Satanas maitatu
Etsaia maitatzeko agindua da ebanjelioan ospetsuenetakoa: “maitatu etsaiak, egin ongi gorroto dizuetenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztetenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde eta pertsegitzen zaituztetenen alde”. Jose Antonio Pagolak jakinarazi digunez, “etsaia maitatzea da Jesusenganaino, ziurren, heltzen diren hiru esaldietatik bat, ‘Jesus Seminar’ taldearen ustez”.
Jesus agertu baino lehen, estoikoen artean ere bazebilen gaiztoei ere ongi egiteko aholkua. Pagola bera: “Senekaren idatzietan Jesusen pentsaerara harrigarriro hurbiltzen den gomendio hau aurkitzen dugu: ‘Jainkoen antzeko izan nahi baduzu, egin on esker txarrekoei ere, eguzkia ateratzen baitu gaizkileentzat ere eta itsasoak zabalik baitaude itsaslapurrentzat ere’”.
Jungen eraginez gaur egun nagusi den irakurketaren arabera, norberaren alde iluna litzateke etsai hori: hortaz, besarkatu eta maitatu zure baitako amorrua, tristura, oztopoa, beldurra, eritasuna, oroitzapen mingarriak, errua, jelosia, kezka, susmoa, bekaizkeria, zeren eta, onartuz gero, errazago gaindituko baituzu. Etsai hori ere indar sakratua denez, honelaxe zuzendu behar gatzaizkio: “zatozkit nahi izatean, lagun, beti izango duzu nigan txoko abegitsu bat, maite dudanaz bakarrik bainaiz libre”.
Zer zentzu du bestela etsaia maitatzeko aginduak? Dachauko juduak borrero nazia maite behar luke? Gazan haurra hil dioten amak Netanyahu?
Norberaren interesa kontuan hartu gabe maite beharko genuke gainera etsaia? Alegia, ez bizitzeko gelditzen zaizkizun urteak ez hain txarto pasatzeko ahalegin kalkulatzailearen baitan —izugarrikeria ahal den neurrian ahazteko—, baizik eta etsaia maitatu berau ere Jainkoaren sorkaria den heinean, eta Jainkoak, eguzkiak bezala, zintzoak bezala argitzen dituelako gaiztoak ere? Zaila dirudi.
Emmanuelle Carrèreren L'Adversaire ere bada etsaia; izan liteke Jean-Claude Roman bera, edota Jean-Claude Romanez jabetu zen aurkaria: emaztea, seme-alabak eta gurasoak hil zituen, segidan. “Aurkari” da deabruaren izenetako bat. Ezin baztertu Giovanni Papiniren galdera durduzagarria: Satanas bera ere maitatzera zabaltzen da etsaia maitatzeko agindua?