Azken kafea
Erlijioari dagokionez, denetarik genuen etxean: muturretan, osaba Pepe eta bere aita —aitona Inazio—, ateo gorri antiklerikalak biak, eta Klutta, izeba moja. Eta tartean, hainbat figura: Jainkoa mendiko bakardadean sentitzen zuena, Jainkoa senideen elkartzeetan eta lagun-artean topatzen zuena; baita ezaxola ere, eta agnostiko epela, Jainkoak goitikatzen dituen horietakoa, Apokalipsiaren esanetan. Hemeretzi urte zituela sartu zen klaratarretan izeba, eta Arizkunen egon da arestian hil den arte, 84 urte zituela.
Bisitan joaten gintzaizkion. Zorrotza zen klausura, gurasoen hileta-elizkizunetara joateko ere ez zen irten. Esan bezala, ez zuen fede krisirik izaten, goitik behera sinesten zituen katolikoen bitxikeriak oro: aingeruak eta deabrua, transubstantziazioa eta mirariak, gorputz-arimen piztuera denboren amaieran eta azken epaia... Itun Berriaz eta Asisko Klararen zein Frantziskoren biografiez eta testuez gain, behin eta berriz irakurtzen zituen Kantarik Ederrena, Salmoak eta San Agustinen liburuak.
Galderak egiten nizkion, eta behin batean kontatu zidan bere fedearen funtsa maitasuna zela, eta Jesus zuela senar, Jesusekin elkartzen zela. Pena ematen zidan, hain gaztetandik komentuan zeharo hertsirik bizitza osorako. Iruditzen zitzaidan izebak eta fededun askok benetan ez denari eskaintzen diotela mundualdia, benetan badena bazterturik: biziaren argi-ilunak eta gazi-gozoak, gorputzen beroa, errealitatearen inperfekzio zoragarria. Horrelaxe dio Emmanuel Carrèrek, “errealitatearen inperfekzio zoragarria”, eta polita da, baina ez dakit: Gaza errealitatea da, eta inperfekzioa da, baina zein izan liteke zoragarritzat ere hartzeko perspektiba? Leibnizena agian. Aurrerago ikusiko dugu.
Edonola ere, izebak niri ematen zidana baino handiagoa zen nik izebari ematen nion pena: munduan galduta tentaldien jopu, helduleku argirik gabe. Bisitarioz ziharduela, “gaixoa!” eta “gizajoa!” ziren maizenik zerabiltzan hitzak, enfasiz esanak.
Nire emaztearekin ere solasten zen. Behin batean galdetu zion “zer moduz maitearekin?”, eta emazteak erantzun: “Tira, egunak dauzka, batzuk onak, beste batzuk ez hain onak…” Kluttaren harriduragatik ohartu zen “maitea” ez nintzela ni, baizik eta Jesus, Jesusekin zituen harremanei buruz ari zitzaiola galdezka.
Beti zuen itxura ona, osasuntsu eta alai aurkitzen genuen bisitetan, irri eta barre naturalak ezpain-bihotzetan.
Egun batean esan zidan jakin zuela Bermeoko institutuko Erlijio irakaslea, apaiza bera, eta klaratarren kapilaua gainera, txit jatorra zela, eta jotzeko harengana, bide egokia erakutsiko zidala.
Otoitza zuten bizimoduaren erdigune, bakarka zein taldean. Otoitzaren mendekoak ziren nolabait. Dena den, otoitzaren adikzioa aisa gainditzen zuen kafearenak. Kafea generamakien bisitetan, eta kanpora irteteko baimena zuten serorak zalaparta batean zetozkigun autoa aparkatu orduko, kafe bila. Batez besteko adina gero eta altuagoa zen komentuan, eta ezagunak nituen serora batzuk izeba baino lehen hil ziren. Horietako baten azken nahia beste mundura joan aurretik: kafetxo bat.
