizkuntza osoan, Azurmendik, argitasuna helburu, zenbait maila bereiziko ditu: batetik, zentzua adiera da, edo, Lévi-Straussen hitzetan, itzulgarritasuna, datu baten ahalmena beste hizkuntza mota batera itzulia izateko. Maila semantiko epistemologikoan gaude, ez da gure gaia.

Epistemologiaren eta balioespenaren arteko zubi gisa, legitimazio razionala ere izan liteke zentzua, justifikazioa, ETAren atentatu bati edota torturari zentzua bilatzen zaionean bezala.

Baina zentzuak baditu hainbat aurpegi ez direnak etikan kabitzen, salbazioari lotuagoak: nola erlijio-salbazioa, hala filosofia-salbazioa, Jainkorik gabeko salbazioa. Azurmendik azkeneko zentzua edukitzea eta nolabaiteko salbazioa berdintzen ditu. Halatan, etika Kanten Arrazoimen praktikoaren kritikari legokioke, eta zentzua, berriz, Judizioaren kritikari. Alegia, betebehar etiko guztiak osotoro mamitu arren, maitea hilko zaizu, jenderik zintzoenari zartako latzak emango dizkio bizitzak, eta horri zentzua asmatuz erantzun izan dio gizakiak, edo zentzua ukatuz, salbazioa bilatuz edo patua onartuz, are patuaren onartzea bilakatuz bizitzaren zentzu, izan dugun historiaren ondorioz sarritan ezin izaten baitira argiro bereizi etika eta erlijioa.

Balioespenaren maila honetan, harira, gertakari batzuk zentzuz guztiz beteak ageri zaizkigu, perfektuak, goitik behera bereganatzen gaituzte: musika bat, maitearen agerpen ustekabekoa. Estasi batean bezala zentzuz janzten dute bizitza, guztiz bestelakora garamatzate nostalgiazko poz baten hegaletan.

Azurmendik zentzua xede pertsonalari ere lotzen dio, gurean maiz askotan pertsona partikularraren interes pribatuak gainditzen dituzten helburuak izaten direnak, bestalde. Nire bizialdia mugatua da: zein zentzu eman nahi diot nire denborari, zeri merezi du nire bizitza entregatzea? Kasu hemen, dena dela: giza bizitzari zentzua ez lioke emango helburua erdietsi izanak. Mendizalearenean bezala, igotzeak berak ematen dio zentzua ibilaldiari, ez ezinbestez gailurra zapaltzera iristeak. Che Guevararen bizitza ez zuen zentzurik gabe utzi bere xedeak erdietsi ez izanak. Kristauen hizkeran, bizitzari zentzua ez dio zeruak ematen; aitzitik, zentzuz jantziriko bizitza batean aurkitzen du bere tokia zeruak, itxaropenak; honaindian txertatzen da zeruaren zentzua.

Azurmendik dio, bizitzaren zentzua eta mendira igotzea parekatzen dituelarik, mendira igotzeko benetako arrazoia ez dela izaten mendizaleak berak aipatzen duena: gailurra zapaltzea, egunsentia gozatzea, ikuspegiaren ederra; aitzitik, “arrazoia igotzean bertan datza, bidean. Patarrean eta izerdian, sufrimenduan. Norbere ukoan, norbera gainditzean. Nahian eta ahaleginean. Agian zure burua bilatzen duzu. Zu zeu, zure arima, behartzen duzun gorputz horixe zarela egiaztatu gura duzu. Eta gorputz hori beste zerbait dela eguneroko errutinako norgabea baino. Zure buruaren -ahalaren, ezinaren-, zure mugen esperientzia egin, existentziaren esperientzia: existentziaren kontzientzia mugen kontzientzia baita. Eta, aldi berean, inguratzen zaituen guztiaren mugabakoa sumatu, mugabakoaren baitan ibiltzen sentitu. Izadi immentsoaren adiguri edo anparoan bildua ikusi zure izatea -borroka, inpotentzia. Beste mundu bat bilatzen duzu, bai; baina zeure barnean. Beste zeu bat, diferentea, etortzen, igotzen, inoiz ez ailegatzen, eta beti ailegatua nolabait.

Eta agian, gero, izan daiteke egiaren parte bat hori ere, gailurreko argi posiblearen eta bideko txoriak entzuteko ideiaren pozak lagun egiten eta laguntzen diola mendizalearen eginahalari. Baina egintzaren egiazko zentzua egintzaren beraren barruan dago, ez dator kanpotik emanda; zentzua bideak dauka, ez gailurrak. Edo, hobe, zentzua mendizalearen erabaki(men)ak eta ahalegintzak dauka.”

Horizontetzat ere har liteke zentzua, gauzak nabarmentzen diren hondotzat, ikustea eta ulergarritasuna ahalbidetzen duena, baina baita bizitza bera ere: “zentzua ez da ezer, baina zentzurik gabe ezer ez da ezer”. Argiaren antzekoa litzateke zentzu hau: mitologietan argia mundua baino lehenagokoa izaten da, gauza ororen izatearentzat espazioa, Biblian zehazki eguzkia baino lehenagokoa. Argiari esker gainditzen da hasiera baino lehenagoko kaosa, argian atontzen da kosmosa, hasiera bera baita argia, formen unibertsoaren altzo, edozer ager dakigun beharrezko; gure baitatik atera ere egiten gaitu, gauzetara joan gaitezen. Zentzuan bizi garen bezalaxe, argian bizi baikara ohartu ere gabe argian gabiltzala. Gandiaga argindarrik gabeko baserri batean jaio eta koskortu zen; inoiz ez dugu jakingo zer izan ziren Gandiaga lakoentzat egunsentia eta ilunabarra; badugu bonbilla, baina galdua dugu argiaren eta ilunaren sentiberatasun derrigortu hura, Gandiaga egunero goizean goiz jaikitzera bultzatzen zuena, argiaren betiko etorrera eta hedatze beti berria bizi ahal izateko.

Alabaina, Unibertsoaren azken oinarri gisa uler daitekeen arren zentzua, sarritan gertatzen zaiguna da eguneroko bizitzako zeregin zehatzei zentzua aurkitzen diegula, baina bizitzaren osotasunari ez, zentzuok ezerezetik zintzilik baleude bezala. Halaxe ageri zaigu razionalki soil aztertuz gero. Dena den, gizakiak, oro har, nahiago izaten du zentzuren batean sinetsi erabateko absurdoa onartu baino, irensgaitza baitzaio errealitatearen krudelkeria bere gordinean.

Halatan, filosofo bereizketariak bere ganberan erabaki arren ez dagoela zubirik “hala da” gertarizkotik “hala behar du” etikora, Azurmendik uste du “gizon-emakumearen existentzian zinez gertatzen dena da, beronek ez espazioa (mendiak, arbolak, iturriak, kobazuloak; eguzkia, ilargia, izarrak), ez denbora (egunsentia, eguna, gaua; jaiotza, heriotza), eta ez elkarteko bizitza (familia, gerra, lana eta lanaren fruitua), ezta etxeko abereak eta lan tresnak berak ere, ez dituela inoiz bizi izan gertarizko datu gorri neutral gisa bere inguruan, baizik ere beti esanahiz, zentzuz edo zentzugabez jantziak aldi berean. Bikoiztasun eta oposizio hura eskolakoa da, analistaren laborategikoa. Gertari erreala da, gizakiak ikusi eta bizi ere balioz jantzia ikusten eta bizitzen duela mundua; eta horregatik berak mitoz janzten duela. Giza “kultura” deus ez baita besterik, seguru asko, gauzak zentzuaz eta balioaz jantzirik edukitzea ez bada.”

PRAKTIKAN, ZENTZUA BETI PLURALA

 

Bizitzaren zentzuak, horrenbestez, askotarikoak dira eta aldakorrak, baita batzuetan gutako bakoitzaren baitan ere, arima ugari baitugu, zenbaitetan nolabaiteko harmonia lortzen dutenak, sarriago gatazkan dabiltzanak: arima edo arrazoimen bat izan dezakegu zientifiko zorrotza, bestea erdi mistikoa, poetikoa, hedonista, eszeptikoa, beste bat mailua maite duen filosofikoa, edota mailua eta igitaia... Mitoen bidez bizitza zentzuz janztea ez da irrazionala, baizik zientifikoa ez bezalako arrazoimen baten erabilera. Arrazoimen zientifikoak ez du zentzurik behar. Eta erlijioari ere arrazoimen bat dagokio, ez da irrazionala ez arrazionala. Bestelako gogoa darabil, munduko liluren aurrean zabalik dago eta ez du ortzadarra ekuazio batera murrizten.

Behar hutsak eragina ez den adimenezko edozein jardueratan sartzen da zentzuaren arazoa. Zentzua ipuin bat da; ez kontzeptu bat, ez esplikazio bat. Ipuin horretan zentzu bat mamitzen da. Eta zentzua “arau bat izan daiteke, ispilu bat, esperantzarako argi bat, abisu eta oharkizun bat, mehatxu bat ere, edo atseden ordu bat soila. Gizakiak, burua gora mundu zabalean, txabola bat egiten duen bezalaxe mendi hegalean gorputzaren aterperako, mito bat (zentzu bat) egiten du, haren barruan habitatzeko, gogoaren txabola. Mito bat (Jainko bat) zentzu bat da; zentzua espirituaren txabola bat. Zerbaiten zentzuak balioa adierazten du, orientazio edo hautua adierazten du, norbere ulerpena (biziaren zentzuan, adibidez), funtsean identifikazioa adierazten du (edo ukoa).”

Bere baitan ere, bestalde, zentzua, singularrean aipatzen den arren maiz, praktikan plurala izaten da: osagai etiko, estetiko, sentimental, politiko, erlijiosoen batuketa, giza historian elkarnahasturik baitabiltza etika, artea, politika eta erlijioa.

Gertaera berak, Vesuvioren erupzioak demagun, zentzu desberdinak izaten ditu biktima batzuentzat eta besteentzat, are kontrako zentzuak: Jainkoen zigor, Jainkoek gizakien debozioari jarritako proba, Jainkorik ez dagoelako froga nabarmena... Txit bestela, Pliniok, Jainkoak zeharo ahazturik, sumendiaren eztandak zekarkion patua estoikoki onartu zuen: beste zentzu posible bat, zentzu filosofikoa, Jainkorik gabeko salbazioa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.