Aingeruak
Bigarren hezkuntzako ikasgeletan mundu-ikuskera bat gailentzen da, etxekoa ez bezalakoa maiz. Jaramon handiagoa egiten diote ikasgelakoari, Institutuko orduetan bederen. Adibidez, Bilboko ikastola batean mutil batek gonak jantzi zituenean, psikologoarengana bidali zuten. Hurrengo egunean, gonak jantzita etorri ziren nire tutoretzako mutil guztiak, elkartasuna adierazteko. Athletic, abertzaletasuna, ekologismoa, feminismoa… ez da erosoa izaten atxikimendu horietatik kanpo gelditzea.
Erlijioari dagokionez, ezaxola izaten da ikasgeletan gailen, elizaren aurkako kritika gogorrekin batera, hipokrisia leporatuta. Hego Amerikatik datozen ikasleak dira salbuespen. Batere kikildu barik aldarrikatzen dute kristau fededunak direla, ikaskideen begirada harrituak gorabehera.
Behin batean, San Agustinek aingeruez dioena genuelarik eztabaidagai, ekuadortar batek esan zigun bere aingeru jagoleak mugikorra baztertzeko aholkatu ziola, eta obeditu egin ziola. Inkonpatibleak ei dira aingeru jagolearen presentzia eta mugikorrarena: mugikorra aintzat hartuz gero, aingerua uxatzen duzu, eta mutilak nahiago aingerua mugikorra baino. Ikaskide batzuek ezin izan zituzten barrexkak disimulatu.
San Basilio Magnok Adversus Eunomium ez merezi bezainbat irakurrian dioenez, fededun orok du alboan aingeru guardakoa babesle, eta bizitza gidatzeko artzain. Bertzalde, askoz ere gehiago dira munduan aingeruak gizakiak baino. Alde hori nabarmendu dute Michel de Certeau bezalako adituek. Apokalipsia idatzi zen garaian, gure aroko lehenbiziko mendearen bigarren zatian, 200 milioi inguru baino ez ziren gizakiak munduan. Milioika milioi aingeruz osatuak, aitzitik, goi-aldeko armada zorrozki egituratuak. Erne egoten ziren Jainkoari begira, Jainkoaren ahotsari adi. Mendez mende ibili dira aingeruak mezuak helarazten zerutik gizakiongana, eta alderantziz.
Modernitate sekularrarekin batera, haatik, jaitsi egin da aingeruen kopurua, eta igo humanoena. Aingeruen mezularitzak garrantzia galdu du, eta ia desagertu egin dira aingeruak mundutik.
Besterik gabe aienatu ote dira milaka urtez hain zeregin erabakigarria bete izan duten aingeruak? Ezezkoan dago Peter Sloterdijk, eta aingeruen desagertzeak sinbolikoki utzitako hutsunea identifikatzen saiatu da. Teknologia berriak jabetu omen dira hutsune horretaz. Ekuadortar ikasleak bezala, aingeruen desagertzea eta mugikorren agertzea lotu ditu Sloterdijkek.
Espazio erlijiosoetan zebiltzan aingeruak hegan; XX. mendean, berriz, hegazkinak hasi ziren hegan espazio fisikoetan. Fisikaren espazioak espazio erlijiosoei gaina hartu zienez, hegazkinek hartu zuten aingeruen ordea.
Gainera, hedabideetako berriak dira aingeruek harainditik zekarzkiguten mezuen ordezkoak. Hegazkinez eta XX. mendean sortutako komunikabideez gain, bestelako tekno-aingeruak ere badauzkagu gaur egun: dronek eta adimen artifizialak betetzen dituzte gure teknokrazietan aingeruen funtzio mezularia.
Ekuadortar fededunak kontatu zigun behin batean, txikitan, aingeru jagoleak belarrira xuxurlatu ziola ez bakarrik uzteko ikaskide bat, jaramon egiteko, bere adiskidetasuna sentiarazteko. Eta arratsalde horretan bertan, ikaskideari jakinarazi zioten bere aita hila zela.
Beste batzuetan, tamalez, aingeruak ez dio kasurik egiten. Laguntza eskatu izan dio matematikako azterketetan, baina gehiago ikasteko agintzen dio aingeruak; nekatuta daukate ikaslearen umekeriek.
Ekuadortar nerabeari entzunda, ez dirudi ezinezkoa aingeruak, zeharo desagertzetik urruti, ezkutuan izatea: milioika milioi aingeru atezuan, pazientziaz itxoiten gure munduaz berriro noiz jabetuko, itzultzeko abagunearen zain, itzulera xehero prestatzen; bidea zabaltzen ari zaie ziurrenik nire ikaslearen aingeru jagolea, aingeruen berragerpenaren aitzindari-taldeko kide ausart hori.