Markos Gimeno eta kalanbur elebiduna
Aspaldi ez nau liburu batek Joseba Sarrionandiaren “Markos Gimenoren 101 letrakartel” ikaragarriak adina dardararazi. Zaindu dotorea du azala, alde grafikoa, irudia; mamiak ostera sortzaile handi baten eta bere herriaren gogo zaurituaren berri dakar. Poza eta malkoa eragiten ditu aldi berean, Charloten filmen antzera. Editorearen hitzetan, “umorea, hemen, irribarre baten moduan zabaltzen den zauria da”. Hitzaurre sakon mardulak Gimenoren biografiaren eta obraren arteko lotura ero alai tragikoa pintatzen du.
Palindromogile gisa izan da batik bat Markos Gimeno ezaguna. 101 palindromo dakartza “Markos Gimenoren 101 letrakartel” horrek ezin ederkiago ilustraturik eta testuinguraturik. 101tik gora aurkituko dituzu dena den liburuan, zenbatu baititut. Horien artean,
-Inor alkate? Eta, klaro, ni.
-Nazi bi Ibizan.
-Aber, greba!
-Ai, brageta, ate garbia.
-Ero maite, beti amore.
-Oti zekena nekez ito.
-Lau tribu birtual.
-A ze kirola lorik eza!
-Ai! Pareta da terapia!
-Izar arrosa sorrarazi.
-Aerolorea.
-Zeru oro urez.
-Zer ezaba, zer ez…
Liburua argitaratu ostean ere Gimenoren obrari bueltak ematen jarraitzen du Sarrionandiak. Adibidez, Iñigo Astizek Berrian egin dion elkarrizketan kalanburgile gisa ere nabarmendu du Gimeno.
Kalanburrean, soinu-segida berak esanahi desberdina hartzen du, arauz-eta hizkiak eta silabak non bereizten dituzun. Hegoaldeko euskaldunon artean, Quevedorena omen den “Entre el clavel blanco y la rosa roja/ su majestad escoja/ su majestad es coja” dateke ospetsuena; Iparraldean ez dakit, baina Pellegrin abadearen Loth operak dakarren hauxe aurkitu dut Interneten: “l’amour a vaincu Loth”, “l’amour a vingt culottes”.
Euskal Herriko diglosia eskizoglosia ere bilakatu da gutako askoren baitan. Identitate zatikatuek bizi gaituzte. Eta, Sarrionandiak erakutsi duenez, Gimenoren jenialtasun ugarietako bat eskizoglosia hori kalanbur mota berri baten bidez adieraztea izan da, kalanbur elebiduna: soinu-segida berbera, baina esanahi desberdinak euskaraz eta gaztelaniaz. Adibidez:
-A ze artea, hire artea! Adi ari ote dira?
-Asearte, airearte, a diario te dirá.
Psikiatrikoan ingresatuta zegoenean medikuak esaten ziona da gaztelaniazkoa. Eskizofreniaren errealitate gordina adierazten du gaztelaniaz Gimenok. Euskarazkoa, berriz, arteari dagokio, sormenari, gordinkeriatik ateratzeko ahalegin gazi-gozoari. Sarrionandiaren ustez, kalanbur elebidun horien bitartez, elebitasuna gurean dominazio-sistema dela erakusten zuen Gimenok. SkizopozikS izeneko bakarrizketa bat asmatu zuen ermuarrak, goitik behera kalanburrez osatua.
Ezin Sarrionandiarekin bat ez etorri: “palindromeroa bere burua ulertaraztera itzuli dela uste dut, bere euforia sortzailearekin, gero eta lagun gehiagorekin, eta behin eta berriro itzuliko dela luzaroan”.