Elizan abestu
Mezetako beste atal bat kontuan hartzearren, begien bistakoa da taldean abesteak eragin terapeutikoa duela. Lagun ateo bati aita hil zitzaion eta dena utzi eta Hego Amerikara joan zen. Oso diru gutxi zeraman, eta han ez zuen ezagunik. Bere burua hiltzeko gogoak harrapatuta bizi zen. Kolonbia, Bolivia, Perun barrena ibili zen alderrai, etsita, depresioak jota. Harik eta egun batean, eliza batean sartu eta gainerako eliztarrekin kantuan hasi zen arte. Hunkitu egin zen, eta orduantxe jarri zen sendabidean. Fededunek beren entusiasmoaren zatitxo bat kutsatu zioten, horra hor botika. Hala ere, behin sendaturik, zeharo ateoa izaten jarraitzen du, eta sinetsita dago ezen Elizako kantuen zentzu erlijiosoak ez zuela sendaketarekin zerikusirik izan: taldean abesteak berak sendatu ei zuen, taldekide sentitzeak eta kantu partekatuaren magiak, eta antzekoa zatekeen hunkidura osasungarri hura, baldin eta “Ogi zerutik etorria” edo “Hor zaude Jesus aldarean” kantuen Amerikako parekoak beharrean “Sympathy for the Devil” abestu izan balu koro laiko are sataniko batean.