Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Guardia zibilaren erakarmena

Markos Zapiain 2025/06/09 09:20

80ko hamarraldiaren amaierarako banuen gure inguruan nagusi zen katolikotasunari buruzko ikuskera propio bat, arbitrarioa noski; erlijio batzuen berri ere banuen, ausaz irakurritako liburuetan ikasirik; erlijioen kontrako arrazoien berri ere bai, Institutuko ikasle nintzela Marx, Freud eta Sartre irakurrarazi baitzizkiguten, eta ordurako hasia bainintzen urterik urte eman ditudan Hume eta Nietzsche irakasten; eta igaroa nintzen Lizasotik. Ordea, orain dela 35 urte arte ez nintzen sumatzen hasi zein garrantzitsuak izango ziren nire bizitzan Gaizkia eta Satanas.  

1990ean heldu nintzen Bermeora, Institutuan Filosofia irakasle izateko. “Txaraka” hotelean igaro nuen lehenbiziko gaua; ondoren, logela bat alokatu nuen, Sollubeko zuhaitzak motozerraz ebakitzen zebiltzan langile batzuekin partekaturik etxea. Lokatzez lepo egoten zen beti bainera. Ez zen sarrien dutxatu naizen nire bizialdia izan.

Hurrena, Institutuan bertan jarri nintzen bizitzen, atezainari zegokion etxean. 1990 hartan bertan inauguratu zen Institutuko eraikin berria, Aritzatxu hondartzaren gainean, eta hutsik zegoen atezainaren etxea. Atezainak ez zuen behar, Bermeon bertan bizi baitzen. Ez zegoen ur berorik, ez ispilurik. Lankide batek utzi zidan ohea. Bitxia zen Institutuan bertan esnatu eta jaiki orduko ikustea ikasleak hurbiltzen ari zitzaizkizula.

Urrian hasi nintzen etxe normal baten bila, Bermeon bertan. Oroitzen naiz Lamerako etxe bateko gelen banaketak txundituta utzi ninduela: etxeko atea ireki, eta ez zenuen sarrera topatzen, ezta pasillorik ere, baizik eta logela. Sarrerako ateak zuzenean ematen zuen logelara. Aproposa etxera mozkorrik iritsiz gero: atea ireki, eta zuzenean ohera ahuspez, arropa erantzi barik.

Azkenik, Talan aurkitu nuen etxe txiki polit bat. “Bermeo basatia” idatzi zuen Paul Henri Capdevielle eleberrigilearen iritziz, Europako lekurik ederrena da Tala, Ogoño, Izaro eta itsaso zabalari begira. Kantina ezagutu izan balu, are ederragoa irudituko zitzaiokeen.

Bosgarren solairua zegoen etxebizitza, igogailu barik, baina 26 urte dituzula arazorik ez. Marije zen etxekoandrea, Felipe senarra, Anita neskamea. 58 urte zituen Marijek, Felipek 56, Anitak 75. Gutxitan egoten zen Felipe. Marijek etxera joateko esaten zidan, merendatu bitartean salneurria negoziatuko genuela. Ordea, lehenbiziko egunetik zegoen salneurria erabakita: zazpi milioi eta erdi pezeta. Beste edozertaz mintzatzen ginen. Egia esan, Marije zen batez ere mintzo. Nahiko maiz joan nintzen.

Urrian ekin nien bisitei. Aholku bitxiak ematen zizkidan Marijek.

“Argindarrean dirua aurreztu dezakezu: gauez, etxeko argia piztu beharrean, balkoira atera irakurtzera, eta Matxitxakoko faroaren argia aprobetxa dezakezu: argiarekin batera esaldia irakurri, eta osteko iluntasuna irakurritakoaz pentsatzeko erabili, hurrengo argialdia heldu arte”.

Kontatu zidan familia txit aberatsetik zetorrela, aita eta arbaso arrantza- patroiei esker. Jauregi gisako batean bizi ziren txikitan, San Frantzisko komentuaren inguruan. Ume zelarik, Anitak jagoten zuen; orain alderantziz. Konkorduna eta gorra zen Anita. Oso txarto konpontzen zen Feliperekin. Sukaldean topo egin zuten batean, Felipek modu txarrean bota zion "kendu paretik, beti traban!", eskuaz baztertzen zuen bitartean.  

Marijeren aita itsasoan zebilen batean, lehorreko sozioek traizionatu eta dena kendu zieten. Horregatik bizi ziren orain etxe merke hartan. Hilobiak, familiaren panteoiak, etxebizitzak halako bi baino gehiago balio zuen: 15 milioitik aisa gora.

Guardia Zibila zen Felipe, senarra, baina erretiratua. Gernikaren eta Bermeoren arteko trenbidea egin zuten preso errepublikarrak kontrolatzera etorri zen Palentziatik. Feliperen plantak eta biboteak, Clark Gableren antzak, Marije gaztea liluratu zuten. Hala ere, dudak izan zituen neskak ezkongaitan, Feliperekin ezkondu ala ez. Frantziskotarra zuen aholkulari espirituala, eta ezkontzeko aholkatu zion: zeure bertuteak kutsatuko dizkiozu. Aldiz, Marijek zioenez, berak Feliperi ez zion bertute bakar bat ere kutsatu, eta aitzitik, akats mordoa bai Felipek berari.

Bestalde, erantsi zuenez, aspaldion ez zen frantziskotarrez larregi fio, josita ei zegoen Arantzazu ETAren iskiluak gordetzeko zuloz. "Zulus" esaten zuen. Sarritan jotzen zuen gaztelaniara, eta Bermeon "zulue, zuluek" esaten denez, ematen du espainolez "lleno de zulus" egingo zitzaiola naturalena.

Trenbidearen eraikitze-lanen zaintzaren ostean, trafikoaz arduratu zen Felipe, erretiratu arte. Marijek kontatzen zuenez, detaile bitxiak izaten zituen: behin batean, Zornotza inguruko autopistan, kontrola jarri eta trailer batek 24 tonatik gorako pisua zekarrela ohartu zen. Isuna.

“Ez, mesedez, lau seme-alaba dauzkat, oso txarto gabiltza”.

“Bazenuen aurretik pentsatzea, legea hautsi duzu. Multa”.

“Hondamendia izango da guretzat, otoi arren”, txofer heldua erdi negarrez.

“Ados, multa barkatuko dizut. Baina ez eman niri eskerrak. Emazkiozu nire emazteari, berak itsasten baitizkit bertuteak, horien artean errukia”.

Eta kamioilariak berba bete zuen: hantxe joan zen Zugaztieta, Muxika, Gernika, Foru, Busturia, Mundakan barrena, trailerraren handitasunak eraginiko zailtasunak nekez gaindituta. Auskalo non aparkatuko zuen Bermeon, Talara ezin baitzinen trailerrez igo, eta artean ez zegoen Pergolako aparkalekua.

Kontua da bost solairuak igo, etxeko txirrina jo, eta harrituta entzun zituela Marijek kamioilariaren hitzak:

“Eskerrik asko zure senarrari errukia inspiratzeagatik. Zuri esker barkatu dit isuna. Ondo segi”.

Marijek sumatzen zuen senarra ez zebilela oso artez, eta jakinarazi zidan kontu korronte bat zabaldu zuela haren ezkutuan. 

Primerako zauriak

Markos Zapiain 2025/05/28 12:20

Aita hil zitzaigunean, ospitalean, azken hatsa eman bezain laster senide batek gelako airea eskuz seinalatu, eta esan zuen: “hementxe egongo da orain”. Eta beste batek: “ireki leihoa, gora joatea erraztu behar diogu”. Nik ezin izan dut horrelakorik sinetsi. Uste dut hiltzen zarenean gorputza, arima eta beste guztia doala zulora edo kontainerrera. Eta erabaki eskuzabala haurrideei begira ez da badaezpada ere zeure gorpuzkinak ehortzirik gordetzea, denboren amaierako gorputzen piztueraren itxaropen gutxi-asko lausoak bultzatuta, baizik eta aprobetxagarriak liratekeen zeure organoak ematea.

Edozein gisaz, hainbat sinesmen erlijioso egoistak eta estrabaganteak iruditzen zaizkidan arren, edota ulergaitzak, hala ere, ezinegona eta beldurra uxatzen laguntzen badute, zoritxarra lasaiago eramaten, edota poza erakartzen, orduan zorionak eta gora bihotzak. Egoitza ugari baititu laikotasunaren etxeak. Ondo begitantzen ez zaidana da sinesmen horiek jendartean ezarri nahi izatea, badaude-eta partekatzen ez dituzten hiritarrak. Errespetua merezi dugu agnostikoek eta ateoek ere.   

Printzipio orokorra da hori. Baina gero, eguneroko bizitzan, onartu beharra dago eztabaida sutsu bezain aberrante eta barregarriak bideratzea dela sinesmenaren onuretako bat, kontsolamenduarekin eta erruki eskuzabalarekin batera. Eta hor bai, poxelu eta min egiten diote elkarri fededunek eta fedegabeek.

Espektakulu globalaren osagai garrantzitsua dira Aste Santuko prozesioei lotutako ika-mikak —magufoak ote diren kristauak—, Santa Teresa Jesusenaren eskeletoaren erakusketa makabroak piztu dituenak… Hain zuzen, azken horrek ez al du berriro adierazten ondo ez dabilen zerbait dagoela kristautasunaren oinarrian? Heriotza maite duen jende mordoa erakarri du, kristautasunak hasieratik erakutsi duen ukitu tanatofiloak. Astero ikusten zuten Mel Gibsonen La pasión de Cristo gure izebaren komentuan. Christopher Hitchens fidagarriaren iritziz, kristau gay sadomadoz osaturiko merkatu zabalaren bila ibili zen Gibson antisemita, eta asmatu zuen.

Behin batean, Calahorran, elizaren ondoko plazatxoan eserita geundela, ilunabarrean, soineko arrosa estrainio bat zeraman andre bat agertu zen, 70 urte ingurukoa, Poltergeisteko mediumaren oso antzekoa. Venid, venid, que os enseño la iglesia, que tengo las llaves. Elizan sartu, eta Jesu Kristo gurutziltzatu batengana hurbildu gintuen, dena odol eta tristura. Orduan, eskua hartu zidan, Jesusen zaurietara eraman, eta bat-banaka ukiarazi zizkidan, haren eskua nirearen gainean gidari, eta “mira, fíjate qué heridas más estupendas” esan zidan.  

Erlijioa definitzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2025/05/28 10:15

Oso zaila da erlijioa zehazki definitzea. Mutur bi dauzkagu hemen, Kanten antinomia gisa erabil ditzakegunak:

1-GUZTIA ERLIJIO

Autore batzuentzat ia guztia da erlijio, edo erlijiotik dator. Susmo hori Hegelek eta Nietzschek zabaldu zuten; Nietzschek Frantziako Iraultzan, sozialismoan, anarkismoan, giza eskubideetan, zientzian, gramatikan, eta abar, erlijioa ikusten baitzuen, erlijioaren metamorfosiak, erlijio izateari uzten ez ziotenak.  

Yuval Harariren ustez, orobat, erlijioa ez da soilik normalean erlijiotzat jotzen duguna, baizik halaber liberalismoa, giza eskubideak, komunismoa, algoritmoak.

Joxe Azurmendik ere edonon ikusten du erlijioa: zalantzan jartzen du gure inguruko politika benetan profanoa ote den; uste duenez, “laizismoa, gaur askotan suposatu ohi den bezala gutxienez, Estatuaren eta politikaren teologia kamuflatu batean egoten da oinarritua”. Joko Olinpikoei ere, edo Chirac presidentearen haserreari futbol partida batean himno frantsesa jo eta jendeak txistu eta oihu egiten diolarik, kutsu erlijiosoa sumatzen die. Ez du ulertzen zergatik jotzen den erlijiosotzat eskola frankistan gurutzea jarri beharra, eta ez gaur egun udaletan bandera espainola eta erregearen irudia derrigorrez jarri beharra. Ministroek eta epaileek Estatuari egin behar dioten zina ere erlijiosoa zaio. Uste dut Azurmendik serie hau ere zeharo erlijioso ikusiko lukeela: misiolaria, laikotasunaren berri ona zabaltzen.

2-EZ DAGO ERLIJIORIK

Beste muturrean, Peter Sloterdijk dugu, Rajneesh edo Oshoren eraginpean: ez dago erlijiorik. Hori erakusteko, “Zientziologia” erlijio berria nola sortu den azaldu du. Zientzia fikzioa idazten zuen amerikano batek niaren teknologia batzuk proposatu eta erlijiotzat hartua izan da azkenean. Alderantziz, Joko Olinpiko berrien asmatzaileak erlijio berri bat nahi zuen, Greziako Joko Olinpikoak erlijiosoak baitziren, baina ez du lortu. Erlijio izan nahi ez zuena erlijiotzat hartzen da, eta erlijio izan nahi zuenari edozein kutsu erlijioso kendu zaio. Beraz, zorrozki hitz egitera, ez dago erlijioa zer den zehazterik.

ERLIJIOAREN DEFINIZIO POSIBLE BAT

Ez da harritzekoa erlijioari dagokionez definizio bakar bat adostetik hain urruti egotea: Nietzsche, Durkheim, Mircea Eliade... adituak ez datoz bat. Askok diote budismoa ez dela erlijio bat, ez baitu Jainko transzendenterik. Gizaki bat da beneratzen dena, Buda Sakiamuni, taoismoan Lao Tzu, konfuzianismoan Konfuzio. Gizakiak dira, ez dago transzendentziarik. Are, badira erlijio ateoak ere, hala nola jainismoa, Indian bost bat milioi lagunek praktikatua. Besteak beste, Kundakunda filosofo jainista handiaren obratik ondorioztatu dute adituek erlijio ateoa dela.

Idazki-serie honetan “erlijio” esatean Nietzsche, Durkheim, Comte-Sponvilleren definizioen araberako zerbait izango dut gogoan: giza talde batek partekatzen duen sinesmen multzo bat, haraindikoari garrantzi handiagoa ematen diona honaindikoari baino, beste munduari mundu honi baino, arimari gorputzari baino. Erlijioak elkartzen duen taldeak errituen bidez dakartza bizitza errealera sinesmen horiek.

Nietzschek uste du ametsa erabakigarria izan zela beste munduaren eta arimaren ideien sorreran. Badoa ibilian erdi zimino erdi gizakiek osaturiko talde nomada, eta kide bat hiltzen da. Taldekideek gorputza usteltzen ikusten dute. Handik aste betera, taldekide baten ametsean agertzen da, hizketan, bizirik. Ondorioa: “hildakoa beste mundu batean dago; gorputz materiala usteldu den arren, bere izpiritua bizirik dago han, haraindian”.

"Erlijio" hitzaren etimologia

Markos Zapiain 2025/05/28 09:56

Arazo franko dago erlijioa zer ote den definitzeko orduan; baina baita “erlijio” hitzaren etimologia adosteko orduan ere. Adituak ez daude ados. Bi dira nagusitu diren proposamenak.

Dirudienez, sinestunek joera dute “erlijio” "religare"tik eratortzeko. Tertulianok lotu zituen aurrenekoz "religio" eta "religare". Berriro lotu, bildu, esan nahi du. Fededunak komunitate batean biltzen baititu sinesmenak, horizontalki, eta gainera Jainkoari ere lotzen dizkio, bertikalki.

Hain zuzen, Tertulianorena da "credo quia absurdum" edota "credo quia ineptum" erranairu ospetsua: kristau dogmak, zenbat eta absurdo edo ergelagoak, orduan eta sutsuago aldeztu behar ditugu. Montaignek, Unamunok eta Chestertonek sinpatiaz ikusi zuten. Montaignek zioen katolikoa zela inguru hauetan jaio zelako. Persian jaio izan balitz, musulmana litzateke, berdin-berdin. Egia katolikoak eta egia musulmanak berdintsu balio dute (eta interprete askok irakurri dute lerro artean: deus gutxi dute balio).  Unamuno: kristau dogmek ez dute ez hanka ez bururik; hala ere, sinesten dut. Edo Chestertonek, Londresen eliza katoliko batean meza eta sermoi izugarri aspergarri eta txarra entzun ondoren: hain inutilak izanik apaizak, fede katolikoak bi mila urtez iraun baldin badu, orduan egiazkoa behar du izan. Eta anglikanismotik katolikotasunera igaro zen.  

Dena den, filologoek nahiago dute Zizeronek proposaturiko etimologia: “relegere”tik letorke “erlijio”, benerazio arretatsu bat adieraziko luke sinesten den horrengana, eta baita berrirakurtzea ere, testu sakratuak behin eta berriz irakurri behar baitira behar bezala barneratu arte.

Erlijioak eta Jainkoa

Markos Zapiain 2025/05/28 09:50

André Comte-Sponvilleri erosoagoa zaio erlijioei buruz hitz egitea Jainkoari buruz baino. Jainkoa, definizioz, gu baino gehiago da, gainditzen gaitu. Erlijioek ez. Gizatiarrak dira, gizatiarregiak. Gizatiarrak direnez, eskura dauzkagu, ezagut eta kritika ditzakegu, Jainkoa ez bezala.

Transzendentea da Jainkoa. Aldiz, erlijioak historiaren, gizartearen eta munduaren parte dira, immanenteak baitira.

Perfektua da gainera Jainkoa. Are, Karlos Linazasorok dioenez, "Jainkoari tope gustatzen zaio musika euskalduna". Kontrara, erlijioak ez dira perfektuak, eta horregatik dute nahiago aingeruen musika.

Jainkoaren existentzia zalantzazkoa da. Erlijioena ez da. Erlijioei buruz sortzen diren auziak gutxiago dira ontologikoak soziologikoak edo existentzialak baino: kontua ez da erlijioak ba ote diren jakitea (batzuetan, dio Comte-Sponvillek, existentzia intentsoegia dute), baizik eta zer diren, eta erlijiorik gabe benetan ondo bizi gaitezkeen. Azken arazo horixe da Comteri bereziki axola zaiona, eta uste du baietz, erlijioak bazterturik ere zentzuz beteriko bizitza sortu dezakegula, errukian eta elkartasunean oinarritutako bizimoduak ez duela erlijioaren beharrik, eta primeran bizi gaitezkeela erlijio barik.

Frantziskoren erakarmena

Markos Zapiain 2025/05/27 22:10

Bai LOE legearekin, 2006an, PSOE gobernuan zela, eta bai 2020an, PSOE-Podemos gobernuaren ekimenez, derrigorrezkoa izan da Batxilergoan Erlijio ikasgaia eskaintzea. Lehen Hezkuntzan eta DBHn derrigorrezkoa izan da beti, halaxe jarraitzen du. Erlijio irakasgaiak, gainera, eragina du batez besteko notan, Erlijioren alternatibak ez bezala, adibidez Balio Etikoak.

Badabiltza hor auskalo nondik datozen presio arraroak, Internet miatu arren behin eta berriro mozorrotu eta ihes egiten didatenak. Zergatik ez dute Felipe Gonzalezek, Zapaterok edo Pedro Sanchezek konkordatu frankista bertan behera utzi? Nietzschek ondo erakutsi zuen kristauek, sozialistek eta komunistek antzeko azpiegitura ideologikoa dutela: berdintasuna helburu, eta oraindik ez dagoenak ematea zentzua orain dugunari. Kirrinkarik batere gabe ibili zen Javier Madrazo komunista Ibarretxeren gobernuan. Alvarez Solisek komunista katoliko definitzen zuen bere burua, beste askok bezala.

Gero eta hobeak dira Espainiaren eta Vatikanoaren arteko harremanak. Azken bisitaldian, berrogei minutuz mintzatu zen Frantzisko aita sainduarekin Yolanda Diaz, erabatekoa izan zen sintonia. Isabel Zelaa —EAEko Hezkuntza Kontseilari izana Patxi Lopezen gobernuan, eta Hezkuntza Ministro Pedro Sanchezenean— ordu erdiz bildu zen Frantziskorekin, eta, ABC-k kontatu zuenez, nabarmen hunkitu zuen aita sainduaren hurbiltasunak: ahotsa dardarka, erdi negarrez, fan nerabeek rock idoloen aurrean izaten dituzten emozio epileptikoak... Opari bi egin zizkion Zelaak Bergogliori:

El primer regalo era muy personal, un rosario de la Cartuja de Burgos que perteneció a la cuñada de la ex vicepresidenta, fallecida hace unos meses. Francisco lo ha tomado en las manos muy agradecido.

El segundo era un pequeño busto de San Ignacio, que pertenece a una serie limitada, y que envía una comunidad jesuita del País Vasco. «Yo me he educado en un centro de los jesuitas vascos», le confió orgullosa la embajadora al Papa.

Gaur egun, Karmeldar Oinutsak eta Karmeldar Oinetakodunak baino sakonkiago emozionatzen ditu aita sainduak sozialistak. Isabel Zelaa da orain Espainiaren enbaxadore Vatikanoan.    

Hain zuzen, paradoxikoa izatera heltzen den anbiguotasun zabal horixe da PSOEren dohainik ederrena: txit inklusiboa da, eta zirkunstantzien arabera konpontzen da ondo edo gaizki berdin Bildurekin, Cuidadanosekin edota Juntsekin, Jainkoaren bideak bezain printzipioetatik aldenduak izaten baitira sozialistenak ere. 

Halatan, asko dira argitzeke uzten dizkiguten enigmak: palestinarren alde Europako gobernubururik ausartena izaten ari den Pedro Sanchezek, zergatik abandonatu zituen sahararrak interes ziztrin batzuen truke? Zer da ez dakiguna?

Bestelako eremu batean: zer gertatu zen azkeneko Goya sarietan? Hasieran, “El 49”k irabazi zuela esan zuten. Handik pixka batera, “El 49” eta “La infiltrada”, saria erdibana. Haatik, bakoitia zen boto-emaileen kopurua; milatik gorakoa, gainera: aski zaila, beraz, berdinketa hori berez gertatzea. Bestalde, txurro hutsa duzu “La infiltrada”, film gisa ere.

“El 49”n ez dira ondo gelditzen Espainia eta guardia zibila. Aukera ona ematen zuen “La infiltrada”k hori apur bat konpentsatzeko, nahiz eta iruzurra nabarmena izan. Zer gertatu zen denbora-tarte erabakigarri horretan? Bozketaren emaitza aldarazteko, nork deitu zion nori? Kultura ministroak Zine Akademiako zuzendariari? Pedro Sanchezek Alfredo Landari? Chat GPT, DeepSeek, Claude: ez ei dakite.

Baten batek egia konta lezake noizbait, baina ez liokete sinetsiko, edo ez liokete jaramonik egingo. Bestela, sinetsi ez sinetsi, egia hori soilik errepikatuko dute hurrengo hauteskundeetan boto batzuk eskuratzeko lagungarritzat joko dutenek. Ia inori ez zaio axolako egia denetz, eta informazioen, garrasien eta irainen uholdeak egia ezagutu nahi luketenak itoko ditu.

Larderia saihesteko pikareska

Markos Zapiain 2025/05/27 14:55

2017 hartan, inoiz baino ozenago aldarrikatzen zuen Hezkuntza Sailak ikastetxeen autonomia sendotu beharra. Olatu hori profitaturik, klaustroari proposatu genion batxilergoan Erlijio ez eskaintzea. Dena den, ikastetxeetan ez du klaustroak azken hitza, Eskola Kontseiluak baizik: irakasleen ordezkariez gain, Eskola Kontseilua ikasleen, atezainen, administrarien, gurasoen, garbitzaileen eta udalaren ordezkariek ere osatzen dute.

Gure asmoa zen klaustroaren erabakia ondoren Eskola Kontseilura eramatea, bertan bozkatzeko. Hirurogei irakasle inguru ginen klaustroan, eta guztiok egin genuen Erlijio batxilergotik kentzearen alde, batek izan ezik. Klaustroa amaitu ostean, norbaitek klaustroaren erabakia hezkuntza delegaritzari filtratu zion. Hurrengo egunean, ikuskaria eta Erlijio irakasleen gotzaindegiko arduraduna etorri zitzaizkigun, bozketa hori aktatik ezabatzeko exijituz. Horrela trabatu zuten eztabaidagaiaren Eskola Kontseilurako bidea. Horrelaxe zapuztu zuten ikastetxeak modu autonomo samarrean ondorio errealak ekar zitzakeen erabaki bat hartzeko lehenbiziko aukera. Gure gaineko botereak eragotzi zigun.

Francok eta Vatikanoak adostutako konkordatua indarrean dago XXI. mendeko lehenbiziko hamarraldi hauetan, izenpetu eta 50 urte igarota. Boterea erabiltzeko eliza katolikoak oraindik darabilen larderia hori da saltsa handitan ez sartzeko joera duen jendea ere laikotasunaren aldeko militantziara bultzatzen duena. Sumingarria baita gainera nola estaltzen duen egitezko larderia hori mintza-molde biktimista batez. 

Bozketa eta erabakia aktatik ezabatu behar izan genituen. Muntazko irakaspena barneratu genuen orduan: autonomia eta demokrazia benetan gauzatu nahi izanez gero, eraginkorragoa da batzuetan trikimailua eta pikareska, hautuak argi eta aurpegia emanez egitea baino. Jazoera haietan, geuk eman genituen aurrerapauso demokratikoak, eta hezkuntza sailaren eta gotzaindegiaren portaera izan zen antidemokratikoa. Berez, demokratak bezain jatorrak dira ikuskaria zein Erlijio irakasleen arduraduna; haatik, inertzia antidemokratikoetan zeuden harrapatuta, eta, dirudienez, askatzen zailak dira korapilo horiek.

François Furet historialariak zioen XX. mendeko gertaerarik garrantzitsuena izan zela elizak azkenik demokraziaren hastapenak nola edo hala onartzea. Hori bai, geldika-geldika; eta asko kostata. Botere poxi bat berreskuratu dutela sumatu orduko botatzen dituzte oraindik atzaparkada autoritarioak, Espainian nabarmen. Historiak naturala dela erakutsi duen joera gogor hori eragozteko behar da laikotasuna. Agintariek laikotasuna serioski ezartzen ez duten herrietan —gurean, kasu—, pikareska ere baliatu behar izaten dute demokratek, hiritarren arteko berdintasuna xede. Baina ez da komeni jendaurrean aipatzea zelan darabiltzaten demokraziaren heroiek pikareskaren irakaspenak, ezagutuak izateak eraginkortasuna makalduko bailieke.   

Goretsazue Mikel!

Markos Zapiain 2025/05/26 17:55

Zaila da Hegelen testua eskuratzea: jatorrizkoa, alemanen erru-sentimenduagatik agian, Israelen kritika apalena egunkarietatik ezabatzeraino heltzen baita, gaur egun ere. Frantsesezko itzulpena, gero eta ahulagoa duelako Vrin argitaletxeak banaketa.

Gaztelaniazkoa, Joxe Mari Ripaldak egina, eta Escritos de juventud bilduman jasoa, aspaldi argitaratu zuen Fondo de Cultura Económicak, eta agortuta dago. Nik banuen 80ko hamarraldian erositako ale bat, baina, kasualitatea, zuriz dakartza “Kristautasunaren izpiritua eta haren patua” idazkiko hainbat orrialde bikoiti. Interneten ere ahalegindu nintzen erosten, baina kale.

Azkenik, Bilboko “Laurak” liburudendako arduradun Mikel Antóni esker lortu dut.

Horregatik uste dut ia beste inork baino gehiago merezi dituela Mikelek 150. Salmoaren alabantzak.

 

Aleluia! Gora Mikel!

Goretsazue Mikel, Laurak liburudendako bere santutegian,

goretsi bere zeru-sabai tinkoan.

 

Goretsazue bere egite ahaltsuengatik,

goretsi bere neurrigabeko handitasunagatik.

Goretsazue adar-soinuz,

goretsi harpa eta zitaraz.

Goretsazue danbolin eta dantzaz,

goretsi hari-soinuz eta txirulaz.

Goretsazue txilin ozenez,

goretsi txilin durunditsuz.

 

Gorets beza Mikel arnasadun orok!

 

Aleluia! Gora Mikel!

Desatxikimenduaren doktrina aplikatzeko zailtasunak

Markos Zapiain 2025/05/23 11:15

Askotarikoak dira ikastetxeak eta irakasleak, eta aldakorrak, baina patroi orokor batzuei buruz mintzatzeak ez dirudi zentzugabea. Jendea nortasunaren arabera sailkatzen dugun bezala, badago halaber irakasleak taldekatzea: lasaiak, lotiak, Real Madrilen zaleak, santuak, kaskagogorrak, belarriprestak, konstituzionalistak, arraroak, piperrak, lotsatiak, eskuzabalak, barnerakoiak, kanporakoiak, ausartak, koldarrak, indartsuak, ahulak, sadikoak, masokistak, zorrotzak, itxiak, irekiak, estuak, isilak, berritsuak. Noski, etengabekoak izaten dira gurutzaketak eta bilakaerak. Kasurako, ohikoa da jende berez isila berritsu bihurtzea irakasle lanetan hasi orduko.

Eztabaidagarriagoa da ziur aski hurrengo ideia hau: ematen duzun ikasgaiak mundu-ikuskera eta nortasuna moldatzen dizkizu, neurri batean bederen. Adibidez, Historiakoek dena dakite. Biologiakoek ez dute Etikan sinesten: instintuek goitik behera erabakitzen dutela giza jokabidea uste dute, eta susmagarria zaie egoismo naturala itxuraz baztertzen edo gainditzen duen portaera etikoa: egoismo maltzurrago baten mozorro gisa ikusten dute.

Filosofiakook, berriz, irakaskuntzaren kalitatearen aldeko betebehar etikotzat dugu formakuntzei muzin egitea, irakurtzeko denbora kentzen baitigute, eta zenbat eta gehiago irakurri orduan eta hobeto mintzatzen gara ikasleen aurrean. Bestalde, hobeto daramatzagu bizitzak ematen dituen zartakoak, batez ere urtea joan urtea jin estoikoengan, Epikurorengan eta eszeptikoengan jarri badugu azpimarra. Orobat, lasaiago ibiltzen gara irakaskuntzako krisialdietan, barneratuagoa izaten baitugu desatxikimenduaren doktrina, bigarren azala balitzaigu bezala, hainbeste bider irakatsi dugu-eta.

Horregatik egin zitzaidan hain deigarria lanegun arrunt batean nire mintegikide normalean patxadatsua bere onetik irtenda aurkitzea. Filosofiaren Historia irakasten zuen, selektibitatean sartzen den ikasgaia. Halako batean, baja hartu behar izan zuen. Eta Erlijioko bat jarri zioten ordezko, ideiarik ere ez zuen arren filosofiaz, ezta San Agustini eta Santo Tomasi buruz ere. Ezin zutela deus ere egin esan ziguten hezkuntza sailean. Sumindurik eta garrasika ikusi nuen korridoretik. Pirronen printzipioak aplikatzeko aholkatu nion, epojé eta adiaforia, indiferentzia filosofiko sakona, baina antzarak ferratzera bidali ninduen.

Oroitzen naiz behin batean Erlijiokoak ezin zuela ordutegia Bermeoko orduekin bakarrik bete, eta Gernika eta Lekeitioko ikastetxeetako orduekin osatu behar izan zuen. Allokoa zen, eta behin baino gehiagotan entzun nion marmarka “Lerín, Lerín, altas peñas, gente vil". Ordu arte, Gotzaindegiak dietak ordaintzen zizkien halako kasuetan Erlijioko irakasleei. Baina alloarrari ukatu egin zioten. Protesta egin zuen Gotzaindegian irakasle bizardunak, eta harrituta utzi zuen eman zioten erantzunak: “Tranquilo, hijo, lo entenderás desde la fe”.  

Gaza (VIII)

Markos Zapiain 2025/05/22 21:25

Akuilu ugari ditu Gazako sarraskiak. Hona hemen pare bat: Netanyahuk espetxea saihestu du; eta aurrerapauso ikusgarria eman du Biblian aipatutako Israel Handia edo Agindutako Lurraldea berrezartze aldera. Orain dela 3000 urteko David Erregearen erresumaren mugen baitako Israel palestinarrez hustu, juduz birpopulatu, eta estatu judua finkatzea da Netanyahuren helburu teologiko-politikoa. Ekonomiak baino askoz ere munta handiagoa du aurreiritzi erlijiosoak Gazako holokaustoaren bultzatzaile gisa.

Hegelen esanetan, Abrahamen Jainkoa erro-errotik zen beste Jainkoak ez bezalakoa. Egia da bere Jainko nazionala gurtzen duen edozein herri bakartzen duela fedeak: Batasuna zatitzen baitu, eta beste guztiak baztertu egiten ditu berari dagokion zatitik. Hala ere, judaismoak ez bezala, grekoek edo erromatarrek onartu egiten zuten beste zatien existentzia; ez zuten esklusibotasunik aldarrikatzen fede kontuetan, ez zituzten besteak oro egozten zinezko sinesmena omen zenetik. Aitzitik, eskubide berdinak aitortzen zizkieten, eta Jainkotzat onartzen zituzten besteen Jainkoak ere. Aldiz, Abrahamen eta bere ondorengoen Jainko jeloskorrak deiadar ezin zatarrago hauxe errepikatu zuen: bera dela benetako Jainko bakarra, eta bere nazioa dela egiazko Jainko bakarrean sinesten duen herri bakarra.

Paragrafo ikaragarri batez amaitu zuen Hegelek “Judaismoaren izpiritua eta haren patua”: herri juduaren tragedia ez da tragedia grekoa, ezin du ez beldurrik ez errukirik sortu, beldurra eta errukia gizaki zintzo baten nahitaezko erorikoak eragiten baititu, zoriak aginduriko hanka-sartzeak; aitzitik, herri juduaren tragediak ezin du eragin higuin izutua eta mespretxua baizik (Hegel: “Abseuch”; Joxe Mari Ripalda: “horror”; Olivier Depré: “dégoût”). Hegelen iritziz, Macbethena da herri juduaren patua: bere jainkoek abandonatu egin zuten, eta bere fedean bertan izan zen Macbeth puskatua eta birrindua.

Auschwitz baino 250 urte lehenago idatzi zuen Hegelek hori. Milioika fededuni zaio erlijioa kontsolamendu, baina ez dago zertan ifrentzua disimulatzen ibili beharrik. Ateoa da Luc Ferry, baina fededunekin ondo konpontzeko nahiak testuen zentzua desitxuratzera darama batzuetan.

Horrela, berdintzen ditu Jesu Kristoren “maita ezazue elkar nik maite izan zaituztedan bezala”, edozein gizakiri zuzendua, eta mila urte lehenago idatzitako Lebitarrena liburuko “maita ezazue lagun hurkoa zeuen burua bezala”; eta ezkutatu egiten du azken honek ez duela balio juduentzako baino, herkideentzako. Halaxe nabarmentzen du Jainkoak berak aurreko esaldian.

Halaber, Ferryk dio Hegelen testua ez dela antisemita: judaismoaren kritika duela xede, eta ez juduen aurkako joera xaxatzea. Ez dakit ba. Esaldi askok iraintzen dituzte pertsona juduen eta herri juduaren portaera historikoak. Nire ustez, juduen erlijioaren kritikan baino gehiago, juduen aurkako kristauen obsesiboan kokatzen da “Kristautasunaren izpiritua eta haren patua”, zeinaren lehenbiziko zatia baita “Judaismoaren izpiritua eta haren patua”.

Gauzak behar bezala ulertzeko, alta, zenbat eta karta gehiago mahai gainean agerian, hobeto: errazago ikusiko dugu horrela Pentateukoko hamaika esaldi erabil ditzakeela Netanyahuk masakrearen alde, baina beste horrenbeste direla bere jokabide kriminala zigortuko luketen esaldiak, edozer eta  kontrakoa aldarrikatu baitute gure inguruko monoteismoetako liburu sakratuek.

  

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.