Lizaso 1985
Euskal Herriko katolikotasun lausoaz gain, eta liburuetatik aparte, Lizason eta Barriako Santa Maria komentuan ere —Donemiliagan— izan nuen erlijioarekin harremana; oso bestelakoa ordea.
Aste betekoak izaten ziren Lizasoko ikastaroak. Arco Iris komunitateko kideek antolatzen zituzten. Mojen komentu izaniko etxe handi batean bizi ziren. Merkeak ziren ikastaroak, eta hortik ateratzen zuten batez ere bizirauteko dirua. Normala merkeak izatea: arroza eta ura genuen otorduetako oinarri, eta ikastaroko egun oso bat ezertxo ere jateke pasatzen genuen. Ikastaroak ematen zituztenak nafarrak, gipuzkoarrak eta katalanak ziren batik bat, baina ikastaroak egitera Espainiatik ere bazetorren jendea.
Euskaldun mordoak utzi zituen seminarioak 60ko hamarraldiko bigarren zatian, marxismoa besarkatu eta ETAn sartzeko. 70eko hamarraldiaren amaieran, berriz, politikan bustitako askok engaiamendua baztertu eta heroinari eman zitzaizkion. Lizasoko kide franko zetorren euskal langile-mugimendutik; 80ko hamarraldiaren lehenbiziko erdialdean egin zuten trantsizioa.
Hainbat ikastaro egin nituen: Maratoia, Tai-ji eta masajea, Sufi-dantza, Maitasunaren gar tantrikoa. Meditaziozko bat egin nuen Lizason eta beste bat Barrian, Donemiliagan, Vipassana izenekoa; Lizasoko jendeak antolatua hori ere.
Emilio Fiel donostiarra zen Lizasoko bihotza eta motorra. Indian eta Tibeten egona zen, eta handik zekarzkigun ikastaroen oinarrian zeuden ideiak eta antolaerak. Hondamendia zen Fielentzat gure zibilizazioa, eta bizimodu komunitario alternatibo bat abiarazi zuen Lizason, Epikuroren lorategia, kristauen monastegiak, ekialdeko zenobioak eta hippien komunak eredu: jabetza pribaturik ez, harreman eta amodio libreak, umeen haztea eta heztea komunitate osoaren esku...
Nietzsche, Gestalt, Jung, Erich Fromm, Wilhelm Reich, Carlos Castaneda liburuetan, eta budismoa, zen, yoga, kristautasun esoterikoa, sufismoa, tantra, xamanismoa… Hainbat tradizioren praktikak zerabiltzan eta darabiltza —Zaragozako Borjan bizi da orain—, horietako bakar bat ere lotu gabe egiarekin eta esklusibitatearekin. Berdinak eta desberdinak dira aldi berean erlijioetako hizkuntza-jokoak; edonola ere, ezin ukatu badutela familia-kutsu bat, Horixe egiten zen Lizason: erlijio-tradizio desberdinetako hizkuntza-jokoen praktikak erabili, denbora galdu barik erlijioren baten nagusitasuna aldarrikatzen, edota erlijio ororen balizko esentzia idealaren bila.
Espetxera leramake Fiel gaur egun nagusi den giroak halako ikastaroak antolatzeagatik. Ikastarora zer eraman esaten zizuten: arropa mota, sandaliak, izarak, meditatzeko estera edo zerri txikia, etab. Ikastaro jakin baterako, ahaztu zait izena, ez zituzten eskatzen kondoiak eta eskularruak baizik.
Protagonistak gela batean itxita, gorrotoa eta desira ahalik eta modurik basatienean adierazi behar zenuen, jipoitu eta larrua jo. Kaka psikologiko asko ateratzen zen. Maratoietan, talde-terapia egiten zen bazkalostean, guztiok biribilean eserita. Ahizpa bik gizon heldu bat biribilaren erdian astindu zuten, tratu txarrak ematen zizkien aita gogora zekarkielako.
Uztailean eta abuztuan izaten ziren ikastaro gehienak Lizason, bero-zapa, eta ikastaro askok biluztea eskatzen zuten. Berrogei lagun gela berean guztiak biluzik, dantzan, etzanda, erotuta. Espainian berehala zabaldu zen albisteak betiko lerde-jarioak erakarri zituen. Nahasmendua eta anabasa profitaturik, maratoi batean madrildar heldu batek neskei zirriak egin zizkien eta eskua sartu, neskei bat ere gustatu ez zitzaien moduan. Higuingarri hutsa, zioten. Bada gela hartan bertan neska batzuek inguratu eta epelak eta galantak eman zizkioten, beste lintxamendu terapeutiko bat.
Nolabaiteko erretiroa bazen ere, ez ziren kanpoko jendartearekiko loturak zeharo hausten. Bazkaltzen geundela harrapatu gintuen Sarriren eta Pitiren ihesaren berriak. Txaloka eta pozez oihuka hasi ginen bazkaltiarrok, arroz triste hura lipar batez bederen ahaztuta.