Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Vipassana

Vipassana

Markos Zapiain 2025/07/11 09:05

Neguan egin genuen Vipassana delakoa, ziegak hotz. Himalaiako monjeak bezala, goizeko lauretan jaiki, dutxa hotza hartu eta aurrera. Ezin zen hitz egin. Otorduak ere, erabateko isiltasunean. Meditatzeko moduan jesarri behar ginen, arnasari adi. Arnasa hartzean, “nor naiz ni?” galdetu behar genion geure buruari, eta arnasa botatzearekin batera erantzun. Hori dena bakarka eta isilik.

Hitz egin genezakeen une bakarra: ikastarokide batekin aurrez aurre eseri eta “nor haiz hi?” galdetu behar genion, eta berak erantzun. Ozenki mintzo gintezkeen une bakarra zen hura. Oroitzen naiz ikastaroaren arduradunak —zen-maisu estua— bikoteka geundela generabiltzan galde-erantzunei adi egoten zela, eta “quién eres tú” galdetu eta “pues yo soy Carlos Contador, nací en Segovia hace veintiocho años...” eta gisakoak entzutean, “no, tú no eres eso, déjate de tonterías...” esaten zuela haserre. Halatan, meditatzaileok maisu zorrotza asetzeko moduko erantzunak asmatzen ahalegintzen ginen, errieta saihestearren: “yo soy un pajarillo perdido entre las nubes”.  “Por favor, pero qué cursiladas son esas. Cada vez peor”. Makilada jo zion gutako bati sorbaldan, hainbeste sumintzen baitzuten gure autodefinizio estereotipatu ergelek. Marka desagertu zait, behintzat.

“Nor haiz hi?” Berdin dio zer erantzuten duzun, tronpatuko zara. Isilik egonda ere, tronpatuko zara.

Orduan, nor haiz hi?

Jakin dudanez, hauxe litzateke ihardespen onargarri bat:

“Banderaren makilaren puntan, txahala izan du behiak”.

Donemiliagako giroaren eraginez ziurrenik, oro zitzaigun “guek aiutu ez dugu” eta “isioqui dugu” bezain enigmatikoa. Kristautasunarekin behintzat, ez zuen zerikusi handirik. Shin Chan edo Doraemon katu kosmikoan ere, garbi gelditzen da bestelakoa dela Japoniako jendea, umorea, ohiturak. Ulergarria beraz erlijioa ere txit desberdina izatea; aditu askok, erlijiotzat ere ez dute zen-budismoa, ezta filosofiatzat ere.    

Halatan, Josuren zakurraren koanaren eitea eduki behar zuten geuk erabili beharreko esaldiek, baina beranduegi ohartu ginen. Behin batean, monje batek serio-serio galdetu ei zion maisu Josuri:

“Zakur batek lor lezake Budaren izaera?”

Eta Josuk erantzun:

“Mu!”

Irakurle, galdera sortuko zitzaizun agian, zer ote den Budaren izaera. Borgesen zerrenda famatuaren tankera dute aurkitu ditudan erantzunek. Nolakoa da beraz Budaren izaera?

“Kilo bi pisatzen dituen tunika erosi nuen Ching Choun”.

“Ardiak orrazteko bastoia”.

“Astoaren gainean doan zimino-emea, bere amaginarrebak gidatua”. (Zeure esku zeri dagokion “bere”.)

“Hogeita hamahirugarren zeruraino jauzi egin duen abanikoa”.

“Harri oktogonala airean jira-biraka”.

Iheskorrak izaten ziren beti maisu Josuren ihardespenak. Behin batean, monje batek esan zion ezen

“Entzun dut Nansenen dizipulu izan zinela, modu sekretuan”.

Eta Josuk:

“Izugarrizko beterrabak sortzen ditu Txin-xuk”.

Diotenez, maisu Josuk, laurogei urte bete ostean, beste hogeita hamar igaro zituen pentsamendu bakar bat ere eduki gabe.

Josu aipatzen ziguten maisu nagusi gisa, baina ba omen zen Gutei izeneko beste bat ere. Hatza altxatuz erantzuten zion Guteik edozein galderari, hatza pixka bat altxatu baino ez. 

Beste meditazio-ikastaro batean, Lizason bertan —ez naiz izenaz oroitzen— ,ezin zen deus ere esan, baina ikastaro oso-osoan: debeku ere berehala eteten zizkiguten Donemiliagako elkarrizketa xume haiek —"nor haiz hi?"; erantzuna; eta berriro “nor haiz hi?”—. Lizasoko ikastaroan, hitz bakar bat ere ez aste osoan.

Bosgarren egunean, gauez, gure artean ziegetako hormetan joz komunikatu eta, arduradunak ohartzeke, Ultzamara joan ginen, mamia jatera. Hitz eta pitz aritu ginen azkenik. Guztiak zeukan umekeriazko kutsu nabarmena, oso polita.  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.