Hienaren poltsatxo lizuna
Elefantearen kontrara, hienak eta erbiak zer ez den egin behar erakusten diote kristauari eta edozein pertsona zintzo ez kristauri.
Aspaldi batean uste zen hienak sexu biak dauzkala, eta urte batean ar dela, eta hurrengoan eme, txandaka. Horregatik idatzi zuen Elianok hienaren jokabideak darakutsala zein mespretxagarria izan zen Tiresias, gizon jaio arren emakume izatera igaro baitzen, eta gero berriro gizon.
Erbiari dagokionez, uste zen urtero uzki berri bat irteten zaiola, eta biderkaturiko zulo horien erabilerarik okerrenari ematen zaiola.
Zaharrak ziren sinesmen horiek, eta Aristotelesek ukatu zituen. Klemente Alexandriakoak Pedagogoa idatzi zuen garaian, gure aroko II. edo III. mendean, ia inork ez zituen sinesten.
Hala ere, sineskeriatzat zituzten arren hienaren txandakako hermafroditismoa eta erbiaren urteroko zulatzeak, Klemente bezalako kristauek ez zituzten horregatik giza jokabidea zuzentzeko lezio gisa baliatzeari utzi. Animalien historia natural osoan bilatu zituzten moralari begirako irakaspen jakingarriak, egietan zein alegietan. Gaur egun ere, ez dira gutxi animalien ohituretan gizakiontzako jokabide-irakaspenak bilatzen dituzte naturalistak.
Klementek dio hienaren sexua ez dela urte batetik bestera aldatzen, zeren, behin naturak animalia jakin baten izaera erabakitzen duelarik, ezin baitu aldatu. Egia da animalia askoren ezaugarri batzuk denborak aldatzen dituela. Beroak eta hotzak txorien ahotsa aldatzen dute, eta lumajearen kolorea, baina itxurari dagozkio aldaketa horiek, eta ez esentziari.
Ildo berean, Klementek dio bizidunak ezin duela sexua aldatu, edota bi eduki, ezta maskulinoaren eta femeninoaren arteko hirugarren sexu batekoa izan: gizakiek irudikatutako kimerak baitira horiek, naturak ezeztatuak.
Dena den, hienak badu beste ezein animaliak ez duen berezitasuna: haragizko eskreszentzia bat da, buztanaren azpian sexu femeninoaren antzeko forma marrazten duena; ordea, apur bat aztertuz gero, berehala ikusten da barrunbe horrek ez duela umetokira edo hesteetara leramakeen inongo konduktura ematen, ez du loturarik ugalketa-kanalekin.
Akats moral baten tresna eta efektu gisa interpretatzen du Klementek singulartasun anatomiko hori. Bizio batengatik dute hienek gorputza hain era arraroan moldatua. Espezieen ezaugarriak naturaltzat hartzen ditugunez, naturazko bizioa dela esan dezakegu. Eta gizakiongan aurki daitekeen akats moral baten berdin-berdina da bizio hori: lizunkeria.
Hain da lizuna hiena, buztanaren azpiko poltsatxo hori emendatu baitio naturak, larru-jotze eta estalketa biziotsuetarako erabilgarri.
Foucaulten esanetan, plazererako “gehiegizko” joerari —naturak hienari emana—, naturak erantzun dio gehiegizko anatomia batekin, gehiegizko harremanak ahalbidetzen dituena. Sexualki erabiltzeko eskreszentziak ez du zerikusirik ugalketa-organoei emandako helburuekin, alferrikakoa da zentzu horretan. Halatan, hienen gehiegikeria ez da kantitate kontu hutsa: kualitatiboa ere bada.
Naturala da gehiegikeria hori, baina naturaren aurkako jokabidea ahalbidetzen eta bultzatzen du. Naturaren eta kontranaturaren etengabeko korapilatzeak ematen die izaera arbuiagarria hienei: gehiegikeriarako joera natural kontranaturalak, gehiegizko eranskin natural kontranaturalak eta eranskin alai horren xederik gabeko erabilera natural kontranaturala.