Erlijioari esker
Institutuan gehienetan arazoak zekarzkigun erlijioak. Baina batzuetan ezustean erlijioari esker konpontzen ziren gatazkak. Ingelesa hobeto ikasteko, anglofono natibo bat zetorkigun urtero, ikasleekin elkarrizketa praktikatzeko eta lantzeko. AEBetako gazte bat etorri zitzaigun 2018an, Kevin, texastarra. Beste irakasleok baino diziplina-arazo larriagoak zituen. Ikastetxeko jantokian gelditzen zen bazkaltzera, eta Jonatan izeneko ijitoak txitean-pitean botatzen zion tortillaz edo zopaz zikinduriko ogi-koxkorra sudurrera.
Behin batean jakinarazi zidan Texasko bere institutuan militar armatuak zebiltzala korridoreetan ordena ezartzeko, antzeko zerbait egin beharko genukeela. Gero eta okerragoa zen bere eskoletako giroa, eta Jonatanekin fisikoki borrokatzera ere iritsi zen, gorputz biak lur-zolan biraka, gainerako ikasleek inguratzen zituzten bitartean, ikuskizunarekin harrituta bezain pozik.
Gontzetarik jalgirik etorri zen zuzendaritzara. Jonatanez hizketan hasi ginen. Kontatu nion artzain ebanjelikoa zuela aita, predikatzailea, eta goitik behera aldatu zitzaion kolpez jarrera. Aho zabalik gelditu zen, aurpegia zuri-zuri, erdi negarrez. Lepoko bat atera zuen kolkotik, ama birjinaren irudi urrezkoa, eta musu eman zion.
Oraintxe ulertzen zuela esan zidan: Bermeora bidalia izatea, Jonatanekin xextrak, horiek guztiak Jainkoak planifikaturiko zeinuak eta probaldiak ei ziren, eta bera eta Jonatanen aita biltzea zuen Jainkoak azken xede, bera ere ebanjelikoa baitzen, fededun sutsua. Jonatanen aitaren gisako artzain ebanjelikoa izan nahi zuen helduaroan.
Bilboko Miribillan ospatzen zuen Jonatanen aitak kultua, eta laguntzaile aktibo bihurtu zen Kevin. Errotik desagertu zen arazoa.
Hurrengo ikasturteko anglofono natiboaz ez naiz oroitzen, baina bai lehenbiziko aldiz frantseseko bat bidali zigutela. Lyongo neska gotiko bat zen, Virginie. Luzifer beneratzen zuela kontatu zien ikasleei, eta ezin hobeki moldatu ziren.