Zeinuaren eta soinuaren arteko lotura. Zirilikoz irakurtzen dakizula sinetsarazi
Filosofia-azterketetan badira baieztapenak, baina, Anthonny Kennyren zenbaketaren arabera, baita 784 galdera ere, eta 110i baino ez zaie erantzuten. Eta erantzun horietako 70 berariaz dira okerrak. Haatik, erantzun horiek okerrak direla ez da ebidentea, Wittgensteinek ez du abisatzen.
Aurreko sarreraren amaieran aipatu zentzu gabezia horri buruz, ez ote datorren burmuineko eta nerbio-sistemako prozedurak gutxi ezagutzetik galdetuz ekingo dio Wittgensteinek 158. paragrafoari. Horiek zehazkiago ezagutuko bagenitu, ikusiko genuke zein lotura sortu dituen trebakuntzak, eta, orduan, ikaslearen burmuina ikusiko bagenu, esan ahalko genuke: “Hitz hori orain irakurri du, orain sortu du irakurketa-lotura”.
Eta orain, irakurketa-lotura ikaslearen burmuinean ikusteari buruz, Wittgensteinen ohiko erantzunik gabeko galderak eta galderarik gabeko erantzunak: ikaslearen burmuinean ezarri den lotura hori ikusi ahal behar da, zeren nola izan gaitezke bestela hain seguru lotura horren izateaz? Hori horrela al da a priori, edo gertagarria eta probablea besterik ez? Eta gertagarri baldin bada, zein neurritan? Galdeiozu zeure buruari: zer dakizu, bada, gauza horietaz? Baina a priori bada, orduan horrek esan nahi du errepresentazio mota oso bistakoa dela.
Wittgensteinen esanetan, horri buruz gogoetatuz gero, tentatuta geundeke esatera: norbaitek irakurtzen duela baieztatzeko duen benetako irizpide bakarra da jakinaren gainean irakurtzeko ekintza, hizkietatik hotsak irakurtzekoa. “Gizaki batek badaki, jakina, irakurtzen duen edo irakurtzeko plantak baino egiten ez dituen!”
Demagun Ak Bri sinetsarazi nahi diola idazki zirilikoak irakur ditzakeela. Esaldi errusiarra ikasten du buruz eta esan egiten du inprimatutako hitzak ikusten dituenean, irakurriko balitu bezala. Orduan, seguru esango genuke Ak badakiela ez duela irakurtzen eta irakurtzeko plantak egiten dituenean horixe sentitzen duela. Izan ere, inprimatutako esaldia irakurtzearen sentsazio gutxi-asko bereizgarri mordoa dago, jakina; ez da zaila horrelakorik gogoratzea: trabatzea, zehazki begiratzea, oker irakurtzea, hitz-segiden maiztasun handiago edo txikiagoa, eta antzeko sentsazioak.
Era berean, buruz ikasitakoa errezitatzeko sentsazio bereizgarriak ere badaude. Eta Ak, gure kasuan, ez du izango irakurketaren bereizgarri den sentsaziorik; eta bai, ziurrenik, iruzurren bereizgarri diren hainbat sentsazio.
Ez dut uste Wittgenstein aurrekoarekin erabat ados dagoenik. Filosofia klasikoa irakurtzeko inertziak baztertu eta bestelako begiekin irakurri behar dira Wittgensteinen idazkiak, ikusmena eta adimena desberdin darabiltzagun bezala Venusen jaiotza eta Arrainen magia ikusteko. Formari dagokionez ere, XX. mendeko pentsalari petoa baita Wittgenstein.