Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Elefantea eredu

Elefantea eredu

Markos Zapiain 2025/07/01 11:46

Erlijio eta filosofia naturalistak izan baditugu ere, naturaren aldeko jarrerak, hala nola zinikoena edo Asisko Frantziskorena, mendean hartu beharrekotzat sentitu da gurean eskuarki natura. Grekoentzat ez bezala, kristauentzat garrantzia ez du naturak —jasotakoak—, baizik eta lanak, jasotakoarekin dagizunak. Kanten ustez, alferkeria eta egoismoa da natura gure baitan, eta naturaren aurkako etengabeko borroka da etika.

Ugaltzea eta kastitatea bultzatzen ditu aldi berean kristautasunak. Jainkoak sortua den heinean, ona eta ederra da natura, baina desira naturalak ez dira beti bereziki jainkotiartzat hartzen, eta bekatu larria da lizunkeria.

Horrela, gizakien arteko sexu harremanak arautzeko orduan, eredu zein kontraeredutzat hartu ditu kristautasunak animaliak. Elefantea, adibidez, eredugarria da. Frantzisko Saleskoak senar-emazte kristauei elefantea jartzen die ezkontzan gauzatu beharreko bizitza sexualaren jarraibidetzat: fidelak baitira eta monogamoak, ez dute larrua jotzen kumeak izateko baino, eta jotzeko oihaneko barrualdean ezkutatzen dira lotsaz, eta ondoren, taldera itzuli baino lehen, errekan ondo garbitzen dira. Ez da harritzekoa Frantzisko Saleskoa izatea kazetarien eta idazleen patroi santua.

Michel Foucaultek zein Henri Peña-Ruizek nabarmendu dute testu hori. Hasiera batean, Peña-Ruiz matxinatu egiten da, plazer-aukerarik txikiena ere eragozteko Frantzisko Saleskoaren obsesioaren aurka. Ematen du hainbeste fededunen ohiko barne borrokak bizi duela Frantzisko Saleskoa ere, Jesu Kristok “hazi eta biderka zaitezte” agindu baitzuen; kristau kastuaren arazoa da nola hazi eta biderkatu ahalik eta gozamenik flako eta ezdeusenarekin. Eta elefantearen monogamia zorrotzak erakutsiko luke bidea.

Itomen aszeta horren kontra, Peña-Ruizek dioenez, irudi luke laikotasunak berez aldarrikatu beharko lukeela “betor hedonismoa!”. Haatik, distantzia egokia hartuta erantsiko du laikotasunak baduela tokia elefantearentzat bezala bonoboarentzat eta untxiarentzat ere, guztiak hartzen dituela ondo, mugatzen baita bizimodurik desberdinenen arteko elkarbizitza baketsua bermatzeko markoa eskaintzera.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.