Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Turuta

Turuta

Markos Zapiain 2025/07/18 15:24

Oso adiskide du Jesusek Lazaro. Hil egin da, Jesusek negar egiten du (Jainkoa negarrez!). Eta berpiztu egiten du Jesusek adiskidea (Joan, 11). Jesu Kristoz gain, Pedrok eta Pablok ere berpizten dituzte hildakoak. Apokrifo batean, San Pedro lehian ageri da Simon Magoa gnostikoarekin, ea sardina bat nork lehenago berpiztuko. Jesu Kristo bera ere hil ondoren berpiztu da. Aurrekariak dira, entrenamenduak, azken eguneko gorputzen piztuera orokorrerako prestalanak.

Gorputzen piztuera loturik dago kristauen beste doktrina bereizgarri batekin: atxikimenduaren baiestea. Beste doktrina erlijioso eta filosofiko askotan, adibidez budismoan eta estoizismoan, garbi aldezten da desatxikimendua, zeren atxikimenduak —amodio erotikoak, konparazione— zoritxarra baitakar. Ez bazara zu lehenago hiltzen, maitea hil egingo zaizu, eta horrek min egingo dizu. Beraz, sufrimendua eragoztearren, ez ezazu maitatu, ez atxiki inongo pertsonari ez gauzari, ezta emazteari edo seme-alabei ere. Maitasuna saihestu beharra dago.

Aitzitik, kristauek maitasuna heriotza baino indartsuagoa dela aldarrikatzen dute. Piztuerak frogatzen du hori, Jainkoaren maitasunak herio hil duela erakusten baitu. Halatan, beldur barik maitatzera bultzatzen zaituzte —amodio erotikoa barne—, maitasunak ohi dakarren oinazea gorabehera.

Gorputza erotikoki maitatu bai, baina ez edozelan, noski. Ona da gorputza, maitagarria, baldin eta gorputzaren alde zerutarra bada maitaturikoa, gorputza Jainkoagan. Jainkoagan maitatutako gorputza maitatzea da kristautasunak onartzen dizuna. Gorputzaren jainkozko isuriaren atxikimenduzko maitasuna ez da bekatu. Eta, denboren amaieran, Jainkoagan maite izan dituzun gorputz horiexek dira berpiztuko direnak, horiek inguratuko zaituzte zeruan.

Adituen esanetan, dena den, kristauen maitasun bereizgarria ez da “eros”, baizik eta “agape”. Bikotekidea eta Jainkoa maitatzeko moduak bereizteak zentzuzkoa dirudi, mintzamolde erotikoa erabil izan duten arren nagusiki mistikoek Jainkoa nola maite duten adierazteko.

Pasiozko amodioa da “eros”, larrua. Hitz grekoa da. “Filia” ere grekoa da, eta eros baino maitasun desinteresatuagoa adierazten du. “Adiskidetasun” itzuli izan da. Eta “agape” hitza, azkenik, kristauen maitasun berezia izendatzeko asmatu zuten, Jesusek arameraz zerabilena grekora itzultzeko. Euskaraz “gupida”, “erruki” eta “urrikalmendu” deitu izan zaio; halaber “pietate”. Etsaia maitatzeraino heltzen den bultzada da. Lehen begiratuan, ez du zerikusirik ez erosekin ez filiarekin.

Hain zuzen, kristauen ahalegina da eros, filia eta agape maitasun handi bakar batean integratzea. Nekez irudika liteke bestela zelan artikulatu kastitatea eta “hazi eta ugal zaitezte” agindua. Maitasun handi horren baitan dauka kristauak gorputzak ere atxikimenduzko desiraz maitatzeko baimena. Eta, esan bezala, mundualdian horrela maite izan dituzun gorputzak berpiztuko dira zurekin batera denboren amaieran.

Azken eguneko turuta dibinoak seinalatuko du gorputzen piztuera. Transfiguratu egingo dira orduan hilak: ustela ustelgaitz bilakatuko da, hilkorra betiereko. San Paulo (1Ko, 51-53):

“Hara, misterio bat adierazten dizuet: ez gara denok hilko, baina izatez aldatuak izango gara denok unetxo batean, begien itxi-ireki batean, azkeneko turuta-hotsarekin batera. Izan ere, turutak joko du eta hildakoak ustelezin piztuko dira eta gu izatez aldatuak izango. Gure izate ustelkorrak bizi ustelezinez jantzi behar du, eta izate hilkorrak hilezkortasunez”.

Alegia, Jainkoagan maitatuak izan zirenean zeukaten itxura hartuko dute hildakoek berpiztutakoan, gorputz glorifikatuak izango dira aurrerantzean eternitate osoan. Horregatik erantzuten die haserre Jesusek berpiztea ukatzen duten saduzearrei, ziria sartzen saiatzen zaizkiolarik (Markos 12, 18-27): “hildakoak piztean, ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak”.

Zer esan nahi du ordea “bezalakoak” horrek? Zeren batetik, ebanjelioak dio hildakoek gorputzez ere berpiztuko direla. Baina aingeruek ez dutela gorputzik ere badio, izpiritu huts direla. Zer du hurbilago “bezalakoak” horrek, “antzekoak” ala “berdin-berdinak”?

Kristau teologiaren alderdi sakonak dauzkagu hemen jokoan.

Egia bada ere aingeruak izpiritu hutsak direla, badute hala ere noizbehinka agertzeko gaitasuna. Rafael aingeru ospetsuak, adibidez, ez du gorputzik, baina agertu egiten da noizean behin, Tobiasen aita Tobit eta emazte Ana sendatu zituenean bezala.

Era berean, denboren amaieran ez dira bizialdi arrunteko gorputz goitik behera materialak berpiztuko, baizik eta gorputz fisiko-espiritualak, gorputz transfiguratu hilezkorrak, loriatsuak, egia bada ere ez diotela gorputz izateari utziko.

Zentzu horretan, Jesu Kristoren “bezalakoak” horrek “antzeko” esan nahi luke.

Baina beste zentzu batean “berdin-berdinak” ere adieraziko luke: itxurari dagokionez agian ez, baina bizimoduari eta eginkizunari dagokienez berdin-berdinak baitira gorputz loriatsuak eta aingeruak: ez dira hiltzen, ez dira ezkontzen, ez dira ugaltzen, ez dute sexurik; eta Jainkoaren aurrean bizi dira, Jainkoari begira, Jainkoarekin bat eginik.

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.