Kasualitate susmgarria
Talako hilketaren kontakizunean hainbat sinesmen dabiltza dantzan, txit garrantzitsuak kristau doktrina ofizialean. Horietako lau aztertuko ditut, modu gutxi-asko autobiografikoan, Adimen Artifizialari ihesi beti ere: gorputza eta arima bereiz daitezke; arima ez ezik gorputzak ere bizirik jarrai dezake hil ostean; Satanas ez da bakarrik Gaizkiaren metafora, baizik benetan baden Pertsona Gaiztoa; eta, norbaiten baitan sartu baldin bada, kanporatu egin daiteke, apaiz egokiak erritu jakin batzuk aplikatuz gero.
Sinesmen horien azterketaren xedeetako bat pedagogikoa da. Oroitzen naiz behin batean batxilergoko bigarren mailan San Agustin irakatsi behar eta paradisua, Adam, Eba, sugea eta hori guztia azaltzen hasi eta, Erlijio ikasgaia gainditua izan arren aurreko kurtsoetan, 30 ikasleetatik bakar batek ere ez zekiela zertaz ari nintzen, harik eta, halako batean, batek "Sí, joe, lo de los Simpson" esan zuen arte. Orduan bai, ikaskide batzuk jabetu ziren, Simpsondarren atal batean Bibliako Hasiera liburua kontatzen baita. Parodia parodiatutakoa baino lehenago ezagutzen dugu gaur egun sarritan; ulermenari begira, ez da beti segida sanoa.
Bide batez, Leon XIV.aren hitzaldien azpian dagoen San Agustinen pentsamendua ezagutzeko ere baliatuko ditut ikerketa hauek, San Agustinek argitu baitzituen gorputzen berpiztearen inguruko zalantzak. Elizaren doktrina ofiziala izatera igaro ziren afrikarraren ideiak, eta halaxe jasotzen ditu indarrean dagoen Katiximak.
Gorputza eta arima bereizirik daudela, eta gorputza hil arren arimak bizirik dirauela, sinesmen sustraituak ziren txikitan katekesira eta mezetara joaten ginelarik, giroan zeuden. Mekanismo zehatzei buruz galdetu ezean —adibidez, noiz eta nola lotzen diren eta bereizten gorputza eta arima—, ez zuten arazorik eragiten.
Aitzitik, inoiz ez dut artez ulertu denboren amaierako gorputzen piztueraren doktrina, eta ikertu egingo dut. Helburu pedagogikoak, beraz, neure buruarentzat balio du batik bat hemen.
Marijeren gurasoak, hilda egon arren, fisikoki ere bazebiltzan honaindiko munduan, etxeko argiak gauez piztuz, alaba eskaileretatik behera bultzatuz, edo ohean erdi lo zetzala atzaparrez lepoa estutuz, hegan eginez itzal eta guzti... Gorputzez zebiltzan, gorputzei eragiten zieten, eta, esan bezala, gorputzen berpizteari dagokiona da hain zuzen kristau doktrinaren berezitasunetako bat. Dena den, denboraren amaieran etorriko dela dio credo katolikoak gorputzen piztuera, eta ez hil eta berehala, Marijeren gurasoen gisara.
Edonola ere, gorputzaren eta arimaren dualismoa ez bezala, zaila zitzaidan eta zait denboren amaieran gorputzak ere berpiztuko direla irudikatzea. Lehenbiziko zalantza: gure bizialdiko zein gorpuzkerarekin berpiztuko gara? Ume, gazte, heldu, zahar, heriotzaren bezperakoarekin? Norberak aukeratu ahalko du? Nora joango da, zer egingo du berpizturiko gorputz horrek?
Heriotza traumatikoa da, eta erlijioak eta filosofiak heriotzari erantzuteko sortu ziren hein handi batean. Ez hil behar izatea da giza nahi sakonetako bat, eta hilezkortasuna agintzen dizun erlijioa goxoki bat da. Oroitzen naiz gure alabek bost-sei urte zituztela behin batean eskolatik itzuli eta hil ostean zer gertatzen den galdezka hasi zirela, kezka metafisiko gogorrak baitzerabiltzaten jolas-orduko elkarrizketetan. Erantzun nien gurean funtsean erantzun bi daudela: ateisten ustez, gorputza apurka-apurka usteldu egiten da, harrek jaten dute, hildakoaren oroitzapenak gelditzen dira hasieran, ezagutu dutenen oroimenean, eta gero pixkanaka oroitzapenak ere desagertzen dira, eta azkenik arrastorik ere ez da gelditzen gure mundualdiaz.
Bestetik, kristauek sinesten dute hil ondoren arima gorputzetik bereizi eta, zintzoa izan bazara, zerura joango zarela, eta maite duzun jendearekin biziko zarela eternitate osoan. "Kristauek dute egia, kristaua naiz ni" pozpiztu ziren alaba biak batera. “Zeharo desagertu”, “arrastorik ere ez gutaz”, bai zera, utikan.
Aditu batzuek diotenez, kristauak agertu zirenean estoikoen mundu-ikuskera zen Erroman nagusi, eta kristautasuna hain erraz zabaltzearen kausetako bat izan zen gorputzen berpiztea eta hilezkortasun pertsonala agintzen zuela. Zozoagoa zen estoikoen promesa: hil ostean urtu egiten zara kosmosean, zure berezitasunak galduta modu inpertsonalean egiten duzu bat unibertsoaren energiarekin.
Bestelakoa baita jende gehienaren grina, gure kulturan bederen: nik neuk berpiztu nahi dut eta ni neu joan zerura, nire aterkiarekin eta nire txapelarekin, Unamuno bezala, eta nire miopia leunarekin eta gainerako bereizgarriekin. Izuan sustraituriko pasio horrek pizten du haraindiko kriseiluaren esperantza. Hil ostean neure buruaren kontzientzia galdu eta nire energiak naturarekin bat egingo duela… ergelkeria galanta alafede. Utzi bakean.
Alaben fedeak ez zuen luze iraun haatik, eta ez gure eraginez. Mesfidatzeko modukoa hasi zitzaien iruditzen gure nahi sakonenak beteko zaizkigula agintzen digun edozein doktrina, susmagarria halako doktrinen arrakasta. Normalean, ez dugu sufritu nahi, ez dugu hil nahi, eta maitatuak izan nahi dugu, eta maitatu. Ez da kasualitate politegia kristautasunak hain zuzen guk hemen nahi duguna eternitate osorako agintzea, alegia, ez sufritzea, ez hiltzea, eta maitasunak babes eta ingura gaitzan?