Xelebre ospea. Mañukortaren etekina
Bertsolariak eta filosofoak, baita Filosofia irakasleak ere, biek izan dute ilargitarraren ospea, bere kasa dabilenarena, Tales edo Pernando Amezketarra bezalako aitzindari bide-erakusleengandik hasita; halatan, sinpatiaz onartzen zaizkie beste herritar zein irakasleek debeku lituzketen hainbat estrabagantzia. Orain dela bizpahiru hamarraldi Bermeon bertso-saioa antolatu eta Jon Maiari ahaztu egin zitzaion etortzea; Maialen Lujanbio berandu iritsi eta aparkatzean portura erori zen ia, atzeko gurpilak erdi zintzilik itsaso orrolariaren gainean. Bertsolaria, badakizu. Filokoa, badakizu, koitadua, berriro aurkitu dute billarretan Formakuntzako orduan.
Zentzu horretan, Mañukorta izango da beharbada bertsolaririk filosofoena, pekuliarrari dagokion estatus pribilegiatuari etekinik oparoena atera diona. Beste edonori txantxetan ere ez litzaizkioke onetsiko Mañuk ez bertsotan inoren ahotan baizik eta bere izenean Bertsonajea liburuan Xabier Amurizari Francoren alde adierazitako arrazoi sendoak: ferroldarraren sasoian ez ei zegoen langabeziarik, langileentzako paga estra biak ezarri zituen, jubilazioa ere bai. Kriminala izango zen, baina baita beharginen lagun fina ere. Mañuk, zertara edo hartara, laguna omen zuen Franco.
Zirika ibiliko da agian, datuak erabilirik haatik; egia egia baita, euskaldunak esan nahiz espainolak esan.
Autistaren lotura
Orain dela dozena urte inguru Asperger bat izan genuen, Oier deituko diot, nerabe seriosa, bere baitan itxia, ia harremanik ez ikaskide-irakasleokin, begiratu ere ez zigun egiten. Halako batean, epistemologiari buruzko jakin-mina piztu eta hilabetean bere irakasleok bizialdi osoan baino gehiago eta zehatzago jakitera heldu zen. Egun batean, Fredi Paia eta Xabier Silveira ekarri genituen. Areto Nagusian jesarlekuak bukatu eta Oier erdiko pasilloan eseri zen, behearen gainean. Haren barre-algarak, Silveira eta Paia hasi orduko! Ez ziren saio osoan etengo! Institutuan eman zituen sei urteetan egundo ez nuen ikusi inorekin horrela konektatzen. Huraxe izan zen benetako harremana eta benetako lotura sumatu nion egun bakarra.
Azterketa eta kartzela
Dirudienez, mugikorraren eraginez, besteak beste, inoiz ez bezain sakabanatua eta urduri dabilkigu atentzioa. Gainera, eta mugikorra baino lehenagokoa da joera hau, nekeza zaigu edozeri buruz geuretik mintzatzea, errazagoa da besteri entzundakoa edo irakurritakoa gogoratu eta ziplo botatzea. Kasurako, azterketako galderak irakurri orduko hasten zara erantzunak idazten, denbora kosta lain kosta irabazi guran-edo, ez jakin zertarako, beti entregatzen baituzu txirrinak jo baino lehen.
Kartzelako ariketak iradoki zidan pentsatzeko orduan hain kaltegarria den presa hori desaktibatzeko bide bat. Aspaldion, ikasleei azterketak banatu eta ordu laurden igaro ostean baino ez dizkiet bolalumak ematen. Ordu laurden horretan egin dezaketen gauza bakarra da galderak patxadaz irakurri eta erantzunei buruz pentsatzea. Distantzia hartu, perspektiba aukeratu, erantzun osoa irudikatu, gogoan erabili eta taxutu, amaiera erabaki, kartzelako lanean bezala, eta ez erantzuna di-da goitikatu. Idoia Pujana bertsozaleak jakinarazi dit Suediako Institutuetan ere, Biologiako azterketetan bai bederen, ohikoa dela jokabide hori. Oxala gero eta ikasgai gehiagotara zabalduko balitz, eta azterketa orotan ezarri, hain baita onuragarria.
Kometaren heldulekua
Filosofia ikasteko orduan, izugarri laguntzen du bertsolaritzak. Beste ariketa batzuek ere bai, noski, hala nola irakurtzeak, egunerokoa idazteak, instrumenturen bat jotzeak. Burmuineko gune berezi bat pizten zaio ezustean nerabeari atzamarrak partituran irakurritakoaren arabera mugitzen ahalegintzen delarik, irakurketa eta interpretazioa eskuen bitartez sinkronizatzen dituelarik. Orobat, gai baten inguruan irudiak eta ideiak asmatu eta doinu eta hitz neurtuetan tolestera entseiatzen delarik, diziplina eta autokontrola sormenaren abiapuntu eta euskarri. Hori dena primeran datorkio Filosofiaren ikaskuntzari.
Ikasle ditudan bertsolariak ez dira bereziki langileak, ia beti alderantziz; emaitza bikainak izaten dituzte ordea, azterketetan azkar bezain originalak direlako, hizkuntzarekin duten harreman sakona lagun. Gogoangarriak izan dira Filosofian Iker Uriarte, Nerea Amparan, Ane Lastra, Lore Barrena, Sergio Serrano, Nagore eta Aitor Beitia, Ander Oleaga, Unai Egaña eta Anertz Muniategi bertsolariak.
Indartsua da bertsoaren zein filosofiaren moldagarritasuna inguruko ia edozer erabiltzeko elikagai gisa. Unai Iturriagarenaz gain komikiarekin, esanguratsua da halaber Maddalen Arzalluzen harremana Doraemon katu kosmikoarekin, edota Nerea Ibarzabal Lazkao Txiki eta Pernando Amezketarraren marrazki bizidunak ikusiz bertsozaletu izana txikitan, eta Harry Potterren inbokazioa Miribillan; gogora dakarte nola baliatzen zituen Gilles Deleuzek tenisa, txikiteoa zein B serieko filmak, edota Clément Rosseten eta Tintinen arteko lotura estua. Filosofiak ez dakigunari buruz dihardu, baina dakiguna oinarri hartuta; gaur egun, batez ere Biologia eta Ekonomia. Era berean, bertsotan, oinarri material mugatu batetik aireratzen da irudimenaren jolas mugagaitza. Fantasia eroa eta azpiegitura trinkoa horrela biltzeak egiten du bertsoa hain liluragarri.
Matematikan eta Fisikan ikasleek klase partikularrak izaten dituzte ikastetxetik kanpo. Filosofiakorik ez dago, bertso-eskolak betetzen baitu zeregin hori. Filosofian konpontzen ez den ikasleren bat daukadanean, bertso-eskolara joateko aholkatzen diot. Gurasoei ere bai. Asmamen indefinitua hitz eta neurri zehatzetan mamitzeko trebetasuna lantzen duen gazteak nabarmen jotzen du aurrera Filosofia eta Historia bezalako ikasgaietan, zer esanik ez Euskaran; are Biologian.
Filosofia eta bertsolaritza (I)
Bertsolari aldizkariaren udaberriko alean atera da "Filosofia eta bertsolaritza"
Hauxe kantatu zuen Aitor Etxebarriazarragak Bizkaiko azkeneko finalean, Miribillan, hasierako agurrean, eta gogo biziz txalotuko zukeen Chamfort moralistak:
Nik neure bertsoa dakart,
eta helburua argi:
gozaraztea zuei,
eta nire buruari.
Chamforten ustez, Etxebarriazarragak adierazitakoak, edozein bertso-saio edo jarduera artistikoren helburu ez ezik, giza bizitzarena ere izan behar luke, etikaren muina baita. Chamfortek, hitzez hitz: “Gozatu eta gozarazi, zure burua edo beste inor kaltetu gabe, horra hor, nire ustez, moralaren funtsa”. Harrigarria da zenbat pasabide dagoen bertsolaritzaren eta filosofiaren artean. Nerea Ibarzabalen tankeran esateko, filosofiaren ahala ere konjuratu beharra dago bertsolaritzaren mesedetan; hasiak zaizkigu honezkero bertsotan Simone de Beauvoirren lau bihotzak.
LEGATZA ETA BEHIA
90eko hamarraldian Jon Lopategi etortzen zitzaigun Bermeoko Institutura bertsotan irakastera. Behin batean, hipotesi interesgarri hauxe jakinarazi zidan, mendiak zergatik eman izan duen itsasoak baino bertsolari gehiago azaltzeko: legatzari bertsotan egin eta ez dizu erantzuten; behiak bai. Eta Nietzschek idatzi zuen filosofoak behiaren antzekoa behar duela, hausnar luze geldoan kontzentratua. Horregatik egongo da apika hainbeste parekotasun eta elkargune filosofiaren eta bertsolaritzaren artean.
Foucault eta Deleuzeren iritziz, filosofiak tresna-kutxa izan behar du, filosofiatik at erabiliak izateko kontzeptuak gorde eta eskaini, filosofiatik kanpo funtzionatu. Bestela, ez du balio. Halatan, saiakera bat argitara emateko edo ez emateko irizpide bat izan liteke ea bertsolariak eta bertso-jartzaileak erabil ote lezaketen, bertatik arrazoiak atera, ea ondo letorkiekeen testuko ideiaren bat. Hala ez balitz, hobe isilik, pedantekeriak joa egongo baita ziur aski.
Botere hutsalenaren erotismoa
Bitxia da botereak, denik eta ezdeusenak ere, batzuetan eragiten dituen ezusteko erreakzioak; esaterako, lilura.
Demagun Institutu bateko irakasle arrunt bat zuzendari izatera behartu dutela. Inork ez du nahi izaten, gehiago kobratu arren: irakasleek ez dute zuzendari izateko ikasi, bestelako lanbide bat da, presaka eta beraz baldarki ikasi beharrekoa goitik behera, gurasoen eta administrazioaren presioei aurre egin behar diezu, asteburu eta oporretan ere ikastetxearen erantzule zara... Lankideek badakite ez duzula zuzendari izateko inolako meriturik egin, eta ikuskariak derrigortu zaituela ez zarelako gauza ezta eskakeatzeko arrazoi konbentzigarriren bat asmatzeko ere.
Gainera, barregarria da zuzendariaren egiazko boterea. Botere efektibo handiagoa dute Institutuko administratiboek, intringulis burokratiko guztiak kontrolatzeaz gain, zuzendaritzak joan zuzendaritzak etorri hortxe jarraitzen baitute.
Ikastetxean inertziak agintzen baitu batez ere, eta zuzendaria zerbait ezohikoa egitera ausartuz gero, berehala etorriko zaizkio ikuskaria eta delegatua bere tokian berrezartzeko.
Jende orok daki, zeu barne, ez duzula zuzendari izateko balio. Hala ere, behin zuzendari zarela, diferente begiratzen hasten zaizkizu, izendapena Buletin Ofizialean agertzeaz batera aura distiratsu batek inguratuko bazintu bezala. Boterearen erotismoa da.
Han goian zaude orain, gailurrean, berezi eta bakan. Mesedez eskatzen dizute dokumentu zigiludunak izenpetzeko, eta gero eta aiseago izenpetzen dituzu, esku, beso eta buruaren dantza eta mugimendu gero eta larderiatsuagoez. Ondo kalkulatu hurrengo urratsa gorabidean, probintziako hezkuntza-delegaritzako pertsonalaren idazkariordetza lortzeko gai zara, ahal duzu, zeure esku dago, izugarri harrotuko zaizkizu gurasoak eta amaginarreba. Zure aldean, Alexandro Handia eta Kleopatra ez ziren oso desberdinak izango. Dei nazazue supergizaki.
Sortzailearen errekonozimendu falta
Badago noski datu objektiboetan oinarrituriko errekonozimendu falta bat. Jende gutxi bizi daiteke sortze artistikotik. Arte plastikoetan latza da egoera. Lagun batek Mexikon, Japonian, Txinan erakusketa garrantzitsuak egin ditu, hainbat sari ospetsu irabazi, baina hala ere ezin hortik bizi eta basozain dabil.
Idazleen arazoetara mugatzearren, zenbat literato bizi da gurean nahi duena idaztetik? Zenbat satelite ditu Pluton nanoplanetak? Saiogile bakar bat ere ez. Beno, literatoek saiogilea ikusi ere ez dute egiten, ez dute sortzailetzat, Jainkoari esker. Ai, Jainkoa, hura bai ganorazko sortzailea, Pluton bezalako nanoplanetak eta bere sateliteak xehero-xehero irudikatzen!
Arraroa da, tristea, idazleak, saldutako liburu bakoitzeko, ehuneko hamar baino ez kobratzea. Mundu osoan gertatuko da antzera, baina hor zerbaitek huts egiten du.
Ordea, badago bestelako errekonozimendu falta bat, ez hain objektiboa, sortzailearen ezaugarri nabarmenetakoa: inoiz ez du bere burua merezi bezain onartua ikusten, beti sentitzen du gizartearen eta kolegen errekonozimendu falta. Hainbat Euskadi Sari jasotako sortzaileek ere, etenik gabe daudenak hedabideetan, jendeak benetan maite dituenak, hala ere ez dute aski.
Gurean, esaterako, sortzaile jeltzaleak garbi sentitzen du baztertua dela, sormenaren esparrua ezker abertzalearen esku ei dagoelako. Sortzaile konstituzionalistak, zer esanik ez. Alderantziz, ezker abertzaleko sortzaileak aldarrikatzen du ezker abertzalekoa izateagatik baztertzen dutela Euskadi Saritik, Gutun Zuritik. Zerrenda beltzak egiten omen dituzte Batzokietan, ezker abertzaleko sortzaileak zokoratzeko, eta zerrenda zuriak, jeltzale jatorrak promozionatzeko.
Hor badago misterio psikologiko bat, eta uste dut giltzetako bat dela zure burua baztertua edo ez merezi bezain errekonozitua sentitze hori sormenerako akuilu izan daitekeela. Orain baztertzen nauzue, baina hurrengo liburuarekin ez duzue nire talentua aitortu beste erremediorik izango. Sentimendu horrek amorru sortzaile halako bat pizten duela dirudi. Berrogeita hamar urte barru bai, jakingo dute nire obra miresten, Nietzscheren, Van Goghen eta Kafkaren kasuetan bezala. Nire garaikideak infantilak dira, itsuak, ergelak. Oraindik ez dut herririk. Sortzeko orduan, etorkizuneko tribuak ditut gogoan.
Orgiaren eta masturbazioaren dialektika
Geure gaitasunak garatzeko eta gauzatzeko besteen beharra dugu. Talderik gabe mintzatzen ere ezingo genuke ikasi. Besteekin batera bilakatzen gara garena, inguruko jendearekiko etengabeko tentsioan. Aristotelesek uste zuen animalia gizartekoak garela berez, besteekiko elkarrekintzan baino ez ditzakegula gure ahalmen indibidualak mamitu, zoriona ezin dela bakardadean lortu, baizik eta soilik hirian. Kantek erantsi zuen gizartekoitasun horrekin batera baditugula bultzada antisozial gogorrak ere, eta tentsio horrek dakarrela aurrerakuntza.
Freudek zehaztu du ezinbestez eta sakonki frustratzen gaituela elkarbizitzak, barne desira oinarrizko eta indartsuenei uko egin behar diegulako: intzestuari, agresibitate hiltzaileari eta biolazioari. Ezingo ginateke herrian bizi, baldin eta semaforoan ondoan egokitu zaidana nazkagarria zaidanez hilko banu, edo erakargarria zaidanez biolatuko banu. Funtsezko hiru pultsio horiek erreprimitu behar ditugu, edo kate motzean lotu bederen, besteekin batera biziko bagara, eta desira horiek naturalak zaizkigunez, barne errepresio horrek neurotiko bihurtzen gaitu. Komunitatean bizi ahal izateko oinarrizko grinak disimulatu edo zapaldu beharrak bihurtu du gizakia animalia gaixoti. Zapalketak zapalketa, edonola ere, desira horiek inkontzientea dautza. Ametsetan agertuko zaizkigu, edo eldarnioetan.
Gizakia, horrenbestez, antinaturla eta neurotikoa da, eta perbertsoa izan daiteke. Perbertsioa, nolabait, taldeak eragiten digun frustrazioari ematen diogun erantzunetako bat da. Zenbat eta perbertsoagoak, orduan eta humanoagoak.
Taldeak, bestalde, indibidualtasun bereziak kamusteko joera izaten du. Hala ere, bakoitza bere aldetik oso luzaro bakar-bakarrik egoten dakiten kideek osaturiko taldeak izaten dira sendoenak. Deleuzek zioen hezkuntzaren helburu nagusia jendeari bakardadean luzaz egoten erakustea dela. Nekez funtzionatuko du ondo orgia batek, baldin eta partaide bakoitzak aldez aurretik bere organoen barrualdea luzaz esploratu ez badu. Masturbazioa oinarri ez duen orgia berehala bilakatzen da artalde, edo alderdi politiko.
"Sortzaile" kontzeptuaren usurpazioaren aurka
Aspaldion kulturako jendea “sormen” eta “sortzaile” hitzez eta kontzeptuez jabetu da, ia ez dizkio aplikatzen bere buruari eta jarduerari baizik, baina sortzaile ez da bakarrik abestiak, margolanak edo nobelak asmatzen dituena. Erdi ahaztua dugu sua, gurpila, inprenta eta internet ere sorkari erabakigarriak izan direla. Orobat, ospe ez hain handiko klipa, pertxa edo bonbilla. Badira oharkabean pasatzen diren sormen motak: pertsona batzuek lagun taldean edo senideen artean giro jakin bat eraginez mamitzen dute berea.
Gizakia eta sormena ezin dira bereizi: alde batetik, guztiok gara sortzaile, guztiok egiten baitugu amets. Ezin sorkari ederragoak izaten dira ametsak. Uste dut Kafkak zioela ametsak ipuin perfektuak izaten direla maiz. Eta asko zekien Kafkak bai ametsez eta bai ipuinez.
Bestetik, zientzia, ingeniaritza, medikuntza, pilulagintza, ohiturak, erakundeak, gorputzen jarrerak kirolan, torturatzeko eta hiltzeko makina sofistikatu horiek... Liluragarria da sormen erlijiosoa ere, Jainko Sortzailearen ideiatik hasi, aingeruen hierarkietatik igaro eta jatorrizko bekatuaren erruz Jainkoarengana dugun zor infinituan amaitzeko, sorkari zinez makur eta perbertsoa.
Zeren gazte euskalduna, eskuarki, sormenaren alde eta boterearen aurka baldin badago ere, ez baita komeni ahaztea sufrimendua eragiteko asmatu dela sorkari ugari, eta badirela boterearen erabilera onuragarriak; bonba atomikoaren asmatzeak sormen eta sortzaile handienak bildu zituela, eta Edisonek aldi berean bultzatu zituela bonbillaren eta aulki elektrikoaren asmakariak.
Ez gutxitan, sormen molde desberdinek elkar elikatzen dute: Kari Stefansson puntako islandiar genetistak adierazi du sormen zientifikoa behar bezala burutzeko urtean berrogeita hamar nobela irakurtzea komeni dela.
Filosofian, biziki garrantzitsua da ez soilik pentsaera eta kontzeptu berrien sortzea; baita bizimodu berriena ere, bizimodu anormalena. Diogenesek bizimodu autarkiko natural bat asmatu zuen, zakurra eredu. Epikurok, familia, politika eta hierarkia nagusi ziren Atenasen, zorionaren bila, politikan ez parte hartzea aldarrikatu zuen, polisetik ezkutatzea, eta Lorategia fundatu zuen: txiroak, aberatsak, bikoteak, bakartiak, prostitutak, etorkinak sar zitezkeen Lorategian. Adiskidetasuna zuen oinarri, eta adiskidetasuna modu librean sortzen zen han, ekonomiatik edo jatorri etnikotik libre. Ez al da sekulako sorkaria? Sartrek eta Beauvoirren ere bikote molde berri bat asmatu zuten.
Amaitzeko, goian iragaitzaz aipatu sormen mota baten adibide bi: kirolean gorputzaren jarrera eta erabilera berriak asmatzeko ahalmenari dagokionez, egundoko iraultza sortu zuen alturako jauzian Fosburyk, saltoa atzez egiteari ekin zionean; eta sortzaile izugarria izan da Bjorn Borg tenislaria ere, 70eko hamarraldian errebesa bi eskuez asmatu baitzuen. Hasieran harrituta ikusten genuen telebistan, eztabaidak piztu zituen, ez ote zen atentzioa emateko trikimailua, estrabagantzia antzua; hala ere, orain tenislari gehienek erabiltzen dute.
Loteria soziala eta loteria naturala
Naturaren gainean gizakiok lortzen ari garen boterea maila berrietan erabiltzeko aukera izango dugu aurrerantzean. Descartesen esana, gizakia dela naturaren jaun eta jabea, geneetaraino iritsi da. Gizakien arteko berdintasuna, helburu gisa bederen, gizarte mailan erabili izan da orain arte, ez naturan; adibidez, zergen bitartez edo irakaskuntza eta osasungintza publikoen bidez aberatsen eta txiroen arteko arrakala murrizteko. Ezkerra, oro har, loteria sozialaren emaitza bidegabeak orekatzen ahalegindu da.
Haatik, loteria naturala ere injustua izaten da. Zergatik gara neu eta geure seme-alabak itsusi bezain ergelak, eta bizilagunak berriz perfektuak? Ez al da aberatsen eta txiroen arteko diferentzia bezain bidegabea? Kristauak, ekologistak, habermasianoak eta heideggerianoak gizakia hobetzeko manipulazio biologikoen aurka daude, gizakiok ez ei dugu-eta Jainkoak edo Naturak erabakitakoa aldatzen ibiltzeko eskubiderik. Goitik zein behetik datorkiguna onartu eta kito. Gehienez ere, rimmel apur bat eta diazepam.
Arriskuak arrisku, ordea, gizakiak beti izango du alde prometeiko bat, zientziaren eta teknikaren bidez jainkoek erabakitakoa edo berezkoa zaiguna geure erara aldatzeko joera. Gorputza bezain berezkoa zaigu gorputzarekin esperimentatzeko bultzada, gorputzaren mugak esploratzekoa, geure interesak edo apetak betetzeko.
Gaur egun, dirudienez, gero eta eskuragarriago dugu loteria natural injustu hori, loteria soziala bezain injustua, manipulazio genetikoaren bitartez desegiteko aukera. Hori bai, aberatsek baino ezingo dute biologikoki hobetu, hasieran behintzat, aberatsek baino ikas ez dezaketen bezala Medikuntza Deustun. Edozein aberatsek izango du eder eta bizkor izateko aukera, baina soilik loteria naturalak saritutako pobreak izango dira eder eta bizkorrak. Lasai, ez da ezer pasatzen, ohituta daude.