Erlijio berri baten fundazioa
Gertaera tremebundoek ere erakartzen dute gaztea. Georges Bataillek transgresioari lotu zion beti sakratutasuna. Esaterako, bere amaren gorpuaren aurrean masturbatu eta ama hilaren gainean isuri ei zuen hazia. Garai batean apaizgai izan bazen ere, Elizatik kanpo bilatzen zuen sakratua, zeharo antikristaua zen.
1936an Acéphale aldizkaria sortu zuen; eta 1937an izen bereko elkarte sekretua, konjurazio sakratu gisako bat, kode eta erritual bereziekin. Adibidez, antisemitei bostekoa ukatzen zieten. Hogei bat ziren; horien artean, Roger Caillois eta Pierre Kossowski. Sektaren inguruko isiltasuna exijitzen zieten kideei, eta oso izan dira diskretuak. Zenbait filtrazio izan ditugu haatik.
Bataillerentzat, sakratuak aldez aurretik sakrifizioa eskatzen du; nabarmena da hori kristautasunean, René Girardek azpimarratu duenez. Zinezko komunitate erlijiosoak, aurretik sakrifikaturiko biktima baten oroimenaren inguruan eratzen dira. Hilketa baten ostean, hiltzaileak eta lekukoak biltzen dituzten oroitzapenek, damuek, sentimendu nahasiek adieraziko lukete sakratua.
Erlijio berri bat fundatu nahi zuen Bataillek. Eta, Acéphale elkarte sekretuko kideen artean lotura erlijiosoa piztu nahian, biktima bat aurkitu zuen, sakrifiziorako gertu zegoen emakume bat, Batailleren beraren amorante Colette Peignot idazlea. Eri zen, eta ez omen zitzaion axola heriotza apur bat aurreratzea. Erlijio berri bat fundatzeko aukerarekin gainera. Acéphalekoek baso batean hiltzea erabaki zuten. Biktima prest zegoen, baina sakrifizioa gauzatu behar zuen Roger Cailloisek atzera egin, eta idazlearen ordez zimino bat immolatu zuten, giboi eme bat.
Zenbait adituk benetako gertaeren deskribapentzat dute George Bataillek Giboiaren sakrifizioa-n kontatutakoa. Ziminoa lotu, buruz behera jarri eta burua hobi batean sartu diote. Uzki gordin nabarmena da frantziar idazle erlijiosoek sakonki kontenplatzen dutena. Biluzik daude sakrifiziogileak ere, eta gozamen-irrikak transtornatu ditu. Gidariak seinalea emanda, ziminoa bizirik lurperatu dute. Uzkiko kontrakzioek adierazten dute itolarriak eraginiko heriotzaren espasmoa. Giboi torturatuaren kaka eta gizakien izerdia eta lerdea nahasten dira.