Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Hazia ez isurtzeari esker

Markos Zapiain 2025/07/12 18:50

Institutuetan Erlijio irakatsi behar izanez gero, Lizasoko ikastaroen antzeko zerbait litzateke nire ustez egokiena. Alegia, nirvanara, satorira, fanara, Jainkoarekin ezkontzera eta estasira iristeko bide praktikoak ikastea, hainbat tradiziotakoak. Klaseak ez betiko ikasgelan, ezpada gimnasioan, edota mendian. Teologia eta katekesia baino gehiago, mistika. Zaila  da hori, noski, mistikak beti izan ditu arazoak hezkuntzakoak bezalako erakunde ofizialekin, eta elizek espetxeraturik edo hilik amaitu dute aunitz mistikok. Mistikoen aurkako susmo txar horietan, ez zaio elizari usaimen ona falta izan: Kojéveren begi zoliaren ustez, ateoa baita sakonean mistikoa.

Erlijio askok izan dute gozamen naturala erru sentimenduz zikintzeko grina, baina bestelakoa da tantrismoaren bidea: gozamen naturala itxuraldatzeko eta igotzeko bideak eskaintzen dizkizu.  Emilio Fiel da ezagutu dudan pertsonarik erlijiosoena, eta beraz futitzen da erlijio guztiez, baina aldi berean ez da futitzen, McTaggarten Jainko kuantikoa bezala.

Emilio Fielek, tantrismoaren ildotik, hazia ez isurtzea aldarrikatzen du kontzientzia zabalagoa lortzeko, Jainkoarengana, Ama Lurrarengana edo Brahmarengana hurbiltzeko. Ez gero alferrik galdu tanta eta zurrusta jainkotiarrak, barruan gera daitezela ondo gordeta, prostataren osasuna sakrifikatu arren. Hazirik isuri gabeko orgasmoa aldezten du Fielek.

Erlijio askok dute hazia isurtzea debeku. Eta jende gehiago da hedonista masokista baino. Fededun piloa da oroz lehen hedonista. Halatan, irudi luke erlijio horiek, orgasmoari eta sexu gozamenari ukoaren ordainez, hil osteko saria baino gehiago, bestelako gozamena agintzen dizutela, goragokoa, espiritualagoa; baina honaindian. Zaude hiru astez edo bizialdi osoan hazia isuri gabe otoitzean, eta saria izango duzu: halako batean, ezustean, ariman orgasmatuko duzu, pozezko negarretan egingo du zeure garunak Jainkoarekin bat.

Nor ausartuko da ukatzera izugarri gustatuko zaizkiela horrelako planteamenduak bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei?

Elizan abestu

Markos Zapiain 2025/07/12 13:55

Mezetako beste jarduera bat kontuan hartzearren, begien bistakoa da taldean abesteak eragin terapeutikoa duela. Lagun ateo bati aita hil zitzaion eta dena utzi eta Hego Amerikara joan zen. Diru gutxi zeraman, eta han ez zuen ezagunik. Bere burua hiltzeko gogoak harrapatuta bizi zen. Kolonbia, Bolivia, Perun barrena ibili zen alderrai, etsita, depresioak jota. Harik eta egun batean, eliza batean sartu eta gainerako eliztarrekin kantuan hasi zen arte. Hunkitu egin zen, eta orduantxe jarri zen sendabidean. Fededunek beren entusiasmoaren zatitxo bat kutsatu zioten, horra hor botika. Hala ere, behin sendaturik, zeharo ateoa izaten jarraitzen du, eta sinetsita dago ezen Elizako kantuen zentzu erlijiosoak ez zuela sendaketarekin zerikusirik izan: taldean abesteak berak sendatu ei zuen, taldekide sentitzeak eta kantu partekatuaren magiak, eta antzekoa zatekeen hunkidura osasungarri hura, baldin eta “Ogi zerutik etorria” edo “Hor zaude Jesus aldarean” kantuen Amerikako parekoak beharrean “Sympathy for the Devil” abestu izan balu koro laiko are sataniko batean. 

Otoitza

Markos Zapiain 2025/07/12 12:10

“Atera gaitzazu gaitzetik” dira kristauen otoitz ezagunenaren azken hitzak. Otoitza da San Paulorentzat kristauaren arnasa; beti eta nonahi behar da errezatu, etenik batere gabe. Lanean ere, ora et labora.

Ez nator bat otoitzak inon ez duela inolako eraginik diotenekin. Bestela, ez lukete milaka milioi lagunek erabiliko ia gizakia gizaki denez geroztik. Adibidez kirolariek, probari ekin aurretik Jainkoari otoi laguntza eskatzen diotelarik, beren motibazioa ari dira pizten. Jainkorik balego —otoitzei eskuzabalki ihardetsi beharko liekeena definizioz—, kirolari guztiek irabaziko lituzkete proba guztiak beti eta nonahi —mirariak egiteko gai baita Jainkoa definizioz—, eta ikasle guztiek aterako lukete azterketetan hamar. Albistea berehala zabaldu eta segituan utziko liokete ateo zikinek fedea baztertzeari.

Edonola ere, ez dirudi otoitzak ondorio handirik dakarrenik otoizgilearen burutik aparteko unibertsoan, Jainkoa barne, ez du ematen-eta Jainkorik dagoenik fededunen sinesmenetik kanpo, eta hori hala ere ez da gutxi, baizik serioski kontuan hartu beharrekoa.  Dena den, hutsaren hurrena da tamalez otoitzaren eragina kontzientziatik ateko errealitatean, zeharkakoa edota errebotezkoa baino ez.

Errepikak bermatzen du otoitzaren efektu onuragarrietako bat. Soinuak errepikatze hutsak dakar onura horietako bat, eta maila horretan otoitzaren zentzua ez da garrantzitsua. Alegia, edozein esaldi zentzugabe errepikatuta ere, eragin lasaigarri hori erdietsiko litzateke. Arrosarioa errepikatu edota “kikoli mupota karitz emamanu” behin eta berriz errepikatu, antzeko soinuak berriro eta berriro ahoskatzea da erabakigarria, esanahia gorabehera. Izan ere, arrosarioaren errezatzeari adi erreparatuz gero, Euskal Herriko eliza frankotan bederen, irudi luke otoizgileek nahita bihurtzen dutela lehenbailehen arrosarioa marmar ulertezin eta mantra lo-eragile.

Zentzuaren mailan, ostera, hots gero eta amorfoagoen mailan ez bezala —eta gogoaren patxadari begira beti ere—, esanahia bai, garrantzitsua da: ez da gauza bera errepikatutakoa anatema satanikoa izatea, edo kontzientzia ona indartzen duen “Gure aita”, edota “Om padme mani hum”. Deabruaren laudorioak sentimendu ilunak eragiten ditu, ezinegona, baten bat hiltzeko gogoa. Sekta satanikoetan Luziferrenganako amodiozko salmodiak errepikatzean giro txarra nagusitzen da, ilunbeetako jauna, protagonistek zenbaitetan emozio dibertigarriz hartzen duten gaiztakeriarako grina, bihurrikeria eta Gaizkia gauza bera balira bezala. Sharon Tate eta gainerakoak akabatu aurretik ere errezatu zuten Charles Mansonen sektan, beren burua motibatzeko.

Aldiz, “Gure aita” edo “Agur Maria” errezatzen dutenek ongintzan dabiltzan ustea sendoa dute, eta horrek lokartzea dakarkie, lasaitzea, kontzentratzea, ergeltzea, poztea... askotarikoa izaten baita otoitzaren eragina.

Bestelakoak dira bakarkako otoitz isila eta taldean ozenki eginikoa. Manifetako lemak errepikatzen dituzten militanteak legez, taldean otoitz egiten duten kristauek, musulmanek, juduek, elkar onartuz are maitatuz amaitzen dituzte sarrienik errituak, aldarte argia izaten baita ozenki ahoskaturiko talde-otoitzaren eraginetako bat, barruko kemen alaia. Kontzientzia ona indartzen duten otoitzak hainbat lagunek elkarrekin errepikaturik, giro atsegina sortzen da. Alta, ezin hortik ondoriozta giro atsegin hori  Jainkoaren erantzuna denik fededunen otoitzei. Sakonkiegi sinesteak eta gartsuegi errezatzeak ere badu bere ifrentzua. Behin batean, kalapita Irungo Junkal elizan: agure bat zen, Jainkoari otoi semearen bizia salbatzeko eskatu, Jainkoak salbatu ez, eta elizako aldarea hautsi eta birao beldurgarriak botatzen.

Zoritxarrez, ezein Jainkok ez die jaramonik egiten fededunen otoitzei, ezta debotorik sutsuenenei ere. Antza, behin batean Indian ibai sakratu bateko uraren ibilbidea aldatu nahi zuten, presa bat egiteko, oker ez banago. Orduan, ibilbide berria izatekoa zen horretan, adimen eta gogo indarrik handiena zuten guruak loto-jarreran eseri ziren, ura bertatik joan zedin eragozteko. Agintariek ordea jaramonik ez, eta bide berrira desbideratu zuten ur sakratua; halatan, ito egin ziren potentzia mentalik handiena eta jainkoekin harremanik estuena zuten indiar gidari espiritualak. Brahmarekin eta Vishnurekin ustez zuten lotura dibino zuzenak ez zien ezertarako balio izan.  

Edozein gisaz, ezin ukatu jende askori zaiola otoitza onuragarri. Zapaldutako eta masakratutako askok ez dute fedea eta otoitza beste kontsolamendurik. Gazan senide guztiak akabatu dizkioten ume batek zioen garbi sentitzen duela Alaren maitasuna, Alarekin lotura duela kontsolabide bakar. Goierritar bat ezagutzen dut ume hori ere leziatuko lukeena: “Entzun, ez habil ondo, zeren eta, Marxek, Nietzschek eta Freudek behin betiko frogatu duten bezala...”. Isilik egon hadi! Alak ematen badio bizirik irauteko indarra eta bere burua berregiteko aukera, gora Ala!

Otoitzaren beste onura bat: oroimena indartzen du. Koraneko ehunka sura buruz ikasiz gero, edota Bibliako otoitzak eta salmoak, orduan oroimena bizkortuko zaizu, eta, San Agustinek zioenez, oroimena da gure ondasun bakarra, oroimenean aurkitzen baitugu Jainkoa, edo aurkitzen gaitu Jainkoak. Psikoanalista batzuen iritziz, bide batez esanda, San Agustinek "oroimen" deritzonak antz handiagoa du psikoanalistek "inkontziente" deitzen dutenarekin, kalean "oroimen" deitzen dugunarekin baino. Edozelan ere, Bibliako salmoak edo Koraneko surak buruz ikastearen antzeko eragina du Heraklitoren erranairuak edo Baudelaireren Gaizkiaren loreak ikasteak, oroimena entrenatzeari eta sendotzeari dagokionez, eta hizkuntza aberasteari.

Eseri, begiak itxi eta ardiak zenbatzen badituzu, edo arrosarioa errezatu, edo biderkatzeko taula eta taula periodikoa errepasatu, edo ezagutu dituzun lagun guztien aurpegiak gogoratu, buru-lan luze horiek kontzientziaren ohiko egoera aldatuko dizute, LSD edo peiotea hartzeak bezala, baina arrisku gutxiagorekin osasunerako. Adimenarekin eta oroimenarekin egiten ditugun esperimentu guztiek alteratzen digute nolabait kontzientzia, errezatzeak ere bai.

Horregatik erabili dituzte zenbait erlijiok substantzia haluzinagarriak kontzientzia esploratzeko pizgarri gisa. Eta horregatik dago fededunen artean hainbeste zoro. Chestertonek zioelarik eromena ez dela arrazoia galtzea, baizik eta guztia galtzea arrazoia izan ezik, biktima gutxi zituen eta dituen eromen mota jakin bati buruz ari zen: edozelako konspirazioak xehetasun logiko ikusgarriz arrazoitzen dizkizuten paranoikoak askoz ere gutxiago baitira, Satanasen agindu hiltzaileak barne-muinetan aditu eta obeditzea beste erremediorik ez duten eskizofrenikoak baino.  

Lizaso 1985

Markos Zapiain 2025/07/11 09:55

Euskal Herriko katolikotasun lausoaz gain, piztia perbertsoz eta aingeru txintxoz zein satanikoz beteriko ametsak eragitea zuena ondorio gailen, eta liburuetatik aparte, Lizason eta Barriako Santa Maria komentuan ere —Donemiliagan— izan nuen erlijioarekin harremana; oso bestelakoa ordea.

Aste betekoak izaten ziren Lizasoko ikastaroak. Arco Iris komunitateko kideek antolatzen zituzten. Mojen komentu izaniko etxe handi batean bizi ziren. Merkeak ziren ikastaroak, eta hortik ateratzen zuten batez ere bizirauteko dirua. Normala merkeak izatea: arroza eta ura genuen otorduetako oinarri, eta ikastaroko egun oso bat ezertxo ere jateke pasatzen genuen. Ikastaroak ematen zituztenak nafarrak, gipuzkoarrak eta katalanak ziren batik bat, baina ikastaroak egitera Espainiatik ere bazetorren jendea.

Euskaldun mordoak utzi zituen seminarioak 60ko hamarraldiko bigarren zatian, marxismoa besarkatu eta ETAn sartzeko. 70eko hamarraldiaren amaieran, berriz, politikan bustitako askok engaiamendua baztertu eta heroinari eman zitzaizkion. 80ko hamarraldiaren lehenbiziko erdialdean jo zuen beste euskaldun multzo batek langile mugimendutik —adibidez, Bidebietako Kontadores fabrikatik— Lizasora.

Hainbat ikastaro egin nituen: Maratoia, Tai-ji eta masajea, Sufi-dantza, Maitasunaren gar tantrikoa. Meditaziozko bat egin nuen Lizason eta beste bat Barrian, Donemiliagan, Vipassana izenekoa; Lizasoko jendeak antolatua hori ere.

Emilio Fiel donostiarra zen Lizasoko bihotza eta motorra. Indian eta Tibeten egona zen, eta handik zekarzkigun ikastaroen oinarrian zeuden ideiak eta antolaerak. Hondamendia da Fielentzat gure zibilizazioa, eta bizimodu komunitario alternatibo bat abiarazi zuen Lizason, Epikuroren lorategia, kristauen monastegiak, ekialdeko zenobioak eta hippien komunak eredu: jabetza pribaturik ez, harreman eta amodio libreak, umeen haztea eta heztea komunitate osoaren esku...

Nietzsche, Gestalt, Jung, Erich Fromm, Wilhelm Reich, Carlos Castaneda liburuetan, eta budismoa, zen, yoga, kristautasun esoterikoa, sufismoa, tantra, xamanismoa… Hainbat tradizioren praktikak zerabiltzan eta darabiltza —Zaragozako Borjan bizi da orain—, horietako bakar bat ere lotu gabe egiarekin eta esklusibitatearekin. Berdinak eta desberdinak dira aldi berean erlijioetako hizkuntza-jokoak; edonola ere, ezin ukatu badutela familia-kutsu bat. Erlijio-tradizio desberdinetako hizkuntza-jokoen praktikak zerabiltzaten Lizason, denbora galdu barik erlijioren baten nagusitasuna aldarrikatzen, edota erlijio ororen balizko esentzia idealaren bila.

Espetxera leramake Fiel gaur egun nagusi den giroak halako ikastaroak antolatzeagatik. Ikastarora zer eraman esaten zizuten: arropa mota, sandaliak, izarak, meditatzeko estera edo zerri txikia, etab.  Ikastaro jakin baterako, ahaztu zait izena, ez zituzten eskatzen kondoiak eta eskularruak baizik.

Protagonistak gela batean itxita, gorrotoa eta desira ahalik eta erarik basatienean adierazi behar zenuen, jipoitu eta larrua jo. Kaka psikologiko asko ateratzen zen. Maratoietan, talde-terapia egiten zen bazkalostean, guztiok biribilean eserita. Ahizpa bik gizon heldu bat biribilaren erdian astindu zuten, tratu txarrak ematen zizkien aita gogora zekarkielako.

Uztailean eta abuztuan izaten ziren ikastaro gehienak Lizason, bero-sapa, eta ikastaro askok biluztea eskatzen zuten. Berrogei lagun gela berean guztiak biluzik, dantzan, etzanda, erotuta. Espainian berehala zabaldu zen albisteak betiko lerde-jarioak erakarri zituen. Nahasmendua eta anabasa profitaturik, maratoi batean madrildar heldu batek neskei zirriak egin zizkien eta eskua sartu, neskei bat ere gustatu ez zitzaien moduan. Higuingarri hutsa, zioten. Bada gela hartan bertan neska batzuek inguratu eta epelak eta galantak eman zizkioten, beste lintxamendu terapeutiko bat.

Nolabaiteko erretiroa bazen ere, ez ziren kanpoko jendartearekiko loturak zeharo hausten. Bazkaltzen geundela harrapatu gintuen Sarriren eta Pitiren ihesaren berriak. Txaloka eta pozez oihuka hasi ginen bazkaltiarrok, arroz triste hura lipar batez bederen ahaztuta.           

Vipassana

Markos Zapiain 2025/07/11 09:05

Neguan egin genuen Vipassana delakoa, ziegak hotz. Himalaiako monjeak bezala, goizeko lauretan jaiki, dutxa hotza hartu eta aurrera. Ezin zen hitz egin. Otorduak ere, erabateko isiltasunean. Meditatzeko moduan jesarri behar ginen, arnasari adi. Arnasa hartzean, “nor naiz ni?” galdetu behar genion geure buruari, eta arnasa botatzearekin batera erantzun. Hori dena bakarka eta isilik.

Hitz egin genezakeen une bakarra: ikastarokide batekin aurrez aurre eseri eta “nor haiz hi?” galdetu behar genion, eta berak erantzun. Ozenki mintzo gintezkeen une bakarra zen hura. Oroitzen naiz ikastaroaren arduradunak —zen-maisu estua— bikoteka geundela generabiltzan galde-erantzunei adi egoten zela, eta “quién eres tú” galdetu eta “pues yo soy Carlos Contador, nací en Segovia hace veintiocho años...” eta gisakoak entzutean, “no, tú no eres eso, déjate de tonterías...” esaten zuela haserre, guztiok entzuteko eran. Halatan, meditatzaileok maisu zorrotza asetzeko moduko erantzunak asmatzen ahalegintzen ginen, errieta saihestearren: “yo soy un pajarillo perdido entre las nubes”.  “Por favor, pero qué cursiladas son esas. Cada vez peor”. Makilada jo zion gutako bati sorbaldan, hainbeste sumintzen baitzuten gure autodefinizio estereotipatu ergelek. Marka desagertu zaio, behintzat.

“Nor haiz hi?” Berdin dio zer erantzuten duzun, tronpatuko zara. Isilik egonda ere, tronpatuko zara.

Orduan, nor haiz hi?

Jakin dudanez, hauxe litzateke ihardespen onargarri bat:

“Banderaren makilaren puntan, txahala izan du behiak”.

Donemiliagako giroaren eraginez ziurrenik, oro zitzaigun “guek aiutu ez dugu” eta “isioqui dugu” bezain enigmatikoa. Kristautasunarekin behintzat, ez zuen zerikusi handirik. Shin Chan edo Doraemon katu kosmikoan ere, garbi gelditzen da bestelakoa dela Japoniako jendea, umorea, ohiturak. Ulergarria beraz erlijioa ere txit desberdina izatea; aditu askok, erlijiotzat ere ez dute zen-budismoa, ezta filosofiatzat ere.    

Ematen du Josuren zakurraren koanaren eitea eduki behar zutela geuk erabili beharreko esaldiek, baina beranduegi ohartu ginen. Behin batean, monje batek serio-serio galdetu zion maisu Josuri:

“Zakur batek lor lezake Budaren izaera?”

Eta Josuk erantzun:

“Mu!”

Irakurle, galdera sortuko zitzaizun agian, zer ote den Budaren izaera. Borgesen zerrenda famatuaren tankera dute aurkitu ditudan erantzunek. Nolakoa da beraz Budaren izaera?

“Kilo bi pisatzen dituen tunika erosi nuen Ching Choun”.

“Ardiak orrazteko bastoia”.

“Astoaren gainean doan zimino-emea, bere amaginarrebak gidatua”. (Zeure esku erabakitzea astoari ala ziminoari dagokion “bere”.)

“Hogeita hamahirugarren zeruraino jauzi eginiko abanikoa”.

“Harri oktogonala airean jira-biraka”.

Iheskorrak izaten ziren beti maisu Josuren ihardespenak. Behin batean, monje batek esan zion ezen

“Entzun dut Nansenen dizipulu izan zinela, modu sekretuan”.

Eta Josuk:

“Izugarrizko beterrabak sortzen ditu Txin-xuk”.

Diotenez, maisu Josuk, laurogei urte bete ostean, beste hogeita hamar igaro zituen pentsamendu bakar bat ere eduki gabe.

Josu aipatzen ziguten maisu nagusi gisa, baina ba omen zen Gutei izeneko beste bat ere. Hatza altxatuz erantzuten zion Guteik edozein galderari, hatza pixka bat altxatu baino ez. 

Beste meditazio-ikastaro batean, Lizason bertan —ez naiz izenaz oroitzen— , ezin zen deus ere esan, baina ikastaro oso-osoan: debeku berehala eteten zizkiguten Donemiliagako elkarrizketa xume haiek ere. Lizasoko ikastaroan, hitz bakar bat ere ez aste osoan.

Bosgarren egunean, gauez, gure artean ziegetako hormetan joz komunikatu eta, arduradunak ohartzeke, Ultzamara joan ginen, mamia jatera. Hitz eta pitz aritu ginen azkenik. Umekeriazko transgresioaren kutsua zuen abenturak, oso kutsu polita.  

Hienaren poltsatxo lizuna

Markos Zapiain 2025/07/01 14:30

Elefantearen kontrara, hienak eta erbiak zer ez den egin behar erakusten diote kristauari eta edozein pertsona zintzo ez kristauri.

Aspaldi batean uste zen hienak sexu biak dauzkala, eta urte batean ar dela, eta hurrengoan eme, txandaka. Horregatik idatzi zuen Elianok hienaren jokabideak darakutsala zein mespretxagarria izan zen Tiresias, gizon jaio arren emakume izatera igaro baitzen, eta gero berriro gizon.

Erbiari dagokionez, uste zen urtero uzki berri bat irteten zaiola, eta biderkaturiko zulo horien erabilerarik okerrenari ematen zaiola.

Zaharrak ziren sinesmen horiek, eta Aristotelesek ukatu zituen. Klemente Alexandriakoak Pedagogoa idatzi zuen garaian, gure aroko II. edo III. mendean, ia inork ez zituen sinesten.

Hala ere, sineskeriatzat zituzten arren hienaren txandakako hermafroditismoa eta erbiaren urteroko zulatzeak, Klemente bezalako kristauek ez zituzten horregatik giza jokabidea zuzentzeko lezio gisa baliatzeari utzi. Animalien historia natural osoan bilatu zituzten moralari begirako irakaspen jakingarriak, egietan zein alegietan. Gaur egun ere, ez dira gutxi animalien ohituretan gizakiontzako jokabide-irakaspenak bilatzen dituzten naturalistak.

Klementek dio hienaren sexua ez dela urte batetik bestera aldatzen, zeren, behin naturak animalia jakin baten izaera erabakitzen duelarik, ezin baitu aldatu. Egia da animalia askoren ezaugarri batzuk denborak aldatzen dituela. Beroak eta hotzak txorien ahotsa aldatzen dute, eta lumajearen kolorea, baina itxurari dagozkio aldaketa horiek, eta ez esentziari.

Ildo berean, Klementek dio bizidunak ezin duela sexua aldatu, edota bi eduki, ezta maskulinoaren eta femeninoaren arteko hirugarren sexu batekoa izan: gizakiek irudikatutako kimerak baitira horiek, naturak ezeztatuak.

Dena den, hienak badu beste ezein animaliak ez duen berezitasuna: haragizko eskreszentzia bat da, buztanaren azpian sexu femeninoaren antzeko forma daukana; ordea, apur bat aztertuz gero, berehala ikusten da barrunbe horrek ez duela umetokira edo hesteetara leramakeen inongo konduktura ematen, ez du loturarik ugalketa-kanalekin.

Akats moral baten tresna eta efektu gisa interpretatzen du Klementek singulartasun anatomiko hori. Bizio batengatik dute hienek gorputza hain era arraroan moldatua. Espezieen ezaugarriak naturaltzat hartzen ditugunez, naturazko bizioa dela esan dezakegu. Eta gizakiongan aurki daitekeen akats moral baten berdin-berdina da bizio hori: lizunkeria.

Hain da lizuna hiena, buztanaren azpiko poltsatxo hori emendatu baitio naturak, larru-jotze eta estalketa biziotsuetarako erabilgarri.

Foucaulten esanetan, hienaren kasuan, naturak aginduriko plazererako “gehiegizko” joerari, naturak berak erantzun dio gehiegizko anatomia batekin, gehiegizko harremanak ahalbidetzen dituena. Sexualki erabiltzeko eskreszentziak ez du zerikusirik ugalketa-organoei emandako helburuekin, alferrikakoa da zentzu horretan. Halatan, hienen gehiegikeria ez da kantitate kontu hutsa: kualitatiboa ere bada.

Naturala da gehiegikeria hori, baina naturaren aurkako jokabidea ahalbidetzen eta bultzatzen du. Naturaren eta kontranaturaren etengabeko korapilatzeak ematen die izaera arbuiagarria hienei, bereizketa zorrotzei muzin egiteak: gehiegikeriarako joera natural kontranaturalak, gehiegizko eranskin natural kontranaturalak, eta eranskin alai horren xederik gabeko erabilera natural kontranaturalak.

Elefantea eredu

Markos Zapiain 2025/07/01 11:50

Erlijio eta filosofia naturalistak izan baditugu ere, naturaren aldeko jarrerak, hala nola zinikoena edo Asisko Frantziskorena, mendean hartu beharrekotzat sentitu da gurean eskuarki natura. Grekoentzat ez bezala, kristauentzat garrantzia ez du naturak —jasotakoak—, baizik eta lanak, jasotakoarekin dagizunak. Kanten ustez, alferkeria eta egoismoa da natura gure baitan, eta naturaren aurkako etengabeko borroka da etika.

Ugaltzea eta kastitatea bultzatzen ditu aldi berean kristautasunak. Jainkoak sortua den heinean, ona eta ederra da natura, baina desira naturalak ez dira beti bereziki jainkotiartzat hartzen, eta bekatu larria da lizunkeria.

Horrela, gizakien arteko sexu harremanak arautzeko orduan, eredutzat zein kontraeredutzat hartu ditu kristautasunak animaliak. Elefantea, adibidez, eredugarria da. Frantzisko Saleskoak senar-emazte kristauei elefantea jartzen die ezkontzan gauzatu beharreko bizitza sexualaren jarraibidetzat: fidelak baitira eta monogamoak, ez dute larrua jotzen kumeak izateko baino, eta jotzeko oihaneko barrualdean ezkutatzen dira lotsaz, eta ondoren, taldera itzuli baino lehen, errekan ondo garbitzen dira. Ez da harritzekoa Frantzisko Saleskoa izatea kazetarien eta idazleen patroi saindua.

Testu ospetsu hori Michel Foucaultek zein Henri Peña-Ruizek nabarmendu dute. Hasiera batean, Peña-Ruiz matxinatu egiten da, plazer-aukerarik txikiena ere eragozteko Frantzisko Saleskoaren obsesioaren aurka. Ematen du hainbeste fededunen ohiko barne borrokak bizi duela Frantzisko Saleskoa ere, Jesu Kristok “hazi eta biderka zaitezte” agindu baitzuen; kristau kastuaren arazoa da nola hazi eta biderkatu ahalik eta gozamenik flako eta ezdeusenarekin. Eta elefantearen monogamia zorrotzak erakutsiko luke bidea.

Itomen aszeta horren kontra, Peña-Ruizek dioenez, irudi luke laikotasunak berez aldarrikatu beharko lukeela “betor hedonismoa!”. Haatik, distantzia egokia hartuta erantsiko du laikotasunak baduela tokia elefantearentzat bezala bonoboarentzat eta untxiarentzat ere, guztiak hartzen dituela ondo, mugatzen baita bizimodurik desberdinenen arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko markoa eskaintzera. Hiena, erbia eta zerria ere eroso biziko lirateke halako marko laiko batean, kristauek kontraeredutzat jo dituzten arren.

Satanas maitatu

Markos Zapiain 2025/07/01 11:05

Etsaia maitatzeko agindua da ebanjelioan ospetsuenetakoa: “maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde eta pertsegitzen zaituztetenen alde”. Jose Antonio Pagolak jakinarazi digunez, “etsaia maitatzea da Jesusenganaino, ziurren, heltzen diren hiru esaldietatik bat, ‘Jesus Seminar’ taldearen ustez”.

Jesus agertu baino lehen, estoikoen artean ere bazebilen gaiztoei ere ongi egiteko aholkua. Pagola bera: “Senekaren idatzietan Jesusen pentsaerara harrigarriro hurbiltzen den gomendio hau aurkitzen dugu: ‘Jainkoen antzeko izan nahi baduzu, egin on esker txarrekoei ere, eguzkia ateratzen baitu gaizkileentzat ere eta itsasoak zabalik baitaude itsaslapurrentzat ere’”.

Jungen eraginez gaur egun nagusi den irakurketaren arabera, norberaren alde iluna litzateke etsai hori: hortaz, besarkatu eta maitatu zure baitako amorrua, tristura, oztopoa, beldurra, eritasuna, oroitzapen mingarriak, errua, jelosia, kezka, susmoa, bekaizkeria, zeren eta, onartuz gero, errazago gaindituko baituzu. Etsai hori ere indar sakratua denez, honelaxe zuzendu behar gatzaizkio: “zatozkit nahi izatean, lagun, beti izango duzu nigan txoko abegitsu bat, maite dudanaz bakarrik bainaiz libre”.

Zer zentzu du bestela etsaia maitatzeko aginduak? Dachauko juduak borrero nazia maite behar luke? Gazan haurra hil dioten amak Netanyahu?

Norberaren interesa kontuan hartu gabe maite beharko genuke gainera etsaia? Alegia, ez bizitzeko gelditzen zaizkizun urteak ez hain txarto pasatzeko ahalegin kalkulatzailearen baitan —oinazea sendatzeko edota izugarrikeria ahal den neurrian ahazteko—, baizik eta etsaia maitatu berau ere Jainkoaren sorkaria den heinean, eta Jainkoak, eguzkiak bezala, zintzoak bezala argitzen dituelako gaiztoak ere? Zaila dirudi.

Emmanuel Carrèreren L'Adversaire ere bada etsaia; izan liteke Jean-Claude Roman bera, protagonista, edota Jean-Claude Romanez jabeturiko aurkaria: emaztea, seme-alabak eta gurasoak hil zituen, segidan. “Aurkari” da deabruaren izenetako bat. Ezin baztertu Giovanni Papiniren galdera durduzagarria: Satanas bera ere maitatzera zabaltzen da etsaia maitatzeko agindua?

Egia izateko politegia

Markos Zapiain 2025/06/20 12:15

Talako hilketaren kontakizunean hainbat sinesmen dabiltza dantzan, txit garrantzitsuak kristau doktrina ofizialean. Horietako lau aztertuko ditut, modu gutxi-asko autobiografikoan, Adimen Artifizialari ihesi beti ere: gorputza eta arima bereiz daitezke; arima ez ezik gorputzak ere bizirik jarrai dezake hil ostean; Satanas ez da bakarrik Gaizkiaren metafora, baizik benetan baden Pertsona Gaiztoa; eta, norbaiten baitan sartu baldin bada, kanporatu egin daiteke, apaiz egokiak erritu jakin batzuk aplikatuz gero. Bide batez esanda, alai egoten da Satanas gizakiok bekatu dagigularik. Schopenhauerrek orgasmoarekin berdindu zuen barre satanikoa.

Sinesmen horien azterketaren xedeetako bat pedagogikoa da. Artez ulertu behar ditu norberak kontzeptuak, ganoraz azalduko baditu. Eta ikasleek argitasuna behar dute. Oroitzen naiz behin batean batxilergoko bigarren mailan San Agustin irakatsi behar eta paradisua, Adam, Eba, sugea eta hori guztia azaltzen hasi eta, Erlijio ikasgaia gainditua izan arren aurreko kurtsoetan, 30 ikasleetatik bakar batek ere ez zekiela zertaz ari nintzen, harik eta, halako batean, batek “Sí, joe, lo de los Simpson” esan zuen arte. Orduan bai, ikaskide batzuk jabetu ziren, Simpsondarren atal batean Bibliako Hasiera liburua kontatzen baita. Parodia parodiatutakoa baino lehenago ezagutzen dugu gaur egun sarritan; ulermenari begira, ez da beti segida sanoa.

Bide batez, Leon XIV.aren hitzaldien azpian dagoen San Agustinen pentsamendua ezagutzeko ere baliatuko ditut ikerketa hauek, San Agustinek argitu baitzituen gorputzen berpiztearen inguruko zalantzak. Elizaren doktrina ofiziala izatera igaro ziren afrikarraren ideiak, eta halaxe jasotzen ditu indarrean dagoen Katiximak.  

Gorputza eta arima bereizirik daudela, eta gorputza hil arren arimak bizirik dirauela, sinesmen sustraituak ziren txikitan katekesira eta mezetara joaten ginelarik, giroan zeuden. Mekanismo zehatzei buruz galdetu ezean —adibidez, noiz eta nola lotzen diren eta bereizten gorputza eta arima—, ez zuten arazorik eragiten.

Marijeren gurasoak, hilda egon arren, fisikoki ere bazebiltzan honaindiko munduan, etxeko argiak gauez piztuz, alaba eskaileretatik behera bultzatuz, edo ohean erdi lo zetzala atzaparrez lepoa estutuz, hegan eginez itzal eta guzti... Gorputzez zebiltzan, gorputzei eragiten zieten, eta, esan bezala, gorputzen berpizteari dagokiona da hain zuzen kristau doktrinaren berezitasunik garrantzitsuenetako bat; San Pauloren esanetan, kristautasunaren bihotza eta mamia. Dena den, denboraren amaieran etorriko dela dio credo katolikoak gorputzen piztuera, eta ez hil eta berehala, Marijeren gurasoen gisara. Salbuespena izan zen Jesu Kristoren kasua, baina kontuan hartu behar da Jainkoaren semea zela.  

Nire aldetik, inoiz ezin izan dut halako sinesmenik neure egin. Uste dut dualismoa, eta hil osteko bizitza zeruan edo infernuan, ulertu egiten dudala, baina ezin dut sinetsi: betiko horma. Gure aita hil zenean, ospitalean, azken hatsa eman bezain laster senide batek gelako airea eskuz seinalatu, eta esan zuen: “hementxe egongo da orain”. Eta beste batek: “ireki leihoa, gora joatea erraztu behar diogu”. Nik ez dut uste halakorik gertatzen denik. Hiltzen zarenean, gorputza, arima eta beste guztia doa zulora.

Ez sinesteaz gain, ulertu ere ez dut egin hildakoen piztueraren doktrina; eta denboren amaierako gorputzen piztueraren doktrina egiten zait arraroena. Lehenbiziko zalantza: gure bizialdiko zein gorpuzkerarekin berpiztuko gara? Ume, gazte, heldu, zahar, heriotzaren bezperakoarekin? Norberak aukeratu ahalko du?

Nora joango da, zer egingo du berpizturiko gorputz horrek?

Heriotza traumatikoa da, eta erlijioak eta filosofiak heriotzari erantzuteko sortu ziren hein handi batean. Ez hil behar izatea da giza nahi sakonetako bat, eta hilezkortasuna agintzen dizun erlijioa goxoki bat da. Oroitzen naiz gure alabek bost-sei urte zituztela behin batean eskolatik itzuli eta hil ostean zer gertatzen den galdezka hasi zirela, kezka metafisiko latzak baitzerabiltzaten jolas-orduko solasaldietan. Erantzun nien gurean funtsean erantzun bi daudela: ateisten ustez, gorputza apurka-apurka usteldu egiten da, harrek jaten dute, hildakoaren oroitzapenak gelditzen dira hasieran, ezagutu dutenen oroimenean, eta gero pixkanaka oroitzapenak ere desagertzen dira, eta azkenik arrastorik ere ez da gelditzen gure mundualdiaz.

Bestetik, kristauek sinesten dute hil ondoren arima gorputzetik bereizi eta, zintzoa izan bazara, zerura joango zarela, eta maite duzun jendearekin biziko zarela eternitate osoan. “Kristauek dute egia, kristaua naiz ni” pozpiztu ziren alaba biak batera. “Zeharo desagertu”, “arrastorik ere ez gutaz”, bai zera, utikan.

Aditu batzuek diotenez, kristauak agertu zirenean estoikoen mundu-ikuskera zen Erroman nagusi, eta kristautasuna hain erraz zabaltzearen kausetako bat izan zen gorputzen berpiztea eta hilezkortasun pertsonala agintzen zuela. Zozoagoa zen estoikoen promesa: hil ostean urtu egingo zara kosmosean, zure berezitasunak galduta modu inpertsonalean egingo duzu bat unibertsoaren energiarekin.

Bestelakoa baita jende gehienaren grina, gure kulturan bederen: nik neuk berpiztu nahi dut, eta ni neu joan zerura, nire aterkiarekin eta nire txapelarekin, Unamuno bezala, eta nire miopia leunarekin eta gainerako bereizgarriekin. Izuan sustraituriko pasio horrek pizten du haraindiko kriseiluaren esperantza. Hil ostean neure buruaren kontzientzia galdu eta nire energiak naturarekin bat egingo duela… ergelkeria galanta alafede. Utzi bakean.

Alaben fedeak ez zuen luze iraun haatik, eta ez gure eraginez. Mesfidatzeko modukoa hasi zitzaien iruditzen gure nahi sakonenak beteko zaizkigula agintzen digun edozein doktrina, susmagarria halako doktrinen arrakasta. Normalean, ez dugu sufritu nahi, ez dugu hil nahi, eta maitatuak izan nahi dugu, eta maitatu. Ez da kasualitate politegia kristautasunak hain zuzen guk hemen nahi duguna eternitate osorako agintzea, alegia, ez sufritzea, ez hiltzea, eta maitasunak babes eta ingura gaitzan?

 

 

Begiratu mesedez ea Satanas zutaz jabetu den

Markos Zapiain 2025/06/16 19:35

Terry Eagletonek gotzain ebanjeliko ingeles baten ekarpena dakar, 1991n idatzia: sei sintoma zerrendatzen ditu, Satanasek harrapatuta daudenek darakutsatenak. Hona hemen:

 a)   Modu desegokian barre egitea

b)   Ezagutza ulergaitz batez harrotzea

c)   Irribarre faltsua erakustea

d)   Eskoziako arbasoak izatea

e)   Senideen artean ikatz-meatzariak edukitzea

f)    Arroparako edo autorako normalean kolore beltza aukeratzea

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.