Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Otoitza

Otoitza

Markos Zapiain 2025/07/12 12:09

Ez nator bat otoitzak inon ez duela inolako eraginik diotenekin. Bestela, ez lukete milaka milioi lagunek erabiliko ia gizakia gizaki denez geroztik. Adibidez kirolariek, probari ekin aurretik Jainkoari otoi laguntza eskatzen diotelarik, beren motibazioa ari dira pizten. Jainkorik balego —otoitzei eskuzabalki ihardetsi beharko liekeena definizioz—, kirolari guztiek irabaziko lituzkete proba guztiak beti eta nonahi —mirariak egiteko gai baita Jainkoa definizioz—, eta ikasle guztiek aterako lukete azterketetan hamar. Albistea berehala zabaldu eta segituan utziko liokete ateo zikinek fedea baztertzeari.

Edonola ere, ez dirudi otoitzak ondorio handirik dakarrenik otoizgilearen burutik aparteko unibertsoan, Jainkoa barne, ez du ematen-eta Jainkorik dagoenik fededunen sinesmenetik kanpo, eta hori hala ere ez da gutxi, baizik serioski kontuan hartu beharrekoa.  Dena den, hutsaren hurrena da tamalez otoitzaren eragina kontzientziatik ateko errealitatean, zeharkakoa edota errebotezkoa baino ez.

Errepikak bermatzen du otoitzaren efektu onuragarrietako bat. Soinuak errepikatze hutsak dakar onura horietako bat, eta maila horretan otoitzaren zentzua ez da garrantzitsua. Alegia, edozein esaldi zentzugabe errepikatuta ere, eragin lasaigarri hori erdietsiko litzateke. Arrosarioa errepikatu edota “kikoli mupota karitz emamanu” behin eta berriz errepikatu, antzeko soinuak berriro eta berriro ahoskatzea da erabakigarria, esanahia gorabehera. Izan ere, arrosarioaren errezatzeari adi erreparatuz gero, Euskal Herriko eliza frankotan bederen, irudi luke otoizgileek nahita bihurtzen dutela lehenbailehen arrosarioa marmar ulertezin eta mantra lo-eragile.

Zentzuaren mailan, ostera, hots gero eta amorfoagoen mailan ez bezala —eta gogoaren patxadari begira beti ere—, esanahia bai, garrantzitsua da: ez da gauza bera errepikatutakoa anatema satanikoa izatea, edo kontzientzia ona indartzen duen “Gure aita”, edota “Om padme mani hum”. Deabruaren laudorioak sentimendu ilunak eragiten ditu, ezinegona, baten bat hiltzeko gogoa. Sekta satanikoetan Luziferrenganako amodiozko salmodiak errepikatzean giro txarra nagusitzen da, ilunbeetako jauna, protagonistek zenbaitetan emozio dibertigarriz hartzen duten gaiztakeriarako grina, bihurrikeria eta Gaizkia gauza bera balira bezala. Sharon Tate eta gainerakoak akabatu aurretik ere errezatu zuten Charles Masonen sektan, beren burua motibatzeko.

Aldiz, “Gure aita” edo “Agur Maria” errezatzen dutenek ongintzan dabiltzan ustea sendoa dute, eta horrek lokartzea dakarkie, lasaitzea, kontzentratzea, ergeltzea, poztea... askotarikoa izaten baita otoitzaren eragina.

Bestelakoak dira bakarkako otoitz isila eta taldean ozenki eginikoa. Manifetako lemak errepikatzen dituzten militanteak legez, taldean otoitz egiten duten kristauek, musulmanek, juduek, elkar onartuz are maitatuz amaitzen dituzte sarrienik errituak, aldarte argia izaten baita ozenki ahoskaturiko talde-otoitzaren eraginetako bat, barruko kemen alaia. Kontzientzia ona indartzen duten otoitzak hainbat lagunek elkarrekin errepikaturik, giro atsegina sortzen da. Alta, ezin hortik ondoriozta giro atsegin hori  Jainkoaren erantzuna denik fededunen otoitzei. Sakonkiegi sinesteak eta gartsuegi errezatzeak ere badu bere ifrentzua. Behin batean, kalapita Irungo Junkal elizan: agure bat zen, Jainkoari otoi semearen bizia salbatzeko eskatu, Jainkoak salbatu ez, eta elizako aldarea hautsi eta birao beldurgarriak botatzen.

Zoritxarrez, Jainkoak ez die jaramonik egiten fededunen otoitzei, ezta debotorik sutsuenei ere. Antza, behin batean Indian ibai sakratu bateko uraren ibilbidea aldatu nahi zuten, presa bat egiteko, oker ez banago. Orduan, ibilbide berria izatekoa zen horretan, adimen eta gogo indarrik handiena zuten guruak loto-jarreran eseri ziren, ura bertatik joan zedin eragozteko. Agintariek ordea jaramonik ez, eta bide berrira desbideratu zuten ur sakratua; halatan, ito egin ziren potentzia mentalik handiena eta jainkoekin harremanik estuena zuten indiar gidari espiritualak. Brahmarekin eta Vishnurekin ustez zuten lotura dibino zuzenak ez zien ezertarako balio izan.  

Edozein gisaz, ezin ukatu jende askori zaiola otoitza onuragarri. Zapaldutako eta masakratutako askok ez dute fedea eta otoitza beste kontsolamendurik. Gazan senide guztiak akabatu dizkioten ume batek zioen garbi sentitzen duela Alaren maitasuna, Alarekin lotura duela kontsolabide bakar. Goierritar bat ezagutzen dut ume hori ere leziatuko lukeena: “Entzun, ez habil ondo, zeren eta, Marxek, Nietzschek eta Freudek behin betiko frogatu duten bezala...”. Isilik egon hadi! Alak ematen badio bizirik irauteko indarra eta bere burua berregiteko aukera, gora Ala!

Otoitzaren beste onura bat: oroimena indartzen du. Koraneko ehunka sura buruz ikasiz gero, edota Bibliako otoitzak eta salmoak, orduan oroimena bizkortuko zaizu, eta, San Agustinek zioenez, oroimena da gure ondasun bakarra, oroimenean aurkitzen baitugu Jainkoa, edo aurkitzen gaitu Jainkoak. Psikoanalista batzuen iritziz, bide batez esanda, San Agustinek "oroimen" deritzonak antz handiagoa du psikoanalistek "inkontziente" deitzen dutenarekin, jendeak "oroimen" deitzen duenarekin baino. Edozelan ere, Bibliako salmoak edo Koraneko surak buruz ikastearen antzeko eragina du Heraklitoren erranairuak edo Baudelaireren “Gaizkiaren loreak” ikasteak, oroimena entrenatzeari eta sendotzeari dagokionez, eta hizkuntza aberasteari.

Eseri, begiak itxi eta ardiak zenbatzen badituzu, edo arrosarioa errezatu, edo biderkatzeko taula eta taula periodikoa errepasatu, edo ezagutu dituzun lagun guztien aurpegiak gogoratu, buru-lan luze horiek kontzientziaren ohiko egoera aldatuko dizute, LSD edo peiotea hartzeak bezala, baina arrisku gutxiagorekin osasunerako. Adimenarekin eta oroimenarekin egiten ditugun esperimentu guztiek alteratzen digute nolabait kontzientzia, errezatzeak ere bai.

Horregatik erabili dituzte zenbait erlijiok substantzia haluzinagarriak kontzientzia esploratzeko pizgarri gisa. Eta horregatik dago fededunen artean hainbeste zoro. Chestertonek zioelarik eromena ez dela arrazoia galtzea, baizik eta guztia galtzea arrazoia izan ezik, biktima gutxi zituen eta dituen eromen mota jakin bati buruz ari zen: edozelako konspirazioak xehetasun logiko ikusgarriz arrazoitzen dizkizuten paranoikoak askoz ere gutxiago baitira, Luziferren agindu hiltzaileak barne-muinetan aditu eta obeditzea beste erremediorik ez duten eskizofrenikoak baino.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.