Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Hurbilketa begiluze morbosoa

Hurbilketa begiluze morbosoa

Markos Zapiain 2025/07/14 12:05

Gaztetan kristautasunean eta edozein erlijiotan sexu kontuak egiten zaizkigu bereziki erakargarriak, horien artean sainduek eta kastuek tentaldien aurka eta animaltasuna gainditzen ahalegintzeko etengabe erabili behar dituzten estrategia gutxi-asko biolentoak. Hona hemen horietako batzuk:

Akitaniako Santa Silviak, desira sentitu bezain laster, biluzik botatzen zuen bere burua erreka izoztura, gorputza hilduratzeko, grina menderatzeko eta arima purifikatzeko. Sienako Santa Katalinak, berriz, erien zornea edaten zuen. Sasi arantzadunetan igurzten zuen San Benitok lizunkeriaren organoa. Erradikalkiago, eta Mateo 19-12 inspiraziotzat hartuta (“badira eunukoak beren burua zeruen erresumagatik zikiratu dutenak”), zakila ebaki zuen Origenesek.

Egia da antiklerikalek desitxuratu eta esajeratu ere egin dutela. Kontatu zidaten Erdi Aroko kontzilio batean ziegetako gurutze sainduekin zer egin erabaki behar izan zutela, hierarkiaren gailurrera zurrumurrua heldu baitzen, mojak otoitzean hasi, Jesu Kristoz errukitu, gurutzea hormatik atera, besoetan hartu, musukatzeari ekin eta bekatu larrian amaitzen zutela maizegi. Eztabaida: mojen ziegetan gurutzea debekatu ala ez? Ikertu dut eta ez dago halako eztabaidarik inongo kontziliotan, ez Erdi Aroan ez beste inoiz. Sadeko Markesaren Juliette-n bai,  eszena batean ahizpa Clairwil gurutzearekin masturbatzen ageri da birao artean, baina fikziozko kontakizuna da, autoreak hain bere dituen sakrilegioz eta sadomasokismoz ondua.   

Edonola ere, fikzioa ez ezik, errealitatea ere ez dago batere gaizki: bizirik eta ekinean dugu gaur egun ere Prepuzio Sainduaren Kongregazioa. Jesus judua zen eta beraz zirkuntzisioa egin zioten. Prepuzio Sainduaren Kongregazioko kideek, jaunartzean, Jesu Kristoren prepuzioa irensten dutela imajinatu behar dute. Bestalde, Jesu Kristoren prepuzioaren erlikiak batu eta marra zuzenean jarriz gero, hainbat bira emango lizkiokete Ama Lurrari; ziur aski, ilargiraino ere iritsiko lirateke, Jesus hil zen gurutzeko zatiak elkartuta bezala.

Zapaldu eta baztertu beharrean, sexua alaiki onartzen duelako egiten zitzaigun tantrismoa hain erakargarri: hiruzpalau orduko orgasmoak agintzen dizkizu. Egiari zor, baditu beste alde batzuk ez hain politak: Jainkoarengana jauzi egiteko berez bururatzen ez zaizkigun ariketa antinaturalak egin behar dira, besteak beste andreak ilargi beltza edo hilekoa duenean jo larrua, odola eta hazia nahastu eta gorputz azaletik ondo igurtzi. Arreta deitzen zigun gaztetan eta digu zahartzaroan, Jainkoarenganaino iristeko bide tantrikoen eta mezetako aszetismo nekatuaren arteko kontrasteak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.