Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Donostillatik dator notizilla

Donostillatik dator notizilla

Markos Zapiain 2024/04/21 12:28

Eibar.org-en irakurleei esker onez, hona hemen informazio pribilegiatua, Gipuzkoaren gainbehera edo bilakaera ortografikoa erakusten duena.

Datua ulertzeko, kontuan hartu behar da joan den mendeko azken hamarkadetan jaioek ez dakitela “ll” ahoskatzen: “oyoa”, “iyuna”… esaten dute; eta Whatsappean eta gero eta toki gehiagotan entzun eta ahoskatu bezala idazten dutela. Batu akademikoz idatziz gero, ostrazismoa.

Ordea, badakite “y” letra ez dela oso euskalduna; eta Whatsappkide horiek oso euskaldunak izan nahi dute.

Orduan, hiperzuzenketak jota, “euriya”, “poliya”, “ogiya”, “berriya” eta “aterkiya” idatzi beharrean “eurilla”, “polilla” (kiroldegia), “ogilla”,  “berrilla” eta “aterkilla” idazten dute.

Egia esan, euskal idazle berritzaile horietako bi baino ez ditut ezagutzen (ez aurrez aurre, testuak bakarrik), Donostiako Whatsapp talde bereko kide baten traizioari esker. 30 urte inguru dauzkate. Hori bai, nire begiekin irakurri ditut mezu horiek, eta ez dira txantxetan idatziak. Eta horixe da mezuak bistan eduki ditudan Whatsapp talde bakarra (alegia, ez da ezinezkoa milaka eta milaka “haundilla” eta “txerrilla” ibiltzea Azpeitillan atzera eta aurrera).

Lagun batek esan berri didanez, Urola-Kostan ere ez da ezohikoa idazkera hori. 

Ikaragarrilla!

Amatiño
Amatiño dio:
2024/04/21 13:48
"Modelnoak" izan nahirik, pellokeriaz pellokeria ari gara. Lehenengo Pello guztiak Peyo bihurtu, eta orain Donostiya eta antzerakoak Donostilla bilakatu.

Baina, zuk diozun bezala, ez da, beti behintzat, ezjakintasuna. Ezagutzen dut semea Peio bataiatu duenik, nahiz hitzez hitz eta aurrez aurre niri aitortu: "ez daukazu ni konbentzitu beharrik, badakit nola den, baina orain horrela eramaten da..."
Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/04/22 11:19
Duda bat, Amatiño: semea Peio bataiatu duenaren kasuan (hegoaldeko hainbat Peioren kasuan) ez ote dago, batetik, Pello Kirten eta horrelakoetatik urrutiratu nahia (oker ez banago, Kintanaren hiztegiak “tentel” eta antzekoekin identifikatzen zuen “pello”; Orotarikoak ere “necio” dio);

Eta, bestetik, Iparraldeko haurrideengana hurbiltzeko joera (Pantxoa eta Peio, etab.)?

(Bitxikeria: gaztelaniaz “especie de zamarra fina” da “pello”.)
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.