Hurbilketa estetikoa. Asmakariak eta paradoxak
Urteak aurrera, artean gazte baina bizitzak sexu grina nola edo hala bideratzen dizularik, teologiaren eta literatura fantastikoaren arteko antz eta paralelismoez ohartu eta asmakariak eta paradoxak dira testu erlijiosoak erakargarri egiten dizkizutenak. Europako adimen indartsuenek egunak, hilabeteak eta urteak eman dituzte auzi bitxi horien inguruan hausnar eta hausnar. Gutxi batzuk aipatuko ditut.
“Jainkoa esfera bat da, erdigunea edonon daukana, eta zirkunferentzia berriz inon ez”. Lille-ko Alain edo Alanus de Insulis-en definizioa duzu, hamabigarren mendearen amaierakoa. Pascalek Naturaz ordeztu zuen Jainkoa: “Natura esfera infinitua da, erdigunea edonon daukana eta zirkunferentzia berriz inon ez”. 1941eko argitalpen kritiko batek agerian jarri zituen Pascalen zenbait duda, honelaxe hasi baitzen esaldia idazten: “Natura esfera beldurgarri bat da, erdigunea edonon daukana eta zirkunferentzia berriz inon ez”. Azkeneko erredakzioan ezabatu zuen “beldurgarri”. Jorge Luis Borgesek eman zigun zalantza horren berri.
John McTaggarten Jainko kuantikoa ere ez dago batere gaizki: kontraesan-hastapenaren gainetik dago Jainkoa, ahalguztiduna denez; beraz, litekeena da aldi berean izatea eta ez izatea.
Bestalde, orduak eta orduak pasa izan dituzte teologoek gogoetan, ea ostia sakratua, behin apaizak bedeinkatu ostean, xaguak jaten badu, xaguaren tripan gelditzen ote den Jainkoa: transubstantziazioaren misterioak ostia sakratua ez Jesu Kristoren sinbolo, baizik eta Jesu Kristoren beraren zinezko haragi bilakatzen baitu, eta ardoa Jesu Kristoren benetako odol. Ahalguztiduna bera dago beraz xaguaren kongitoetan? Gizakion hesteetan?
Goibel eta maltzurragoa duzu Akinoko Tomasen baieztapen hau: zerua eternitate osorako irabazi dutenen denbora-pasa gogokoenetako bat izaten da noizean behin infernu aldera begiratu eta barrualderako pentsatzea “izorra hadi, Joxe Mari, mundualdian hain harro henbilena, ondo kixkali orain Satanasen galdaratan”. Zeren kristautasuna maitasunaren erlijioa baita, baina bihurri samarrak izaten dira maitasun horrek hartzen dituen adierazpideak. Milioika kristau hil dituzte beste kristau batzuek Jainkoaren maitasuna ulertzeko modu desberdinen izenean. Askoz ere kristau gehiago garbitu zituzten gau bakar batean katolikoek, Erromako agintari pagano guztiek historia osoan baino.
Azkenik, Zergatik ez naizen kristaua apartan Bertrand Russellek aitortzen du liluragarria zaiola ebanjelioetako irudi ezaguna: Jainkoa Jerusalemen astotxo baten gainean sartzen. Jainkoa astotxo baten gainean.
Edonola ere, erlijiozko sormen estetikoan aingeruaren figura da ziur aski harrigarriena, sinesmenak eman digun izakirik bereziena. Eta aingeruen artean aingeru eroria nabarmendu izan da, Satanas.