Zer da Odisea bat? (Azurmendi 3)
Bizitzaren zentzua inoiz ez da teorema koherente ziur bat izan; aitzitik, beti izan da problema, eta ondorioz beti izan da historiko. Gogoetek historia dute, sentimenduek edo kezkek bezalaxe. Jendeak ez ditu beti galdera eta erantzun berdinak eduki. Historian, Azurmendirentzat, dena da erlatiboa. Galderak, eta galderon zentzuak, historian aldatzen direnez, “askotan, galderak ez ditugulako izaten dira erantzunak zentzugabeak.”
Azurmendiren jarrera ulertu ahal izateko, horrenbestez, gurean ibili diren eta dabiltzan zentzuak aztertu behar. Bost ikuspuntu bereizten ditu zentzuaren galderari lotuak gaur egun.
Aurrena, ukatzaileena, ateista zientistena: lehenbailehen ahaztu behar dira umekeria horiek, ipuin horiek; modernian ez dute lekurik, antzinako kontuak dira, elkartezinak zientziarekin eta pentsamendu razionalarekin: errealistak izan behar dugu, ez dagoenik ez bilatu.
Hurrena, ortodoxoena, Villasante, Munilla eta Benedictorena: Elizaren doktrinak zeharo asetzen du zentzuaren eskakizuna, no problemo. San Agustinenean legetxe, mitoak ez dauka arazorik zientziarekin, egiarekin, errealitatearekin. Besteek dute beti errua: munduaren gaiztotzeak, kontsumismoak, gazteen errespetu faltak; mitoa bera ez da inondik inora arazo iturri.
Gurean, bi jarrera horiek biltzen dute gehiengo soziologikoa.
Gero, “mitologia berria” deitu izan dena dugu: Hölderlin, Wagner, Nietzsche, Ernst Jünger, Mirande koka genitzake hemen. Kristautasunarenak egin du, eman behar zuena eman du honezkero, arrazoi eta zientzia modernoek iraganera bota dute, eta orain erlijio berri bat asmatzea dagokigu, moderniaren kritiken ostekoa, gizakia eta natura ikuspegi berri libre bitalista batez ulertuko dituena. Feuerbachen eta Marxen fedea Gizadiarengan ere hementxe ikusten du Azurmendik.
Laugarrenik, Gandiagaren beraren jarrera: haurtzaroko mitologiara itzuli da, bere buruarekin borroka egin eta krisia pasatu ostean. Mitologia guztia abandonatu ondoren zentzurik ez zuelakoan, “orain zentzu eder berriz betea ikusten du, baina oraingoa guztiz beste zentzu bat da.” Marxen eta Freuden kritikak ezagutu ditu, beste erlijio batzuek liluratu dute, baina ez du alternatibarik ikusi, eta ez du alternatibarik gabe bizi nahi izan. Ondorioz, itzuli egin da eta badu zentzua: zirtzikatu egin zitzaion, baina, bere poesia lekuko, edo, zehazkiago, bere poesiaren bitartez, berritu egin du, eta bertan bizitzeko moduko txabola zaio orain.
Azkenik, Azurmendirena berarena: “Itzuli, eta hizkerarik gabe gelditu da: inoiz habitatu zuen hizkeraren edo mitoaren puskail artean, orain oroipenak habitatzen ditu. Interesik handiena du mitoetan, maite ditu (ez daki, sinesten ez ote duen ere), konfiantza du, eta mesfidantzarik handiena. Alternatibarik ez dauka eta ez du uste dagoenik.” Edo, bestela esanda, zentzurik ez dauka, Gandiagak ez bezala, baina batez ere galdera bera daukalako zirtzikatuta. Honezkero jakin ez daki zein galderari erantzuten omen zion zentzuak.
Gandiagarena eta Azurmendirena Odiseak izan dira, bakardadezko ezinegona bizi izandakoaren itzulerak. Aldiz, seminariotik leninismora eta segituan liberalismora aldatzea, gailen dabiltzan olatuetan kortxo, gogoeta kritikorik gabe, egindako etxetik egindako etxera ibiltzea, ziurtasunez ziurtasun, ez da Odisea bat: “Odisea da etxea utzi, galduta ibili, eta, batek ez daki nola, atzera Itakara itzulia aurkitzea. Bitartean, jakina, oso posible da Itaka hori arras aldatuta agertzea; edo Odiseo bera egotea aldatua beretarrentzat ere kasik ezagutezina izateraino, zakurren batentzat-edo ez bada; edo berak Itaka uste duen hori batere ez izatea Itaka, oraindik beaziarren beste uharteren bat gehiago baizik. Odisea ez da korronteak eta zorteak eraman zaitzaten uztea. Naufragioa da, borroka, desesperazioa, autoengainua, Gozo uharteko gozotasunaren limuria, meditazioa, ihesa zeure buruari eta gustuei, “jainkoren baten” laguntza; azken finean, herrestan zaramatzan historia korapilotsu bat, antzaldatzen ari zaituena. Odisea da ez jakitea odisea dela; ez jakitea jada itzulia zaren ala inoiz baino galduago, eta ez jakitea jadagoneko etxerik eta Itakarik batere inon ba ote dagoen.”