Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain

Clauden Mitologikoak

Markos Zapiain 2026/07/20 18:18

Lévi-Straussek erakutsi digu hainbat mito amerindiarretan bildurik ageri direla eguzkiaren eta Lurraren arteko distantzia egokia, eguzkiaren eta ilargiaren arteko harreman egokia, egunaren eta gauaren txandakatze egokia, urtaroen erregulartasuna, ezkontideen arteko distantzia ez hurbilegia ez urrutiegia, eta animalien eta gizakien arteko bereiztea.   

Ehunka mitotan errepikatzen diren oposizio estrukturalak dira, eta distantzia egokia dute funtsezko gai. Oposizio hauxe da benetako inbariantea: ez hurbilegi (nahastea, intzestua, kaosa); baina ezta urrutiegi ere (erabateko bereiztea, etsaitasuna, heriotza). Eta bilatu beharrekoa, berriz, hurbilegiaren eta urrutiegiaren arteko tarte egokia da; alegia, ordena. Horregatik lotzen ditu mitoak batera eguzkia eta Lurra, eguna eta gaua, urtaroak, andrea eta gizona, animaliak eta gizakiak.

Guretzat bost arazo desberdin dira; mitoarentzat, ostera, arazo bakarra. “Mitologikoak” izeneko lau liburukiz osaturiko bilduman azaldu zuen Lévi-Straussek mitoz mito distantzia egokia. Ez naiz orain ordea bero honekin lau liburukiak aztertzen hasiko. Traizioa hain itsusia izan ez dadin, "Claude" izeneko adimen artifizialari ez besteri eskatu diot laguntza (ez baita ezinezkoa izen hori Claude Lévi-Straussen omenez jaso izana), eta horratx erantzun moldatua: lehenbiziko liburukian, “Gordina eta egosia” izenekoan, azaltzen dira aurrenekoz eguzkiaren, ilargiaren, suaren, txorien eta ezkontzaren arteko korrespondentzia estrukturalak. Bigarrenean, “Eztitik errautsetara”, are gehiago zabaltzen dira “hurbil/urruti”, “gordin/egosi”, “natura/kultura” oposizioak. Hirugarrenean, “Jateko ohitura egokien jatorria”, ezkontza, ahaidetasuna eta distantzia sozial egokia sistematikoki lotzen dira elikaduraren eta kosmologiaren antolaketarekin. Eta azkeneko Mitologikoak-en, “Gizaki biluzia”, Lévi-Straussek azaltzen du oposizio horien arteko oreka dela aurreko hiru liburukietan jorraturiko mitoen bilakaera eta eraldaketa ororen inbariantea.

Ilargiaren eta eguzkiaren arteko distantzia egokia

Markos Zapiain 2026/07/20 17:53

Garbi bereizten dituzte idazketarik gabeko herriek mitoa eta ipuina. Mitoa ez dator inondik. Naturaz gaindikoa luke jatorria, eta ahozko tradizioak transmititzen du. Mitotzat hartua izateko, beharrezkoa du istorioak errepika, mendez mende behin eta berriz kontatua izatea. Mitoaren gaietako bat da unibertsoaren, naturaren eta jendartearen antolaera, eta erakusten du nondik nora heldu garen gizakiok zentzuzko antolaerak sortzera.

Lévi-Straussek nabarmentzen du mitoak zaku berean sartzen dituela guretzat desberdinak liratekeen galderak eta buruhausteak, eta erantzun bakarra ematen diela pentsamendu zientifikoaren argitan gaur egun heterogeneotzat jotzen ditugun arazoei.

Berbarako, mitoek egitura komuna darakutsate kosmosaren, naturaren eta jendartearen hainbat fenomenoren artean. Egitura horren hastapen nagusietakoa da distantzia egokiarena, edo bitarteko neurritsuarena, ordena ahalbidetzen duena, kaosetik zein behin betiko bereizte erabatekotik ekidistantzian.

Adibidez, mitoak azalduko luke zergatik dagoen eguzkia Lurretik distantzia egokira. Zeren eta askoz ere urrutiago egon bailiteke, eta betiereko gaua genuke orduan; baina halaber askoz hurbilago, eta Lurrarekin batera kixkaliko ginateke gu ere.

Aldi berean, mitoak erakutsiko luke zergatik bilatu behar duen gizonak emaztea distantzia egokian: ez urrutiegi, zeren orduan izaki arrotza izan bailiteke, etsaia edo sorgina; baina ezta hurbilegi ere, intzestu-bekatuaren errudun bihurtuko litzatekeelako.

Orobat, azalduko luke zergatik ez diren egunak eta gauak eta urtaroak ziztu bizian edo erritmo ulergaitzez iragaten, baizik eta nolabaiteko erregulartasunarekin.

Mitoak aditzera ematen duenez, ezinbestekoa da eguzkiak eta ilargiak elkarren arteko distantzia egokiari eustea, egunaren eta gauaren alternantzia posible izan dadin; harreman hori, gainera, gizonezkoaren eta emakumearen arteko ezkontza-harremanaren metafora bilakatzen da.

Alegia, mitoak azaltzen dizu zergatik dagoen neurri egoki bat ordena kosmologikoan, ordena meteorologikoan, urtaroen ordenan, natur taxonomian  eta gizarte ordenan. Bildu egiten du hori guztia, eta arazo desberdinei erantzun bakarra aurkitzen saiatzen da.

Guk, berriz, ikuspuntu zientifikoarekin bat, Descartesekin ikasi dugu arazoak zatitan bereizten, eta arras bestelakoak zaizkigu kosmologia,  ezkontza eta urtaroak, zein bere termino berezien arabera planteatu eta ebatzi beharreko jakintzak.

Zein Ehule?

Markos Zapiain 2026/07/10 13:48

Luis Martin Santos lagunaren heriotzaren berri hunkitua eman zueneko testua aipatu izan da Mitxelenak fede kristaua zuela aldezteko:

“Azkeneko aldiz elkarrekin izan genuen hizketaldia datorkit gogora: mundu honetako gertariak, alegia, txindurritegi bateko txindurrien lanen gisa, asmoz eta buruz doazela ustekabeko ezbeharren batek nahasteka zoro bihurtzen ez ditueino.

Horrelako zerbait dirudi Luisen heriotzak ere: kanpo-aldetik, txindurrien usteak eta biziak zapalduaz, datorren ostiko zentzugabea. Baina, txindurriek oin zapaltzailearen berri ez dakitelarik, iragazki nahasia eta urratua ehun ederragoren baten gai bihur daiteke goragoko Ehule haren eskuz eta arduraz. Sineste hori da gure ezinaren sustengua:

Ezin aal baledi, Jaun errukiorra,

barkatu zaiozu zizukean zorra.”

(Idazlan guztiak XIII, 473)

 

Dena den, amor fati esapidea doiago dagokion bezala estoizismoari kristautasunari baino, Ehulearen metafora ere sarriago erabili izan da Moira eta Parka patugileen iruteari loturik, Jainko kristaua izendatzeko baino.

Ez bakarrik estoikoen artean: mundu greko-erromatarrean Ehuntzea zen unibertsoaren funtzionamendua azaltzeko oinarrizko irudia. Aldiz, gutxitan darabilte kristauek, gogokoago baitituzte Jainkoarentzat Buztinlari, Arkitekto edo Artzain bezalako konparazioak.

Moirek Grezian eta Parkek Erroman biziaren hariak josi eta unibertsoa den oihal handia fin bezain gogor ehuntzen zuten. Kloto, Lakesis eta Atroposen ehundura hori Olinpoko jainkoek ere ezin zuten aldatu.

Estoikoek mito horri perspektiba razionala eman zioten: kausa-ondorio kate hautsezinez osatua dago unibertsoa; gisa berean eratzen dute hariek oihala. Jakintsu estoikoaren xedea Ehulearen obra bere horretan onartzea da, “Logos” ere baden unibertsoaren ordenak erabaki baitu.   

Moirek ez bezala, Jainko kristauak ez du patu itsu aldaezinik iruten. Giza borondate librea defendatzen du kristautasunak. Jainkoak giza askatasuna errespetatzen du, eta bere salbazio-egitasmoa historiaren hari askeekin josten du.

Ene ustez, Mitxelenak Ehulea aipatu zuelarik, estoikoen Patua zuen gogoan, ez Jainko kristaua. Ulertzera hel ez gaitezkeen modu batez, guk orain oinaze eta desastre gisa sentitzen duguna —hala nola adiskidearen heriotza istripu ergel batean—, osotasun handiko zati ederrago bihur lezake Logosarekin identifikaturiko Patuaren Ehuleak. Ez dakigu hala den; bageneki, ez genuke sinesmenik behar. Edozelan ere, sineste horrek eusten gaitu hondamendiaren putzuan.

Katolikotasunean hazi eta hezi bazuten ere, uste dut errazago ezkon litekeela Mitxelenaren aiurriarekin Logosarekin bat letorkeen Adur inpertsonalean noizean behin sinesteko joera, Jainko pertsonalaren fedea baino.

Filiazio biologikotik gizarte-aliantzara

Markos Zapiain 2026/07/09 14:24

Zer aurkitu zuen? Lévi-Straussen esanetan, argi dago xede bera dutela jendarte orotako ezkontza-arauek: familia, unitate biologiko gisa, bere baitan ez ixtea. Itxituraren ordez, aliantzak behar dira gizartean ezarri, gizarte-aliantzak baitira ezkontzaren bidez sorturiko loturak ere. Eta gizarte-aliantza horiek ordezten dituzte filiazio biologiko hutsak erabakitako loturak.

Halaxe heldu zen antropologoa intzestuaren debekuari antzematera. Lévi-Straussen ustez, debeku horrek bilakarazten baitu natura kultura, eta sortzen gizartea. Piztien artean ez dago gisako arau unibertsalik. Gizakienean, aldiz, era batera edo bestera, nonahi ageri da.

Intzestuaren debekuak garbi darakutsa ezkontza ez dela pertsona biren arteko kontua bakarrik: talde edo herri biren arteko harremana ere bada. Zeure senide edo tribu-kide batekin ezkontzea debeku duzularik, beste familia edo tribuekin harremanak ezartzera behartuta zaude. Eta, Lévi-Straussentzat, horrelaxe hasi zen gizartea. Sinpleegia da esatea debekuak zentzu negatibo hutsa duela, askatasuna murriztera mugatzen dela; zeren eta, horrez gain, harremana eta trukea ere ahalbidetzen baititu. Eta truke eta harreman horiek dira jendarteen oinarria. Ez dugu-eta emakumeen trukea bakarrik; baditugu halaber ondasunen eta zerbitzuen trukea, zein hitzena eta ideiena. Azken batean, komunikazio mota guztien bitartez eratzen da jendartea.

Ahaidegoa ulertzeko orduan ere, lagungarri izan zuen Lévi-Straussek hizkuntzalaritza estrukturalistaren eredua. Hizkuntzak bezala, gizarteak ere ez du elementu isolatuen bidez funtzionatzen, harremanei esker baino. Terminoek ez dute esanahirik beren kabuz, baizik beste terminoekin duten erlazioaren arabera: semeak ez berak bakarrik, ezpada alaba, aita, ama, etab. dauzkan estrukturan aurkitzen du esanahia eta zentzua; orobat, b-k ez du zentzurik, ez baldin bada d, g, p, t, k eta gainerako fonemek osatutako estrukturaren baitan.

Ageriko nahastearen azpiko estrukturaren bila

Markos Zapiain 2026/07/09 14:07

Ahaidetasunak osatzen du hortaz gizartearen hezurdura. Alta, Lévi-Straussek berehala ikusi zuen ahaidego-sistemek arau kontrajarriak dituztela. Era guztietako lege eta itunak ditugu herririk herri eta triburik tribu. Nahas-mahas itzela dirudi lehen begiratuan.

Kasurako, tribu jakin batean gizona bakarrik ezkon liteke gizonaren amaren nebaren alabarekin. Aldiz, gizonaren aitaren anaiaren alabarekin ezkondu nahi bazenu, ez ei zenuke erakarriko atsekabea eta hondamendia baizik.

Beste herri batean, ostera, jendea talde bitan banatzea dute jokaera zuhur bakartzat: A taldeko gizonak B taldeko emakumeekin ezkontzea, eta B taldeko gizonak A taldeko emakumeekin.

Beste batean (azkeneko adibidea), garbi dute talde bi baino gehiago direla beharrezko, eta A taldeak B taldeari ematen dizkio bere andreak, eta B taldeak C-ri bereak, C taldeak besteren bati eta abar.

Horrek guztiak ilogikoa dirudi, eta Lévi-Straussek bere buruari esan zion ez dela posible gizakiak milioika urte igarotzea halako zentzugabekeriei eutsiz. Naturak ez du inolako hastapenik gabeko aniztasunik sortzen; beraz, gizarteak ere ez. Bada hemen ulertzen ez dudan zerbait. Zer ote da? Antropologoak pentsatu zuen nahaste zentzubako horren oinarrian ordena zentzudun bat behar duela, logikaren bat ugaritasun aldrebes horren azpian.

Horrela, arauen azpiko harremanak bilatzeari ekin zion; ez haatik arauak berak bilatzeari, baizik eta arauak egituratzen dituzten azpiko erlazioak. Gutxi gorabehera, hizkuntzalariak gramatika bilatzen duen bezala: etengabe aldatzen dira hitzak eta esapideak, baina aski egonkorra da hizkuntza funtzionarazten duen sistema. Ahaidegoan halaber, askotarikoak izan arren ageriko arauak, haien azpian badira erlazio jakin batzuk, beti eta nonahi berragertzen direnak. Azpiko estruktura horiexek interesatzen zitzaizkion Lévi-Straussi: inkoherentzia dirudienaren azpiko koherentzia. Antzeko bultzadak eramango zuen gerora totemismoa eta mitoak aztertzera.

Zelibatua tribu agrafoetan

Markos Zapiain 2026/07/09 13:15

Joan den larunbatean UEUk Euskal, Euzko eta beste Pizkunde zenbaiti buruzko jardunaldia eskaini zuen Baionan. Lévi-Straussen gainean esan nituenak hobeki ulertzeko, ederra da Bernard Pivotek egin zion elkarrizketa. Euskaraz ipini ditut elkarrizketako ideia gutxi batzuk.

Lévi-Straussen ustez, ahaidego-harremanek osatzen dute jendarteko estruktura nagusia; etnologoek aztertzen dituzten herrietan, behintzat. Halakoetan, nolabait esateko, edo senide zara, edo bestela arrotz. Tribuaren barnean jende oro da senide. Ahaidetasuna izan zuen Lévi-Straussek aurreneko aztergai.

Harrigarria badirudi ere, oso ezkontza-arau konplexuak ezartzen dituzte, kide gutxiz osaturiko tribu lehen begiratuan natural horiek. Denak direnez senide, eta senideen artean ezkontzen direnez, zehaztasunez erabaki behar izaten da senide horien artean norekin duzun ezkontzeko baimena, edo norekin zauden ezkontzera behartuta, edota, alderantziz, norekin duzun ezkontzea debeku.

Gizarte-harremanen mekanika eta geometria oso bat ageri da hor, eta horixe ulertzen ahalegintzea da Lévi-Straussentzat jendarte osoaren funtzionamendua ulertzera hurbiltzeko bide eraginkorrenetako bat, kontuan hartuta edozein gisaz hurbiltzea ezin dela egundo amaitu.

Gure gizarteetan ere badira arauak. Hurbileko senide batzuekin ezin gara ezkondu. Hala ere, Amazoniako tribu agrafoetan baino leku zabalagoa uzten diogu zoriari.

Adibidez, bakarrik bizitzea eta zelibatua ez zaizkigu batere deigarriak; gaur egun ez, bederen. Aitzitik, Lévi-Straussek1983an argitaratu “Begirada urrutiratuan” kontatu duenez, behin batean Bororo tribuan gizon bat ezagutu zuen, zikin eta malerus zebilena. Pentsatu zuen eri izango zela. Inguruan galdetu eta zelibea zela erantzun zioten. Tribu agrafo askotan dute zelibatua higuingarri eta gaitzesgarritzat. Arras ezohikoa izaten da ezkongabea gizarte horietan, zeren, ezkondutako bikotea, ugalketa-unitatea ez ezik, ekoizpen-unitatea ere bai baita. Ezkon-bikoteak sortzen duenez unitate ekonomiko hori, ezkongabeak ezin du materialki iraun, eta zentzu horretan ere jotzen dute anormaltzat. Ez da ahaztu behar tribu horietan zenbait zeregin zehazki maskulinoak direla, eta beste batzuk zehazki femeninoak, eta, beraz, sexu biak elkarturik eta baturik baino ezin daitekeela bizimodu normala gauzatu. Bororotarrenean, konparazione, andrea arduratzen da baratzaz. Piura tristeko gizonak ezin zituen baratzeko fruituak eskuratu, ezta andreen esku zeuden gainerako ondasunak ere.

Jon Mirande, Libra ala Scorpius?

Markos Zapiain 2026/07/01 14:40

Jon Mirande urriaren 11n jaio zela diote hainbat wikipediatan: arabiera, ingeles, portuges, errusiera, gaztelania, català, brezhoneg.

Ostera, azaroaren 10a hartu dute Miranderen jaioteguntzat euskaraz, esperantoz eta frantsesez. Mikel Sotoren “Mirande. Herriminez, ezin-minez” ikaragarriak ere hori dakarrenez gero, garbi dago azaroaren 10a dela data zuzena.

Zer gertatu da?

Hipotesi bat: euskaraz 1925-11-10 idazten denez, baten batek “hilabete-eguna” ordena bere hizkuntzan ohitura bihurtutakoaren arabera interpretatu du. Halatan, urri hilabetea ikusi du berez egunari dagokion 10 horretan, eta hamaikagarren eguna, berriz, hamaikagarren hilabetea esan nahi duen 11n. Ohitura horixe berorixe izango dute apika tronpatu diren beste hizkuntza horietako batzuetan; gainerakoek, aurretik tronpaturikoren bati kopiatuko zioten ziurrenik.

Eztei-bidaia (eta d)

Markos Zapiain 2026/06/26 13:31

Mitxelenaren eszeptizismoa bere metodoan bertan zegoen txertatua.  Datu berriak betiko metodo zientifiko zorrotzetik bahetu ostean bestelako emaitzak erakutsiz gero, arazo barik onartzen zituen ondorio berri horiek. Mitxelenaren baitako irabazle malgua eta galtzaile zurruna ezkondu zirenez geroztik, “irreductible” eta “inconmensurable” kontundenteegiak bertan behera utzi eta zabalik dugu aukera: baldin eta Irulegiko eskukoaren tankerako testuak ugarituko balira, eta iberieraren ulermena sendotuko balitz, eta euskararen eta iberiararen sistema fonologikoetan paralelismo erregular gehiago aurkituko balira, eta morfologiak konparatu eta kointzidentziak era koherentean deszifratuko balira, eta Orduñaren proposamenak beste aurkikuntza askok berretsiko balituzte, orduan ez genuke arrazoirik pentsatzeko Mitxelenak ez lukeela bere iritzi zaharra aldatu eta euskararen eta iberieraren arteko ahaidetasun genetikoa onartuko.

Errenteriarraren jarreraren ondorio logikoena bailitzateke aldaketa hori. Garbi idatzi zuen ezagutza zientifikoak aurrera egiten duela datu berriei adi egon eta hipotesiak etengabe berrikusiz, ez aldez aurretik hartutako jarreretan kosta lain kosta gotortuta. Halatan, agian Mitxelena gaur egun ez litzateke batek baino gehiagok irudikatzen duen euskal-iberismoaren betiko aurkaria, baizik eta ondorioak berrikusteko prest legokeen izpiritu zabala, datu berrien interpretazioak aski sendoak irudituko balitzaizkio.

Polemisten ezkontza (c)

Markos Zapiain 2026/06/26 13:20

Orduan malguak eszeptiko zurrunari oroitaraziko lioke Mitxelenak berak balio berezia aitortu izan diela zenbakiei filologia konparatistan, eta ezin dela ukatu zein den harrigarria euskararen eta iberieraren sistemen arteko paralelismoa. Eta egia da: Eduardo Orduñak eta Joan Ferrerrek desestaliriko zerrendak ez lukete axolagabe utziko ez Mitxelena zurruna ez malgua. Polemikaren beroan, haatik, nekez aldatuko du jarrera Mitxelena zurrunak. Ñabartu bai, ordea, kili-kolo utzi baitute malguaren arrazoiek. Aurkariaren ahuldadea profitaturik, malguak erantsiko du “Abar” eta “Hamar” hitzen arteko antza ez dela txiripa isolatua, sistema baten baitakoa baino, eta ireki egiten digula beste hamaika paralelismo aurkitzeko bidea. Atzera egiten ari da geldika-geldika Mitxelenatxo zuhur zurruna. Erdi damu zaizkio “irreductible” eta “inconmensurable” haiek. Dena den, azken hatsarekin batera, eta isildu baino lehen, zalantza egingo du, hizkuntzalaritza konparatuaren irizpide klasikoen arabera, ziurtzat eman ote daitekeen euskararen eta iberiaren arteko ahaidetasun genetikoa. 

Ihardukitzaile malguak irabazi du. Irabazle eskuzabala da ordea, eta galtzailea besarkatu eta ezkondu egingo dira. Mitxelena, bere osotasunean, ez zen bere iritziei itsatsirik bizi zen euskalaria, eta behin eta berriz idatzi zuen datu berriak agertzearekin batera hipotesiak berrikusi egin behar direla. Beti zegoen hipotesiak aldatzeko prest. Onartuko luke gero eta arrazoi sendoagoak daudela pentsatzeko euskararen eta iberieraren arteko lotura uste baino estuagoa zela, zenbakien sistemako paralelismoari beste hainbat elementu emendatu baitzaizkio.

Mitxelena biren arteko polemika (b)

Markos Zapiain 2026/06/26 13:09

Mitxelenak inoiz ez zituen euskararen eta iberieraren arteko paralelismoak ukatu. Alderantziz, garrantzi handia eman zien zenbait antzekotasun fonologiko eta morfologikori: “muy notables coincidencias: coincidencias en el inventario fonológico, en la estructura silábica, en la forma canónica de los «morfemas», y hasta en muchos «morfemas», alguno de los cuales sería hasta gramatical”. (Idazlan guztiak, III, 7)

Dena den, antzekotasun horiek ez direla aski ahaidetasun genetikoa frogatzeko azpimarratu zuen beti: uste zuen euskara eta iberiera ezin direla berdindu, “irreductibles” eta “inconmensurables” iruditzen zitzaizkion. Hizkuntzen ahaidetasuna frogatzeko ezinbestekoa baita fonologiaren, morfologiaren eta oinarrizko lexikoaren korrespondentzia sistematikoa aurkitzea. Hori zen XIX. mendetik zetorren hizkuntzalaritza konparatuaren irizpidea, eta Mitxelenak zorrozki eutsi zion. Haren eszeptizismo metodologikoak froga nahikorik gabeko ondorioen aurka jo zuen beti. Adibidez, “hamar” eta “abar”, “eraukon” eta “erokan” zein “ekiar” eta “ekien” gorabehera, Mitxelenaren baitako polemista zuhur zurrunak aldarrikatuko luke tentuari eutsi behar diogula beti eta nonahi, eta oraingoz bederen ezin dela euskararen eta iberieraren ahaidetasuna frogatutzat jo. Garrantzitsuak izan arren agertzen ari diren datuak, bere horretan ez dute ahaidetasuna frogatzen.

Hori bai, arreta handiz irakurriko lukete Mitxelenaren baitako biltzarkide guztiek, zurrunak barne, Eduardo Orduñaren “Euskararen eta iberieraren arteko harremana: zenbakietatik harago”. Orduñak desestali zituen behinola zenbakien inguruko euskararen eta iberieraren arteko harremanak, eta bestelako morfemen, izenen eta aditzen paralelismoak erakutsi ditu oraingoan.

Urrats garrantzitsua egin du zalantza barik Orduñaren artikuluak, errepikatuko luke Mitxelenaren barruko bigarren polemistak (orain arte isilik egondakoak, ihardukitzaile malguak), zenbakietatik haragoko beste hainbat paralelismo morfologiko eta lexiko aurkeztu baititu. Nolanahi ere den, jakina, Mitxelenatxo zuhur zurrunari ez litzaioke aski irudituko iberieraren eta euskararen arteko ahaidetasuna ziurtatzeko.

Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.

Azken erantzunak
Ondo ekarria. Adibidez, ez Mitxelena ez Brassens ... Markos Zapiain, 2026/06/16 10:25
Georges Brassens (1921-1981) kantari ... Amatiño, 2026/06/11 14:50
Mila esker, Urko! Irakurri ditiat Mastodonen gai ... Markos Zapiain, 2026/06/10 21:03
Txillardegik eta Jorge Luis Borgesek hizkuntzari ... Urko Azpitarte Zubizarreta, 2026/06/09 18:42
Beharbada bai, Amatiño. Hori bai, ... Markos Zapiain, 2026/05/28 07:35
Ebidentziaren bost paradigma horiek egia ... Amatiño, 2026/05/27 18:16
Arrazoia, Amatiño, kar-kar-kar.   Josu Goikoetxea ... Markos Zapiain, 2026/05/02 22:56
Von Neumannek, matematiko eta informatiko ... Amatiño, 2026/05/02 12:11
Euskal abeslari ospetsu batek pertsona ilegabeen ... Markos Zapiain, 2026/03/12 17:55
Andoni Ortuzar zara? Markos Zapiain, 2026/01/07 17:50