Gorputzak ere berpiztu
Kristau fedean, hiltzean arima eta gorputza bereizten dira. Gorputza usteltzen da; arima, berriz, Jainkoarekin biltzera abiatzen da, eta Jainkoarenean gelditzen da, denboren amaieran berpiztuko den bere gorputz loriatuarekin elkartzeko zain. Jainko ahalguztidunak emango die arimekin bat eginiko gorputzei behin betiko bizitza ustelgaitza.
Halatan, Jesu Kristoren esanetan (Joan 5-29), denboren amaieran, hildako guztiak hilobietatik aterako dira, eta “on egin zutenak betiko bizirako piztuko dira; gaitz egin zutenak, aldiz, kondenatuak izateko”. Azkeneko egunean gertatuko da gorputzen piztuera orokorra, hildakoen berpiztea estu baitago loturik Kristoren Parusiarekin: Kristo bera, arkaingeru baten ahotsak emandako aginduz, eta Jainkoaren turuta lagun, zerutik jaitsiko da, eta Kristorengan hil zirenak izango dira berpizten lehenbizikoak. Edonola ere, goiz ala berant, guztiok gara berpiztuko.
Jesus bera, hil eta hiru egunen buruan berpiztu ostean, hilobia hutsik utzirik, bisitan joan zitzaizkionen harridura eraginez, gorpuztuta agertu zitzaien mamua zekusatela uste zuten dizipuluei eta lagunei, eta “ikusi nire esku-oinak, neu naiz —esan zien—. Uki nazazue eta begira: mamuak ez du hezur-haragirik, eta nik bai, ikusten duzuenez”. Lukasek kontatzen du (25, 36-40).
Gorputzen piztueraren doktrina da kristautasuna gainerako erlijioetatik garbien bereizten duena. San Pauloren esanetan (1Ko, 15), kristautasunak ez du zentzurik, gorputzen piztueraren sinesmena baztertuz gero:
“Kristo hildakoen artetik piztua dela hots egiten bada, nola esaten dute zuetako batzuek hilak ez direla pizten? Hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik. Eta Kristo pizturik ez badago, funtsik gabea da gure predikua eta zentzurik gabea zuen sinesmena. Egiaz hilak pizten ez badira, Jainkoak ez zuen piztu Kristo ere; eta, hori horrela bada, gu ere Jainkoaren lekuko faltsu bihurtzen gara, beraren kontra egiten baitugu testigantza, Kristo piztu zuela esatean. Zeren hilak pizten ez badira, Kristo ere ez dago pizturik. Eta Kristo pizturik ez badago, alferrikakoa da zuen sinesmena: zeuen bekatuetan zaudete oraindik. Eta zer esanik ez, hil diren kristauak ere galduak dira. Kristorengan jarria dugun itxaropenak bizitza honetarako bakarrik balio badu, gizaki guztietan errukarrienak gara.
Baina ez, piztu da Kristo hildakoen artetik, heriotzatik piztuko direnen aitzindari”.
Beste erlijioetan, gehienez ere, gorputzetik bereiziriko arima hil ostean urtu egiten da unibertsoaren energia inpertsonalean. Aldiz, kristautasunak zu zeu berpiztuko zarela agintzen dizu, zeure ezaugarri bereizgarri guztiekin, gorputza bera barne, Jesus bezala.
Gorputzen piztuera zen txikitan ere sinesten ez nuen ideia kristauetako bat. Ez soilik sinetsi, ulertu ere ez nuen ulertzen. Ez da harritzekoa, Katiximak berak baitio giza irudimena eta giza adimena ez direla gai gorputzak zehazki nola berpiztuko diren ulertzeko; ezin da ulertu fedeari esker baizik. Horrenbestez, gorputzen piztuera garbi irudikatu ezinik jarraitu nuen luzaro: Biblia irakurrita ere ezin, katiximaren laguntzaz ere ez. Azkenik, Luc Ferryren San Agustinen irakurketak erakutsi dit ulertzeko bide bat. Eta ematen du Leon XIV.a agustindarrak maitasuna eta piztuera aipatzen dituelarik, hurrengo sarrerak dakarrenaren antzeko zerbait duela gogoan.