Jon Sarasuaren hitzaldiaren inguruan
Joan den astean Jon Sarasuak hitzaldia eman zuen Donostian: “Ego eta hego: txapelketen edukiei begirada bat txalodependentziaren ikuspegitik”. Amagoia Mujikak eman zigun Naizen hitzaldiaren berri. Mujikaren artikulua irakurtzea komeni da, ondoren datorrena hobeto ulertzeko.
Sarasuak dio marko ideologiko jakina dagoela txapelketan, esan daitekeena eta ezin esan daitekeena bereizten dituena: egia da; beste edonon bezala, eta zorionez. Bat nator biolazioaren eta pedofiliaren laudorioa adierazteari eragozpenak jartzen dizkion marko ideologikoarekin. Ego apur bat ere ez da beti txarra. Adibidez, ego barik ez genuke artista sortzailerik. Ez dira gutxi, bestalde, beren ego eria besteen egoa etengabe salatuz elikatzen dutenak. Eta ez ote da zalantzazkoa, hobeto ote gauden elizak beteta eta merkataritza-guneak hutsik, alderantziz baino? Apaiz sermolariaren talentuaren arabera, beharbada, eta merkataritza-gunean ikusiko duzun filmaren kalitatearen arabera.
BANDA-ZABALERA
Sarasuaren hitzetan, ikusi dituen bertsolari eta txapelketa guztiak modako ideien inguruan ibili dira, eta ukitu ezin diren gauzei buruz ezer esan gabe. 1967ko txapelketan euskaldun fededunaren banda-zabalera zen nagusi. Handik hamarkada batzuetara, «euskaldun progresistaren banda-zabalera» topa daiteke. «Kontua da ‘euskaldun fededunaren banda-zabaleran’ denek aipatzen zutela jainkoa eta, handik hogei urtera, ‘euskaldun progresistaren banda-zabaleran’ ez du aipatzen inork. Espektro horren funtzionamendua oso gogorra da, ez okurritu hortik ateratzea. Ez bertsolariak aldatu direlako, banda-zabalera hori aldatu delako baizik».”
Txapelketetan inork ez du Jainkoa aipatuko, baina edonork egiazta lezake euskal gizartean kristau fededunek pribilegio enpirikoak dituztela. Hezkuntzan, adibidez, hezkuntza publikoa barne, urteak joan urteak etorri, berdintasun-printzipioa katolikoen alde eta agnostiko eta ateoen aurka apurtzen da, baita Gobernuan edo Hezkuntza Sailean alderdi ezkertiarrak nagusi direnean ere.
Banda-zabalera hori aldatu egin da, egia da. Baina bertsolariak ere aldatu egin dira. Basarri eta Nerea Ibarzabal ez ditu bakarrik banda-zabalerak bereizten. Txapelketetan agian ez da Jainkoa aipatuko, eta aipatzeak aberastuko lituzke, Lukrezio eta Stuart Mill aipatzeak aberastuko lituzkeen bezala.
Egia da puntako bertsolari hiperfededun batek txapelketetako panorama aberastuko lukeela. Egia da, halaber, euskal indigenen artean zaila dela gaur egun halako bertsolari bat sortzea. Hego Amerikako ikasleak izaten dira kristau fedea giro agnostiko batean arazorik gabe aldarrikatzen dutenak, are gogo biziz. Zoritxarrez, txinarrak, mairuak, Saharaz hegoaldekoak edo Europako ekialdekoak baino nekezago sartzen dira euskaran, nerabezaroan behinik behin, bistakoa zaielako hemen bizitzeko aski dutela dakarten gaztelania.
PROGRESISTAK
Sarasuaren esanetan, “progresistek beren aurreko belaunaldiek sinisten zuten guztiarekin hautsi zuten eta, hala ere, aurreko belaunaldiek ulertu egin zituzten. Baina, aldi berean, progresistak ezin du jasan bere printzipiorik txikiena haustea edo zalantzan jartzea. Gauza bitxia da psikologikoki, ‘haustailea naiz, baina nire printzipiorik txikiena hausten baduzu, kantzelatu egiten zaitut’».”
“Progresista” esanda Sarasuak nor edo zer duen buruan argitu gabe, zaila da eztabaida. Ematen du zaku berean sartzen dituela Eneko Andueza eta Ane Lindane. Dena den, ausartuko nintzateke esatera, intuizioz-edo, Sarasuaren “progresista” kategoriapean leudekeen askok inongo arazorik gabe onartuko luketela beren printzipioak zalantzan jartzea eta haustea. Are gehiago, printzipio horiek zalantzan jarri eta hautsi zituztelako daukate gaur egun iraganekoarekin bat ez datorren ikuspuntua. Sarasuaren progresisten artean badira noski kantzelatzaile amorratuak, baina ez da komeni zakua hainbeste zabaltzea.
Sarasuaren iritziz, kapitalismoaren deseraikitze programa batean gaude, eta diskurtsorik deseraikitzaile eta apurtzaileenak egungo kapitalismo fasearen interesen gidoian datoz.
Ez dut argi ikusten zergatik datozen kapitalismoa deseraikitzeko diskurtsoak egungo kapitalismo-fasearen interesen gidoian, eta Sarasuarena bezalakoak ez. Nondik nora dabiltza gidoi horretatik libreago Sarasuarena bezalako diskurtsoak?
Txapelketetan ez dakit, baina Sarasuaren progresisten egunkari, aldizkari eta liburuetan gairik jorratuenetakoak dira aretxabaletarrak faltan dauzkan hiru adibide hauek: batetik, arlo existentziala eta espiritualitatea, “guk eskatu gabe jaio garelarik, hemen zer egiten dugun dioen galdera”; bestetik, bioetikako galdera larriak: “ideologia progresisten mantra sinplistek ez digute balio horietarako”. Hirugarrenik: munduan geopolitikan dauden proiektu desberdinek auzian jartzen dituzte mendebaldeko balio politikoak.
Hiru izen baino ez: Idoia Garzes, Ana Galarraga eta Asier Blas. Litekeena da euskaldun progresistaren marko ideologikoa pobre ikuste horren arrazoietako bat izatea Sarasuak euskarazko ekoizpena hurbildik ez jarraitzea.
Azkenik, susmagarria zaio sistemaren bozgorailuko argi berdea izatea “genero ideologiek, feminismo motek, trans doktrinek, multikulturalismo diskurtsoek…”, eta iruditzen zaio auzitan jartzeko ertz eta gako asko dituztela.
Nire ustez, ez dute “sistemaren” argi berdea, baizik mugimendu ezkertiarrena; besteak beste, arrazakeria, trata, biolazioak eta emakumeen hilketak egunero pairatzen ditugulako. Hori bai, zenbat eta eskuinerago, orduan eta argi gorri itsugarriagoak.
Amaierarekin, erabat ados: “Hainbeste gauza birpentsatu behar ditugu! Instalatu diguten aurrerakoi-atzerakoi eskema geometriko sinple hori erabat gainditu eta aurre-atzea dantzatzea eta berriro galdetzea zer behar dugun aldatu, eraldatu, zaindu, irauli, astindu, zeri behar diogun eutsi, zer hobetu, gelditu, berregin… galdera asko daude”.
.